Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-9

 

1992-07-31

 

      Disko zaharrak jartzen ditut gauerdian, hirurogei eta hirurogeita hamarretako musika, eta nire buruari galdetzen diot non ote dauden ahots hoiek, kitarra elektrikoa jotzen zuten ileluzeak. Errepidean gelditu dira batzuk —duela aste batzuk ETB-k “The Band” eman zuen eta han argi zioten zergatik erretiratzen ziren, errepideari diote beldurra, ez bakarrik bide fisikoari, galipotari, baizik eta karreterak dakartzan gauza guztiei—; beste batzuk, berriz, guraso burges guztiz “normalak” izanen dira eta hautsa kendu ondoren harro jarriko dizkiete diskak ilobei —Mike Jagger-ek hemendik gutxira— eta goiz oheratuko dira biharamunean lorategia ureztatu behar dutelako.

      Rock and rollean zahartzea zaila dela uste izan dugu beti, baina kirolariak, toreroak eta mitoak izan diren pertsonaia askok ezin izan dute beren itzaltze geldoa jasan. Beharbada batzuk garaiz bota zuten teloia eta batek baino gehiagok azken momentua beranduegi zetorrela pentsatuko zuen. Zeinek daki. Paradoja badirudi ere, bizi osoa sufrimenduari kantatzen pasatu duten bluesmanak dira hobekien zahartu direnak, beren oihu latzek nolabaiteko katarsi bat eragin baliete bezala.

      Musika kendu gabe, telebista piztu dut eta kirolari gazteen giharrek bete dute pantaila. Zerura iristeko podium bat besterik ez dute behar. Ez dakit non egongo diren atleta hoiek hogei urte barru, ez dakit neu non izango naizen, baina hodeietaraino iristen den podium batetik infernura erortzeak gogorra izan behar du.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak