Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Bidaiaria

 

1997-07-25

 

      Mundu guztian barrena ibilia zen, kontinente guztiak ezagutzen zituen eta arraza guztietako adiskideak izan zituen bere bizitzan zehar. Urtero opari harrigarriak iristen zitzaizkion etxera era berak jende gehienak izenak ahoskatu ere ezin izanen lituzkeen herri batzuetara bidaltzen zituen eskutitzak eta paketeak. Bere etxea etnografia museo bat zen, irudiz, argazkiz, liburuz eta apainduraz betea. Burua ere oroitzapenez betea zuen, urrutitik zetozen oroitzapen zaharrez betea: lagunak, emakumeak, gerrak, arriskua, putetxeak, untzirik gabeko portuak, ekaitz beldurgarriak, hiri erraldoiak, mendi bakartiak, gosea, ume baten heriotza, jendez gainezka zebiltzan trenak, saien hegaldi zirkularrak, giza haragiz egindako suteak, azken orduko taberna ilunak, desertuko egunsentiak, eguzkiak argitutako gauerdia, ekialde urrutiko geltokietako usainak, sekula bukatzen ez diren lautadak, kalashnikov bat nekez eraman zezaketen gaztetxoak, iraultza askoren himnoak, luxuzko hotelak eta pentsiorik nazkagarrienak, gorrotoa baino adierazten ez zuten aurpegiak, derbitxeen dantza amaigabeak, afrikar batzuen harrotasuna turismoa masan iritsi baino lehenago, hondamendi naturalak eta gizonak sorturikoak, eskale baten duintasuna... Alabaina, gauza guztien gainetik mugak goizaldean pasatzean izandako sentsazioak eta muga haietako batean, inorena ez omen den lur puskan ikusitako emakume gaztea eta umea zituen gogoan, nola hurbildu zen haiengana lagundu nahian eta polizia batek, metraileta eskuan, bertan uzteko eskatu zion, ilegalak zirela edo antzeko zerbait zioen bitartean. Aspaldian gertatu zen, bere mundua desegin baino askoz ere lehenago, gaisotasunak jota betirako aulki gurpildun batean eseri aurretik, bere adiskideak bizirik zeudenean, aulki gurpildunean eguzkirako betaurrekoak jarrita beherapenetan ilarak osatzen zituzten neska gazteen bularrak eta hankak ikustera joan beharrik gabe emakumeek maite zutenean. Azken finean, pentsatu zuen, dena alferrik zen, bere oroitzapen guztiak, egun batean metropoli foraleko airea itotzen hasi zenean ihes egin zuenetik bizitutako guztia alferrik zen, dena liburuetan kontatua zegoen, argazkietan gordeta. Dena, muga batean ikusitako emakumearen eta umearen begiak izan ezik. Jaberik ez zuen lur puska hartan, foko batzuen argipean eserita zeuden emakumearen eta umearen begiek justifikatu egiten zuten bere bizitza guztia.

      Biharamunean egunero etxera joaten zitzaion gizarte laguntzaileak hilik eta irrifar batekin aurkitu zuen zaharra. Ordenadorean Internet konektaturik zegoen eta mahai gainean Hirugarren Munduko milaka emakumeren erretratuak.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak