Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

UDAZKENEKO IPUIA

Aurrentzat

 

 

      Kontu onen garaian Mirentxuk zaspi urte zitun eta Kabatxok bost.

      Udazkeneko egun batean amak basora biali zitun perretxikoetara.

      Saskiak besoan, goizean goiz atera ziran etxetik eta tipi-tapa, mendi gora, arizti batera iritxi ziran.

      Arizti artara sartzea ez zan erreza, alde guzietatik sasiz inguratua zegolako. Azkenean bidetxo bat arkitu zuten.

      —Emendik sartu bear dugu, Kabatxo.

      —Goazeman; baņan... orra! zulo sarrera amiama sariaz betia do...

      Egia zan. Armiarma sareak sarrera ura estali egiten zuten. Inguruko zugatzetan ere, adar batetik bestera zintzilik, sare geiago ziran erruz. Ari gaņean goizeko intz tantak, pitxiak balira bezela, dizdiatzen zuten eguzki argiz.

      Mirentxuk: Emendik sartuko gaituk, ba. Garbituko diat bidea. Ekartzak makilla.

      Eta zuzen-zuzen joan zan gure neskatxa sareak urratzera. Orduan abots me-me bat entzun zuten:

      —Ene aur maiteak, ez autsi, mesedez, gure sareak...

      Mirentxuk (izutua): Ze... ze... zein zera zu?

      —Armiarma Erregiņa naiz. Jakingo dezute, noski, gaur jai aundia dugula...

      Kabatxok: Zer da gaur, ba?

      —Ez al dakizute? Ara, Armiarmok eta euliak pakea egin dugu elkarrekin. Pake au ospatzeko Euli Erregea etorriko zaigu gaur. Orregatik olaxe apaindu ditugu gure alderdiak. Ez urratu, beraz, apaingarri eder oriek... Basora sartu nai badezute bertantxe bada beste sarlekua...

      Kabatxok: Tira, ba, beste aldeti jungo gea ta kito.

      Mirentxuk: Agur, Erregiņa, ta ongi pasa gaurko eguna.

      Armiarma Erregiņak: Milla ezker, milla ezker, enetxoak, ez zait beņ ere aztuko zuen borondate ona...

      Laister arkitu zuten beste sarrera, baita lenbiziko perretxikoak ere. Ondogorri pilla aundia biltzen ari zirala, pio, pio negargarriak entzun zituzten. Zer ote zan-da txori eder bat lurrean etzana.

      —Ara Kabatxo, zer kolore politak ditun... Etxera eraman bear degu..,

      —Eta kayolan sartu...

      Orduan txoriak esan zien:

      —Pio, pio, egun on, enetxoak. Ez nazazute zuen etxera eraman. Pio, pio. Bizia baņo maiteago det askatasuna. Kayol batean bizitzeko, naiago nuke nik katamotz atzaparretan il...

      —Zer ba? Katamotzak zerbait egin al dizu?

      —Bai, pio, pio. Gaizto orrek arrapatu egin nau, baņa nik iges egin al izan det zugatz baten tontorreraņo. Or goian egon naiz katamotzak aldegin arte. Gero egan egin nai izan det baņa lurrera erori naiz, ega bat ondatua det-eta...

      —Gaxua. Guk sendatuko zaitugu.

      Errekatxo batean txoriak egan zeukan zauria garbitu zioten. Eta gero, txoria adar batean utzirik...

      —Agur, polita. Sendatu laister.

      —Pio, pio. Milla ezker, milla ezker, enetxoak, ez zait beņere aztuko zuen borondate ona...

      Astia aurrera zijoan. Eguerdian bazkari motxa eginda bereala perretxikotara berriz. Saskiak ia beteak ziran.

      —Etxeratu bear dugu, Kabatxo. Illuntzen ari du-ta...

      —Iton, pikat. Nire saskia e da betia oraindi. Ara, ondozuri andi-andi bat ikusi et or...

      Au esanda, toki maldatsu ta arritsu batetik jeisten asi zan mutilla. Zoritxarrez txirrist egin eta bueltaka erori zan. Odolez betea zuen arpegia eta, txarrago, oiņ bat okertua. Zutik jarri zan baņa ibilli ezin.

