Ispilu okerra
(Gabonetako kontakizuna)
Anton Txekhov
euskaratzailea: Pello Zabaleta
Emaztea eta biok salara sartu ginen. Goroldio eta hezetasun usaina zerion. Milaka arratoik eta saguk korrikari ekin zioten, mende oso batez argirik ikusi ez zuten horma haiek argitzean. Pasa eta atea itxi genuenean, haize bolada bat sartu zen, gela zokoetan pilaturik zeuden paperak zurrunbilduz. Argia paper gainetara zabaldu eta inskripzio zahar eta Erdi Aroko irudiak somatu genituen. Hormetan, denborak berdeskatutako nire arbasoen erretratuak zeuden esegiak. Haien soina gotorra zen itxuraz, zorrotza, esan nahirik bezala:
Hik bai merezi duala jipoia, hik, anaiatxo!
Gure pausoak etxe guztian zehar entzuten ziren. Oihartzunak erantzuten zion nire eztulari, aintzina nire arbasoenari erantzuten zion oihartzun bera...
Ulu eta intziri zebilen haizea. Norbait ari zen nigarrez tximiniko hodian, desesperuzko malkotan. Ur ttantta mardulak behin eta berriro leiho ilun, lurrunduetan hoska, eta haien kolpeek tristuraz betetzen zuten bihotza.
Oh arbasook, ene arbasook! esan nuen hasperen sakonez. Idazle banintz, erretratuoi begiratuta, nobela luze bat idatziko nuke. Zahar hauetako bakoitza, gazte izan bait zen bere garain, eta gizon edo emakume hauetako bakoitzak, bere nobela izan zuen... eta nolako nobela gainera! Begiraiozu, adibidez, zahar honi, nire birramonari. Hain emakume itsusi eta zatarra izan arren, badu horrek ere bere nobelatxoa, benetan interesgarria. Ikusten al duzu galdetu nion nire emazteari ikusten, hor txokoan, esegia dagoen ispilu hori?
Eta nire birramonaren erretratoaren ondoan zegoen ispilu handi bat seinalatu nion, brontzezko marko beltza zuena.
Ispilu horrek ahalmen majikoak ditu eta nire birramonari hondamendia ekarri zion. Garesti erosi zuen oso, eta hil arte ez zuen bere ondotik aldegin nahi izan. Ispilura begira egon ohi zen gau eta egun, etengabe; jaten ari zela edo edaten, berdin. Oherakoan bere ondoan jarri ohi zuen beti, eta hiltzorian zegoela, zerraldoan berarekin ipini zezaten eskatu zuen. Horrela egin ez bazuten, ispilua zerraldoan kabitzen ez zelako izan zen
Irtirina koketa al zen? galdetu zidan emazteak.
Demagun. Beste ispiluren bat izango zuen noski! Zergatik zion ordea hainbesteko txera berariaz honi eta ez beste inori? Ispilu hoberik ez zegoelako edo? Ez, maitea! Hemen misterio beldurgarriren bat dago. Ezin da bestela. Kondairak dioenez, deabru bat omen dago ispiluan eta, badirudi nire birramonak erakarpen berezi bat sentitzen zuela deabruenganako. Horrek noski ez du zentzurik, baina dudarik gabe, brontzezko markodun horrek badu misteriozko indarren bat.
Kendu nion hautsa ispiluari, begiratu eta algaraka hasi nintzen. Nire algarari oihartzunak erantzun zion itun. Ispilua okerra zen eta nire karantza alde guztietara bihurritzen zidan: nire sudurra ezkerreko masailan ikusi nuen; kokotsa bi puskatan, alde baterantz labaindu zitzaidan.
Bai gustu bitxia nire birramonarena! esan nuen.
Nire emaztea hurbildu zen ezpaiti ispilura; berak ere begiratu zuen, eta berehala zerbait ikaragarri gertatu zen. Zurbildu, burutik oinetara dardarka bizian hasi, eta garrasi bat bota zuen.
