Atezain eskolatua

 

Anton Txekhov

 

Pello Zabaleta

 

Zutik sukaldearen erdian, Filipp atezaina bere sermoitxoa botatzen ari zen. Lekaioak, orgazaina, etxeko neskatxa biak, sukaldaria, sukaldarisa eta sukal mutil bi, Fillippen semeak biak, zituen entzule. Goizero jaulki ohi zien atezainak bere hitzalditxoa. Eskola zuen mintzaldigai egun hartan.

        — Zerrien arrazako bazinete bezala bizi zarete guztiok —zioen atezainak kapelua eskuetan—. Zuen egunak hementxe, zulo honetan igaro ohi dituzue; ezjakintasunaz aparte, ez da zuengan zibilizazioaren aztarnarik batere. Mixka dama-jokoan etengabe. Matriona hurrak kraskatzen. Mikifor hortzak erakusten. Hauek al dira adimenaren seinaleak? Ez dira adimenaren seinaleak, ez, ergelkeriarenak baizik. Zuek ez duzue adimen gaitasun izpirik ere! Eta badakizue zergatik?

        — Egia dio, bai, Filipp Nikandritx —sukaldariak areago—. Jakina da, zenbat adimen izan genezake ba guk? Muzhik batena. Zerbaiten berri sakonik ba al dakigu ba guk?

        — Eta badakizue zergatik ez duzuen adimen gaitasunik? —jarraiki zuen atezainak—. Benetako oinarria falta zaizuelako, hara. Ez duzue libururik irakurtzen eta idazketaren arrastorik ere ez duzue. Libururen bat hartu, eseri eta irakurri egin behar zenukete. Letra inprimatua deszifratzeko hainbat eskola baduzuela uste dut. Zuk, Mixa, liburu bat har zenezake eta ozen irakurri. Zuretzat onuragarri litzateke, eta gainerakoei atsegin gerta lekieke. Gauza oro aurki dezakezu liburuetan. Izadiko edozer gauzaren, Jainkoaren eta munduko herrialdeen berri zabal dakarte. Hau zerez eta bestea zerez dagoen egina, nola mintzo diren hizkuntza ezberdinetan munduko herrialde ezberdinak. Eta idolatriaz ere bai. Nahi izanez gero, guztia aurki dezakezu liburuetan. Baina zuek sutondoan jarri eta jan-edanean pasatzen duzue bizitza. Piztiak bezalaxe benetan! Utikan!

        — Nikandritx, goardia egitera joateko ordua heldu zaio —ohartarazi zion sukaldarisak.

        — Badakit. Eta ez da zure egitekoa hori niri gogoraraztea. Bada, esaten ari nintzaizuena, adibidez, besterik ezean har nazazue neu. Zeri heldu bestela nire adin honetan? Zerez ase nire izpiritua? Horretarako ez da liburua edo egunkaria bezalakorik. Oraintxe bertan goardia dagokit. Eskaratzean hiru bat ordu pasa beharko ditut. Ahozabalka gogaiturik edo emakumeekin lelokeriak esaten ihardungo naizela uste al duzue? Ez horixe, ez naiz ore horretako opila! Eramango dut liburu bat nirekin, eseri eta munduko atseginik handienaz irakurriko dut. Esaten dizuedan bezalaxe.

        Filippek atera zuen liburu oso erabili bat armairutik eta golkoan gorde zuen.

        — Horrelaxe entretenitzen naiz. Txikitan ohitu nintzen. Jakinduria argia da; ezjakintasuna, iluna. Ez al zenekiten? Halaxe da, ba...

        Kapelua jantzi, urruma egin eta marmarka atera zen sukaldetik. Eskaratzera joan, eseri aulkian eta bekaina zimurtu zuen, aurpegia hodei bat bezain beltz jarriz.

        «Hauek ez dira pertsonak, astakume zikin batzuk baizik», murmurikatu zuen, sukaldeko jentilajea burutik aldendu ezinik.

        Baretu zenean, atera zuen liburua, hasperen sakon egin eta irakurtzeari ekin zion.

        «Hain dago ongi idatzia, ze ez dagoen hobeto esaterik» —pentsatu zuen, lehen orrialdea irakurri ondoren buruari eraginez—. «Zenbat argi isurtzen duen gure Jaunak».

        Ona zen liburua, Moskun argitaratua. «Zain mamitsuen hazkuntza. Arbi beharrik bai ote?». Lehen bi orrialdeak irakurri ondoren, buruari adierazkor eragin eta eztul egin zuen.

        «Oso ongi dago idatzia!».

        Hirugarren orrialdea irakurri eta pentsati geratu zen Filipp. Eskolaz pentsatzeko gogoa sentitu zuen, eta nork jakin zergatik, eskola frantziarrez. Burua bular gainera plegatu zitzaion eta ukondoak belaunetan bermatu. Begiak biratu zitzaizkion.

        Filippek amets egin zuen. Guztia aldatu egin zela ikusi zuen: mundua lehengoa bera zen, etxeak lehengo berberak, eskaratzak ere lehengoak, pertsonak ordea guztiz bestelakoak. Guztiak ziren eskolatuak, zozorik inor ez, eta kaleetan frantsesak ari ziren pasa eta pasa. Urketariak berak ere dio:

        «Neu, egia, eguraldiaz ez nago batere kontent eta begiratu bat eman nahi diot termometroari», eta liburu lodikote bat dauka eskuan.

        —Egutegia irakurtzea da zuk egin behar duzuna —dio Filippek.

        Zozoa da sukaldarisa, baina hura ere solas jakintsuetara biltzen da eta komentarioren bat tartekatzen du inoiz edo behin. Komisaldegira jotzen du Filippek maizterrak errejistratzera, eta harritzekoa, hain leku zurrunean ere eztabaida jakintsuak soilik erabiltzen dituzte eta mahai guztietan liburuak begien bistan. Eta hara non hurbiltzen zaion Mixa lekaioari pertsona bat, bultzatu eta oihu egiten: «Lotan? Zuri ari natzaizu, lo al zaude?».

        — Goardian zaudela, lotan, kaiku hori? —entzuten du Filippek trumoi ahots bat ari zaiola—. Lotan al zaude billau asto hori?

        Arrapaladan zutitu eta begiak igurtzi zituen Filippek; aurrean polizi-komisariaren laguntzailea zeukan.

        —Lotan, beraz, eh? Amanda jarriko dizut, urde hori! Irakatsiko dizut, bai, nik zerbitzuan zaudela nola lo egin, ergel horri!

        Bi ordu geroago atezainak komisaldegian presentatu behar izan zuen. Ondoren, sukaldera itzuli zen. Han, bere predikuez hunkiturik, guztiak mahaiaren inguruan Mixari entzuten eta hau zerbait letraka-letraka ari zen irakurtzen.

        Filipp, zakar, aurpegia gorri, hurbildu zitzaion Mixari, atzaparkada batez liburua astindu eta uzkur esan zuen:

        —Jaurti hori!

 

Egan, 3-4 zkia., 1986

 

 

© Anton Txekhov

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

Anton Txekhov euskaraz