Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984

 

 

hamargarren:

BERANDU ZETORREN EPELA

 

      Behin eta berriz madarikatzen zuen etxe eta andre haienganako lotura haustezin hura.

      Otorduetan han egoten zen atso zahar haien betiko kontuei arreta ezin atxikirik. Beti zituzten esate berberak eta Ferminek errazki asma zezakeen hitz bakoitzaren ostean zein zetorren edo halako entzundakoan zein izebak nola erreakzionatu eta begiratuko zuen. Asperrari eutsiz bereganatzen zituen Ferminek jakiak.

      Noiz edo noiz, bere aitari buruzko galderak jaurti izan zituen Ferminek, baina ez amak eta ez inork ez zion erantzun betegarririk ematen. Askotan nabaritu zuen hori eta azkenerako lotsatu ere egiten zen galderak egitean, bai baitzekien etxekoei ez zitzaizkiela laket horrelakoak.

      Aita, azokarako zaldia menditik behera zekarrela, aztoratu eta leize sakon batera saltatu omen zuen abereak bortizki, eta tamalez, inork ezin izan zuen bere gorpua zulo sakon hartatik atera. Hau zen zekien guztia.

      Ferminek ez zezakeen, ordea, honelakorik sinets. Xehetasunak falta zitzaizkion, ez zuen aitaren irudirik buruan, ez zekien zein itxuratako gizona zen, ez zegoen bere argazkirik, ezta ezkontza egunekoa ere. Berak galde egin ezean, inoiz ez zen bere aitaz hitz egin etxe hartan.

      Eginahalak eginda ere, ezin izan zuen sekula ezer garbirik atera, eta gogoz kontrako gai hura ukitzean, beti ateratzen zuten urgentziazko beste mintzagairen bat eta haren atxakiaz, nahi gabe bezala, ohartzeke lez, uko egiten zioten hartaz hitz egiteari eta buru-belarri murgiltzen ziren estakuruaren eztabaida luzean.

      Gainerakoan, andre haiek ondo zaindua zen Fermin. Bakarra dugunok ezin dugu jakin ama mordoxka bat inguru-bueltan izatea zer den. Baina gizonezko batek bere gizontasuna mardultzeko eta osotasunean eusteko, jatorriaren berri zehatzak behar zituela uste zuen Ferminek. Aitagoak ezaguna behar zuela zeritzon. Bestela ez zitekeela, jatorriaren ilunpekotasunak eraginda, erabateko nor izan.

      Hutsune eta zulo hura bere baitan estaltzeko, amaren gaztetako laprastada baten ondorio zela pentsatu izan zuen beti, eta izebek hartaz lotsaturik eta ezkutatu nahian, argibidea estali egiten ziotela pentsatzen zuen betidanik. Hala ere, bere amak noizbait zintzoki aitortuko balio, erabakia zeukan hori ez zela ezer eta edonori gerta lekiokeela esatea.

      Aitona-amonen berri, aldiz, ugari jaso ahal izan zuen txikitandik. Nahiz eta berak ezer ez galdetu, alaba maitagarri batzuk lez hitz egiten zuten beti beren gurasoez: Amantxi, ama, andre garbi, fin eta langilea zen, aita Felix, gizon azkarra eta zuzena. Amari esker batez ere, erlijioaren babesean hezitakoak ziren denak. Baina azken alabaz erditzean, zoritxarrez, emaztea hil zitzaion, behar baino lehen, aitonari. Felix hamabi alabaren arduradun bakar geratu zen Agerren.

      Hasieran, oso etsituta zegoela Agerreko nagusia zioten, baina Amantxiren heriotzaren urteurrena bete baino lehen, Agerre baserri emankor jarraitu zen, etxabarruan ar bakarra izan arren.

      Baten batek, baserri hartan dozena bat anaia bazirela esanez gero, ez zion inork egia ala gezurra zen igarriko. Beste edozeinetan bezain txukun ziren bazterrak eta han beste ezpal pilaturik ez zegoen edonon bilduta.

      Baina urteen iraganean, Felixi ere etorri zitzaion zahartzaroa eta nahi baino lehen ikusi zuen heriotza hurbila bazetorkiola.

      Hil beharrak eta Agerreren iraute eta etorkizunak, estututa zeukaten gizona, mutilik ezean ez baitzion irtenbide zuzenik ikusten premutzari.

      Behin eta berriz, etengabeki, galdera bera zuen bueltaka buruan: Nor zen hamabi alabatarik onena? Nork eutsiko zion baserriaren aurreari? Erantzuna, ordea, ez zen lehorteetako euri, ez eta gutiago ere.

      Galderak ez zion bakerik eskaintzen eta loa ere ostu egiten zioten burutapen korapilatsu haiek.

      Inork gutxik pentsatuko zuen sekula gizon azkar hura era hartara makurtua ikusterik.

      Galdera horretxen oinazeak luzatzen zion ezinegona hilzori luzean. Asmatu nahi, erantzun nahi, eta ezin. Hautatu nahi, baina aukera garbirik ez. Gaixotasunaren larria txartu egiten zion guzti honek.

      Zer egin baina?

      Hiru alaba arretaz begiratuak zituen eta aspaldian beren pauso eta ibilerak neurtuak. Gainerako bederatziak baztertuak zeuzkan, ez zuten hautaketan zatirik. Hiru ziren begi onetik hartuak, besteek ez baitzuten hauek besteko izaterik, ez eta hurrik eman ere.

      Bederatzi horietarik, guztiak zitzaizkion baztergarri. Guztiek zuten hoben ozenen baten ukitua begi-masailetan. Felixek auzora mutil bilako ihesean sumatu ez zuena, gelako bakardadean edo kortako ilunean harrapatua zeukan gonapeko jolasetan.

      Maiz, binaka ere ikusi izan zituen, komoneko zirrikitutik eta, elkarri gozo emanez eta igurtzizko lanetan.

      Felixek ez zien ezer esaten eta bere hautatze ordurako gogoan hartzen zituen ibilera guzti horiek. Izan ere, hautatzekotan, ondo aukeratu behar zuen eta horretarako bakoitza zen bezalakoa ager zedin nahi zuen. Ez zuen inoren izaerarik aldatu nahi. Hautatu behar zuena onena izango zen, eta ez inork irakatsi ziolako edo makila-saldaz zuzendua izan zelako, berez halakoxea izateagatik baizik.

      Alaba gazteenen joerak ere sobera ezagunak zitzaizkion neguetako ezagutzaz. Jakina baita, emaztearen hiltzeak asegabe utzi zizkiola hamaikatxo gose, eta ezinbestean, neguetako hotzetan, izotz handiko sasoietan batez ere, oraindik ume zirela atxakiatuz, bere mantapera deitzen zituela alaba birjinak.

      Andrea hil zitzaion arte, Felix ez zen bular eta berna hain leunez jostatu.

      Askotxo edan zuen San Andres bezpera batean, biki gazteenak eta hamahiru urtetako Mari Kristina bereganatu zituen gauerako, epela emateko asmoz.

      Gorri-gorri eginda hurbildu zitzaizkion haurrak gau hotz hartan. Bikiak, lehen aldia zutenez, beldurrez ziren. Aitak ez zituen anartean bere albora joan erazi. Felixi gazteegiak, umeegiak, iruditu zitzaizkion beti, biluzten ikusi zituen arte, behintzat. Esku tiki haiez zoko guztiak ezin ezkutatuan ikusteak eman zion egiaren seinale zuzena. Bular koxkor haiek ez zituen sekula pentsatuko.

      — Eztizuet ezer eingo —esaten zien bikiei— beira Maikristina nola sartu dan ne ondoa. Danok epelao eongo gea emen.

      Ohean zirela, otz daukat emen, edo, nik beotukoizut oi, esaten zien hiru alabatxoei, jolasera bultzatuz. Zer egin jakin gabe, irri egiten zioten eta bere esanetara makurtzen.

      Loak hartu baino lehen, aitaren esnea bildu eta garbitu behar izaten zuten alabek.

      Biharamuneko gosaritan gorri-gorri egongo ziren ahizpen begiradapean sorora, edo oiloei jatena ematera joan baino lehen.

      Halakotarako, guztien gainetik gehien deitzen zituenak, Agustina eta Koro ziren. Haiek baitziren aitaren desioak, lotsagabeki, hobekien betetzen ikasi zutenak. Ez zioten inoiz aitaren eskaerei muzinik egiten.

      Buruan zeuzkan hiru hautagaiek, ordea, beti egin izan zioten uko. Hiru hauetaz aparte, bi zaharrenek ere ez zuten inoiz etsi aitaren eskabideen aurrean, baina hauek, aspaldidanik zeuzkan bere hautatzetik betirako baztertuak: Lekaime joatea zuten desiorik handiena eta etxe hartako bizimoduari Jaungoikoak ezarritako zerura baino lehenagoko penitentziazko pausoa zeritzoten.

