Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Oroimen izoztua

 

1995-01-27

 

      Zinematografoaren mendeurrena ospatzen hasi direnean urteetan zehar nire burmuinetan gorde ditudan irudiek mugimendua galdu dutela ohartu naiz. Gaztetan guztiz kontrakoa gertatzen zitzaidan, irudien abiadurak beldurtu eta aldi berean liluratu egiten ninduen. Beti aurrerantz joaten zen pelikula, lurralde ezezagunetarantz. Nire barnean zerbait hondatu bailitzan, orain fotograma batzuk besterik ez zaizkit geratzen eta kostata pasatzen naiz batetik beste batera, lehen ez bezala beti atzera eta zuribeltzean. Oroimena izozturik daukat, filmeak ere zine aretoetako sarreretan jartzen dituzten argazki horietako batzuk bilakatu dira, pertsonaiak geldirik daude eta lehenbizikoz erreparatu dut betidanik gustatu zaizkidan aktore batzuen aurpegien detailetan. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, nire buruarengan pentsatzen dudanean, nire iragan hurbila aztertzen saiatzen naizenean. Sonbrerua eta gabardina luze bat daramatzan gizon baten bizkarra besterik ez dut ikusten. Zigarro bat erretzen ari da —ari naiz— taberna baten aurrean, sartzen ausartuko ez balitz —banintz— bezala. Beste irudi batzuk ikusi nahi izan ditut, haurtzaroko une zoriontsuak edo lehenengo amodioaren emozio nahasiak gogoratu. Alferrik. Tabernaren aurrean zigarro bat erretzen ari den —naizen— gizon sonbreroduna da gordetzen dudan irudi bakarra eta ez dakit ni ote naizen. Scanner-az irudiaren barnekaldera iristen saiatu naiz —beste egun batean kontatuko dizuet nola erabili behar den scanner-a gure irudimenean baino existitzen ez den pertsonaia baten pentsamenduan sartzeko—. Eraikin altuak, larru kolore guztiak, musika diferenteak, usainak, emakume lirainak, liburutegi luzeak eta filme zaharretako fotogramak nahasirik agertu dira gizon sonbrerodunaren ametsean. Momentu batean dena lehertzera zihoala zirudien, konputadorak ezin zuen ametsaren informazio guztia prozesatu eta pantaila itzali egin da. Botoi guztiak sakatu ditut; azkenean herriska bat azaldu da pantailan —sonbrerodunaren arrastorik ez— eta gaztetxo bat autoestop egiten ari da errepidean. Lasai hartu dut arnasa, nire oroimenean dagoen gizon sonbreroduna beste bat da. Orduan, non daude niri dagozkidan irudiak? Teknikoari deitu behar diot.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak