Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Neoliberalismoa eta botilak

 

1996-11-15

 

      Ez dakit zergatik gertatzen den, baina abantaila fiskalak, errentaren gaineko zerga, etekinak eta antzeko hitzak entzuten ditudanean Kieslowskiren trilogiaren filmeetan edukiontzietan, kontenedoreetan botila bat botatzen saiatzen diren atsoak etortzen zaizkit gogora. Agian psikoanalistarengana joan beharko nuke ideia-asoziazio bitxi honen arrazoiak azal diezazkidan. Hasiera batean, hiru koloreren izenak dituzten pelikulak lehenbizikoz ikusi nituenean ez zitzaidan bururatu neoliberalismo bortitzaren eta emakume zahar horien artean inolako harremanik egon zitekeenik. Zulo estu batetik botatzen den botila bizitzaren bukaeraren metafora ederra eta beldurgarria iruditu zitzaidan, eta geroztik ez dut botila bakar bat ere bota zakarrontzira. Nonbaiten gorde behar nituenez, liburu guztiak kendu eta apaletan jarri nituen zerbeza, ardo eta whisky botilak, baina laster geratu nintzen tokirik gabe eta arropa ere botatzen hasi nintzen armairuetan ontziak gorde ahal izateko. Arroparik eta libururik gabe bizi ginela, andregaiak ezin zuela gehiago aguantatu esan zuen egun batean eta pisutik eta nire bizitzatik atera zen, baina joan aurretik botila bat hartu zuen. Nik argazki kamera hartu eta segitu egin nuen —iragarki batean irakurria nuen argazki kamara batekin neure historia idatz nezakeela—. Botila kontenedorean botatzen ari zen momentuan egin nion argazkia eta keinu sinboliko harek ulertarazi zidan ez nuela gehiago ikusiko, botila nirekin bizi izandakoa besterik ez zen. Anpliazio handi bat atera nuen eta horman daukat, botilen artean eta Kieslowskiren bideoen ondoan. Orduak ematen ditut argazkiari eta botilei begira. Aspertzen naizenean kalera ateratzen naiz argazki kamera hartuta —nire historia idatzi nahi dudalako— eta batzuetan beirazko botilak edukiontzian botatzen ari diren emakume zaharrak ikusten ditut —atsoak izaten baitira beira kontenedore berezi horietara botatzen duten bakarrak, ez duzue behin ere gizonezkorik edo gazterik topatuko—. Argazkiak egiten dizkiet, baina askotan desenfokatuta ateratzen zaizkit, malkoek ez baitidate ongi ikusten uzten. Gero, etxera bueltatzean, telebista piztu eta ekonomiari buruzko berriak besterik ez dira azaltzen pantailan. Kontenedoreetako emakumeez gogoratzen naiz orduan eta negarrez hasten naiz berriro. Bai, agian psikoanalistarengana joan beharko nuke argazki kamera hartuta, nire historia idazten segitu behar baitut.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak