MAURIAC
(1970-IX-1)
Mauriac hil da. Eta neure barne muinetaraino, beste asko bezala, hotzikara batek iharrausi nau.
Mauriac albistaria istimatu dut, egia da: urte askotan barrena, «L'Express» eta «Figaro-Littéraire»n, oso gogoz irakurri ditut haren «Bloc Notes» zorrotzak. Behin eta berriz topatu dut Mauriac katolikoa aurrerazaleen eta ezkertarren bidea hartzen; eta hau pozgarri izan zait. 1930-etik 1965-arte gutxi gora behera, gaurkotasunari buruz, deskoloniatzeari buruz, politika-ekintzari buruz, Mauriac-ek hartutako bideak beren buruz mintzo dira idazlearen alde. Ez dezagun ahantz, bestalde, ez Mauriac-en jatorrizko giroa ez Elizarena. Euskaldunok bereziki ez ditugu nolanahi ahaztuko ordu larritan Mauriac gure alde agertu zela; eta hau eginez barne-ausardia handia izan zuela.
Egia aitortzeko, ordea, ez da Mauriac politikoaren heriotzak bortizkienik dardaratu gaituena. Haren nobela ederretan bizi den Mauriac olerkariak hunkitu bait gaitu sakonkienik.
Bai, jaunak. Francois Mauriac olerkaria da Mauriac-etan haundiena. Ez teknikeriatan eroritako idazle bat, ez azken snobismoaren bila abiatutako sasi-poeta bat, ez zozoak zurtu nahirik bitxikeriatan barrena joandako berrikoi bat. Ez. Egiazko olerkariak ez da istorio horien beharrik. Mauriac olerkaria nobeletan da olerkari: liburuetan zehar, han eta hemen, behin eta berriz, eta espanturik gabe, olerkigintzan ari dela esan ere gabe, inork ez bezala sendi-arazi dizkigu pertsonarekiko kupida eta zeru-lurrarekiko lilura. Nik bederen Mauriac-en liburuak bukatzean, behin eta berriz, azaldu ezinezko malenkonia batek harturik egin izan dut. Eta nik bezala, nik uste, beste anitzek.
Dohain hau izan da, dudarik gabe, Nobel-Saria-ren kakoa (1952).
Nik ez nituen orain dela gutxi arte ezagutzen Gironde-ko landa bakartiak. Ez zaizkit arrotz gertatu, halere; eta Mauriac-en orrialde zoragarrietan somatu bezala aurkitu ditut hemen: goizetan behe-laño urdinen azpian isilik, eguzkiaren lehenengo errainuetan nekez iratzartzen ari... Eta Mauriac-ez oroitu naiz.
Mauriac-en heriotzaren berri ikastean, argi-printzak bezala iragan dute ene barnea nobelen oroitzapenek: Genitrix, L'Agneau, Destins, Les Chemins de la Met, Les Anges Noirs, Un adolescent d'autrefois, Ce qui était perdu, Plongées, La Fin de la Nuit; eta, batez Thérése Desqueyroux eta Noeud de Vipéres ahaztuezinak... Liburu bakoitzean, beti ere kutsu berberaz baina beti ere liferenteki, zoriontsu eta olerkibera batera izan nintzela ohartu dut. Ohore eta helburu haundiagorik bila ote dezake idazlek?
Jacques Madaule-k oso ederki zion orain dela urtebetetsu: «Egun batez, ezerk ezin horretatik bazterturik, guziok haurtzaroko lauso argietan sendi genituen zauskada haiek, ilun eta nahasi, azalduko zituen Francois Mauriac-ek. Ez dut Bazadais delakoa ezagutzen ((Bazas herriaren inguruko eskualdeari deritza 'Bazadais')); eguzki betean zapaldurik, ez dut inoiz hatsartu oihan zabalaren usaina. Baina Mauriac-i esker, bideskarik izkutuenak berak, etxeko zaizkit... Eta —oraingo artikulu hau egitekotan bezala— berriz Mauriac irakurtzen dudalarik, neure barne-muinetan beretan hunkitua naizela nabaitzen dut; gizon guziok bat egiten gaituen parte barne horretan hunkitua, hain zuzen».
Egia hutsa. Berdin nioke nik ere.
Zerk urrun dezake Mauriac haundia, beraz, gaurko mundutik? Zerk urrundu du dagoeneko, halere, gazteria berritik? Ez da zaila erantzuten.
Mauriac-en kristau fedeak aurrenik. Gaurko gazte askori zentzugabe zaizkio bekatuaren kezkak eta Jainkoaren egarria. Hots, askotan, hauetxek dira Mauriac-en norkien azken maratila.
Muriac-en gizarte-giroa bigarrenik. Bordale inguruko «château» horiek (mahasti bakoitzari «château» bat dagokio; «bordeaux» ardo-mota bat, beraz) eta bertako gora-beherak ez dira gureak. Uzta biltzeko etorri diren kanpotar langileak, erdi-baserritar erdi-aitonseme horien arteko herrak, bekaizkeriak eta dirugoseak, eta abar, arrotz dira gure bizimoduan, urrun daude gugandik, ez zaizkigu axola.
Mauriac-en «ikusle»-jokabidea azkenik gaizki ikusia da. Hauxe da, beharbada, kritikarik gogorrena eta aspaldikoena. 1935-ez geroztik, Gide-k moldatutako Idazle Erreboluziozaleen Biltzarretik; eta geroxeago Sartre gazteak 1939-an aurrez-aurre Mauriac-en kontra egin zuen oldarralditik, Bordale-ko idazle famatua idazle «burges»tzat salatzen da. Alegia: oro bar, ez duela zalantzan jarri, are gutxiago osoki kritikatu, gure soziedadea. Hori egin beharrean, psikologikerian eta olerkikerian erori dela; Artea eta bizia, idazkintza eta erreboluzioa, bi gauza desberdin balira bezala. Horrela jokatuz, «divertimento» gisa hartu du Mauriac-ek literatura, eta ez burruka-tresnatzat. Hots, horrela jokatzea komeni zaio burgesiari. Mauriac, beraz, burgesiaren morroin gertatu da.
Bestaldetik ere, Mauriac-ek bere norkiak «barnetik» aztertuz, Jainkoaren jokoa egin du. Ez hau bakarrik: kristau Morala onhartuz, indartsuen jokoa egin du berriz ere.
Honetan guzian egiazko den zerbait aitortu beharra dago. Baina egia osoa ez dela ere esan daiteke, ene ustez. Batzuen iritziz (eta egun hauetan maiz entzun dugu) Mauriac nobelarien ekarria bezin inportantea izan da Mauriac albistariaren lana; eta lan hau, azkeneko urteetako ultra-gaullismoa kenduz gero (Mauriac 85 urteetan hil da), helburu aurrerazaleen alde egin duela esan behar da.
Mauriac ez zen sozialista. Hau ez zuen berak ukatzen. Eta 1969-an P. Dumazet-i aitortu zionez: «Marx nor den jakin uste dut; bainan ez dut inoiz irakurri». Joera baten seinale, dudarik gabe; eta intelektual aurrerazale batengan, hutsune eta hoben larri.
Horrengatik esan dut haseran, eta bukatu aurretik berriz esango, hitz-lauzko olerkaria dugula Mauriac-etan gorena.
Noiz izango dugu euskaldunok «Noeud de Vipéres» edo «Genitrix» euskeraz irakurtzeko aukera?
Hauxe litzake, ene ustez, euskaldunok Mauriac-ekiko ditugun zorrak kitatzeko biderik txalogarriena.
© Txillardegi