Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001

 

 

HITZAURREA

 

AMODIOA GUZTIETAN

        Arrazoi batzuk dituzu liburu honen orrialde honetatik aurrera egiteko, berez poesiak dituen merezimenduak nahiko aitzakia ez balira. Lehendabizikoz, berton irakurritako bertso batzuek astinaldi gazi-gozoak sorrarazi dizkidatenean, nire inguruko hotsak moteldu, hitzon kontornuetatik at zegoen irudi desenfokatua ilundu eta nire biriketan igerian zebilen arnasa ihes ezinean itotzen baitzen.

        Blas de Oteroren desio bizi hartan «gizaki bat kalean geldiaraziko lukeen bertso bat idatzi nahiko nuke» errotuta nengoen: eskaparatearen bestaldean agurtzen ninduen gure lehengusina txikiaz ez nengoen ohartuta, harik eta bere aita kalera irten eta ozenki aipatu ninduen arte.

        Gainera, bat poesia leitzen harrapatzen dutenean, bertsoei deritzegun handitasuna erabateko ttipikeria eman ohi diegu itxuraz, lotsatuko baikina; horratx bigarren argumentua gogoko baina debekatuzko zeregin bati ekiteko: ezkutatu nahiago duguna —intimitatean lerratu nahiago izaten dugu— sarriagotan egin dezagun deiadarra da poesia.

        Izan ere, berak salbatzen gaitu ez-nahia den bakardadetik, berak ematen digu aterpe anpuluak irteteko zorian ditugunean eta, azkenaz goiti, poesian bertan nork bere taxua, irudia, bakoitzaren babesa, islada, bulkaden zorroa kausitzen baititu gozoro, aringarri gisa bada ere. Niri bederen sarri gertatu zait Juanraren poemokin; azken lan honekin gehienbat.

        Juanra adixkidea dut, hortaz ezin naiteke objektiboa izan. Zorionez. Poesiaren indar naturalak. Naturarenak berarenak bezain sakon eta ulertezinak daitezke izan. Juanrak ondo asko ezagutzen ditu biak, biotan denboraldi apetatsu dezente eman ditu-eta. Kea bezalakoa izan nahi nuke, hodeiekin nahastu eta kotoia bezala zuritu mundua. Hau bertso hau bost mila metrotara eta bost mila kilometrotara dago oldoztu eta idatzita. Tokitara maiz joandako tipoa da JR. ez idazte aldera bereziki: munduaren azken muturrik bertikalena oinkatzetik oso gertu ibili zen eta globoaren beste hemisferioan ere korritu zituen gailurrak, basamortuak, panpak eta deabruaren zirkiluak. Beti izan du paper zirtzilen bat patrika aldean, bizpahiru zirrara edo sentipen forjatzeko, hatsalbo egon arren. Urruntasun sentsazioa hurbileko sentimenduen uztardak lantzen maixu da ene laguna.

        Poema liburu batzuk ditu kaleratuta olerkari geldigaitz honek. Sari batzuk jasota ere bai. Ez da, bada, hasberri inuxente horietakoa, eta ondo daki erraietatik dariona zuri gaineko beltzean idazten. Denontzat hobe. Poema bat / zuri oihukatzea eta / sakonean entzuten didazula / pentsatzea da. Neroni ere oso anaia sentitu naiz honelakorik, eskuzko zirriborroan, irakurri dudanean. Autorea eta biok denbora, hitzak, poema-kaierrak, akordeak, silviozaletasuna, telesila, bidaiak, lana, begiradak, ikerketak, kafeak, klariona, atsekabea, barre-algarak, eta abar amaigaitza partitu ditugu azken urteotan. Azken obra hau neurri baten, eta parka diezadala usurpazioa, ere bai. Esan dezadan, bada, heldua, sarkorra eta intimoa dela oso. Poesia bera den bezalakoxea, hain zuzen.

F. Laespada

 

Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001