Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

REALISMOA, INPRESIONISMOA: DARIO DE REGOYOS

 

      Jaun-andreok:

      Gaurko Pinturaz itzegiteko eta idaztekotan inpresionismo eskola gogoan euki bear da, nai ta naiez. Inpresionismoa izan baita oraingo joera eta tendenzi berri guzien iturburua. Bera izan da, ain zuzen ere, Artea loturik zeukaten akademikerizko kateak autsi zituena.

      Arte berrirako ainbeste garrantzidun eskola ortaz, inpresionismoa alegia, oparo idatzi da, eta idazten da oraindio. Dena esana dago inpresionismoaz, eta ederki esana gañera. Beraz artezale umil eta idazle kaxkarra naizen onek ez dizuet ezer berririk esango itzalditxo ontan, gauza xee eta arrunt ezagunak baizik.

      Napoleon Leenaren denboratik Napoleon Irugarren denborañoko aldiunean mamitu zan inpresionismoa, ots, artearen aizutasun ura.

      Frantziako Matxinada nagusiak, munduko politikan eta gizartearazoetan ezezik, arte landan ere reboluzio azia erein zuen. David pintorea, Greziko arte zarra berpiztu nai izan zuena eta neo-clasico eskola sortu zuena; aren ikasle Ingres, dibujante trebe eta pintore otza; Delacroix sutsua, romantiko pinturaren buruzagia; Millet eta Corot ameslariak, eta beste batzuek izan ziran inpresionismoari ateak zabaldu zizkiotenak.

      Izadia eta Naturaren zaletasun aundia sortzen ari zan Europan. Ugaritu ziran —aundikien artean batez ere— mendi ibillaldiak eta basoetan otoruntz eta festak. Napoleon Irugarrenaren garain asi ziran itxasertzeko udaraldiak, baita ere kiroltzale ausartuenen urjolasak ondarretan. Ordutik datorkigu Biarritz eta beste ondartzadun erritxoen fama.

      Le plain air, kanpoko aidea, modan jarri zan, eta, orduko olerkariek eguzki argia, itzala, lorategiak, aidea, itxasoa eta olako beste gaiak maiz erabiltzen zituzten beren idazkietan.

      Pintoreak ere, studio lantegietako illuna utzirik, kanpoko aidera ateratzen asi ziran, laneko tresna guziekin, izadiaren aurrean beren begiak eta kuadro oialak argiaz bete zitezen. Alako argizaletasunak inpresionismoa ekarri zun.

      Inpresionismo eskolak aldaketa izugarria egin du pinturan, lenengo inpresionistek uste zuten baño aundiagoa. Izan ere, lenengo inpresionistek etzuten nai realismoaren kontra jo, realismoaren gallurrera eldu baizik, joera berri baten bidez. Gutxi iraun zun ala ere eskola aren lenbiziko asmoak. Zenbait inpresionista uts-uts kenduta, gañerontzekoak beste bide berriak billaka asi ziran, naturaren antzatik kanpo. Eta orrela sortu ziran realismoaren kontrako joerak, gaur «ismoak» deitzen diegunak: fobismo (fauvisme), expresionismo, surrealismo, cubismo, e.a.

      Inpresionismo arteraiño, egiazaletasuna, realismoa, garai guziko artisten elburu nagusiena izan da, ots, naturaren izakiak, naiz giza naiz abere edo landareak, diran bezela antzeman eta kopiatzea, artearen bidez. Eta artelan bat, zenbat eta realistagoa, ainbat eta ederragotzat jotzen zuten.

      Zenbait ipui zar badabiltza gure artean oraindik ere, antziñako artelari ospetsuen trebetasun ori adierazi nai dutenak.

      Ona bat: Bein Apeles arek mats mordo bat pintatu omen zun. Lana bukatuta, txoriak pillaka zetozkion matsa jatera, egiazkoa zalakoan.

      Beste ipuia: Miron eskultoreak bei bat landu omen zun. Eta ain ederki atera, ain egiazkoa zirudien bei arek, andik igarotzen zan zezen bat urduritu omen zan eskultura ikustean.

      Denok ezagutzen dugu noski pintore baten maltzurkeria: kuadro bat bukaturik, elbi bat pintatu zuen kuadro txoko batean, ikusleak engañatzeko. Eta ala gertatu ere. Pintura ura zekusten lagunak oro gezurrezko elbia uxatzen asten ziran.

      Antziñako artistek olako egia-zaletasuna oso gogoko eta elburu nagusitzat zutela garbi ageri da Leonardo da Vinciren Tratado de la Pintura liburuan.

      «Entzun, maitale —dio Leonardok—, pintore batek bezin ederki nork jar lezaizuke aurrean zure maitearen irudia? Nork oroitarazi ibaiak, basoak, ibar eta zelaiak —pozez ibilli zeran lekuak oro— pintoreak baño obeki?».

      Leonardo, artista eta jakitun aundi ura, au idaztean, fotografia goraltzen ari zan, oartu gabe.

      Berriz Leonardok: «Pintore batek gizon bat arrausika (abo zabalka) pintatu zuen, ikusleari arrausi eginerazteko asmoz. Eta pinturalan ura ikusirikan jendea arrausika asten zan».

      «Beste artistek pintaturiko lizunkerizko gaiek, olako lizunkerietara bultzatzen zituzten kuadroaren ikusleak».

      «Pinturak abereak ere engañatzen ditu. Zakur bat ikusi nuen nik, bere nagusiaren erretratu aurrean pozez saltoka zebillela. Eta tximino bat beste tximino pintatuari kiñuak egiten ikusi det. Eta enara bat, etxe bateko leioaren ondoan pintatutako gezurrezko burni baten gañean ezarri naiean».

      «Ori dena —dio Leonardok— pintorearen miragarrizko trebetasunagatik».

      Eta Leonardokin bukatzeko:

      «Pintura, poesia ixilla da. Eta poesia, pintura itxua. Biek izadia imitatu egiten dute...».

      Izadia imitatu. Orixe izan da betiko elburu gorengoa artean. Egunotan ere, olako egiazaletasuna, edo frantsesek dioten trompe l'oeil ori, zabal-zabalik dugu artezale askoren artean.

      Bañan, len esan dugun bezela, ogeigarren gizaldi ontan arteak izugarrizko aldaketa egin du. Uztagun alde batera eskultura eta goazen pinturaz soilki itz egitera.

      Amazazpigarren gizaldian artea gallurrera eldu zan, realismo joerarekin. Rubens eta bere ikasle Van Dyck flamendarrak; Franz Hals, Vermeer eta Rembrandt tantaia Holandakoak; Ribera, Zurbaran, Velazquez —beste tantaia— Españan, renacimientoaren uzta biltzen ari ziran.

      Bañan Italian (orduko arte kabia zan lurraldean) artea aultzen asi zanean, beste lekutan ere maldabera asi zan, noizpait dirdai bat edo beste oraindik ateratzen genio batzuengatik, (Goya, Delacroix).

      Emeretzi garren gizaldian Historiko Pintura zan nagusi, eta pintoreak zapi luzeak bete bear zituzten izen ona lortzeko eta nazional txapelketetan sariak irabazteko. Teatroko ikusketen antzera, etengabeko oial aietan errege, gudari, pralle, kardinal, itxasgizon, borrero eta politikoak azaltzen ziran, melodrametan bezela.

      Denbora artako tendentzi eta joera guzi aiek Frantzian jaio eta azitako inpresionismoak baztertu zituan. Bazirudien illunak urratzen ari zala berpizte argitsu ura!

      Inpresionismoaren aintzindariak, gure ustez, garai guzietako pintore on guziak dira. Eta aien lanetan datza inpresionismoaren oiñarria. Pintore zarren artean Rembrandt, Vermeer eta Velazquez —irurak argiaren maixuak— ditugu nabarmenenak. Bada Prado Museoan Velazquezen paisaje txiki bat, El jardin del Palacio de Medicis izendatua, kritikoen iritziz inpresionista utsa dena. Eta zer esan Las hilanderas eta Las meninas kuadro eder orietaz? An irudiak ez ezen, aidea eta argia ere (Inpresionisten kexka aundienak ain zuzen) bizirik daudela dirudi.

