Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

JUAN BAXURKO

 

      El Bidasoa-n azaldutako Luis de Uranzuren artikulu batengatik ezagutu nitun nik, lenbiziko aldiz, Baxurkoren izena eta bizia. Irungo arotza omen zan, eta bere ofiziotik kanpoko txolartetan, tabernaz taberna besteak bezela ibilli bearrean, etxera joaten omen zan bertsoak egitera. Luis de Uranzuren lan arek gure olerkariaren fotografi zar bat zekarren, eta foto argatik uste nuen gazte xamarra zala.

      Gero, bere «Jesusen bizitza» irakurri nuen, eta gero «Iñazio Deuna», azken au gure moldiztegian imprimatzeko eta liburua nere dibujuen bidez pixkat apaintzeko. Geroztik, an eta emen, Juanen olerki asko irakurri dut.

      Azkenean arpegiz ezagutu nuen, San Martziel mendian, erromeriako egun batean. Aren itxura gustatu zitzaidan oso. Ura zan jator baten planta! Ez luze, ez zabal, bañan itxuraz eta mintzaeraz Euskalerriko seme garbia zala nabaitzen zan bereala. Txapel aundia buruan, pixkat oker eta atzeratuta, eta surpeko ille zuriakin, beste denborako euskotarra ematen zuen, gure gurasoen denborakoa edo.

      Lagun arteko bazkari batean izan da Baxurko-kin azken aldiz egon nintzala. Udaberria zan, Pasko aldian. Egun alaia, baita ere tristia. Bazkalondoan. Baxurkok, On Manuel Lekuonari eskerrak emateko, kuartilla batzuek irakurri zitun; On Manuelek lagundu eta bultsatu baizun gure olerkaria lumazko lanak argitaratzeko. Gero karnet txiki bat ateratzean «Baserria» izeneko poesi luze eta zoragarri bat irakurri zigun. Ederki pintatuak gure baserrien eder lilluragarriak! Eta etxetxo maite orien bukaeraz adierazten zanean zer garratzak Baxurkoren estrofak!

      Oroitzen naiz orain El Bidasoa-k zekarren poesi batean «Euskera ez da ilko!» oiu egiten zuela Baxurkok. Oiu edo esaera argatik eztabaida sortu zan gero «Un veraneante» eta lantxo onen egillearen artean. Ni Baxurkorekin nengon, ez gure mintza ilko ez dala ziñez siñisten detalako, baizik orrela jo bear dugula uste detalako. Pesimismoa barruan eraman arren, optimismoko arpegia erakutsi bear dugu, euskaldun umillak eta euskaltzale epelak uxa ez ditzaten gure negarrak. Un veraneante-k, ordea, akonsejatzen zion Baxurkori negar egin zezala poesiaren bidez, euskaldun txepelen biotzak ikuitzeko eta astintzeko.

      Zoritxarrez, olerkari bikain arek ezin dezake orain alde batetik edo bestetik jo. Ixillik gelditu baizaigu betiko.

      Euskera astiro-astiro itzaltzen ari dan bitartean euskaldunak badoaz mundu ontatik, bat bestearen atzetik. Gure erriak jende berriaz betetzen ari diran era berean, euskaldunak kanposantuan beste Euskalerria sortzen. Euskalerri ixil au ere, denborakin, zapalduta geldituko da.

      Uztagun Jainkoaren eskuan euskeraren etorkizuna, beste erremediorik ez dugu ta. Bañan orain, eta oraindik, bizi geranok alegiñak egin bear ditugu gure izkuntza eriotzaren atzaparretatik salbatzeko. Baxurko, eta Baxurko bezelako euskaldun on, apal eta zintzoak artu egin bear ditugu eredutzat, ejenplotzat.

     

El Bidasoa, 1958

 

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970