Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

ZARRABARRA

 

 

      Larraingo goiko zelaian segalari lodikote bat degu. Ez dakit zer klaseko sega duen baņan sarri kamustutzen zaio. Eta zorrozketan, burnia eta arraitzaren bidez sortzen duen soņua ez da sega-zorrozketa jator batena, ots, soņu latz eta motela. Burnia lasai-lasai eldu eta arraitza leunki igurtzirik, soņu ozen eta alaia egiten du, rin-ran, rin-ran. Badirudi gitarra edo jotzen ari dala.

      Gure segalaria —ez da esan bearrik— naita ari da gaizki zorrozten. Izan ere, orixe bera nai du, alegia Ģkitarra jotzeaģ, soņu gozoa norbaiten belarrira iritxi dedin.

      Noizpait gure gizona, besoak segakider gaņean jarririk, eta beso gaņean kokotza, beko baratzari begira gelditzen zaigu. Zer ote du beko baratzak, orren arretaz begiratzeko? Beko baratzan Ermoxa dago.

      Martinari ĢErmoxaģ deitzen diote aspalditik, inguruko neska politena zalako. Orain neskazarra da baņan Ermoxa beti. Martina Ermoxa, illunabarrero, Oxene bere baserriko baratzara joaten da, tipulak eta azak zaintzeko, bareen kontrako botika botatzeko, illar txikiak biltzeko, eta... eta Larraingo mutilzar lodikote segalariakin eguneroko eta urrundiko rendez-vous izateko. Segaren kitarra soņua entzun eta —lendik aterea ez bada— baratzara joaten da.

      Noiztandik dabiltz orrela neska-mutil zar oriek? Ogei urte bai orrela. Eta itzik elkarri esan gabe.

      Gaizki diot, baņan. Bein itz egin zuten elkarrekin. Maņuel (auxe da bere izena) soldau joan zanean, bidean topatu ta Ermoxak ĢBa al zoaz?ģ galdetu. Eta mutillak, piperra baņo gorriago, ĢBaiģ erantzun. ĢBaiģ. Besterik ez. Ez ĢAdio, ondo biziģ edo ĢIkusi arteģ. ĢBaiģ soil eta motela, Ermoxagana iritxi baņo len aidean itzali zana.

      Soldauzka Castillako uri batean egin zun. Igandetan bere lagunekin pasiatzera ateratzen zan, eta uri artako zumardian zenbait neska ezagutu zitun, baita adiskidetu ere. An askatu zan pixka bat mutilla.

      ĢEtxeratzean —pensatzen zuen— emengo neskatxekin mintzatzen naizen bezela, Ermoxakin mintzatuko naiz, beldurrik gabe, lasai-lasai. Eta Austiko errebueltan, edo beste leku atsegin izkutu batean, gerritik eldu eta muxu emango diot, eta nerekin ezkontzeko eskatukoģ.

      Orrelako amets gozoak maiz izaten zitun, retretako turuta jo ondoren, anka usaiaz eta arrantxo kiratsaz inguraturik, kamastra gogorran oeratzen zanean. Bein Ermoxarentzako karta asi zun, baņan Cerida Martina: me al legrare ceal rrezibo del presente estas bien io tamien grazias adios idatzi ezkero, besterik ez zuen asmatzen.

      Soldauzka noizpait bukatu eta etxera itzuli, litzentzia patrikan. Bizi guzirako naiko ixtori eta kontu xelebre —kuartel gertaerak— bazekarzkien. Donostian bere errirako autobusean igota ezagun baten ondoan eseri zan.

      —Zer berri errian? —galdetu zion.

      —Tira. Bada zerbait jakingarri. Pagondoko amona il da. Ankaluzeko Pirmina katzereņo batekin Pasaira ezkondu. Barberon semiak anka ta besoa autsi, motuan zijoala. Pello arakiņak, ordea, burua.

      —Motuan e bai?

      —Bai zea! Orrek 4-4 du-ta... Bueno, zun, esan bearko...

      —Gizajoa! Eta... zer geio?

      —Eztakipa...

      —Eta Martina... Ermoxa... ongi al da?

      —Ermoxa Oxenekua? Orrek alde egin dizu, gizona, alde...

      —Alde? Nora? —Maņuelek abots marranttaz.

      —Frantzira. Neskame, famili aberats batekin, ongi pagatuta. Fabriketan biņon obeto pagatuta. Ala diote beintzat. Eta ongi jana eta ederki jantzia, mimoz betia, Erregiņa bezela bizi omen da Parisen.

      Akabo. Dena akabo Maņuelentzat; txundituta utzi zun albiste arek. Baserrian sartu eta kalean azaldu gabe izan zan luzaro. Denborakin, baņan, etsia artu zun, eta lengo lagunekin asi zan berriro biltzen, tabernan Bizikletako Tour, Giro ta Vueltaz itzegiteko, eta arkupetan, igandetako meza ondoren, pilotan jostatzeko; ain zuzen gure Maņuel erriko pelotari onenetakoa zan. Ez zun galdu orratik Ermoxaganako amodioa; biotzeko garra apaldu zitzaion, itzali ordea ez.

      Ermoxa zenbait aldiz itzuli zan Paristik errira. Bein, sanuxebios-tikan, erriko festetara etorri zan. Eta nola etorri! Egundo baņo ederragoa; apain jantzia, illea kixkurtu ta oxijenatua, azkazalak gorri-gorri eta begiak beltzatuak. Len baņo alaiago eta atsegiņagoa, denekin bromaz eta frantses itz jarioka: O la-la, ke se xoli, pardon, sil bu ple, kel orrer, fixe mua la pe, eta olakoak.

      Jaietako gau batean Maņuel plazara jetxi zan, suak ikustera. Jende-artean Ermoxa ikusi zun bereala, kanpoko mutil pintxo batekin vals al agarrao dantzan zebillela. Bar bateko maian eseri eta coņac duplia eskatu, ĢEdozer gauza bero eta alaigarri edateko premiaģ zuelako. Kanpoan zegon mai artatik bere ametsezko neska ongi ikus zezaken, aldiz urrun, aldiz oso bertan zuela, eta beti alaia, berritxua, berritxuegia agian. ĢAi —zion bere baitan—  onera etorriko eta nere ondoan eseriko balitz...ģ

      Eta Ermoxa etorri zitzaion, baita ondoan eseri ere, beste neska lagun batekin. Esan bearra dut Ermoxak bazuela oraindik Maņuelganako joera ta irrikia. Baņan Ermoxak ez zuen nai —eta konprenitzekoa da— lenena izan maite agerketan. Bere buruari ziona: ĢMaite banau, gizona dedilla eta itz egin dezala. Ba du orduaģ.

      Maņuel, lotsati ura, neska ain bertan eukita, dardarka asi zan. Soldauzkan irabazitako ausardiatik izpi bat ere ez zuen gordetzen.

      —Ola, Maņuel.

      —Kai, Martina, ta konpania.

      —Ze abil emen bakar-bakarrik?

      —Suak ikustera etorri naun eta...

      —Suak... eta besterik ez?

      —Um!

      —Plazan ainbeste neska politak izaki ta... suak bakarrik?

      —Um!

      Ontan plazako farol guziak itzali eta poste bateko kurpilla biraka asi zan, txinpartak zerizkiola. Jende guzia aozabalik zegon, su artifizialei begira. Illuntasunez ausarturik Maņuel eskua luzatzen asi zan, poliki-poliki. Eta Ermoxarena ikutu zunean biotza taupadaka asi zitzaion. Neskak ez zun aldendu bere eskua; alderantziz, irmo euki zun, beatz batekin gizonarena laztanduz. (Ala iruditu zitzaion beintzat Maņueli.)

      —Aizan Ermoxa...

      —Zer.

      —Aizan, ni...

      —Esan, Maņuel, esan...

      Suzko kurpil madarikatu ura gelditu zan, eta punta batetik eudia bezelako txinpart eta izar zuriak, arrunt argitsuak, botaka asi. Egunez bezin argi ageri zan dena, etxeak, jendea, arpegiak eta... eskuak. Izan ere, Manuelena —bitatik ausarten ura— argia somaturik, aguro itzuli zan bere txokora. Kurpillan, gero, zenbait zartada ikaragarrien ondoren, erriko Santo Patrono-ko irudi pintatu bat sortu zan zintzilika, eta gero plazako farolak piztu ziran berriro. Txarangak jota bat asi zun.

      Dena galdua zegola iruditu zitzaion Ermoxari. Baņan badaezpada ere, portsiakaso, lengo jarduna berpiztu nai izan zun:

      —Esan, Manuel, esan...

      Alperrik. Mutillaren kemena, gezurrezko suaren antzera, itzalia zan. Lotsak loturik zuen mingaņa.

      —O, ke se tanbetan. Tan pi —nexkak samindua.

      Eta bere lagunekin dantzara joan zan. Eta Maņuel, larri, kopeta illun, etxe aldera poliki-poliki. Festak bukatuta, Ermoxa Frantzira berriz.

      Denbora pasa zan. Aldian urteak orbel. Manuel mutilzarra gero eta murritzago, ezkibel ta bakartzaleago. Tabernako lagunak utzi zitun osoro, kaxuelkada eta. Barrikotetan ez zan iņoiz azaltzen, ezta pilota-lekuan ere. Igande eta jai egunetan goiz-goiz mezara; noizpait an edo emengo ferira, bear zanean; bestela etxean, lanari itsatsia.

      Bein batean Larraingoiko belardian ganaduentzako bazka egiten ari zala, Oxeneko beko baratzan emakume lirain bat ikusi zun. Ermoxa ote? Ez zion arpegia ikusten, beste aldera begira baitzan. Oiuz deitzeko kemenik ez eta, sega zorrozten asi zan, ras-ras-ras, emakumeak entzun zezan. Baņan segaren soņu motela ez zun aditu neskak. Orduan burnia lasaiago utzirik, rin-ran, rin-ran, kanta ozen ta gozoa lortu zun, baita Ermoxaren arpegia ikusi ere. Ermoxa baitzan emakume lirain ura, etxera betirako etorria, ama zartu-ta, Oxeneko ardura artzeko.

      Geroztik golko zelaian Maņuel segalari lodikotea arki dezakegu illunabarrero, ukullukoentzako bazka gertutzen eta, Ģberaģ agerian ezpada, sega-kitarra jotzen.

      Zarrabar aroan daude-ta, arrai lotsati ta igeskor ori arrapatzeko sorginkeri bat edo asmatu bear du Ermoxak lenbailen...

 

El Bidasoa, 1960

 

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970