Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Sukaldaria hil da

 

1996-06-14

 

      Zineman haur irandar baten gora-beherei buruzko pelikula minimalista eta liluragarri bat ikusi ondoren taberna batean sartu gara, inolako trantsiziorik gabe Teherango kaleetatik lokal klimatizatu modernora pasaz, eta jateko zerbait eskatu dugu. Dentistaren kontsultan bezala, Dire Straits taldearen abestirik ezagunenetako bat entzun daiteke. Zerbitzariak, “ongi egina nahi al duzue?” galdetzeko erabiliko zukeen tonu berberaz, barkamena eskatu du. “Barkatu, baina gaur itxita dago sukaldea, eguerdian sukaldaria bertan hil baita”, eta irribarre zabal bat erakutsi digu. Ondoren, edariak jarri ditu eta musikaren bolumena igo du. Igande bateko ilunabarra da eta oso animaturik dago taberna. Gehienek jateko zerbait eskatu dute,eta zerbitzariak istorio berbera kontatu die bezero guztiei, telebistako partiduaren emaitzaren berri ematen ari bailitzen. Ez dago deus berorik, baina barran pintxo batzuk ikus daitezke, eta pentsatu dut pintxo horietakoren bat hildako sukaldariak prestatu duen azkena izan daitekeela, beharbada nire ondokoa jaten ari dena. Ni ere goseak nago, baina barnean zerbaitek kalera, beste taberna batera bultzatzen nau, eta ez da pintxo horiek hilik dagoen pertsona batek prestatu dituelako, baizik eta guzti honetan zerbait obszenoa ikusten dudalako, ez zait gustatzen nola azaltzen duen zerbitzariak sukaldariaren heriotza, ez dut gustokoa bezero batzuen aurpegietan islatzen den morboa, eta Dire Straits-en kantak ez dira nire ustez egokienak horrelako momentu batean eta ordu batzuetarako besterik ez bada ere itxita egon beharko lukeen toki batean. Ez naiz atzo goizean jaioa eta badakit negozioak aurrera segitu behar duela, bizitzak jarraitzen duela eta abar, baina inondik ezagutzen ez nuen sukaldari anonimoaren heriotzak, edo, hobeki esanda, honek bere lagunen artean izan duen garrantzi eskasak hunkitu nau eta bururatu zait biharamunean kanposantuan bere lankideak ez direla izanen, taberna batek ezin baititu bere ateak itxi. Agian hobe da horrela, zu hil ondoren Sultans of swing edo antzeko abestiren bat jartzen duen kamareroak ez baitu merezi lurperatzen zaituztenean bertan izatea. Azken urteetan hil diren zerbitzari ezagun guztiez oroitu naiz eta pintxorik ez jatea erabaki dut. Zerbezak ere ez ditugu ordaindu eta barra gainean utziz alde egin dugu. Sikiera jazz melodia dotereren bat jarri balute sukaldariaren omenez...

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak