Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


Alfred de Musset

 

1857ko maiatzaren 2an hil zen, orain 150 urte, Alfred de Musset idazlea. Idazle erromantikoa, poesia, antzerkia eta narrazioak landu zituen Contes d'Espagne et d'Italie liburuarekin ezagun egiten hasi zen idazlea. Ez dira Musseten lan asko euskarara ekarriak izan direnak. Gabriel Arestik itzuli zituen hiru poema, eta Egan aldizkarian argitara eman 1967an. 1991n, berriz, Juan Kruz Igerabidek euskaratu zuen Zozo zuriarena (Histoire d'un merle blanc) narrazioa, Ereinek kaleratua Alvaro Matxinbarrenaren ilustrazioek lagunduta. Narrazioa eta poemak eskaintzen dizkizugu.

 


 

Andaluza

 

Alfred de Musset

euskaratzailea: Gabriel Aresti

 

Andaluz bat, bular-lerdena,

Barzelonan eztuzu ikusi?

Zurbila da, nola udazkena:

Maite dut, nire ema-laguna,

La Marquesa de Hamaeguy.

 

Franku dut beretzat kantatu;

beretzat, sarri, batitu naiz.

Askotan, itzar, naiz egondu,

eta nire joranok ditu

bere begiak astindu maiz.

 

Bere gorputza da nirea,

bere bekain mehe ta motza,

bere berna gizen emea.

Errege-jantzi bezain luzea,

adatsa, bigun-beltza.

 

Bere lo-gelan lo denean,

lepoa haunitz dut maitetan,

eta basquina altzo gainean;

besoak hartzen nauenean,

oinak sarturik zapatetan.

 

Hala Jainko, bere begiak

dakuskidanean barreka,

ikutzeko bere orraziak,

Gaztelako santu guztiak

joko nituzke makilaka.

 

Ederra da desordenuan,

datorrenean bular-biluz,

ikusita gero mosuan

burruka nairik hamorruan,

hitzaldi zatarrekin oihuz.

 

Pozkarioan zoro dago!

Goizaldean baitu kantatzen;

esaten baitu kolkorako

guk ezkenuela entzungo

bere korseta txirrikatzen.

 

Sartu gaitezen estratetan!

Goazen! Udako gau ederra!

Gu baikara erdi-txantzetan

ibiliko serenadetan,

Tolosatik Guadaletera.

 

Egan, 1967, 1-6 zkia.

 

L'andalouse

Avez-vous vu, dans Barcelone, / Une Andalouse au sein bruni? / Pâle comme un beau soir d'automne! / C'est ma maîtresse, ma lionne! / La marquesa d'Amaëgui! // J'ai fait bien des chansons pour elle; / Je me suis battu bien souvent. / Bien souvent j'ai fait sentinelle, / Pour voir le coin de sa prunelle, / Quand son rideau tremblait au vent. // Elle est à moi, moi seul au monde. / Ses grands sourcils noirs sont à moi, / Son corps souple et sa jambe ronde, / Sa chevelure qui l'inonde, / Plus longue qu'un manteau de roi! // C'est à moi son beau col qui penche / Quand elle dort dans son boudoir, / Et sa basquina sur sa hanche, / Son bras dans sa mitaine blanche, / Son pied dans son brodequin noir! // Vrai Dieu! Lorsque son oeil pétille / Sous la frange de ses réseaux, / Rien que pour toucher sa mantille, / De par tous les saints de Castille, / On se ferait rompre les os. // Qu'elle est superbe en son désordre, / Quand elle tombe, les seins nus, / Qu'on la voit, béante, se tordre / Dans un baiser de rage, et mordre / En criant des mots inconnus! // Et qu'elle est folle dans sa joie / Lorsqu'elle chante le matin, / Lorsqu'en tirant son bas de soie, / Elle fait, sur son flanc qui ploie, / Craquer son corset de satin! // Allons, mon page, en embuscades! / Allons! la belle nuit d'été! / Je veux ce soir des sérénades / A faire damner les alcades / De Tolose au Guadalété!

 


 

Barberinaren kantua

 

Alfred de Musset

euskaratzailea: Gabriel Aresti

 

Zuk zer egingo duzu, zaldun ederra,

baitago gerra,

hain hurrundik?

Eztuzu ikusten gau hori, iluna,

nire zalduna,

itsuturik?

 

Eztuzu uste ezen amorioa,

maite harroa,

badoala?

Ene, ene, jakintsun tormentatua

zure intsentsua,

zein makala!

 

Zuk zer egingo duzu, zaldun ederra,

baitago gerra,

hain hurrundik?

Negarrez, ezpaitzenekien, enea,

nire barrea

ezti zenik.

 

Egan, 1967, 1-6 zkia.

 

Chanson de Barberine

Beau chevalier qui partez pour la guerre, / Qu'allez-vous faire / Si loin d'ici ? / Voyez-vous pas que la nuit est profonde, / Et que le monde / N'est que souci ? // Vous qui croyez qu'une amour délaissée / De la pensée / S'enfuit ainsi, / Hélas ! hélas ! chercheurs de renommée, / Votre fumée / S'envole aussi. // Beau chevalier qui partez pour la guerre, / Qu'allez-vous faire / Si loin de nous ? / J'en vais pleurer, moi qui me laissais dire / Que mon sourire / Etait si doux.

 


 

Gogoratu!

Mozarten musikaren gainean egindako hitzak

 

Alfred de Musset

euskaratzailea: Gabriel Aresti

 

Gogoratu, egunsenti ederra,

eguzkiari zabaltzen zaionean;

gogoratu, gauerdi ilun meharra,

zilar-moduan, pasatzen zaigunean.

Atsegin-deia da, zure bihotz hori

oihaneko ametsetan zaigunean gorri.

Basoan aditu:

Hura bai zen oihu!

Gogoratu!

 

Gogoratu! Tristurazko zoriak

zuregandik separatuta gero;

desesperu-denborak, deserriak,

nire bihotz geiso hau zaurtuz gero.

Pentsa maitasun tristean, diosal azkenean:

hurrun egoterik eztago, maitatzen denean!

Bihotz honek zuri

esango'tsu beti:

Gogoratu!

 

Gogoratu, lur hotzean atinik

nire gorputza etzango denean;

gogoratu, kardu latza bakarrik

loratuko denean hilobi gainean.

Ez nauzu ikusiko, baina nire espiritua

itzuliko zaitzu beti, arreba galdua.

Aditu gauean;

ni naiz negarrean:

Gogoratu!

 

Egan, 1967, 1-6 zkia.

 

Rapelle-toi

Rapelle-toi, quand l'Aurore craintive / Ouvre au Soleil son palais enchanté; / Rapelle-toi lorsque la nuit pensive / Passe en rêvant sous son voile argenté; / A l'appel du paisir lorsque ton sein palpite, / Aux doux songes du soir lorsque l'ombre t'invite, / Ecoute au fond des bois / Murmurer un voix: / Rapelle-toi. // Rapelle-toi, lorsuq eles destinées / M'auront de toi pour jamais séparé, / Quand le chagrin, l'exil et les annêes / Auront flétri ce coeur désesperé; / Songe à mon triste amour, songeà l'adieu suprême! / L'absence ni les temps ne sont rien quand on aime. / Tant que mon coeur battra, / Toujours il te dira: / Rapelle-toi. // Rapelle-toi, quand sous la froid terre / Mon coeur brisé pour toujours dormira; / Rapelle-toi, quand la fleur solitaire / Sur mon tombeau doucement s'ouvrira. / Je ne te verrai plus; mais mon âme immortelle / Reviendra près de toi comme une soeur fidéle. / Ecoute, dans la nuit, / Une voix qui gémit: / Rapelle-toi.

 


 

Zozo zuriarena

 

Alfred de Musset

euskaratzailea: Juan Kruz Igerabide

 

Erein, 1991

 

 

1

 

        Goresgarria da, baina bai mingarria ere, zozo berezia izatea mundu honetan! Ez naiz inondik ere irudimenak sorturiko txoria, Buffon-eko jaunak deskribaturik bainauka. Ai, benetan bakanetakoa naiz, ordea, eta oso zaila topatzen; hobe zeruak aurkiezina egin banindu!

        Jende ona ziren gure aita eta ama, Marais-ko lorategi apartatu baten barnean aspaldidanik bizi zirelarik. Bikote eredugarria hura! Amak, sastraka itxi batean, erdi lokarturik, arbasoen erlijio bati jarraiki, urtean hiru bider jartzen zituen arrautzak eta berotzen, beti aro bertsuan. Bitartean, gure aita, adinean sartuxea izanik ere, oraindik mardul eta harro zebilen, eta inguruan mokoka ariko zitzaion egun osoan; emazteak nazka senti ez zezan isats aldetik txukun-txukun harrapatutako zomorro ederrak eramaten zizkion; eta, gaua iristean, eguraldi ona izanez gero behintzat, ez zen inoiz ahazten inguru guztia poztuko zuen kanturen bat hari eskaintzeaz. Errietarik ez inoiz, inoiz ez batasun gozo hura kolokan jarriko zuen hodei txikienik!

        Ni mundura etorri bezain laster umore txarra adierazten hasi zen gure aita, lehenengo aldiz bere bizitzan. Ni artean gris nahasia nintzelako oraindik edo, hark ez zuen ikusten nigan bere ondorengo ugarien itxurarik, ezta kolorerik ere.

        — Horra, ume narras hori —esan ohi zuen batzuetan, niri zeharka so eginez—; badirudi inguruko lokatz guztietan sartzen dela gaizto hori, beti horren zikin eta itsusi ibiltzeko.

        — Jainkoarren, ene lagun! —erantzuten zion amak, habiatzat harturik zeukan zurezko erretilu zahar baten gainean bil-bil eginda— Zer egingo du bada bere adinean? Zu zeu ez ote zara bada izan zeure haurtzaroan bihurritxo zoragarri horietako bat? Utziozu handitzen gure zozotxoari, eta ikusiko duzu zeinen ederra egingo den! Nik sortu ditudan onenetarikoa da eta!

        Nahiz eta nire alde atera, amak ez zion bere buruari iruzurrik egiten; ederki asko ikusten zuen nolakoa zetorkidan lumajea; munstro batena iruditzen zitzaion; baina, ama guztiek bezala egiten zuen: izadiak zenbat eta okerrago tratatu bere umeak, orduan eta begirune handiagoa hartu, errua bere baitan egon izan balitz bezala, ume horiei zetorkien zori injustoaren kontra aldez aurretik ahotsa goratu nahian bezala.

        Lehenengo lumaldaketaren garaia iritsi zitzaidalarik, aita pentsakor jarri zen, eta arretaz begiratzen ninduen. Lumak erortzen ari ziren bitartean, bazter batean ia biluzik dardarka nengoela ikusirik, nahiko onean hartu ninduen, zer jana ere ekarriz; baina, nire hegal gaixo dardartiak lumatxoz betetzen hasi zirenetik, sortzen ikusten zidan luma txuri bakoitzeko halako herio-sua sortzen zitzaion, ezen nire bizitza osorako lumatuta utziko ote ninduen beldur bainintzen. Oi! Ez neukan ispilurik, ez nekien amorru haren arrazoirik, eta neure buruari hala galdetzen nion, ea zergatik gurasorik onenak horren basati jokatzen zuen nirekin.

        Egun batez, eguzki printza batek alde batetik, eta sortzen ari zitzaidan estalkiak bestetik, ene tristuraren kontra bihotza alaitu zidatelarik, ibilbide batean zehar joanez kantatzeari ekin nion; ene zoritxarrerako ordea. Lehenengo nota entzun orduko, aita zizpa baino azkarrago jarri zen aidean.

        — Zer da entzuten ari naizena? —egin zuen oihu— Horrela egiten al du txistu zozoak? Horrela egiten al dut txistu nik? Hori al da txistu egitea?

        Eta amarenganatuz, zorroztasun ikaragarrienez:

        — Zorigaiztoko hori! —esan zion— Nork jarri din arrautza hire habian?

        Hitz horiekin minduta, amak erretilutik jauzi egin zuen; ez hanka batean min hartu gabe ordea. Hitz egin nahi izan zuen, baina zotinek itotzen zuten. Lurrera joan zen, erdi zorabiaturik. Heriotzatik hurbil ikusi nuen eta, espantuz eta beldurrez dardarka, aitaren belaunetara bota nuen neure burua.

        — Oi, aita gurea —esan nion—; oker egin badut txistu, baldin eta nire jantzia itsusia bada, ez eman horren zigorrik amari. Bere errua al da, bada, izadiak zurea bezalako ahotsa ukatu badit? Bere errua ote da nik ez badauzkat zuk bezalako moko horia eta frantses erako jantzi beltz dotorea, tortilla jatera doan maiordomo baten antza ematen dizuna? Zeruak munstro egin banau, norbaitek zigorra jasotzekotan, nik izan beharko dut edonola ere zoritxarreko bakarra!

        — Uztak hori! —esan zuen aitak— Nondik datorkik txistu egiteko modu zoro hori? Nork irakatsi dik horrela txistu egiten, gure usadio eta arau guztien kontra?

        — Oh, monsieur! —erantzun nion umilki—. Ahal dudan moduan egin dut txistu, giro ederra zegoenez pozik bainengoen, eta agian euli gehiegitxo ere jana izango baitut.

        — Gure etxean ez duk horrela egiten txistu —bota zidan aitak bere onetik aterata—. Badituk mendeak belaunaldiz belaunaldi txistuka daramatzagunak, eta jakin ezak nik gauez ahotsa ateratzen dudanean badaudela hemen, lehen pisuan, monsieur zahar bat eta, ganbaran, demoiselle alai bat, ni entzutearren leihoa irekitzen dutenak. Ez al diat bada nahikoa nire begien aurrean dauzkadan luma inozo horien kolore memelo, irinetan bildutako feria-pailazo baten itxura ematen didan horrekin? Zozoetan baketsuena ez banintz, honez gero ehun bider lumatu hindukedan, erretzera daramaten oilasko biluziaren antzera.

        — Ongi dago! —egin nuen oihu aitaren injustiziagatik bero-bero eginda— Horrela baldin bada, monsieur, ez kezkatu gehiago! Aienatuko naiz zure begi bistatik, eta egunero tiraka ibiltzen duzun zoritxarreko isats zuri hau ere kenduko dut zure begien aurretik! Banoa, monsieur, ihesi noa; amak urtean hirutan arrautza jartzen duenez, beste ume askok aseko zaitu zahartzaroan; zugandik urrunera joango naiz nire mixeria gordetzera eta, beharbada, erantsi nuen zotinka, aurkituko dut auzokoaren baratzean edo teilatu ertzetan txitxareren bat, zein armiarmaren bat nire izate triste honi eusteko.

        — Nahi duan bezala —erantzun zidan aitak, nire hitzekin batere hunkitu gaberik—. Ez haut gehiago ikusi nahi; hi ez haut nire seme; hi ez haiz zozo.

        — Zer naiz, bada, monsieur, mesedez?

        — Ez zekiat ezer horretaz, baina zozo behintzat ez haiz.

        Tximista bezalako hitz horien ondoren, aitak alde egin zuen poliki. Ama, triste baino tristeago zutiturik, bere erretilura joan zen, herrenka, negar egitera. Ni, bestalde, nahasturik eta lurjota, hegaldatu egin nintzen ahal nuen moduan eta, esanda bezala, auzoko etxe bateko teilatu ertzean babestera egin nuen ihes.

 

 

2

 

        Egun asko eta asko eduki ninduen aitak, gizagabeki, egoera lazgarri horretan. Bere gogorkeria eta guzti, halere bihotz onekoa baitzen, zeharka egiten zizkidan begiradatan ongi antzematen nion niri berriro deitzeko eta barkatzeko gogoa; amak batez ere samurtasunez beteriko begiak jasotzen zituen niganantz eta, noizbehinka, intziri ttiki eta negarti batez niri dei egitera ere arriskatzen zen; baina nire lumaje itsusiak halako nazka eta ikara sortzen zien, non garbi ikusi bainuen han ez zegoela ezer egiterik.

        — Ez nauk, ez, zozo esaten nion neure buruari. Eta nola izan bada! Goizean lumak orraztuz teilatu ertzeko uretan neure burua ikusita, ondo baino hobeto ezagutzen nuen zein antza txikia neukan nire familiakoekin— Oi, zeru! —esaten nuen behin eta berriz— Esaidazu nor naizen bada!

        Halako gau batez, euria goian behean, gosez eta tristuraz akituta lokartzera nindoalarik, hor non etortzen zaidan ondora txori bat, inoiz pentsa nezakeen baino bustiagoa, zurbilagoa eta argalagoa. Gutxi gorabehera nire kolore berbera zeukan, blai egiten gintuen euri guztiarengatik juzkatu ahal izan nuenez; txolarre bat janzteko bezainbat luma ez zuen eramango gorputzean, eta ni baino handiagoa zen. Benetan txori behartsu eta pobrea iruditu zitzaidan lehen begiradan; baina hain gogor ekiten zion bere kaskamotz hari ekaitzaren erdian, hain tente eusten zion gorputzari, ezen liluratu egin baininduen. Agur luzea egin nion umil, eta hark mokokada batez erantzun zidan, ia-ia teilatu ertzetik amil erazi ninduelarik. Nik belarrian azkure egin eta erantzun gabe atzera egiten nuela ikusirik, honela mintzatu zitzaidan marranta batean:

        — Zein haiz hi? —haren buru soila begira-begira neukan.

        — Ai, monsieur —erantzun nion bigarren zaztada baten beldur—; ez dakit ezer horretaz. Zozo nintzela uste nuen, baina horietakoa ez naizela sinestarazi didate.

        Nire erantzunaren bitxiak eta benetan ari nintzenaren itxurak interesa piztu bide zuten harengan.

        Nigana hurbildu eta nire ixtorioa kontarazi zidan, barnea tristezia eta umiltasun osoz hustu niolarik, nengoen egoerari eta egiten zuen giro ikaragarriari zegokion moduan.

        — Ni bezalako uso bidaiaria bahintz —esan zidan entzun eta gero—, penatzen hauten txikikeria horiek ez hituzke aintzat ere hartuko. Bidaian ibiltzen gaituk, horrela duk gure bizimodua, eta gure amodioak ere izaten dizkiagu, baina neuk ere ez zekiat nor dudan aita. Haizea ebaki, espazioa zeharkatu, mendiak eta lautadak ikusi gure azpian, zeruetako urdina berbera arnastu inoiz bidea galtzeke, hara hor gure bizimoduaren gozoa. Gizonak hamar egunetan baino bide luzeago egiten diat nik bat bakarrean.

        — Orduan, monsieur —esan nion lotsati samar—, txori buhamesa zara.

        — Inoiz kezkatu ez nauen gauza duk hori —hasi zen berriro—; ez diat herrialderik; hiru gauza besterik ez dizkiat ezagutzen: bidaiak, ene emaztea eta ene umeak. Ene emaztea non, ene herrialdea han.

        — Baina, zer daramazu lepotik zintzilik? Bil-bil eginiko papertxoa dirudi.

        — Paper garrantzitsuak dituk horiek —erantzun zuen harro—. Bruselara nihoak oraingoan eta banku-gizon ospetsu batentzat albiste bat zeramat, errentan libera eta hirurogeita hamazortzi zentimoren beherakada eragingo duena.

        Jainko maitea! —atera zitzaidan— Zurea bai dela bizimodu ederra; Brusela gainera, ziur nago, ikustekoa izango da. Ez al nindukezu zurekin eramango? Zozo ez naizenez, beharbada uso mezularia izan ninteke, zu bezala.

        — Hi gutakoa bahintz —erantzun zidan—, nik lehentxeago emandako mokokadari laster asko erantzungo hiokeen.

        — Hori baldin bada, monsieur, emango dizut ordaina; ez gaitezen horrelako txikikeria batengatik kezkatu. Horra non datorkigun goiza eta ikus nola alde egin duen ekaitzak. Utzidazu, otoi, zure atzetik joaten! Galdurik nago, ez daukat ezertxo ere munduan. Ezezkoa ematen badidazu, teilatu ertz honetan neure burua itotzea besterik ez zait geratzen.

        — Tira ba, goazik! Jarrai hakit, ahal baduk.

        Ama lotan zegoen, lorategiari azken begirada eman nionean.

        Malko bat erori zitzaidan begietatik; haizeak eta euriak eraman zuten. Hegalak zabaldu eta joan egin nintzen.

 

 

3

 

        Nire hegalak, lehen ere esan dut, ez zeuden oraindik ondo indartuta. Aurretik zihoakidana haizea baino arinago mugitzen zen bitartean, ni ito beharrean nindoakion atzetik. Eutsi nion zenbait denboraz abiadurari, baina, laster, zorabioak hartu ninduen, hain gogorki, non erortzeko zorian bainekusan neure burua.

        — Luzerako al daukagu oraindik? —egin nuen galde ahots ahulez.

        — Ez —erantzun zidan—, Bourget duk hau; hirurogei legoa besterik ez zaiguk geratzen.

        Berriro adorea hartzen saiatu nintzen, oilanda baldar baten itxurarik ez bainuen eman nahi, eta beste ordu laurden batez hegan segitu nuen oraindik; baina, kolpetik, akituta geratu nintzen.

        — Monsieur —mintzatu nintzaion berriro hitz-totelka—, ezin al gaitezke pixka bat gelditu?

        Egarri ikaragarri batek ito beharrean nauka eta zuhaitz batean pausatuko bagina...

        — Hoa pikutara! Zozo hutsa haiz! —esan zidan uso bidaiariak haserre.

        Eta burua jiratu ere egin gabe bere bidaian segitu zuen ziztu batean. Niri zegokidanez, zorabioak jota eta begiak lausoturik, galsoro batera erori nintzen.

        Ez dakit zenbat denbora egingo nuen konorterik gabe. Berriro neuregana nintzenean, aurren-aurrena burura etorri zitzaidana uso bidaiariaren azken esaldia izan zen: «Zozo hutsa haiz!», esan zidan. «Oi, guraso maiteok», pentsatu nuen, «oker zeundeten beraz! Zuengana hurbilduko naiz berriro, zuen benetako eta zinezko semetzat hartuko nauzue, eta gure amaren erretilua baino beherago dagoen orbel pilan egingo didazue berriz leku».

        Zutitzeko ahalegina egin nuen, baina bidaiaren nekeak eta erorialdian harturiko minak nire gorputz-atal guztiak gogorturik zeuzkaten.Hanken gainean jarri bezain laster berriro zorabioak hartu ninduen eta alde batera erori nintzen.

        Bazetorkion ene izpirituari heriotzaren irudia, baina une hartan amapola eta loreurdinen artetik bi pertsona liluragarri ikusi nituen niganatzen hanka-punttetan. Bata mika ttiki bat zen, lumaje ederrekoa eta oso pinpirina; bestea, arrosa koloreko usapala. Usapala pauso batzuetara gelditu zen, lotsa itxuraz, nire zoritxarrari errukiz hegira. Mika, ordea, izan litekeen erarik atseginean jauzika, ondora inguratu zitzaidan.

        — Ei! Jainko maitea! Haur gaixoa, zer egiten duzu hemen? —galdetu zidan zilarrezko ahots alaiaz.

        — Ai! Markesa anderea —erantzun nion (gutxienik hori behar baitzuen izan)—, bidaiari gaixo bat naiz, bidaia-mutilak bidean abandonatua, eta gosez hiltzear nago.

        — Birjina maitea! Zer diozu? —esan zidan.

        Eta haruntz eta honuntz hasi zen segituan, inguratzen gintuzten sastraka gainetan, alde batetik besterako joan-etorrian, pikor eta fruitu mordoskak ekarriz, nire ondoan meta txiki bat osatu arte, eta galderak egiteari utzi ezinik.

        — Nor zaitugu ordea? Nondik zatoz? Zure abentura sinestezina da! Eta nora zindoazen? Horrela, hain gazte, bakar-bakarrik bidaian abiatzea! Ze, lehen lumalditik irten berria zara noski! Zertan ari dira zure gurasoak? Nongoak dira? Nolaz uzten dizute horrela joaten? Lumak tente jartzen dituen gauza da gero!

        Hura hitz egiten ari zen bitartean, pixka bat altxa egin nintzen alde batera, eta jateari ekin nion gose handiz. Usapala geldi-geldi zegoen oraindik, errukizko begiz niri hegira. Bitartean, nik burua alde batera erortzen uzten nuela konturatu zen, eta egarri nintzela ulertu zuen. Gauez egindako euritik bazegoen oraindik tanta bat txoribelar hosto batean; bere mokoan tanta hura emeki hartu eta niri ekarri zidan, fresko-freskoa. Benetan, ni horren gaixo egon ezik, pertsona hain uzkurti batek ez zuen horrelako atrebentziarik hartuko.

        Ez nekien oraindik maitasunaren berri, baina ene bihotzak gogor egiten zidan taupa. Bihotzikara biren artean erdibanaturik, lilura adieraztezin batek bildu ninduen. Jana ematen zidana hain zen alaia; edana ematen zidana, berriz, hain samurra, non horrela bazkatzea nahi izango bainukeen nik eternitate osoan. Zoritxarrez, orok du bere amaiera, gaixo baten goseak ere bai. Bazkaria amaiturik, indarberriturik, ase nuen bada mika ttikiaren jakinmina, eta kontatu nizkion nire zoritxarrak, bezperan uso bidaiariari bezain zinez. Mikak, nire ustez zegokion baino arreta handiagoz entzun zidan, eta usapalak bere sentikortasun sakonaren traza zoragarriak erakutsi zizkidan. Baina, ene pena sortzen zuen punturik gogorrena, alegia, nor nintzenari buruzko ezjakintasun hura ukitu nuenean:

        — Txantxetan ari al zara? —esan zidan mikak—. Zozo, zu! Uso, zu! Tira, tira! Mika zara, maitea, mika, zerbait izatekotan, eta oso mika atsegina gainera —erantsi zuen hegalez kolpe ttiki bat, abaniku kolpe baten antzekoa, emanez.

        — Baina, markesa anderea —erantzun nion—, iruditzen zait mika izateko nire kolorea... ez nuke desatsegin izan nahi...

        — Mika errusiarra, maitea, mika errusiarra zara zu! Ez al dakizu zuriak direna? Mutiko gaixoa; hori da inuzentzia, hori.

        — Baina, madame —segitu nuen—, nola izango naiz bada mika errusiarra, Marais barnean, erretilu zahar hautsi batean, jaiota?

        — Oi! Mutiko on hori! Inbasio garaikoa zara, maitea! Bakarra zarela uste al duzu bada? Fida zaitez nitaz, eta utzi egiten; segituan eramango zaitut nirekin eta munduko gauzarik ederrenak erakutsiko dizkizut.

        — Eta nora izango da hori, madame, mesedez?

        — Ene jauregi berdera, polit hori; ikusiko duzu zer nolako bizimodua egiten den han. Mika izanez ordu laurdena pasatzea nahikoa izango duzu beste ezer ez nahi izateko. Ehunen bat gara han, ez limosna eske ibiltzen diren herrixketako mika gizen horiek bezalakoak, etxe onekoak eta ongi heziak baizik, finak eta arinak, ez ukabila baino handiagoak. Ez dago gure artean zazpi marka beltz eta bost zuri ez duenik, ez gehiago, ez gutxiago; gauza aldaezina da, eta beste edozein arbuiatu egiten dugu. Zuk ez duzu marka beltzik, egia, baina errusiarra izatea nahikoa izango da onartua izateko. Bi dira gure bizimoduko eginbeharrak: kakaraka egitea eta geure burua edertzea. Goizetik eguerdira geure burua edertzen aritzen gara eta eguerditik arratsera, berriz, kakaraka egiten. Gutako bakoitza adar baten gainean kokatzen da, ahal den zuhaitzik handien eta zaharrenean. Basoaren erdian egundoko haritz bat dago, eta han inor ez da bizi, zoritxarrez. Mika hamargarrena erregeren egoitza izana da hura, eta hara joan ohi gara erromes, hasperen handiak eginez; baina pena arin horretaz aparte, denbora oso ederki igarotzen dugu. Gure emakumeak ez dira batere lotsatiak eta gure gizasemeak ere ez inondik jeloskorrak, eta halere gure plazerak erabat garbi eta txukunak dira, ze, hain da gure bihotza zintzo, non gure mintzoa libre eta alaia baita. Gure harrotasunak ez du itxurarik eta, halako batez, belatxinguren bat edo beste txori gaiztoren bat gurean sartzen bada, kupidarik gabe lumatuta uzten dugu. Gauza horrengatik, ordea, ez diogu munduko txoririk jatorrenak izateari uzten, eta inguruko sastrakatan bizi diren txolarre, kardantxilo eta besteek beti prest izaten gaituzte, bai laguntzeko, bai jaten emateko, eta defendatzeko ere bai. Ez da non izaten gurean bezainbat berriketa, inon ez, ordea, marmar gutxiagorik. Ez da falta gure artean egun osoa aitagureka ari den mika zaharrik, baina, gutako gazte kaskarinenak ere lasai pasa daitezke halako elizkoienaren ondotik, mokokadaren baten beldur izan gabe. Hitz batez, gozo bizi gara, ohoretsu, berritsu, zoriontsu eta harro.

        — Oso ederra da hori, madame —erantzun nion—, eta ez nintzateke esker onekoa izango zu bezalako pertsona baten aginduetara jarriko ez banintz. Baina, zure atzetik joateko ohorea izan dezadan baino lehen, utzidazu, mesedez, hemen dagoen andereño on honi bi hitz esaten. Andereño —segitu nuen usapalagana begiratuz—, mintza zakizkit, otoi, bene-benetan; uste al duzu zuk egiazki ni mika errusiarra naizena?

        Galdera honekin, usapalak burua makurtu zuen, eta koloreak atera zitzaizkion, Lolotte-ren zinta gorrienak bezalakoak.

        — Baina, monsieur —esan zuen—, ez dakit horrelako...

        Jainkoaren izenean! Hitz egizu, andereño! Nire gogoan ez dago zu irain zaitzakeen ezertxo ere; alderantziz: biok hain atseginak iruditzen zatzaizkidate, ze, hementxe bertan, bion artetik nahi duenari nire bihotza eta hanka eskaintzeko agindua egiten baitut, mika edo zer arraio naizen jakiten dudan bezain laster; izan ere, zuri begira, erantsi nuen, halako usapalen bat ote naizen sentitzen baitut, eta horrek era bitxian bainau arduratzen.

        — Hala da —esan zuen usapalak oraindik gehiago gorrituz—; ez dakit amapola horien tartetik pasaz zure gainera datorren eguzkiagatik ote den, baina esango nuke zure lumajeak halako kolore...

        Ez zen gehiago esatera ausartu.

        — Bai harrigarria! —adierazi nuen— nola jakin nora jo? Nola eman biotako bati horren ankerki erdibituriko bihotza? Oi, Sokrates, a zer nolako betekizun ederra, baina egiteko hain zaila, eman diguzun «ezagutzak hire burua» esatean.

        Gure aita horrenbeste haserrarazi zuen zoritxarreko kanta haren ondoren, ahotsa gehiago erabili gabe neukan. Nengoen egoeran, hartaz baliatzea bururatu zitzaidan, egia jakitearren. «Ea bada», pentsatu nuen, «lehenengo ahairearekin gure aita jaunak atetik kanpora jarri nauenez gero, bigarrenak gutxienez eraginen bat izango du bi dama hauengan!». Beraz, errespetu osoz, lehen hartutako eurijasa zela eta ene ahotsarentzat barkamena eskatuz bezala, makurtu egin nintzen pixka bat, eta txistuka hasi gero, txioka hurrena, txorrotxioka ondoren, eta, azkenik, bete-betean adiera kantari, mandazain espainiarrek egin ohi duten antzera.

        Kantari ari nintzen bitartean, mika ttikia urrunduz joan zen nigandik, lehenik harrituta, zurtuta gero, ikaraz nahasturiko haserrea adieraztera iritsi arteraino. Nire inguruan jiraka hasi zen, muturra erre berria dion urdai pusketaren inguruan berriro ere dastatu nahian bezala dabilen katuaren antzera. Egindako frogaren eragina ikusirik, eta azken ondorioetaraino eraman nahian, markesa ttikia zenbat eta urduriago, orduan eta gogorrago ekiten nion kantuari. Hogeita bost minutu iraun zuen mikak nire ahalegin soinularien aurrean; azkenean, iraun ezinik, hegaldatu egin zen zalaparta handiekin, bere jauregi hostotsuan babestera. Usapala, berriz, ia hasiera-hasieratik, sakonki hartu zuen loak.

        — Hau da harmoniaren eragin miresgarria, hau! —pentsatu nuen— Oi, Marais! Oi, amaren erretilua! Inoiz baino gehiago gogoratzen zaituztet!

        Abiatzera nindoan une berean, usapalak begiak ireki zituen.

        — Adio atzerritarra —esan zuen—; atsegin bezain aspergarria zara gaixoa! Gourouli da ene izena; oro zaitez nitaz!

        — Gourouli eder hori —erantzun nion—, ona zara, gozo eta atsegina; nik zugatik bizi eta hil nahiko nuke. Baina zu arrosa kolorekoa zara; horrenbeste zorion ez da niretzat egina.

 

 

4

 

        Nire kantuak sorturiko eragin tristeak oraindik gehiago nahigabetu ninduen. Ai, musika! Ai, poesia!, esaten nion behin eta berriz neure buruari Parisa heltzerakoan, bakanak dira ulertzen zaituzten bihotzak!

        Horrela ari nintzela, aurrean zetorren uso baten kontra jo nuen buruz buru. Hain gogor eta ustegabeki jo genuen elkar, non, zorionez han zegoen zuhaitz baten gaikaldera erori baikinen biok. Gorputzak pixka bat astindu eta gero, etorri berriari begira jarri nintzaion, borrokaren zain. Harriduraz, zuria zela ikusi nuen. Egia esan, burua nik baino zertxobait handiagoa zeukan eta kopetan tontor bat, aldi berean itxura heroikoa eta barregarria ematen ziona. Gainera, isatsa zutik zeukan erabat, harro; bestalde, ordea, ez zitzaidan iruditu batere borrokarako zegoenik. Elkar oso gizalegez hartu genuen, eta barkamena eskatu genion batak besteari, ondoren hizketan hasi ginelarik. Bere izena eta nondik norakoa galdetzera ausartu nintzaion.        — Oso harritzen nau zuk ni ez ezagutzeak. Ez al zara bada gutakoa?

        — Benetan, monsieur, ez dakit nortzuetakoa naizen. Galdetzen didaten guztiek gauza bera esaten didate; badirudi apustua dabilela tartean.

        — Adarra jotzen ariko zara noski —erantzun zuen—; zure lumajeak gehiegi nabarmentzen zaitu, nik zugan gutako bat ez ikusteko. Ezbairik gabe, latinez cacuata, jakitunen mintzairan kakatöes eta mintzaira herrikoian kakatua deitzen duten arraza ospetsu eta harrigarri horretakoa zara zu.

        — Baliteke, monsieur, beharbada, eta ohore handia litzateke niretzat. Baina, egizu ez banintz bezala eta esaidazu norekin hitz egiteko ohorea dudan.

        — Ni —erantzun zuen ezezagunak— Kakatogan poeta handia nauzu; bidaia luzeak egina, gogor eta zail erromes ibilia. Ez da atzokoa ene bertso-lana, eta zoritxar ugari jaso du ene musak. Louis XVI.aren garaian bertsogintzan aritua naiz, monsieur, eta Errepublikaren alde ere egina dut oihu; Inperioa zintzo kantatua dut, zuhurki laudatua Errestaurazioa; azken denbora hauetan ere gustorik gabeko mende honen eskakizunei erantzuten ahalegin handia egin dut, ez damurik gabe ordea. Pipermina bezalako distikoak bota ditut mundura; baita eres gorenak ere, ditiranbo alaiak, kantu elizkoiak, drama ileluzeak, nobela kizkurrak, bodebil hautseztatuak, edota trajeria burusoilak. Hitz batez, musen elizan galanteriazko zenbait friso, dorre ilun bat edo beste, eta ateraldiz beteriko arabesko apur batzuk eransteaz harro egoteko gai naiz. Orain, zahartu egin gara, zer egingo dugu bada; baina oraindik arin botatzen dut errima, monsieur, eta oraintxe bertan, zuk burukoa eman didazun une berean, poema baten ametsa egiten ari nintzen, kantu moduan emana, eta sei orrialde baino gutxiago izango ez dituena. Gainerantzerakoan, zerbaitetan lagun bazaitzaket, zure esanetara nago.

        — Bai, monsieur, horixe lagun nazakezula —erantzun nion—, une honetan bertan arazo poetiko larri baten aurrean bainaukazu. Ez naiz ausartzen nire buruari poeta deitzera, eta gutxiago zure parekoa —erantsi nuen agur eginez—, baina, izadiak eman didan eztarri honek musika egitera bultzatzen nau, nahiz alai egon, nahiz penak janda ibili. Egia esatekotan, arauei buruz ez dakit ezertxo ere.

        — Nik, berriz,ahaztu egin ditut —esan zuen Kakatogan-ek—; ez kezkatu horregatik.

        — Zerbait larria gertatzen zait ordea —erantzun mon— eta da, bada, nire ahotsak inguruan daudenengan sortzen duena, gutxi gorabehera jean de Nivelle batek beste batzuengan... Ba al dakizu zertaz ari naizen?

        — Badakit —esan zuen Kakatogan-ek—, neure buruan ezagutzen dut eragin arraro hori. Ez dakit horren arrazoirik, baina duen eragina ukaezina da.

        — Tira bada, monsieur; zuk, poesiaren Nestor iruditzen zatzaizkidan horrek, ba ote zenekike, otoi, oztopo mingarri honentzako sendabiderik?

        — Ez —esan zuen Kakatogan-ek—, neure aldetik ez dut inoiz aurkitzerik izan. Gazte nintzelarik asko mindu nintzen, denek txistu egiten baitzidaten; baina gauden garaian ez nau kezkatzen gehiegi arazo horrek. Nire ustez, entzulegoak digun nazka hori, guri irakurri beharrean beste batzuei irakurtzetik datorkio: horrek nahastu egiten dio burua.

        — Zurekin bat nator, baina, eta zuk ere hala usteko duzu noski, monsieur, gogorra da asmo onez beteriko gizaki batentzat, barneak agindutakoa kantatzen hasi bezain laster denak ihesi abiatzea.

        Egingo al zenidake mesede, lehenik entzun eta gero zeure benetako iritzia emanez?

        — Oso gustora —esan zuen Kakatogan-ek—; dena belarri nauzu.

        Berehala hasi nintzaion kantari eta asko poztu nintzen Kakatogan ihesi edo lokartzera ez zihoala ikusiz. Tinko begiratzen ninduen eta, tarteka-marteka, burua makurtzen zuen, baiezkoa emanez bezala, onespenezkoa zirudien murmurioarekin batera. Baina laster konturatu nintzen ez zitzaidala entzuten ari, aldiz, bere poema amesten ari zela. Haizea hartzera nindoan une batez, kantua moztu egin zidan tupustean.

        — Aurkitu dut, bada, errima! —esan zuen irribarrez eta burua kulunkatuz— Buru honetatik datorren hirurogei mila ehun eta hamalaugarrena da! Eta zahartzen ari naizela diote! Lagun onei irakurriko diet, bai, leitu egingo diet, eta ikusiko dugu zer dioten honi buruz!

        Horrela hitz eginez, hegaldatu egin zen eta aienatu; bazirudien nirekin topo eginaz ez zela gehiago oroitu.

 

 

5

 

        Bakarrik eta indargabeturik, ez neukan ezer hoberik egiteko, eta Parisen zehar hegan ibili nintzen egun osoan. Zoritxarrez, bidea galdurik nenbilen; uso bidaiariarekin egindako hegaldia ez zen batere gozoa izan hari buruzko oroipen garbirik gordetzeko; beraz, zuzen-zuzen ibili gabe, ezkerretara jo nuen, Bourget aldera eta, gauak harrapaturik, Monfontaine-ko basoan bilatu behar izan nuen estalpea.

        Ni iristerakoan denak oheratzen ari ziren. Mikak eta eskilasoak, munduko zaputzenak agi danean, bazter guztietan errietaka ari ziren elkarri. Sastraka artean txolarreak ari ziren txio eta txio, elkarren gainean pilatuta. Urertzean bi koartza lepazuri zihoazen tente-tente beren hanka luzeen gainean, gogoetak eginez bezala, emakumeei soseguz itxaronez leku hartako Georges Dandin-ak ziruditelarik. Bele ikaragarriak zeuden, zuhaitz altuenen puntan jarrita, erdilotan, baldarki, arratseko errezoak sudurkatuz. Beherago, txina maiteminduak sastraka artean elkarri segika zebiltzan; bitartean, pikaberde ile harro bat bere habiari bultzaka ari zen, zuhaitz baten zuloan sartu nahian. Txolarre ttiki taldeak zetozen soroetatik aidean dantzari, kezko ahokadak bailiren, eta, sastraka baten gainera eroriz, den-dena estalita uzten zuten. Negu-txoriak, kaxkabeltxak eta txantxangorriak adarretan biltzen ari ziren, gurpilean lihoazkeen kristal pusketek sorturiko ildoen antzekoak osatuz. Ahotsak zetozen bazter guztietatik: Goazen emazte maitea! Hator, eder hori! Hemendik, maitea! Hemen nago, ene maitea! Gabon, bihotzeko kuttuna! Agur, lagunok! Ondo lo egin, ene umeok!

        Ezkongabe bakarti batentzat ez zen batere gozoa halako ostatu batean lo egitea. Nire tamainako txori batzuekin biltzeko gogoa sartu zitzaidan, eta ostatu eskatu men; gauez txori guztiek grisak ematen dutela pentsatu nuen, eta edonola ere inori galerazpenik ez zaiola sortzen behar bezala lo eginez gero.

        Xoxoka batzuk zeuden erretenera jo nuen lehenik. Gaueko apainketak egiten ari ziren gorputzean, kontu handiz, eta guztiek hegal urreztatuak zeuzkatela ikusi nuen eta oinak, berriz, distiratsuak: basoko galaiak ziren. Mutil onak iruditu zitzaizkidan eta ez zidaten batere jaramonik egin gainera; baina, haien berriketa hain zen funtsik gabea, eta hain leloki kontatzen zizkioten elkarri egokiera onak zein okerrak, hain baldar jartzen ziren bata bestearen kontra, non ezin izan bainuen han luzeago iraun.

        Berehala alde egin nuen adar batean jartzera, han dozena erdiren bat txori desberdin zeudelarik. Azkeneko lekua hartu nuen, umil, adarraren muturrean, han onartuko nindutelakoan. Zoritxarrez, nire ondokoa uso zahar bat zen, haizeorratz herdoildu bat baino elkorragoa. Alderatu nintzaionean, bere hezurrak estaltzen zituzten luma urriak ziren haren ardura. Orrazteko itxura egiten zuen, baina luma bat ere ez erortzeko kontu handiz; gainbegirada ematen zien, baten bat falta ote zitzaion edo begiratuz. Hegalaren ertzarekin ukitu besterik ez nuen egin eta harro zuzendu zen nigana:

        — Zer egiten didazu, monsieur? —esan zidan mokoa zorroztuz, lotsa britainiarrez bezala.

        Eta, ukalondoarekin gogor joz, behera bota ninduen, sokalari batena zirudien indarrez.

        Gelinotte gizen bat lotan zegoen sastraka baten gainera erori nintzen. gure amak berak ere, erretiluan jarrita, ez zukeen edukiko halako santutasun itxurarik. Hain zen biribil, hain zegoen ongi etzana, hain ongi jarria bere sabel hirukoitzaren gainean, ezen gaina janda daukan tarta horietakoa baitzirudien. Haren ondoan irristatu nintzen. «Ez diat esnatuko», esaten nion nire buruari, «eta, edonola ere, honelako ama gizena ez zaidak gorrotagarri egingo». Ez zen horrela gertatu ordea. Begiak erdirekiz, hasperen arin batekin honela esan zidan:

        — Enbarazo egiten didak, ttiki; hoa hemendik.

        Une berean deika has zitzaizkidan.Birigarro batzuk ziren, otsalizar baten gainetik igotzeko esanez. «Horra azkenean bihotz onekoak», pentsatu nuen. Leku egin zidaten, eroak bezala algara eginez, eta, nola amodiozko gutuna sartu ohi den zetazko eskumuturrekoan, bada, hori bezain arin lerratu nintzen haien talde lumatsuan. Baina, laster juzkatu ahal izan nuen dama haiek behar baino mahats gehiago jana zutena; adarrean juxtu-juxtu irauten zuten zutik, eta haien lagun gaiztozko adar jotzeek, haien barre algarek eta haien kanta lizunek urrunarazi egin ninduten.

        Ordurako desesperatzen hasia nengoen eta banindoan bazter bakarti batean lo egitera, eta hor non hasten den urretxindorra kantari. Denak isildu egin ziren. Ai, bai garbia zela haren ahotsa! Bai gozoa haren bihozmina bera ere! Besteen loa galarazi beharrean, haren soinuek sehaska kulunkak ziruditen. Inor ez zen hura isilarazteaz arduratzen, inork ez zuen txartzat jotzen halako ordutan kantari hastea; ez zuen zigortzen bere aitak, ez zuten ihes egiten bere lagunek.

        — Niri bakarrik, beste inori ez zaiok debekatu —egin nuen oihu— zoriontsu izatea! Noan, alde egin dezadan mundu anker honetatik! Hobe diat nire bidea ilunpetan, hontzen batek jan nazan arriskuan, bilatzea, ezen ez, nire barnea honela, besteen zorionari begira, desegitea!

        Gogoeta honekin bidean jarri eta norabiderik gabe ibili nintzen luzaroan, zetorkidana zetorkidala. Egunaren lehen argiekin 'Notre-Dame'ko dorrea begiztatu nuen. Aitaren batean heldu eta ez nuen denbora luzean hara eta hona begiratu beharrik izan gure lorategia ikusteko. Tximistak baino arinago egin nuen hegan haruntza. Ai! Hutsik zegoen... Alferrik egin men dei ene gurasoei; inork ez zidan erantzun. Nire aita jartzen zen zuhaitza, amaren sastraka, erretila maitea... han ez zegoen ezer. Aizkorak txikitua zuen den-dena. Ni jaiotako ibilbide berdearen ordez, ez zegoen zientoren bat egurpila besterik.

 

 

6

 

        Aurrena, inguruko lorategi guztietan bilatu nituen nire gurasoak, baina alferrik. Urrutiko auzoren batean gordeko ziren nonbait, eta ez nuen gehiago ezer jakiterik izan haietaz.

        Erabat saminduta, aurreko hartan aitaren haserreak bidali ninduen teilatu ertzera joan nintzen jartzera. Han pasa nituen egunak eta gauak, ene bizimodu tristeaz penatzen. Ez lorik, ez janik, minez hiltzeko zorian nengoen.

        Ben bezala aieneka ari nintzen egun batean:

        — Beraz —esaten nion neure buruari ozenki—, ez nauk ez zozo, aitak lumatuta utzi baininduen, ezta uso bidaiari ere, bidean erori bainintzen Belgika-ra joan nahirik; mika errusiarra ere ez, markesa andereak belarriak tapatu baitzituen nik ahoa ireki orduko; usapala ere ez nauk, Gouroulik ere, Gourouli zintzoak berak ere, zurrunga egiten baitzuen fraide baten antzera, ni kantari ari nintzelarik; loro ere ez noski, Kakatoganek ez baitzidan ezertxo ere entzun; edonolako txori ere ez nauk izango, Morfontainen bakar-bakarrik utzi baininduten lotarakoan. Gorputzean lumak zeramatzat ordea; hara hemen hankak, hona hemen hegalak. Munstroa ez nauk, ezta gutxiagorik ere, Gourouli lekuko, eta markesa ttiki hura ere bai, oso atsegin bainintzaien. Zer nolako misterio adieraztezinagatik ezin zioat eman izenik luma hauek, hegal hauek eta hanka hauek osatzen ez dakiten gorputzari? Ez ote nauk beharbada...?

        Banindoan nire hitz saminekin segitzera, eta hor non aditzen dudan kalean bi emakume atezainen arteko tekela:

        — Arraioa! —esan zion haietako batek besteari— Hori egitea lortzen badun zozo zuria erregalatuko dinat!

        — Ene Jainkoa! —egin nuen oihu— Horra zer naizen! Oi, Jainkoaren patua! Zozo baten seme izan, eta txuri: zozo txuri bat nauk beraz!

        Halako aurkikuntzak asko aldatu zuen nire ikuspegia, egia diot. Egoera tamalgarri hartan segitu beharrean, harrotzen has nintzen eta teilatu ertzean ibiltzen tente-tente, aidera garaipen begiradak bidaliz.

        — «Baduk zerbait —esan nion neure buruari— zozo zuri izate hau: ez duk ez egunero ikus daitekeen gauza. Ederki ari ninduan nire antzekorik ez nuela aurkitzen eta kezkatuz! Jeinu baten etorkizuna duk nirea eta! Mundutik ihes egitea nahi nian; orain berriz mundu horren mirespena lortu nahi diat! Nola parerik gabeko txoria naizen, jende arruntak nire izatea ukatzen duelarik, naizen horren arabera jokatu beharra zeukat , eta hala nahi diat egin gainera, Fenix Hegaztia baino ez gutxiago ez gehiago, beste hegaztiak oro arbuiatuz. Alfieri-ren oroitzapenak eta Lord Byron-en poemak lortu beharrean niagok; horrelako janari sustantzidunak goimailako harrotasuna ekarriko zidak, Jainkoak eman didana kontutan izan gabe. Bai, ahal izanez gero, nire sorburu agurgarria handitu egin nahi diat. Izadiak arraroa eman zidak gorputza; orain nire burua misteriotsu bihurtuko diat. Ni ikustea mesedetzat hartuko diate, goresgarritzat. Eta, bide batez —erantsi nuen ahapeka—, nire burua diru truke erakutsiko banu, zer?

        «Utikan, burutapen gaizto hori! Kakatoganek bezala, nik ere poema bat egingo diat, ez kantu batean, hogeita lautan baizik, gizaki handi guztiek bezala; ez, ez duk nahikoa hori, berrogeita zortzi egingo dizkiat, ohar-eranskin eta guzti. Beharrezkoa duk unibertsoak jakin dezan banaizela. Ez zioat utziko bertsotan ene bakardadeaz penatzeari; baina, halako era bitxian egingo diat hori, non zoriontsuenak ere bekaitz izango baitituk nitaz.

        Zeruak emalaguna ukatu didanez gero, besteenaz hitz egingo diat gaizki. Dena berdeegia dela adieraziko diat, neuk jaten ditudan mahatsak kenduta. Urretxindorrek beren buruari zutik eusten nahiko lan izango diate; erakutsiko diat, bi eta bi lau diren bezala, zein kaltegarriak diren koplak bihotzerako, saldu nahi duten jenero horren baliorik eza adieraziz. Charpentier-en bila joan beharra zeukat. Aurrena, literaturan leku boteretsua eskuratu behar diat, nire inguruan gorte oso bat sortu arte, ez bakarrik kazetariek osatua, egiazko autoreek baizik, emakume letradunak barne. Rachel andereñoarentzat paper bat idatziko diat, eta ez badu antzeztu nahi, bazter guztietan zabalduko diat idatzi bat, non haren talentua probintzietako aktoresa zahar batena baino motelagotzat agertuko dudan. Veneziara joango nauk eta kanale handiaren ondoan, hiri liluragarri horren erdian, Mocenigo izeneko jauregia alokatuko diat, egunean lau libera eta hamar xentimo kostatzen den hori; han Lararen egileak bertan utzitako oroipenetan piztuko diat barnea. Ene bakardadearen sakonetik Spencer-en ahapaldietatik ateratako errima gurutzatuen uholdeez blai egingo diat mundua, horrela ene arima handi hau askatuz; txina guztiak hasperenka jarriko dizkiat, usapal guztiak gorgorka, oilagorrak negarrez, eta hontz zaharrak oro uluka. Niri dagokidanez ordea, amodioarekin eskuragaitza eta aldaezina izango nauk. Alferrik etorriko zaizkidak atzetik segika edo erreguka, nire kantuak jotako zoritxarrekoentzat errukia eskatuz; guzti horri honela erantzungo ziot: «Utikan!». Oi, aintza gehiegi! Nire eskuizkribuak urre prezioan salduko dituk, eta nire liburuak itsasoaren bestalderaino iritsiko; ospea, fortuna, bazter orotatik etorriko zaidak; bakarra izanik, inguruan daukadan jendetzaren esamesei entzungor egingo ziet. Hitz batez, zozo zuri benetakoa izango nauk, egiazko idazle bitxia, omendua, miretsia, bekaitzez begiratua, baina erabat purtzil eta zaputza».

 

 

7

 

        Sei aste baino gehiago ez nuen behar izan nire lehen lana argitara emateko. Agindu bezala, berrogeita zortzi kantuz osaturiko poema zen hura. Bazegoen, bai, zenbait utzikeria, idazterakoan hain emankor izan nintzenaren kariaz; halere, pentsatu nuen, bada, nola gaurko irakurlegoa ohituta dagoen egunkarien azpikaldean idatzitako literaturara, ez zidatela horregatik ezer aurpegiratuko.

        Arrakasta, neroni zegokidana izan nuen, paregabea alegia. Nire obraren gaia neu besterik ez nintzen; honetan gure garaiko modarekin bat nentorren. Xalotasun harrigarriz kontatu nituen nik pasatako saminak; interes gordina zeukaten eguneroko hamaika bitxikeriari buruz jakinaren gainean jartzen nuen irakurlea; gure amaren erretiluaren deskribapenari ez nion hamalau kantu baino gutxiago eskaini: haren arraildura, zulo, okerdura, pusketa, ezpaltxo, iltze, zipriztin, abardura desberdinak, distirak, denak kontatzen nituen; aurrekaldea, barnea, kanpoa, ertzak, atzekaldea, aldeak, leku okerrak, zuzenak, erakusten nituen; barruan edukitzen zuenari buruz, berriz, aztertu nituen bai belar izpiak, bai lastoak, hosto lehorrak, egur zati ttikiak, hondar aleak, euri tantak, eulien hondakinak, edo han zeuden euli handien hankak;deskribapen liluragarria zen. Baina, ez pentsa hori dena batean jarri nuenik: zenbait irakurle lotsagabek gainetik salto egingo zukeen. Puxketaka ebakirik, trebeki, idatzi osoan barreiatu nuen, ezer gal ez zedin; halako moduz, non unerik interesgarrienetan, bat-batean, agertzen baitziren erretiluaren hamabost orrialdeak. Horra, nire ustez, artearen sekreturik handienetakoa, eta, nola ez naizen batere zekena, nahi duenak erabil beza irakaspen hau.

        Europa osoari eragin zion zirrara nire liburuaren agerpenak, eta, mintzatzera makurtu nintzaiolarik, Europa osoak irentsi zituen nire barne adierazpenak. Nola bada bestela? Ez bakarrik adierazi nizkion neure pertsonari zegozkion gertakizun guztiak, baizkik eta, bi hilabete nituenetik buruan pasatako ameskizunen erakusketa osoa ere egin nion; lekurik ederrenean, bestalde, oraindik arrautzan nengoela ondutako eresi bat ere tartekatu nuen. Noski, bide batez, ezin utzi ukitu gabe gaur mundua hainbeste kezkatzen duen gai nagusia: gizateriaren etorkizuna, alegia. Arazoa interesgarria iruditu zitzaidan; atseden tarte batean, gai horri buruzko irtenbidea zirriborratzeari ekin nion, eta orokorki ontzat emana izan zen.

        Egunero zoriontzen ninduten bertsoz, nahiz gutunez, nahiz izengabeko amodio aitorpenen bidez. Ikustera zetozkidanekin, berriz, eratua neukan plangintzari jarraitzen nintzaion zorrozki; mundu osoari itxirik zirauen nire ateak. Halere, etorri ziren bi arrotzi ireki gabe uzterik ez nuen izan, nire gurasoak zirela iragarri zidatelarik. Bata Senegaleko zozo bat zen, eta Txinakoa bestea.

        — Oi, monsieur —esan zidaten ia itotzeraino besarkatuz—, bai zozo handia zarena! Zein ongi adierazi duzun zure poema hilezinean jeinu ezezagunaren barnemin sakona! Baldin eta izan daitekeen baztertuenak ez bagina dagoeneko, zu irakurrita hala izango ginateke behintzat! Nola gatozen bat zure minekin, arrunkeriari egiten diozun arbuio gorenarekin! Ezagutzen ditugu geuk ere, monsieur, eta geure kabuz, kantatu dituzun pena ezkutuak! Hona hemen ondu ditugun bi soneto, bat bestearen barnean dagoelarik, eta onar ditzazula erregutzen dizugu.

        — Hona hemen, bestalde —erantsi zuen Txinakoak—, zure prefazio baten gainean nire emazteak osatu duen musika. Oso ondo dagokio egilearen asmoari.

        — Messieurs —esan nien—, ikusten dudanez, bihotz handi eta izpiritu argiz osaturik zaudete. Baina, galdera bat barkatuko didazue: nondik datorkizue malenkonia hori?

        — Oi, monsieur —erantzun zidan Senegaldik zetorrenak—, begira nola nagoen osatua. Nire lumajea, egia da, atsegina egiten zaio ikusmenari, eta kolore berde eder honekin jantzirik nago, ahate distiratsuak bezala; baina, nire mokoa motzegia da eta oina, berriz, handiegia; eta begira nolako isats lotsagarria dudan: nire gorputza ez da horren hirutatik bira ere iristen luzeran. Ez ote daukat bada horrekin deabru guztien eskuetan jartzeko arrazoirik?

        — Eta ni, monsieur —esan zuen Txinakoak—, oraindik okerragoa da nire zoritxarra. Kaleak garbitzen ditu nire lagunaren isatsak, baina, ni behatzez seinalatzen naute umeek, isatsik gabekoa naiz eta.

        — Messieurs —kendu nien berriro hitza—; erruki zaituztet bihotz-bihotzez, beti baita penagarri gehiegi nahiz gutxiegi edukitzea, edozer delarik ere. Baina, utzidazue esaten Landare Lorategian badagoela zuen antzeko anitz, eta han dirautela aspaldidanik bake-bakean disekatuta. Emakume idazleari liburu on bat egiteko lotsagabe izatearekin aski ez zaion bezala, ez da nahikoa zozo batentzat, jeinua duela eta, kontentagaitz izatea. Ni bakarra naiz gutakoen artean eta horrek penatzen nau; beharbada oker nabil, baina nire eskubidea da hori. Zuria naiz, messieurs; bihur zaitezte zuri eta ikusiko dugu orduan zer dakizuen esaten.

 

 

8

 

        Hartu nuen erabakia hartuta ere, lasaitasun itxurak eginda ere, ez nintzen, ez, batere zoriontsu. Nire bakardadeak, goresgarria izanik, ez zidan horregatik min gutxiago egiten, eta pentsatu nuen, ez larritasunik gabe, ene bizitza osoa zelibatoan pasa beharrean nengoela. Udaberriaren etorrerak, batez ere, hiltzeko adinako larridura ekarri zidan, eta tristurak hartzen hasia ninduen berriro; eta orduan ustegabeko gertakizun batek nire bizimodu osoa erabaki zuen.

        Esan gabe doa nire idazlanek Mantxako Kanalea zeharkatua zutela, eta ingelesak elkarri eskuetatik kenduz zebiltzala. Ingelesek, ulertzen ez duten ororekin gauza bera egiten dute. Gauzak horrela, egun batez Londrestik gutun bat jaso nuen, zozoño gaxte batek izenpetua:

        «Leitu dut zure poema —esaten zidan— eta sentitu dudan mirespenak nire eskua eta nire izate osoa zuri eskaintzera eraman nau. Jainkoak bata bestearentzat eginak gaitu! Zure antzekoa naiz, zozoño zuria naiz ni ere!...»

        Erraza izango da hartu nuen ustekabea eta poza ikustea; «zozoño zuri bat!, esan nion neure buruari, ba ote liteke? Ez nago, beraz, bakarrik munduan!» Arin ibili nintzen, bada, ezezagun ederrari erantzuten, eta egin nuen eragatik argi asko ikusten zen zein atsegin zitzaidan proportzio hura. Parisa lehenbailehen etortzeko adierazi nion, edo bestela, haren ondoraino hegan egiten uzteko. Hark, nahiago zuela etortzea erantzun zidan, gurasoekin aspertuta zegoela eta; gauzak konpondu behar zituela eta berehala ikusiko nuela.

        Etorri zen, bai, handik egun batzuetara. Oi, zoriona! Munduko zozoñorik ederrena zen, ni baino zuriagoa oraindik.

        — Oi, mademoiselle —egin nuen oihu—, edo hobe esanda, madame, hemendik aurrera nire benetako emaztetzat jotzen baitzaitut; nola liteke horrelako izaki ederra munduan ibiltzea eta bere sona niganaino ez ailegatzea? Bedeinkatuak bitez dastatu ditudan zoritxarrak, aitak emanda hartu ditudan mokokadak, hain ustegabeko kontsolamendua baitzeukan zeruak enetzat gorderik! Gaur arte, betiko bakardadera kondenaturik ikusten nuen neure burua, eta egia esan behar badizut, zama gogorra zen hori gainean eramateko; baina, zu ikusita, familiako guraso baten ezaugarri guztiak sortzen zaizkit. Onar ezazu nire eskua, luzapenetan ibili gabe; ezkon gaitezen ingeles eran, zeremoniarik gabe, eta abia gaitezen Suizaruntz.

        — Nik ez ditut bada gauzak horrela ikusten —erantzun zidan zozoño gaxteak—; gure ezteiak ikusgarriak izatea nahi dut eta Frantzian dauden zozoetatik ongi samar jaiotakoak oro biltzea haietan. Gu bezalakoek, daukagun ospeagatik soilik, ez dute ezkondu behar teilatu ertzetako katuak bagina bezala. 'Bank-notes' mordo bat ekarria dut. Egitzazu zeure gonbidapenak, zoaz zeure dendariarengana eta edari kontuan ez ibili merke-zurrian.

        Zozoño zuriaren aginduekin bat etorri nintzen itsuki. Gure ezteiak paregabeko handitasunez ospatu ziren; hamar mila euli jan zen han. Artzapezpiku in partibus zen aita Cormoran agurgarriaren eskutik jaso genuen ezkon bedeinkapena. Eguna dantzaldi ikusgarri batek itxi zuen; hitz batean esanda, ene zorionari ez zitzaion ezer faltatu.

        Zenbat eta gehiago ezagutu nire emazte atseginaren izaera, orduan eta handiagoa egiten zen ene maitasuna. Arimaren eta gorputzaren gozatasun guztiak biltzen zituen bere gorputz ttikian. Uzkurti samarra zen, hori bai, baina ordurarte laino ingeles artean bizi izanaren eraginari bota nion aitzakia, eta ez nuen dudarik egiten Frantziako giroak laino arin hura laster garbituko zuena.

        Gehiago kezkatzen ninduen, ordea, zenbaitetan hain gogorki inguratzen zuen misterio hark, bere zerbitzariekin giltzapean gordetzen zelarik, horrela orduak eta orduak emanez, apaintzen ari zenaren aitzakiaz. Senarrei ezkon bizitzan ez zaizkie batere atsegin izaten horrelako kontuak. Nire emaztearen apartamenduko atea hogei bider jotzeraino iritsia nintzen, hark atea irekitzea lortu gabe. Gauza horrek biziki ateratzen ninduen neure onetik. Haietako egun batez, hain umore txarrean ari nintzen jo eta jo, ze, azkenean amore eman behar izan baitzuen eta atea ireki pittin bat, ez ordea nire desegokitasunagatik kexaka jardun gabe. Sartuz, botila handi bat begiztatu nuen, irinez eta Espainiako zuriz osaturiko kola antzeko batez betea. Droga harekin ea zertan aritzen zen galdetu nion nire emazteari. Zeuzkan ospelentzako erremedioa zela erantzun zidan berak.

        Erremedio hura susmagarri samarra iruditu zitzaidan; halere, zenbateraino ez zitzaidan bada fidagarri izango halako pertsona gozo eta zintzoa, bere burua hain gartsuki eta egiatasun zorrotzez eskaini zidana? Hasieran ez nekien nire bihotzeko maite hura emakume idazlea izana zela; denboraldi bat pasa eta gero aitortu zidan hori; eta nobela baten eskuizkribua erakustera ere iritsi zitzaidan, non Walter Scott eta Scarron-en imitazioa egina baitzuen aldi berean. Ez dago esan beharrik zer nolako poza eman zidan halako ustekabe hain atseginak. Ez nintzen bakarrik edertasun paregabearen jabe; gainera, nire lagunaren adimena neure jenioari bete-betean zegokiona zela ere baieztatu ahal izan nuen. Une hartatik aurrera elkarrekin egin genuen lan. Nik poemak ontzen nituen bitartean, hark orriak eta orriak betetzen zituen zirriborroz. Nik bertsoak ozenki errezitatzen nizkion eta gauza horrek ez zion galarazten bitartean lanean segitzeko. Nobelak nik bezainbateko erraztasunez botatzen zituen, beti gai dramatikoenak aukeratuz, bai guraso hilketak, bai bahiketak, bai erailketak, edo lapurretak ere bai, bide batez gobernua erasotzeko edo zozoñoen askatasuna aldarrikatzeko ardura hartuz beti. Hitz batean, nekeak ez zuen haren izpiriturik akitzen, ezta inongo makurkeriak haren lotsa ere; inoiz ez zuen lerro bat ere ezabatzen, ezta lanean hasi baino lehenengoko aurresaiorik egiten ere. Huraxe zen zozoño letradunen eredu.

 

 

9

 

        Egun batez, inoiz baino gartsuago emana zegoelarik lanari, izerdi tanta lodiak ikusi nizkion eta, zurtuta, begiztatu nuen nola bizkarrean orbain beltz handi bat zeukan.

        — Ei! Ene Jainkoa! —esan nion— Zer da hori ordea? Gaixo al zaude bada?

        Bazirudien hasieran ikaratu egin zela, eta lotsatu ere bai, baina jendarterako zeukan ohitura handi hark lagundu bide zion berriro ere bere buruaren agintea, beti gordetzen zuena, berreskuratzen. Tinta orbaina zela esan zidan eta oso maiz gertatzen zitzaiola gainera inspirazio momentuetan.

        — Nire emazteak tintea galtzen ote du? —esan nion neure buruari isilka. Pentsakizun honek ez zidan utzi lorik hartzen. Kola botila etorri zitzaidan berriro gogora Jaungoikoa! —atera zitzaidan— Hau da hau susmo txarra! Izaki zerutiar hori ez ote da pintura edo itxura hutsa besterik? Nire bizkar bizitzeko barnizatu ote du bere burua?... Nire bihotzaren kontra ene izpirituaren arreba, niretzat bakarrik sorturiko izaki berezia, besarkaturik neukanaren ustetan, ez ote naiz beharbada inn hutsarekin ezkondu?

        Kezka gaizto hori atzetik neramalarik, guztia argitzeko erabakia hartu nuen. Barometro bat erosi eta egun euritsu baten zain jarri nintzen. Emaztea mendi adiera eraman nahi nuen, zalantzazko giroa ager zedin igande bat aukeratuz, eta garbiketa bat eragiten saiatu. Uztail betean geunden ordea: giro eder espantagarria egiten zuen. Zorion itxurak eta idazteko ohiturak asko piztua zidaten sentsibilitatea. Inuzente samarra bainintzen, noizbehinka, lanean ari ginelarik sentimendua ideiei nagusitzen zitzaien nire barnean eta, errimaren zain nengoen bitartean, negarrari ematen nintzaion. Ene emazteari oso atsegin zitzaizkion noizbehinkako parada horiek: gizonezkoaren ahuldade guztiek emakumearen harrotasunari poza ematen diote. Halako gau batez, Boileau-ren aginduari jarraiki oker bat ezabatu nahian ari nintzelarik, bihotza askatzen hasi nintzaion.

        — Oi, zu —esan nion ene zozoño maiteari—; zu, paregabea eta maitatuena! Zu, ene bizitza zu gabe amets hutsal litzaidakeen hori! Zu, begirada batez, irribarre batez, unibertso osoa enetzat metamorfoseatzen duzun hori; ene bihotzaren bizigarria; ba ote dakizu zenbat zaitudan maite? Beste poeta batzuk erabilitako ideia hutsal bat bertsotan jartzeko, esango nuke ikasketa eta arreta pixka batek hitzak erraz aurkitzen laguntzen didatela; baina nondik aterako dut zure edertasunak sor erazten didana adierazteko haina? Iraganeko penen oroitzapenak berak emango ote lidake hitz bakar bat gaurko zorionaz zuri mintzatzeko? Zu nigana etor zintezen baino lehenago, nire bakardadea umezurtz atzerriratu batena zen; gaur errege batenaren parekoa da. Ez al dakizu gorputz ahul honetan, herioak suntsi dezan bitartean bizi itxura egiten duen honetan, ez al dakizu sukarrez betetako garun txiki honetan, non alferrikako gogoeta ari baita irakiten, ez al dakizu, ene aingeru horrek, ez al duzu ulertzen, ene eder horrek, ezin dela ezer egon zurea ez denik? Entzun ezazu nire garunak esan dezakeena eta senti ezazu zenbateraino den nire amodioa handi eta handi! Oi! Nire jeinua perla bat baledi, eta zu Kleopatra bazintez.

        Horrelako txorakeriak esanez, nire emaztearen gainera egin nuen negar, eta orduan garbi asko hasi zen tintea galtzen. Malko bakoitzarekin luma bat desestaltzen nion; ez zen beltza ere izatez, gorri zaharkitua baizik (nik uste, hark beste nonbait ere tintea galdua zuela lehenagotik). Hunkidura hartan minutu batzuk pasa ondoren, kola eta irina galduak zeuzkan txori baten aurrean nengoen, zozo arruntenen eta baldarrenen antzekoenaren aurrean.

        Zer egin? Zer esan? Zein jokabide hartu? Alferrikakoa zen ezer aurpegiratzea. Kasua hitz-hautsitzat har nezakeen eta ezkontza ezeztatu horrela; baina, nola jakitera eman nire lotsa? Ez al zen bada nahikoa zorigaizto? Gauzei aurre egin eta mundutik aienatzea erabaki nuen, letra karrera uztea, basamortu batera aldegitea eta, ahal izanez gero, edozein izaki bizidunen itxurarik aurrean gehiago ez izatea, eta Alcestes bezala honako honen bila abiatzea:

        «Leku urrun bat, non zozo zuri izateko askatasuna izango den!»

 

 

10

 

        Gorantz hegaldatu nintzen, negar eta negar; eta haizeak, txorien patua baita haizea, Morfontaine-ko adar batera eraman ninduen. Oraingoan denak oheratuta zeuden.

        — Hau ezkontza, hau! —esaten nion neure buruari— A zer eskapa! Benetan intentzio onez jantziko zen zuriz ume gaixo hori; baina horrek ez du nire zoritxarra leuntzen, edo haren kolore gorrizta gutxitzen.

        Urretxindorra kantari ari zen oraindik. Bakar-bakarrik gauaren sakonean, bihozbetez ari zen gozatzen Jainkoak emandako dohaina, poetak baino are handiagoa egiten mena, eta gogoetak inguruko isiltasunari eskaintzen zizkion. Ez nuen irauterik izan harengana joan eta berarekin mintzatu gabe.

        — Bai zoriontsu zarena! —esan nion— Gogoak eman haina kantatzen duzu eta, hain ederki, ezen, jende guztia entzutera jartzen baita; eta ez hori bakarrik, badauzkazu emaztea eta umeak ere, zure habia ere bai, zure lagunak, goroldiozko zure almohada ederra, ilargi betea, eta kazetarik batere ez. Rubini eta Rossini ez dira ezer zure ondoan: lehenengoak adina balio duzu eta bigarrenari igerri egiten diozu. Ni ere kantuan aritua naiz, monsieur, eta penagarria izan da. Hitzak borrokarako ilaran jarri ditut soldadu prusiarrak bailiran, eta zu basoan zinen bitartean ni zirtzilkeriak antolatzen ari nintzen. Ikasi al daiteke zure sekretua?

        — Bai —erantzun zidan urretxindorrak—, baina ez da zuk uste duzuna. Nire emazteaz asperturik nago, ez dut maite batere; ni larrosaren maitale nauzu: Sadi-k, pertsiarrak, esana du hori. Ni gau osoa harengatik ito beharrean aritzen naiz, baina hark lo egiten du eta ez nau aditzen. Ordu hauetan haren kaliza itxirik dago: zomorro zahar bat kulunkatzen du altzoan; eta bihar goizean, ni ohera sufrikarioz eta nekez leher eginda itzultzean, orduan irekiko da, erle batek bihotza zurrupa diezaion!

 

 

 

www.susa-literatura.eus