      Beste aintzindari modernagoak aipatzeko aipa ditzagim ezagunenak: Goya, Españan; Wateau, Delacroix, Corot, Courbet, Frantzian; Turner, Constable, Inglaterran...

      Inpresionismoa Parisen sortu zan. 1860gn. urtean Atelier Gleyre eta Academie Suisse, pintura eskolen ikasleak Iparraldeko ondartzetara asi ziran joaten pintatzera, Boudingidari eta antolatzalle zutela. Gazte aien artean Manet, Sisley, Monet, Pissarro eta Jongkind acuarelista holandatarra ziran azkarrenak. Baudelaire olerkaria eta Courbet zar trebea maiz biltzen ziran talde arekin.

      1863gn. urtean Salon Officiel-etik uxatutako pintore gazteak salon berri batean bildu ziran, Salon des Refusés-enean. An erakutsi zituzten bere lanak len aipatuak, eta Guillaumin, Whistler eta Cezannek. Salon artan Edouard Manetek aurkeztutako kuadroak ao zabalik utzi zun jendea, baita eskandalu gaitza sortu ere. Napoleon Irugarrenak, erakusketa bisitatu zuenean, pintura ura nazkagarria zala adierazi zuen. Kuadro ura Le dejeuner sur l'herbe famatua zan, gaur Louvre Museoan dagona.

      Urte gutxiren ondoren, Claude Monetek beste Le dejeuner sur l'herbe egin zuen. Manetena baño ausartagoa, modernistagoa. Inpresionismoaren lenenarria dana, oraingo kritikoen iritziz. Monetek, kuadro ori egiteko, Fontainebleau basora eraman bear izan zitun tresnak, modeloak eta lagunak, eta antxe, kanpoko aidean, bete zun oial aundia. Ederki lortu zuen, benetan, argiaren antza. Edouard Maneten Le dejeuner sur l'herbe-k, ordea, lantegi barnean egiña dagola dirudi, eta bere itzal-argitasuna ez da bestearena bezin «bizia».

      Denbora artan Japongo artea begikoa zuten pintore gazte eta berrizale aiek; baita idazleak ere, Baudelaire, Zola, Goncourtek e.a. Zoratuak bezela baitziran Japones en xantu eta estanpekin. Japonerria ere gogoan zuten, eta ara joan ziran intelectual batzuek. Andik ibillitako idazle batek, onuntzean, auxe esan omen zuen: «Les japonais sont les premiers et les plus parfaits des impressionistes».

      Van Gogh, zorigabeko artista arek, auxe esaten zion bere anai Theori, gutun batean:

      «Japonesek beren errian egin dutena emen egiteko, bear bezelako artistak laister sortuko dira lurralde eder ontan!» (Frantzian, alegia).

      Eta bestean: «Mistral aize gutxiago balitz emen, Japon bezin polita eta arterako ura bezin egokia litzake erri au.» (Arles).

      Zer zuen, ba, Japon arteak orduko artistak ain kezkatuak izateko?

      Ba, Europako arte akademikoak ez zuena, ots, izadiarekin artueman aundia. Naturaren ezagutze aun­dia. Eta Japonesek pintaturiko belar izpi batek —edo olako beste xinplekeri batek— arrituak uzten zitun emengo artistak. Japonesek, teknika xee eta arrunt baten merioz, askoz obeto antzematen zuten izadia, Europa akademiko arroputzek baño.

      Denbora artan garrantzidun asmaketa bat sortu zan: fotografia. Jakintzarako laguntza aundia ekarri zuena, eta arte landan teoriak, joerak eta eskolak astindu zituna. Artisten elburu zar ura, trompe l'oeil egiteko zaletasun ura, lurrera bota zun fotografiak. Alajaña, nork bizia edo natura egiazkiago antzeman, argazki makiñatxo batek baño? Fotografia ezkero, ez da doai bereizirik bear bizia kopiatzeko. Kajatxo illun orren botoi bat zapaldu, eta kitto.

      Fotografiari buruz, ona zer zion Van Goghek bere anaiari:

      «Orain erretratuak pintatzeko irrikitzen nago. Jendeari erakutsi nai diot, alegia, kristauek badutela zera bat, nortasun edo bat, fotografia orrek, bere aparatu ta guzi, atera ezin dezakena».

      Fotografia arantza, orduko artistak sartu-sartua zutela ezin ukatu aal. Ezta ere Niepce eta Dagerreri esker pinturak bide berriak artu bear izan zituela ere. Bide berriak, bai, bañan asieran esan bezela, Pintura realismoaren azken mailletaraño eraman nairik. Auexek ditugu inpresionisten uste eta teoria batzuek:

 

      Argia da kuadroen elementu bearrezkoena.

      Izadiko gauzak berezko kolorea dute (belarrak berde, naranjak ori-gorri, tomateak gorri). Kolore oriek argiari eskerrak nabaitzen ditugu.

      Bañan argiak ere badu bere kolorea, eta ez beti berdiña. Goizeko argiaren kolorea eta arrats aldekoarena diferenteak dira.

      Gauzaen koloreak eta argiaren kolorea nastu egiten dira. Beraz, gauzaen koloreak kopiatzeko, argiaren kolorea ere kontuan euki bear da. Beste eraz esateko: argiaren kolorea aldakorra izaki, gauzaen koloreak ere aldakorrak izan.

      (Au dena obeto ulertzeko, gure itzaldian adibide grafiko batzuek jarri genitun).

      Inpresionisten legeak ongi betetzeko paletak garbitu bear izan zituzten artistek. Eta lurrak ematen ditun koloreak baztertu, zikin samarrak diralako. Kolore beltza, batez ere, osoro baztertu zuten. Beltzik ez omen da izadian. Izadian bakarrik ortzadarrarenak, zazpi auek: naranja, ori, berde, zeruko urdin, itxasoko urdin, more eta gorri.

      Beste lege eta teoriak aitatu gabe utziko ditugu, emen zuek ez aspertzeko.

 

      Inpresionismo eskolaren izena orrela sortu omen zan: 1874gn. urtean Nadar argazkilariaren etxean pintore gazteek erakusketa bat ospatu zuten. Claude Monetek ara bidalitako kuadro batek Impression, Le soleil levant zuen izena. Egunsentian, lanbro tartetik eguzkia igotzen zan Havren. Orduko kritiko agurgarriek impressionisme deitu zioten Monet eta bere kideen joera berri ari. Txantxetan noski, bañan betiko gelditu zan izen ori.

      Pintura kondairan ez dira bein ere ikusi artista pilla baten kontrako ainbeste zakarkeri eta gaiztakeriak.

      Lenengo inpresionistek jasan bear izan zituzten iseka, purrusta eta naigabeak ikaragarriak izan ziran. Gezurra dirudi orain, bañan orrelako pintura garbi, atsegin eta egiazalea gutxik, oso gutxik, ulertu zuten bere garaian.

      Urte askotan egon ziran artista inpresionistak lan-da-lan, saririk jaso gabe, eta kuadro bat ere saldu eziñik. Nazional txapelketetara bidalitako lanak atzera itzultzen zizkieten, eta noizpeinka artutako kuadroak sala del crimen izeneko gelan jarri.

      Inpresionista batzuek fama ezagutu gabe ill ziran, miserian. Bat edo beste, Van Gogh bezela, bere burua illda. Beste batzuek zartzaroan fama lortu zuten, eta orduan bai, orduan presaka ibilli ziran martxantak eta biltzalleak aien lantegiak ustutzen. Geroztik inpresionisten izen eta lanak gora eta gora dijoaz; aien lan nabarmenenak museoetan gordetzen dira zuurki.

