Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

IBAR IXILLEAN

Artzaingoa Oyartzunen

 

Pagogaņa-ri

 

      Neguan, elurratik iges, artaldeak goiko mendietatik Oyartzungo ibarrara jeisten dira. Eta Udaberrian, San Markos aldian, mendira jotzen dute berriz. Aldiune ori izaten da, neretzat, Oyartzungo garai politena.

      Badira zenbait urte artaldeeen etorrera ikusten detala Oyartzunen. Ikusketa arrunt eta xea dala ez dut ukatuko, baiņan beti pozgarria neretzat.

      Negu biotzean, ibarraren ixilpe eta bakartadean etxe barnean naizelarik, gure zakur zaindariaren zaunkak entzuten ditut illunabarrean. Zein ote da? Nor dijoa bidetik?...

      Gero artzaien oju eta txistuak, eta artzainoraen zaunka biziak entzuten dira. Eta gero zintzarrien soņu berdintsu ta apala.

      ĢEmen duk lenengo artaldeaģ nere baitan esanaz bidera noa, artzaieri agurtzera. Alboko baserritarrak ere bidean daude arrezkero.

      —Ongi etorriak! Elur asko goian?

      —Ez oraindio, baina botako du laister, botako du...

      Eta orra bidetik gudarosti paketsua. Lenen pasatzen dana mutiko sendo bat da, ondoan beor txiki eta isats-luze bat duela. Beorra ongi zamatua doa, bai gaiņetik, bai barrendik ere...

      Ostean, ardiak igarotzen dixa —artillazko itxaso baten antzera— saltoka, marrakaz, lertuak eta errenak geienak. Batzuek bide ertzeko belar legorra jatera pozik geldituko lirake, baiņan zakurrak ezetz, aurrera joan bear, aurrera beti gelditu gabe, neguko borda arkitu arte... Bi edo artzai zarrak, artaldearen jabeak noski, atzetik datoz, errugabeko talde orren desfilea-ri amaia emanik.

      Artaldeen etorrerakin Oyartzungo negu paisajea xamurragoa jartzen zaigu: larre nabar, belardi igartu, menditxoen malda erdoituak... dana alaitzen zaigu ardien puntu zuriekin. Eta Udaberri lenen zantzuak nabaitzen diranean, melokotoi eta briņoien begi zuri-gorriak lertzen asiak diranean, aidea bee xamurretaz betetzen zaigu illunabarretan. Illunabar arte artaldeak ixil-ixillik zeuden larretan belarra iresten. Baiņan artzaiak biltzeko siņalea eman du, aterpera itzultzeko agindu du, eta orduan, bai iskanbilla ederra! Ama-umeak elkarri deika etengabe. Konzierto ederragorik... Nai ta naiez On Ludwig eta bere Seigarrenaz gogoratzen naiz.

      Oyartzunen negua pasatzen duten artzai batzuek Zaldibikoak dira. Artzaiekin itz egitea maite dut, batezere nere euskera au obeagotzeko eta nere belarriok irikiagotzeko. Artzaien oitura eta lanetaz gutxi dakit nik, ezpainaiz Jakintza-zale. Ala ta guztiz ere, beste egunean, galdera au egin nion mutil bati: ea bere artaldeko ardi guziak ezagutzen zituen (160 ardi ziran). Baietz erantzun zidan; ardiak, pertsonak bezela, errez bereizten dirala bata besteengandik. Galdetu nion gero ea ardiak bazuten izenik. Esan zidan, aren ustez, ardi gutxieri jartzen dietela izena. Zenbait ardi izendun erakutsi zizkidan: Beltxa, Enene, Katharro, Urdiņa, Pequeņo, Adaxkaia, Erbiya, Puntarria, Muturbeltza, Brillante... (Eta auxe da Jakintzarako nere kontribuzio apala).

      Denbora ontan mamia egiteko ardi esnea erostera joaten gera emazte ta biok. Illuntzen dunean, Urkabemendi gora goaz, Seingo borda aldera; an Zaldibiko artzai famili bat bizi da, bere aur, morroi eta abere guziekin. Ara joateko bidea, bai zoragarria!; leku izkutuak, ezeak, landare eta zugaitzez ornituak —aritz, arkazi, lizar, gaztaņa eta pago bat edo beste— eta lore-usaiaz betea. Txokoetan sagarrondo zarrak, makurtu eta biurrituak, sasi eta miuraz erdi itoak. Ordu ontan kukuaren txilibito eztia bein eta berriro, etengabe, aditzen da, eta urrundik, mendiko basotik gautxorien lenen oju garratzak.

      Eldu gera azkenik Seingo bordara. Ango bi txakurrak, marmarrean eta ortzak agerian, arrera arrunt txarra egiten digute, baiņan gure ondora iritxita lasaitzen dira. Ardiak bilduak daude aterpe estu batean, estulka, beeka eta ausnarka. Oien artean nagusi eta morroia dabiltza esnea biltzen.

      Guk eskatutako esne litro batzuek eta gazta bat —bear bearrezko gatzagiaz aaztu gabe— gertutzen dizkiguten bitartean, etxekoandreakin itz egiten dugu. Esaten digu Aralar goietara itzultzeko irrikitzen daudela. Urian ez lirake biziko munduko diru guziagatik. Tristea olako bizia? Bai zera! tristeago kalean bizitzea. Urian itoko omen lirake.

      Orain gutxi San Markos eguna izan da. Garai ontan asten da artaldeen martxa goiko mendietara. Artalde batzuek kamionetan joan ziran, besteak oņez. Gure etxe ondotikan ikusi nuen artalde baten joatea, oņez, illuntzean, Aralar aldera. Ardi guziak bere lepo-ezkila zuten, etorri ziranean bezela. Beorra, gaiņetik ongi zamatuta barrendik libre, ondoan bait zeraman bere sabeleko frutua. Artzainorak, urduriak, ez zuten zaunkik egiten, ulu baizik egiten zuten, poz-pozez. Eta egundo baiņo azkarrago zebiltzan nagusiaren aginduak betetzen.

      Artzaien arpegietan ere atsegiņa nabaitzen zan garbiro. Ibillera neketsua zuten; zeruak, odei beltzez beteak, ura eskeintzen zien, Baiņan laister arkituko zuten Goia, artzaien aberria.

      Txistu, oju, zaunka eta zintzarri otsak emeki-emeki galdu ziran illunpean.

 

El Bidasoa, 1959

 

Orain berri triste bat ematera noa. Seingo borda polit ura itxuraz aldatu egin da. Leioak zabaldu, paretak zuritu, barrena txukundu egin diote. Eta argi elektrika jarri. Baņan Zaldibiko artzaia ez da berriz ara itzuliko. Seingo borda, edo erriak deitzen ziona, Ardiborda ura, Jan-edan soziedade batez biurtu zaigu.

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970