      Mirentxuk: Ez negar egin, tontolio. Eseri adi. Tira, ur billa joango nauk eta laister sendatuko aiz.

      Anaia bakarrik utzirik joan zan Mirentxu lengo errekatxoruntz. Baņa... non demontre zegon erreka ura? Ezin billaturik Mirentxu galdu egin zan basoan. Alperrik batera ta bestera ibilli zan eta illunabarra etorri zitzaion. Ixildu ziran txoriak; ontzaren oiu garratza bakarrik aitzen zan.

      —Ai, ama, ai, ama!—Mirentxuk karraxika.

      Eta gero: Kabatxo, non aiz Kabatxo!

      Belaunikatu-ta Ama Birjiņari otoika asi zan.

      Olako batean pio, pio xamurra entzun zun aldamenean. Lengo txoria zan, bai, goizean ega sendatu zioten txoria bera. Mirentxuk gertatu zitzaiena kontatu zion.

      —Pio, pio. Ez larritu, Mirentxu. Errekatxo ori bereala billatuko dugu. Zatoz nerekin.

      Arkitu zuten erreka. Mirentxu ontzia betetzen ari zan bitartean, txoria adar baten gaņean gelditu zan atseden artzen. Baņa... zer gertatzen zan zugatzaren azpian? Zer ziran aufi ta aufa alai aiek? Armiarmak beren jaia ospatzen. Ura zan iskanbilla, ura!

      Izan ere, Armiarma Erregiņak txoria ikusi zun eta betik oiu au bota zion:

      —Kaixo, txori, ze abil? Jetxi ona, motel, gurekin baxoerdi bat txanpan edatera.

      —Pio, pio, eskerrikasko, baņa ezin det. Basoan larri dauden bi aurreri lagundu bear diet-eta...

      —Zer diok? Bi aur? Mirentxu ta Kabatxo ote?

      —Pio, pio. Oriek berak. Ezagutzen al dituzu?

      —Bai noski. Bi aur oso onak dituk, gaur goizean gure sareak urratu ez dituzte-ta...

      —Pio, pio. Oso onak. Neri ere ega sendatu egin didate, eta aien etxera eraman gabe libre utzi naute...

      Gero txoriak aurren zoritxar guzia kontatu zion Erregiņari.

      —Pio, pio. Zer egin dezakegu oien alde? Ņola. Kabatxo etxera eraman?

      —Zerbait asmatu bear dugu, ba... Ara! al ditukan txori lagun guziak bildu itzak eta onera ekarri.

      Mirentxuri an itxoiteko esanez joan zan txoria lagunak biltzera. Bitartean armiarmek sareak jaso zituzten eta sare aiek bata bestearen gaņean jarririk, oial lodi aundi bat egin zuten.

      Txori pilla izugarri aundia bildu zun gure txoriak. Ez dakigu zenbat baņa milla edo geiago zirala baietz esango genuke.

      Mirentxu eta txori guziak Kabatxogana joan ziran. Txoriek, mokoz ertzeetatik arturik, oiala zeramaten.

      Laister billatu zuten Kabatxo; gizajoa izutua ta negarrez zegon. Oial gaņean jarri zuten mutilla, saskia ta perretxikoak aztu gabe.

      Illargiz argitutako mendiei begira ta begira zegon ama leioan. Aurrak etxera gabe oraindik! Jainko maitea! Zer gertatu ote zaie?

      Ontan, Mirentxu ikusi zun bidean. Amaren poxa! Baņan... Kabatxo?, non zegon Kabatxo?

      A! Kabatxo... aidetik zetorren, oial batean lasai-lasai etzana. Txori pilla aundi batek zekarren.

      Txoriek mutilla ate ondoan utzi zuten poliki. Gero, gure txori ezagunak:

      —Pio, pio. Agur enetxoak. Ondo lo egin.

      Mirentxuk: Agur ta eskerrikasko guzieri.

      Kabatxok: Agur txori politak, eta ekumiņa amiamei.

 

El Bidasoa, 1956

 

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970