      Igaz (1958gnean.) subasta sonatu bat egin zan Londresen, goi mallako inpresionisten lan batzuek salduz. Zazpi pintura ia milla milloi libera pagatu zituzten artezaleek. Cezanne gizajo aren lan bat, Jeune homme au gilet rouge izeneko kuadro bat (246.000.000) berreun eta berrogei ta sei milloi liberataraño iritxi zan. Hospital batean eta miseria gorrian ildako Van Goghen Le jardin public a Arles kuadroa beste ainbeste pagatu zuten.

 

      Berandu etorri zan onera Inpresionismoa, beste aurrerapenekin gertatzen dan bezela. España-ko inpresionista ezagunena eta onena —geienen ustez— Asturiasko Dario de Regoyos izan da. Ez da esan bearrik aren obrari arrera oso txarra egin ziotela emen. Inpresionistek, eskola berriai jarraitzeko, dirudunak izan bear zuten. Bestela, nola bizi? Frantziako inpre­sionista geienak famili aberatsetako semeak ziran; eta gurasoak utzitako dirua zuurki gobernatuta, aurrera eraman aal izan zuten beren asmoa. Olaxe gertatu zan gure Regoyosekin ere. Aita arkitektua zuen, San Fernando Akademikoa, eta diruz aberatsa. Aitak utzitako diruari eskerrak lasai bizi zan Rego­yos azken urtetaraiño. Azken urtetan, ordea, dirua bukatuz eta bere familia mantendu bearrik, larri ibilli omen zan.

      Dario de Regoyos Valdes 1857 urtean jaio zan Ribadesellan, Asturiasen. Bere aita Valladolidekoa zan, don Dario de Regoyos Molenillo, eta bere ama, doña Benita Valdes y Sieres, Gijongoa. Odolez asturiano eta gaztellano izanda ere, artez eta biotzez euskotartzat jo dezakegu, ainbeste maite baitzuen gure lurraldea.

      Aurra zalarik sorterria utzi zuen, Asturiasera gutxitan berriz itzultzeko bere bizi guzian. Aita Madrilera destinatuta, gaztearoa Madrilen igaro zuen familiakin, eta pinturazaletasuna somaturik Carlos Haesgana joan zan ikastera. Haes pin­tore flamendarra zan, eta garai artan ospe aundikoa, paisajista bezela. Gure Dario, Haesekin iru urte eginda, Paris aldera joan zan, eta andik Belgicara.

      Regoyos gazteak, bere Madrilgo kapa jatorraz jantzia, bere kitarra eta bere izaera alaiaren bidez, lagun asko bereganatu zitun Bruselasen, eta ezagun-ezaguna egin zan bereala arte biltokietan.

      Regoyosen lenengo erakusketa Essor etxean ospatu zan, 1882 urtean, Dariok 25 urte zituela. Kritikoek ez zioten arrera txarrik egin. Ausart bat zala esan zuten, edo lotsagabe bat.

      Belgicako gazte talde batekin itzultzen da Españara Dario. Regoyosi entzun eta Españako izaera eta oiturak ezagutzeko irrikitzen zeuden flamendar gazte aiek. Orien artean Theo van Rysselberghe eta Constantin Meunier ziran. Meunieri gertatu zitzaiona jakingarria da. Bidalariak, Donostiko bide batetik zijoazela, idi gurdi bat ikusi zuten, eta gurdiaurrean itzai gazte bat, mutil sendo eta ederra, burua tente, alkandora irikia zuela eta sorbaldan akullua zeramala. Euskaldun aren edertasuna ikusirikan Meunier ao zabalik gelditu zan. Eta itzaiaren planta ederra ez zitzaion aztu denbora luzean. Bein eta berriro «euskaldun baten eskultura egin nai det» esaten omen zun. Geroztik Meunierek, pinturagintza utzirik, eskulturagintza artu zuen betiko. Eta ori dena, gure baserritar baten itxura jatorragatik.

      Talde ura zatitu zan. Batzuek Marroko aldera joan ziran. Meunier Sevillan eta Regoyos Almerian gelditzen ziralarik.

      Berriz Bruselasen, Essoren erakusketa bat egin zuten, Hispano-Marroquí izenpean, bidaian egindako lanak erakutsirik.

      Bruselasetik España bisitatzera etorri zan berriz ere Regoyos, bañan aldi ontan lagun bakar batekin, Verhaeren olerkariarekin. Bazuten biek asmo bereizi bat, alegia, Españako tipismoa, eta batez ere Españak, aien ustez, zerion tristetasun ta illuntasuna ikusteko ta kopiatzeko asmoa. Batek, noski, lumarekin, ta besteak pintzelekin.

      Gipuzkoatik biak sarturik, Españatik zear ibilli ziran, gauza zakar eta beltzak oro kopiatzen. Ver­haerenek ibillaldi artaz artikulu batzuek idatzi zitun gero L'Art Moderne aldizkarian. Amar urte ondoren Regoyosek artikulu aiek gazteleraz biurtu, eta bere aldetik beste gertaerak geiturik, liburu txiki bat antolatu zuen, zenbait zurezko grabadoz ornituta. Regoyosen La España negra de Verhaeren izeneko liburu polit eta gatzdun ura oso gutxi saldu zan.

      Liburu ortan Regoyos idazle jator bat bezela ageri zaigu. Zuzenki zion Barojak, alegia, tamalgarria dala Regoyosek idazlan geiago ez utzitzea.

      Españak zuen beltz-fama arek bidalari asko erakarri zuen erbestetik. Bidalari bat Toulouse-Lautrec pintore ospetsua izan zan. Mugara iritxita, Regoyosek Donostiraño lagundu zion. Egun artan jendea oso aserre zebillen Donostian, Sagastarekiko Matxinada eguna baitzan, Gernikako Arbola debekatua zala-ta, donostiarrak Gernikako Arbola kantaka etengabe. Arratsaldean tiroak eta guzi kalean. Toulouse-Lautrec, Regoyos eta beste lagunak ostatu balkoitik burruka ikusten zeudelarik, asi zan tiroketa eta bala batzuek Lautrecen ondotikan igaro ziran. Ura izan zan ikara! Denak lurrera. Urrengo goiz-goizean frantses artista motz arek Hendaya bidea artu zuen, Regoyosi au esanez: Je m'en fiche de votre España negra!

      Regoyosi adimena illuntzen asi zitzaion garai artan. Neurasteniko edo jartzen ari zan. Gauzaen arpegi illun, triste eta beltza besterik ez zuen ikusten. Ama ill zitzaionean, okerrago. Bañan denbora artan Gipuzkoara bizitzera etorri zan eta, Irundik Behobirako bidean landetxe bat arturik, emengo pakea eta paisaje atsegiñak on egin zioten. Gañera, orduan ere ezkondu zan, eta ura izan omen zuen onena osasunarentzat.

      Garai artaz eta gure pintoreaz itz egiten auxe dio Juan de la Encina kritikoak:

      «Es Guipuzcoa el rincon de la tierra que consigue fijar y establecer, aunque solo sea en parte, a este andante sin reposo. No hizo de ella, como Zuloaga, el lugar de descanso de la dura brega del arte. Fue para él el Pais Vasco su region estética por excelencia, el lugar de entre todos los que recorrió —y no fueron pocos— que le deparaba emociones esteticas más en armonía con su íntimo sentir. Que su sensibilidad, como él mismo dice,le pedia Pais Vasco en todos los sitios por donde viajaba».

      Sendabidea ez ezik, gai xamurren eta pintagarrienak ere arkitzen zitun gure Regoyosek Bidaso bazterrean. Or egin zituen paisaje politenak. Biotzez irundar biurturik, etxekoa bezela zuten irundarrek. Irunen jaiotako Jaime bere semea, Irungo Parrokian bataiatu izan zan, Theo van Rysselberghe pintore fiamendar ura aitajauna izanik. Regoyos Irungo festetan Alardean ateratzen zan, Ofizial bezela.

      Euskalerrian ain pozik egon arren, noizean bein Ego aldera joaten zan, Castilla eta Andalucia lurraldeak pintatzera. Eguzki giroa ona baitzan bere osasunerako. Bañan eguzki argi biziaz laister aspertzen zan. Ez omen da egokia pintatzeko.

      «Aquí en Madrid —zion Regoyosek bere lagun Losadari gutun batean— el sol le persigue a uno por todas partes: en la calle, en la exposición, en casa, sobre esta hoja de papel. Si el sol es la alegría, este pueblo es bien alegre. Pero, así como se desea el sol para la vida, no así para pintar. ¿Qué se podría hacer aquí con la paleta en la mano? ¿Dónde se me­tería uno para encontrar una armonía pictórica?».

      Eta gero, gutun berean:

      «...de este deseo irresistible que sentí al llegar a Irún por los años de 1883 al 93, nació mi arte, y solo de esto.»

      Laister nekatzen eta aspertzen zan, ba, eguzki aldeko lurretaz, eta Euskalerriaren miñaz ikuturik, onera zetorren laisterka, egarri balitz bezela. Regoyosen nai aundiena, itz auek aditzera ematen dute:

      «...pensé en un pedacito de campo verde de Gui­puzcoa o de Vizcaya, y que, entre caserios, bajo un cielo gris, me dejaran pacer como las vacas.»

      Regoyosek —dio Pio Barojak—, oso zintzo eta zentzuduna izan arren, bazirudien kaxkariñ xamarra zala. Aurren arima bezelakoa arena. Beti kontent, alai eta etsia. Bere arpegia irrifar batez alaitua. Edozeiñi galderak egiteko prest beti. Kristau bat ezagutu ta laister, galdezka asten zitzaion ia ezkondua zen, ia emaztea maite zuen, seme-alaba asko zituen, beste aurrik izateko asmorik bazuen...

      Regoyos ta biok —segitzen du Barojak— maiz itz egiten genuen pinturaz. Ego aldeko artistek gure Euskalerriaz ziotena gaizki iruditzen zitzaion Regoyosi. Aiek esaten zuten, alegia, Euskalerri eta beste olako lurralde ezeak ez dirala gai pinturarako, eta orregatik ez dirala emen pintore onak sortzen. Regoyosen iritzia oso bestelakoa zan. Ego aldeko eguzki biziari gorroto aundia zion.

      «Nik ez det ezagutu pintorerik —berriz Barojak— Regoyos bezin gatzadun eta azkarrik. Jendeak, ordea, txoro bat zala uste zuen, eta bere lanak disparate utsak».

      «Panteista zan, Izadiaren maitale sutsua; Etxebarria eta Arteta bezela. Paisaje batez lilluraturik, Izadiaren aurrean belauniko jarriko zirakean aiek».

      «Artearen landan euskel nortasunezko iru pintore bakarrik ditugu: bata Regoyos, euskalduna ez izan da ere; beste biak, Etxebarria eta Arteta, euskaldunak».

      Regoyosek noizean bein erakusketak egiten zitun, Donostian eta Bilbon. Oso gutxi saltzen omen zuen, eta saltzen zuena uskeri baten truke. Aren kuadroen aurrean jendea farrez asten zan. Rodrigo Sorianok kontatzen dunez Donostiko Novedadesn egindako

      erakusketa batean, erriko jauntxoak, señorituak, burla egitera joan ziran ara.

      Donostian, kuadro saltzalle zan Mr. Galan etxean, Regoyosen bi kuadro jarri zituzten agerian, Fuegos artificiales en el Casino eta Thun-thun en Ondarreta. Escuela de Artes y Oficios-eko ikasle nabarmenetatik lau edo bost mutil ara joan ziran, algara-jolasa egitera. Mutil aietatik bat Dunixi zan. (Dunixiren baimenarekin kontatzen dugu au.) Nork esan, gazte aiek, urteak igarota, inpresionista eta Regoyos-zale porrokatuak biurtuko ziranik? Beintzat, gure Duni­xi maite orrek amaika lan eder, inpresionismo utsez, egiñak ditu.

      Gure artista ongi ezagutu zuen Sebastian Gomez Eizagirre jaunak auxe kontatu digu garai artaz:

      Egun aietan Regoyos larri eta triste zebillen, ainbeste iseka eta purrustagatik. Mindua zegon gizona, bañan burla guziak ixillikan jasotzen zitun. Aren lanak berrogei ta amar edo eun pesetakin erosi zitezken. Gañera, oso errez erregalatzen zitun bere kuadroak. Eskuzabala zan.

      Bein batean, Ategorrietan bizi zala, bi langille joan ziran bere etxera, konponketa bat egitera. Lana bukatuta, kalera bazijoazela pasilloan paretaren kontran zegon kuadro pilla aundi bati begiradatxo bat botatzeko gelditu ziran. Ori ikusita Regoyosek esan zien: Zer? Nere kuadroekin? Artu, artu zuentzat gustatzen zazkizuenak, eta eraman.

      Ez pentsa orratik Regoyosek txartzat jotzen zuenik bere obra. Bai baitzekien arek goi mallako pintura egiten ari zala. Baita ere ordurako inpresionismo eskola eldua zala Europan.

      Len aitatu degun Galan etxea Gipuzkoa Plazan bertan omen zan, eta andik ez urruti Donostiko Museoa, gaur Correos dagon lekuan. Regoyosek Galanenean erakusteta bat bukaturik, kuadroak museoan utzi zitun, en depósito bezela. Kuadro asko ziran; toki gutxi, ordea, an gordetzeko. Orduko Museo-agintaria, On Pedro Manuel Soraluze —gizon jakitun eta atsegiña, bañan arterako bixta gutxikoa— kuadro guzi aiek pillaturikan, komun ondoan jarri zitun, pasillo estu batean. Eta an ere traba egiten zutela edo, lenbailen eraman zitzala agindu zion Regoyosi.

      Diru eskaxagatik Regoyosen obra talde eder ura gureganatzeko aukera ona galdu zuen orduan Sora­luze jaunak. Gaur Donostian ia larogei regoyos badira, bañan ez Museoan, Aras-Jauregi jaunaren etxean baizik. Bilboko Museoak ere pilla ederra du. Gure San Telmo etxeak, ordea, iru edo lau bakarrik.

      Obra ederra Regoyosena. Kuadro geienak, paisajeak. Bodegoi eta giza irudi eta erretratoak ere baditu, oso ederki lortuak. Dibujante bezela ez zan makala, grazia bereizia ematen baitzien bere dibujoeri. Album bat argitara eman zuen Album del Pais Vasco izenez, 15 litografiakin. An euskal oiturak azaltzen dira, dantzak, txistulariak, baserritarrak, erriak...

      España negra delako denboran gai triste eta illunak bereizten zitun pintatzeko; adibidez, zezen jolasetan ildako zaldiak, Castillako prozesioak (Las víctimas de la fiesta, Los flagelantes de San Vicente), eta olakoak. Gero, Euskalerrian bizi ondoren, gure mendi, baserri ta zelaietaz zoraturik, joan zitzaion burutik beltz-zalekeri ura. Eta paleta garbitu zitzaion, baita adimena ere. Emen inpresionista utsa biurtu zan, emen egiazko artea sortu zitzaion, berak bein aitortu zuenez. Gure lurraldean edozein txoko zuen gai pintatzeko. Gaur, ollotegi bat; biar, baratz bateko azak, etzi eguzkitara zabaldutako arrantza sareak; etzidamu, eguzki lenen printzak laztanduriko elizatxo baten pareta zarrak. Inpresionista utsa izaki eta, argia bakarrik zuen gai pintagarria. Bañan emengo argia, apal, goxoa.

      Guk, oraingo eta emengo artezaleok gero eta maiteagoa dugu Regoyosen izen eta oroimena. Ezagutzen ari da, pixkanaka, artista aren izaera umil, alai eta atsegiña, aren arte fiñ ta jakintsua, baita ere —eta au euskaldunok ez dugu aztu bear— Rego­yosek gure eusko lurrari zion zaletasun eta maitasuna.

 

Gero Egan-en azaldua, 1960gnean.

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970