Abe 03 20

Burgosko auzia eta Jean Paul Sartre gogora ekarriak

1970. urteko abenduaren 3an abiatu zen Burgosko auzia. 16 euskaldun epaitu zituzten, eta Gisele Halimi Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioaren ordezkaria izan zen bertan lekukotzak hartzen. Halimik Le Procès de Burgos liburua eman zuen argitara 1971an Parisen eta Gisele Halimiren Burgosko Auzia liburuari Jean Paul Sartrek egin zion hitzaurrea. Txillardegik euskaratua, ETAren Zutik aldizkarian kaleratu zen 1971an berean. Sartreren jaiotzaren mendeurrenean -2005ean- Markos Zapiainek Sartreri buruzko artikulu bat –M’ongoloon malura– idatzi eta 1971ko hitzaurrea berriz euskaratu zuen.

Jean Paul Sartre garaian kokatzeko asmoz Txillardegik haren heriotzean idatzitakoa gogoratuko dugu, Sartre: lekuko eta gidaria: “Sartre-ren ikuspuntuak, horretara, ezin garrantzitsuago gertatu dira guretzat; Sartre, bere heterodoxia guztien gainetik, errotik egon baita beti gizarte burgesaren kontra. Eta, behin eta berriz erakutsi duenez, eskuarki estimatu ohi diren «ohore»en oso gainetik ere ibili baita. Sartre ez da sekula «la voz de su amo» izan. Eta inork baino hobeki dakigu abertzaleok: ETA krisi betean zegoelarik, eta Burgos-ko Auzi famatua PCEk bere alde manipulatzeko dena prest eduki uste zuenean, Gisele Halimi-ren liburuarentzako bere Hitzaurre bikaina idatziz, sozial-inperialismoaren jokoa agerian utzi zuen. Burgos-ko arazo historiko hura ezintasun ia osoan bizi izan genuen abertzaleok betirako izango gatzaizkio Sartre-ri zordun“.
Jean Paul Sartre gurean sortu genuen 2005. urtean, euskarari ekarritako lanak bertan batu asmoz.

Agenda

Efemerideak

Kritikak