Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Frankotiradorea

 

1994-02-18

 

      Nire buruaren zirrikituetan dagoen frankotiradorea esnatu dela sentitu dut eta toki seguru baten bila abiatu naiz lasterka pentsamenduaren etorbidean barrena. Hildakoak bazterretan pilatzen dira eta bozgoragailuetatik ateratzen diren parre zakarrek izutu naute. Badakit barrenean daramadan hiltzailea dela arriskutsuena: hala ere leihoetara begiratu dut eta momentu batez nire antza duen gizon baten aurpegia ikusi dut. Mahatsa jaten ari dela iruditu zait eta lasaitu egin naiz, baina orduan tiro bat entzun da eta nire ondoan zihoan emakume bat erori da. Eskuan koademo bat daukadala ohartu naizenean, harengana itzuli naiz eta kendu diot. Gero, begiak itxi dizkiot eta koadernoa, balen kontrako txaleko bat bailitzan, bihotzaren gainean jarriz, aterperantz segitu dut. Aterpearen aurrean eskale batek plastikozko baso bat luzatu dit eta txanpon bat bilatu dut patrikan; kalibre txikiko bala bat besterik ez dut aurkitu eta eman diot. “Jainkoak sifilis sendaezin batez ordainduko ahal dizu”, erantzun dit eskaleak irrifartsu. Barrenean pospolu bat piztu dut koadernoa irakurtzeko. Orri bat besterik ez du idatzirik: goiko partean data dago eta honen azpian esaldi bat, “Gaurtik aurrera ez dut gehiago idatziko. Pavese”. “Nahikoa da gaurkoz”, esan du orduan ahots batek eta denok altxatu gara. Kanpoan, emakumea ere zutik dago eta koadernoa eskatu dit. New Yorkeko Bostgarren Etorbidean gaude eta galtza bakeroak iragarriko dituen spot bat egiten ari gara, baina nire irudimenean frankotiradoreak disparatzeko prest ageri zaizkit. Biharko errodajearen zehaztasunak ematen ari diren bitartean garrasiak entzun ditut urrutian, manifestazio bat dator guregana poliziek inguraturik. Bosniako sarraskia salatzen dute eta manifestariek, nik bezala, leihoetara begiratzen dute tarteka izuturik “Butros Gali hiltzailea” oihukatzen duten bitartean. Orduan, mugimendu erreflejo batez, koadernoa daraman emakumearen eskua hartu dut. “Goazen galtza bakero hostia hauek kentzera eta koadernoa betetzen saiatuko gara”, esan diot, eta etorbidea gurutzatu dugu lasterka.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak