Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968

 

 

1. EZ DAGOENAREN EREILEA

 

        Errota abandonatu baten besoak ikusi ditut, bai, nola mugitzen ziren.

        Nekazari bat ikusi dut, nola ereiten zuela egiten zuen.

        Bakarrik zoan, geldi, bularra eguzkiak gorriturik, ortutsik, oinetatik odola zeriola; herriari aurpegi ematen dion mendixka batetik zoan, zerutik lurrera mugitzen zituela besoak.

        Eskuetara begiratu diot: hutsik zeduzkan!

        —Nor da? —galdetu diot gerra-gizon bati.

        —Zoro bat —erantzun dit.

        Nik hau pentsatu dut: Dohatsu dira beren zorakerietan baketsu direnak!

        Dohatsu dira bere zoroak hartzen dituenean ere nobletu egiten direnak!

        Dohatsu dira, eskutsik egonarren, maitatu eta deseoan dadukatena ukabil-beteka erein egiten dutenak!

        Eta gero, nire eskuetara begira, itotzen ninduen tristura batez hau esan diot ene buruari:

        —Eta ni? Eta besteak?

        Eta gerra-gizonari bizkarra emanik, burustu egin naiz, dolorez, ereile zoroaren aurrean.

        Gaiso errota abandonatua, mugi zaite bakean!

 

Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968