      Hiru hautatuetarik bakarra nahi zuen, ordea. Bakarra ez, onena behar zuen.

      Kontxi, Miren eta Ixabel ezberdinak baziren ere, aitarena bezain izaera gogorrekoak izateak berdintzen zituen apur bat.

      Gainerakoek ez zeukaten lekutik ateratako indarrez, behin baino gehiagotan uko egin zioten aitari.

      Neguko sarrera batean, gaztainondoek, pisuaren pisuz, adarrak ia eroriak zeuzkaten goiko lurretan. Ixabel hara joana zen gaztainondoak arinduz lepotarrak bete eta astoaren kartolak gainezka itzultzeko asmoz.

      Uztan hasi berria zela, aita agertu zitzaion ustekabean.

      — Arratsaldeon Ixabel!! —esan zion.

      Ixabel estutu egin zen. Aspaldidanik ezagutzen zituen aitaren jokaera ilun haiek eta, askotan, beraren ekintzak zalantzan jarri ohi bazituen ere, oraingoan, sorokoak bazterrean utzita haraino igo bazen, bazekien hura ez zetorrela hara gaztaina bila. Berak lagunduko ziola eta, atxakia ederra topatu zuen aitak alabarengana hurbiltzeko.

      Baina gerria heldu zionean, ez aita! esanez bat, aihotza zintzurrean xut jarri zionean, hoztu egin zitzaizkion Felixi beroak eta ez zion pixka batean eraso gehiagorik egin hamabosteko neska lirainari.

      Honelako gertaerek ez zuten ezertan aitaren jokaerarik aldatzen, eta etxera heldutakoan, normal-normal jokatzen zuen Felixek. Alabek ezin zuten sumatu, hartara jokatzean nola pozten zuten aitaren barrua eta noraino handiagotzen alabak bereganatzeko behar eta desafioa.

      Beste behin, azpiak ateratzen ari zirela, Mireni tokatu zitzaion honelako beste eraso bat. Aita eta Miren aritzen ziren beti lan honetan. Besteak soro, mendi edo baratzetan zebiltzan bitartean, han jarduten zuen neskak aitaren karretila behin eta berriz kargatzen. Denak atera arte simaurrez betetzen. Aitak erretenean zehar eramaten zuen karretila etxaperaino. Lan txarra izan arren, Mirenek ez zion inoiz uko egin hartan aritzeari, norbaiti tokatu behar baitzitzaion hura ere.

      Simaurrari ordea, nork ez jakin, antza dario, eta hamaiketakoa egin baino lehenagoko tartea ustiatu ohi zuen Mirenek garbitu eta arropa zikinen aldatzeko; azpi egunetan inor ez baitzen etxean geratzen eta komon eta aska guztiak libre egoten ziren goiz osoz bestetan ez bezala.

      Felixek alabaren biluzte eta garbitzen ororen berri jasotzen zuen komon gaineko zoruaren tarteetatik.

      Behin, emen al intzan? esanez, komonean sartu eta alaba biluzik harrapatu zuenean, ezetz esan zion Mirenek, bazekiela zertara zetorren eta ez zuela nahi, aitarekin egitea bekatua zela. Hil nahiago zuela esan zion, korrika batean arropa zikinak hartu eta koarto aldera negarrez ospa eginez.

      Hirugarren hautagaia Kontxi zen, etxeko sukaldaria. Txikitandik zeukan adierazia horretarako biska. Ganajatekotan eta larrean ibili baino nahiago zuen hamahirurentzako jakiak atondu. Merkatu egunei ere ez zien arreta berezirik eskaintzen eta hantxe geratzen zen sukalde zokoan, besteak etortzerako, bazkaria paratzen. Ukuiluko lanak ziren berarentzat okerrenak eta esnea behar zuenean beti aurkitzen zuen gazteagoren bat esnetara bidaltzeko.

      Aita atzetik joan zitzaion azoka ostegun batean eta gaur ze diņau? esan eta eskua ezarri zion atzealdean. Kontxik bira eman eta eskuetan zeukan sutako kakoaz zartakoa eman zion aitari kokotsean.

      Etxe osteko sagarrondoa inausten ziharduela, beheko adarra libratu eta hargatik zeukala zartadaren arrastoa kokots aldean kontatu zuen Felixek bazkalorduan.