Argimutila erori zitzaion eskutik, lurrean bueltaka ibili eta kandela itzali egin zen. Ilunpetan murgildurik gelditu ginen. Instant berean, zerbait astuna erortzen zela sentitu nuen: Nire emazteak konortea galdu zuen.
Haizeak intziri are urrikalgarriago bat bota zuen, arratoiak korrika hasi ziren, paper artean saguak dardarka. Ileak tente jarri zitzaizkidan, leiho baten leihatila askatu eta lurrera jaustean. Leihotik ilargia agertu zen...
Nire emaztea jaso eta besoetan atera nuen nire arbasoen bizilekutik. Ez zen bere onera etorri hurrengo eguneko ilunsentira arte.
Ispilua! Emadazue ispilua! esan zuen bere onera etortzerakoan. Non dago ispilua?
Aste bete oso batetan ez zuen ez edan, ez jan, ez lorik egin, ez zuen ispilua ekar ziezaioten baino eskatzen. Nigar-malko biziak ixurtzen zituen, buruko biloak soiltzen, urduri zegoen, eta azkenik, medikuak, nire emaztea ahuleziaz hil zitekeela eta bere egoera guztiz larria zela aitortu zigunean, nire beldurra garaitu, berriz ere estrinako bizilekura jaitsi eta birramonaren ispilua ekarri nion handik.
Hura ikustean, zorionez barrezka hasi zen nire emaztea; gero, heldu, musukatu eta begira gelditu zitzaion, begiak bertan atxikiak zituela.
Hamar urte baino gehiago pasa dira jadanik, eta ispilura begira jarraitzen du, handik instant bat ere aldendu gabe.
«Hau ni izango al naiz gero! zezeldu ohi du, bere soinak purpura koloreaz gainera, zorion eta ekstasi itxura hartzen duen bitartean. Bai, neu naiz! Ispilu honek ezik, gainerako guztiak gezurra dio! Pertsonek gezurra diote, nire senarrak gezurra dio! Oh, nire burua lehenago ikusi izan banu, lehenago, benetan nolakoa naizen jakin izan banu, ez nintzatekeen gizon horrekin ezkonduko! Ez da nahiko ona niretzat! Nire aurrean zaldunik galaienek, prestuenek beharko dute ahozpeztu...».
Behinola, nire emaztearen atzean zutik nengoen batean, begiratu nuen halabeharrez ispilura eta sekreto izugarri bat topatu nuen. Edertasun distiratsuzko emakume bat topatu nuen ispiluan, inoiz nire bizitzan ikusi ez bezalakoa. Naturaren mirari bat zen, edertasun, dotorezia eta amodiozko akorde harmoniko bat osatzen zuela. Baina zergatik ordea hala? Zer gertatu zen? Nola zitekeen, nire emaztea, hain itsusia eta dorpea izanik, ispiluan, hain miragarri agertzea? Zergatik zen hala?
Ba, ispilu okerrak nire emaztearen aurpegi itsusia alde guztietara okertu eta haren atal guztiak halabeharrak desplazatzean, aurpegi hura eder-ederra ikustarazten zuelako. Minus bider minus, berdin plus! Eta orain biok, emaztea eta ni, ispiluaren aurreran eserita egon ohi gara, beti hari begira, eta paretik minutu bakarrik ere aldendu gabe; sudurra ezkerreko masailan sartzen zait; kokotza, bi puskatan, alde batera lerratzen; Nire emaztearen aurpegia liluragarria da, ordea, eta irriki ero, zentzungabe bat nagusitzen zait.
Jajaja! botatzen dut, barre basati eginez. Bitartean, nire emazteak, ahots ia entzungaitz batez zezeltzen du:
Zein ederra naizen!
Egan, 5-6 zkia., 1985
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Pello Zabaleta