Hego Haizearen ipuinak
Lurdes Iriondo

Gero, 1973

 

 

NESKATXA ONTZIRATUA

 

 

      Arrantzale herri bat zen. Ez naiz tokiaz ongi oroitzen: agian Mutriku, edo Getaria, edo Donibane Lohizune...

      Berdin zaio, arrantzale herri bat zen. Etxeak, estu-estu, elkarren gainean pilaturik zeuden eta leihoak gorriz ala berdez margoturik zeuzkaten; eta kalera begiratzen zuten balkoietan geranio eta krabelinak zituzten. Itsasaldeko leihoetan berriz lorerik ez zegoen, itsasoko haizeak berehala puskatzen baitzituen.

      Baina itsasaldera begiratzen zuten leihoetatik hondartza ikusten zen. Eta hondartza guztiz ederra zen.

      Itsasora begiratzen zuten etxe haietako batean neskatxa bat bizi zen. Hamalau urte zituen eta ile luze-luzea. Berari horrela eramatea gustatzen zitzaion; amari berriz bilduta eraman zezan.

      Ez dakigu neskatxaren izenik; baina bai oso polita zela.

 

 

      Egun hartan haizea itsasaldetik zebilen. Ekaitz kolpea nabarmen zen eta arrantzaleek beren ontziak bildurik zeuzkaten. Arraina egurrezko kajetan pilatua zegoen. Kaja haietatik arrain freskoaren dizdira irteten zen. Han ikus zitezkean: begi borobildun bixiguak, sardina lodi gozoak, ilargia bezala zapaldutako itsasoilarrak, eta abar.

      Arrantzaleek beren arraina karroetan kargatu zuten eta saltzera zeramaten.

      Kaia hutsik eta isilik geratua zen, gaua gainera baitzetorren. Eta gainera, han urrutitik, ekaitza zetorren. Horrela ba, ontzitxoak kaian ongi amarratu eta arrantzaleak beren etxeetara joan ziren.

      Hondartzara begiratzen zuen etxe batean gure neskatxa josten ari zen. Leihoa irekia zeukan eta itsas haizeak, bertatik sartuz, kortinak mugitzen zituen.

      Neskatxa bordatzen ari zen, trix, trax, eta bitartean honela kantatzen zuen:

 

            Kukuak umeak

            zulo ttikian

            ttiki ttikian

            oi! sahatsaren gainean.

 

      —Itxi ezan leihoa, alaba, haizea hotza zetorren eta.

      Amak hau esatearekin batera, itsas uhinen gainetik haizeak abesti bat ekarri zuen. Neskatxa, bordatzeari utzi eta entzuten jarri zen. Bai, ahots hura itsasotik zetorren. Hitzak, urrutitik baitzetozen, ez ziren ongi ulertzen; baina, ziur asko, abesti hura, zuela bi egun hondartzaren bazterrean gelditutako ontzi hartako norbaitek kantatzen zuen.

      —Bai ongi kantatzen duela! —pentsatu zuen neskatxak—. Baina enbata dator, eta hor hondartzaren inguruan egotea ez da oso atsegingarri izango.

      Bordatzeari utzi eta amarengana joan zen. Ama sukaldean bokartak prejitzen ari zen.

      —Hire aitarentzat ditun, goseturik etorriko baita... Bat nahi al dun?

      —Ama, hor beheko ontziko kapitainak gauza trixte batzuk kantatzen ditu. Enbata dator.

      —Ez hadi ergela izan, alaba, kapitain hori honuzkero itsas kolpeetara ohiturik egonen dun. Gainera gaur itsasoak ez din gogor jotzeko itxurarik; haize ero bat besterik ez dun.

      —Ama, kapitainaren kanta oso polita zen...

      —Ba! Kanta polit asko zegon.

      Eta ama kantuz hasi zen:

 

            Nere maitea, maite polita,

            ez egin lorik basoan,

            azeritxoak jan ez zagizan

            oiloa zeralangoan.

 

      —Ba! Hori aspalditik nekien, ama. Haur nintzelarik ere hori kantatzen zenidan... Jaun kapitaina agian ontzian bakarrik aurkituko da. Esango al diot bokarta batzuk probatzera etortzeko?

      Ama pentsakor geratu zen.

      —Tira ba, tira ba, esaion. Horrela berarekin solasaldi bat eginen dinagu. Beharbada mundu asko eta gauza arraro asko ikusitako gizona dun; agian Ameriketan ere egona... Esaion nahi badu gure etxera afaritara igo dadila.

 

 

      Uhinek hondarrean gora zerioten. Haizeak gure neskatxari ileak astintzen zizkion. Ontzia hurbil zegoen.

      —Eeee! Entzun, jaun kapitaina! —deitu zuen neskatxak, bi eskuz aho bazterrean turuta eginaz.

      Ontzian bi itzal mugitu ziren.

      —Nor ote da? —galdetu zuen bizardun batek.

      —Ondartzatik urbil bizi den arotzaren alaba izanen da —erantzun zion marinelak.

      —Eee, jaun kapitaina! —neskatxak berriro oihu egin zuen.

      Txalupa bat hondartzara hurbildu zen. Kapitainak ile grisa zuen, eta buruko txanoaren azpitik haren begiei dizdira zerioten.

      —Nor da? Zer gertatzen da? —galdegin zuten.

      —Jaun kapitaina, amak esan dit nahi baldin baduzu gure etxera igotzeko, han deskantsatzera. Haizea gogor dabil eta nere aitak afaritara gonbidatzen zaitu.

      Gizonak barre egin zuen.

      —Zer deritzaik, lagun? —esan zion marinelari—. Haizeaz ikaratu eginen ote gaituk?

      Neskatxa hondartzan itxoiten zegoen. Uhinek, plax! plax!, oinak bustitzen zizkioten. Ilea ur gaziz beterik zeukan. Oso polita zegoen!

      —Zaude pixka batean, berehala noa eta! —oihu egin zuen kapitainak.

      Txalupa hondartzaraino sartu zen. Kapitainak kanpora salto egin zuen. Oso gizon sendoa zirudien. Neskatxari goitik behera begiratu zion.

      —Asko estimatzen dut zuen gonbita. Bokartak oso goxoak egonen lirake zuen sukaldean.

      —Beraz, bazatoz?

      —Ez, ezin dut. Ezin dut marinela ontzian bakarrik utzi. Eta ez dut ontzia hutsik utzi nahi. Beharbada haizeak urrutira eramanen luke. Eta ontzirik gabeko kapitain bat ez litzake kapitain eta ez litzake deus.

      —Polita da zure ontzia, jauna.

      —Igo nahi al duzu? Gustatzen bazaizu, itsasoan zehar bueltatxo bat eman genezake. Ez al da horrela, marinel?...

      Neskatxa zalantzan geratu zen. Bera behin baino gehiagotan bere aitaren txalupan ibilia zen, baino txalupa ttiki batean. Eta gainera, bere aita ez zen kapitain, ez eta itsasgizon ere.

      —Zer, bazatoz?

      Haizea baretuz zihoan, eta itsasoak ontziaren sabel berdea jotzerakoan aparra ateratzen zuen.

      —Ez ahal zait ezer txarrik gertatuko?

      —Zer gertatuko zaizu ba?

      —Agian ekaitzak harrapatuko gaitu.

      —Eta zer da hori? Ekaitzak ezin du ezer ni bezalako kapitain bizardun baten aurka.

      —Baina nere amari ez zaio ni zure ontzira igotzea gustatuko...

      —Zure amak ez du ezertxo ere jakingo. Ez diogu tutik ere esango. Ez al da ala, marinel?

      Txaluparen proa aurrean ikusiz, neskatxak barrura salto egin zuen. Marinelak eta kapitainak urgainera bultzatu zuten. Uhinen gainetik abiatzean, txalupak zisss! egin zuen. Handik, ontzira pasa ziren.

 

 

      «Gure haur hori berandutzen ari da», pentsatu zuen amak, bokartak prejitzen zituen bitartean.

      Une berean, neskatxa, liluraturik, ontzian zihoan. Zeinen eder zen itsasoa, eta zein liluragarri ontzia! Itsasoa, barra ezkero, zabalago zegoen eta zeruan lehenengo izarra agertu zen.

      —Lehen, etxeko leihotik, abesti polit bat entzun dizut, kapitain.

      —Ez nintzen ni. Marinela zen.

      —Asko gustatu zait, urruti xamarretik entzun badut ere.

      —Hi, marinel, kantatu akiok zerbait... Abesti politen bat.

      Abestia ontziaren gainetik zabaldu zen. Ez zen marinelen abestia, lur barrengoena baizik.

 

            Nahi zuia jin

            ene maite eder horrek

            nahi zuia jin oihan aldera?

            Udaberriak

            zuhaitzak oro lorez

            ortzadar margoz apaindu derauzkigu...

            Goazin, maite, goazin

            gerezi artera

            zerua lurrean ikustera.

 

      —Bai abesti polita! Baina berandu egiten ari zait. Etxera itzuli beharko dut.

      —Aspertu egiten al zara? Zaude oraindik pixka batean. Bokartak zein tokitan harrapatzen diren erakutsiko dizugu.

      —Hotzak nago, kapitain... Etxera itzuli nahi nuke.

      —Marinel, presta ezak edari on bat, edari berogarri bat.

      Handik pixka batera marinelak neskatxari edaria ekarri zion.

      —Itxoin! —esan zuen kapitainak—. Ez oraindik hartu. Gauzatxo bat bota behar diot.

      —Zer da hori, kapitain? —galdetu zion neskatxak.

      —Hotzaren kontrako pattar bat. Ikusiko duzu zeinen ona.

      Hau esaterakoan, begiek bizar gainean dizdira egiten zioten. Har ezazu trago batez, eia!

      Edari hura benetan goxoa zen. Su beroaren gustua zuen, udako belarrena... Hartu ahala, lokartuz zihoan.

      —Zer bota diozu, kapitain?...

      —Hago isilik, marinel, eta goazik itsas barrura.

      —Eta neskatxa?...

      —Neretzat, marinel. Ontzian eramanen diat behin eta betirako.

      Hondartzaren aurreko etxean jendea kezkatsu zegoen.

      —Ez al duzu uste denbora askotxo pasatzen ari dela? —galdetu zuen aitak urduri, eta leihotik begira jarri zen.

      Leihotik hondartza ikus zitekean; baina dena ilun zegoen. Hondarra eta ura ilunpean nahasten ziren, ontzirik ez zen nabari.

      —Bila noa! —san zuen aitak, eta etxetik irten zen.

 

 

      Neskatxak, begiak ireki zituenean, hasieran ez zuen ezer ikusi. Non zegoen? Gauerdia zen, zerua izarrez beterik zegoen.

      —Kapitaina! Kapitaina!

      —Zer dugu, politta?

      —Etxera itzuli nahi dut. Beldur naiz!

      —Ezin liteke, haurra. Oso urruti gaude. Haizeak urrutira bultzatu gaitu. Lotan ordu asko pasa duzu.

      Marinelak timoia utzi eta kapitainari aurpegi eman zion.

      —Ezin dezakezu horrelakorik egin; neskatxa etxera itzuli behar dugu.

      Kapitainak zeharka begiratu zion.

      —Hago isilik, marinel, eta ontzia zuzendu ezak.

      Haizea berriro oihuka hasia zen. Kapitainari begietan gero eta dizdira gaiztoagoa nabarmentzen zitzaion.

      —Nahi ahal duzu nerekin onez etorri? —galdetu zion neskatxari.

      —Etxera itzuli nahi dut —erantzun zion honek.

      —Berdin da. Onez nahi ez baduzu, txarrez eramango zaitut. Nerekin etorri beharko duzu.

      Ilargia oso goian zegoen eta handik bere dizdira isurtzen zuen. Neskatxa ontziaren bazter batean hilik zegoen. Bere gorputzak nakarrezkoa zirudien... Marinelak oihu egin zion kapitainari.

      —Zer egin diozu haur horri?

      —Iheska hasi duk, eta eskaileratik eroriz buruan kolpe bat hartu dik... Zer egin behar diagu orain berarekin? Nik ez diat ezertarako nahi.

      Marinelak tristeki begiratu zuen.

      —Bota dezagun uretara; hori da hoberena.

      Urak, gorputza bota zutenean, plax! egin zuen. Azkenik urazpiratuak haren ile oriak izan ziren, une batez ur gainean dizdiratu ondoren.

      Arraitxoek, ur azpian, gorputza harriturik begiratzen zuten.

      Ontzia gero eta hurrunagotzen joan zen.

 

 

      Aitak, oihuka, hondartza guzia eta inguruetako arrokak korritu zituen, baina alferrik, ez baitzuen inor aurkitu.

      Ama leihoan negarrez ari zen.

      Itsasoko haizeak gero eta gogorrago jotzen zuen. Haizeak den-dena bai baitzekien; baina arrainek ez, eta neskatxaren gorputza deus ere ulertu gabe begiratzen zuten.

      Arraiek ez dute sekulan deus ulertzen.

 

Hego Haizearen ipuinak
Lurdes Iriondo

Gero, 1973