      Inork ez zuen han kontrakorik esan.

      Felix benetan makal zebilen oraingoan. Sekula iritsiko ez zitzaiola uste izan zuen unea hantxe zeukan, begi bistan. Ohean zetzan eta ez zitzakeen, lehen bezala, alabak zain. Besteen menpe, beharrean, zen oraingoan. Ezin alabak bereganatu.

      Oheko aspertzetik irten ezinik, hautatu beharra handitu egiten zitzaion. Lehenbailehen behar zuen bat. Gehiegi berandutu baino lehen. Irudimenean dantzan ari zitzaizkion alabak.

      Bitartean, Agerre inguruko soro eta mendi zabaletan hainbeste oparotasun ikustean, inork Felixi buruan zer zebilkion ez luke esango, eta hango martxa egunerokotasunez kutsaturik ikusiko luke bestela ikusten saiatu arren.

      Errekarteko artzainari ere horixe gertatu zitzaion. Atarian Felix zer moduz zebilen galdetu eta makalik ohean zetzala erantzun ziotenean, bronkioetatik aula baita eta beriala pasako zaio batez, adio esan zuen.

      Nola jakingo zuen Errekartek Felixen gora-beheren berri? Alabek ere ba al zekiten, bada?

      Hiru alabei dei egitea erabaki zuen.

      Beldurrez hartu zuten aitaren gelara joateko abisua. Ez zekiten zehazki dei haren arrazoia. Hurbil zen aitaren heriotza.

      Felix hizketarako bere ezjariotasunaz damu zen. Sekula ez zuen horretarako trebetasun nabaririk izan eta solasean ihardun baino lehen, nahiago izaten zuen beste edozer; hitzetan indarra galdu besterik ez zen egiten.

      Etxian mutillik izateko suerteik ezteu izan eta pentsatuko zue zetako zaudeten emen —aurreratu zien aitak.

      Hiru alabak ez ziren inora begiratzera ausartzen. Mutil faltaren leloa maizegi aditu zioten aitari, baina oraingoan ezberdina zen; bazekiten beste zerbait zetorrela ondoren:

      Zuetako batek izan biakou, naitaez, etxe au aurrera ateako duna.

      Neskek isilik zirauten.

      Bestek eztute parteik ontan —esan zuen— illarte eztitut berriz ne begibistan ikusi nai. Baņa ondik eztet seuru zuetako zeiņ izango dan. Iruak berdintsuak baizeate netzat.

      Justu justuan ari zen Felix. Hitzek pisu handia balute bezala zebilen. Esaten zuenaz lotsatuko balitz bezala.

      Baņa zuetako batek nekin eon bearkou ni ill artian —esan zuen, eta hiru alabek ez zekiten zer pentsatu— Komonea besteik ezta kuarto ontatik ateako eta neuk esandako guztia eiteko listo eon bearkou.

      Alabek ezin zuten erantzutea ala isilik egotea tokatzen zitzaien asmatu.

      Zeuen artean itzeizue eta baietza bada, batematek naibau, etor dailla iņularrian apariakin. Oiņ ordia, bakarrik eon naio det eta alde ein bearkozue.

      Ate hotsa atzean entzun zutenean, deskantsu ederra hartu zuten hiru neskek. Aitaren hitzak ez zirela inoiz bukatuko pentsatzen hasiak ziren.

      Gainerako ahizpek zer gertatzen zen galdetu zietenean, han ez zegoela ezer berririk esan eta gela berean sartu ziren hiru alabak.

      Arratsaldeko ordu luzeak, gelan jo zituzten arratsa iritsi arte, hizketan.

      Ilunabarrean aitak aurrera! erantzun zionean ate hotsari, Mirenek afaria zekarkiola ikusi zuen. Atzeraxeago Kontxi zihoan eta azkenean Isabelek atea barrutik itxi eta harrika jaurti zuen giltza leihotik artadira.

      Hamazazpi egun iraun zuen aitak bizirik. Hamazazpi egun iraun zuen giltzapeak.

 

* * *

 

      Gero eta zahartuago daude ama-izebak. Morroiarena lehenbailehen konpondu behar du Ferminek Agerrek iraungo badu. Gizon bakarrarentzat zama handiegi bihurtzen da baserrikoa. Gainera aurten bada zer egina. Berandu baitator epela. Beranduegi uzta garaiz erretzeko.

 

 

Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1984