Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Hildako utopiak

 

1995-06-23

 

      Duela hogeita hamar urte utopiaren bila abiatu zen belaunaldia galdu egin da. Luxozko bulegoetatik sos deiak bidaltzen dituzte espioiak entzuten ari direla jakin gabe eta amets egiten dute Parisko barrikadek zutik segitzen dutela, ez zirela inoiz Indiako hondartzetatik itzuli eta Penelope bestelako mundu bat lortu nahi zuen bidaiariaren zai dagoela oraindik ere. Esnatzen direnean bankuaren paperak begiratzen dituzte eta momentu batez goragalea sentitzen dute, baina laster pasatzen zaie scotch tragotxo bat hartuta. “Gazteegiak ginen, ez genekien zer nahi genuen”, errepikatzen diote beren buruari eta leihotik begiratzen dutenean itsusia iruditzen zaie mundua, lehen bezain itsusia, baina orain ez dute aldatzeko gogorik. Nahikoa egin dute beren buruak salbatzen eta orain arte behinik behin gehienak ez dira egunkariek ustelkeria kasuei eskaintzen dizkieten orrialdeetan azaldu. Hala ere ez daude lasai, ez dute aspaldiko argazkietako gaztea ezagutzen eta berriak entzutean errudun sentitzen dira, egun batean galdu zuten utopiak nonbaitetik begiratzen diela somatzen dute eta urduri jartzen dira. Gazteak inozoak izaten dira, ez dakite ekonomiak funtzionatzen ez badu dena pikutara doala eta segurtasuna motorola bezain beharrezkoa da, esaten du politikoak ejekutiboen bileretan hirugarren whiskya hartu ondoren. Seigarrena edanda aspaldiko garaiez hasiko da hizketan eta gauean ezin izango du lorik egin, hotel merke batean abandonatutako emakumeaz oroituko da eta hark ere utopia bilatzeko grina galduko ote zuen galdetuko dio bere buruari utopia urrutiko herri bat bailitzan. Ez daki bere mamu guztiak ohearen inguruan bildu direla eta parrez lehertzen ari direla, jakingo balu beharbada ez litzaioke asko inportako, txekeak ongi gordeta dauzka kajoian eta idealismoa kargua hartu zuen egun berean hil zen, hotel txar batean gelditu zen emakumea bezala, memoria bezala. Azkenean loak hartu du.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak