Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-2

 

1992-01-10

 

      Lainoak estaltzen duenean beste itxura bat hartzen du metropoli foral honek eta forma guztiak difuminatzen direla aprobetxatuz iraganeko fantasmak paseatzera ateratzen dira, urtarrileko aldapaz pentsatuz kezkaturik dabiltzan hiritarrekin nahasten dira eta eguzkia nahiz ilargiaren izpiak hodeiak urratzen hasi aurretik desagertu egiten dira inolako arrastorik utzi gabe.

      Egun hauetan nire bufanda zaharra bilatzen dut armairuaren azken kajoian eta kalera ateratzen naiz haurtzaroko pertsonaien bila. Lehengoan Agustinekin topatu nintzen eta ikusi bezain laster lasterka hasten ginela oroitu nintzen, zigarroa ahotik ateratzen ez zuen ero harek auzoko ume guztiok ikaratzen bait gintuen. Jakina, berak ez ninduen ezagutu, baina gustora onartu zuen ordaindu nion ardoa eta aspaldiko garaiez hitz egin genuen, kaleratzeko lainoaren zai egon behar ez zuen urteez. Izkina batean hilda aurkitu zutela entzun nuen duela urte asko goiz batean eta pena sentitu nuen gizon harek ez gintuela berriro ikaratuko ulertzean.

      Horregatik, poztu egin nintzen lainoaren artean ikusi nuenean. Tabernatik ateratzean boleto bat erosi genion Maria itsuari eta bost duroko txanpon bat eman nion azken urteetan itxuraz batere aldatzen ez den Martin eskale mozkortiari. Gure txikitako pertsonaia guztiak kalean zebiltzan eta pozik ziruditen. Neri, berriz, tokia gero eta irrealagoa egiten zitzaidan. Irteeraren bat bilatzen saiatu nintzen, baina azkenean galduta nengoela aitortu behar izan nuen. Denek parre egiten zuten eta lainoa gero eta itxiagoa zen. Bapatean kotxe baten burdin bihurrituak eta kristal hautsiak etorri zitzaizkidan gogora eta aurrerantzean oroitzapenen mundu hartan bizi beharko nuela jakin nuen.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak