Hemen, muinoen pentzeetan, ilunabarraren eta denboraren kanoiaren aitzinean
itzal apurturiko lorategien ondoan
kartzelatuek egiten dutena egiten dugu guk
langabetuek egiten dutena:
Esperantza lantzen dugu.
* * *
Goizalbarako prestatzen den herri bat. Zuhurtzia galtzen dugu
garaitzaren ordua baitugu zelatatzen:
Gaurik ez bonbardaketak argitu gau gurean.
Gure etsaiak esna dira eta gure etsaiak argia pizten dute guretzat
bodegetako ilunpean.
* * *
Hemen, «ni» bakar bat ez.
Hemen, Adam oroitu egiten da bere buztinaren hautsaz.
* * *
Heriotzaren ertzean, honela dio:
Ez zait geratzen aztarnarik galtzeko
librea naiz neure libertatearen hurbilean. Eskuan daukat etorkizuna.
Berehala sartuko naiz neure bizian
libre jaioko naiz, gurasorik gabe
eta zeruzko letrak hautatuko ditut nire izenerako...
* * *
Atarian tente zaudeten horiek, sar zaitezte.
Har ezazue gurekin kafe arabiarra
gu bezalako gizakiak zaretela ohartuko zinatekete.
Etxe atarietan tente zaudeten horiek
jalgi zaitezte gure goizetatik.
Orduan ohartuko gara
zuek bezalako gizakiak garela.
* * *
Hegazkinak ezkutatzen direnean, usoak dira hegaldatzen.
Zuri, zuri, zeruaren masaila garbitzen dute
hegalak libre, hutsadiaren eta jolasaren
eztanda eta jabegoa eskuratzen dute. Gorago, gorago
hegaldatzen dira usoak zuri, zuri. A, zerua
erreala balitz (esaten dit gizon batek bi bonbaren artean datorrela).
* * *
Zipresak soldaduen atzean, minareteak zerua babesten
lur jo ez dezan. Burdinazko hesiaren atzean
soldaduak txiza egiten —tanke baten abaroan—
eta udazkeneko egunak urrezko ibiliaren azkena du
igandeko mezaren ondoko eliza bezain zabaleko karrikan...
* * *
(Hiltzaile bati) Biktimaren aurpegia ikusi izan bazenu
eta gogoeta egin, zure ama etorriko zitzaizun akordura
zure ama gas ganberan, fusilaren arrazoiaz liberatuko zinen
eta iritzia aldatuko zenuen: hau ez da identitate bat
berreskuratzeko modua.
* * *
Setioa itxarotea da.
Ekaitzaren erdian makur dagoen eskailera baten gainean itxarotea.
* * *
Bakarrik, bakarrik gaude hondarreraino
ortzadarren bisitak ez bagenitu.
* * *
Haurrideak dauzkagu zabaldegi honen ostean.
Haurride onak. Maite gaituzte. Guri behatu eta negar egiten dute.
Gero beren artean ahapetik:
«A, setioa deklaratua balitz...» Ez dute esaldia amaitzen:
«Ez gaitzazue bakarrik utzi, ez gaitzazue bakarrik utzi».
* * *
Gure galerak: bi eta zortzi martiri bitartean egun oroz.
Eta hamar zauritu.
Eta hogei etxe.
Eta berrogeita hamar olibondo...
Erantsi behar zaie
oraino amaitu ez diren poemak, antzerkiak eta margoak
egituran hartuko duten okerra.
* * *
Emakume batek hodeiari: estal ezazu ene maitea
haren odolez trenpatuak baitira nire jantziok.
* * *
Euri ez bazara, ene
izan zaitez zuhaitz
naroz asea, izan zaitez zuhaitz
Zuhaitz ez bazara, ene
izan zaitez harri
Hezez betea, izan zaitez harri
Harri ez bazara, ene
izan zaitez ilargi
maitearen ametsean, izan zaitez ilargi
(Horrela mintzo zen emakume bat
semeari, ehorzketan).
* * *
O, zelatariok! Ez zarete aspertu
gure gatzean argia
eta gure zaurian arrosa zelatatzen
Ez zarete aspertu? O, zelatariok!
* * *
Urdin absolutu mugagabe honen pixka bat
aski genuke
garai honen zama arintzeko
eta leku honen lokatza garbitzeko.
* * *
Arimak behar du zamaritik jaitsi
eta bere zetazko oinetan abiatu
neure alboan, eskua eskuan, antzinako ogia
eta godaleta bete ardo zaharra banatzen duten
aspaldiko adiskideak bezala
egin dezagun bide hau.
Gero norako desberdinak hartuko dituzte gure egunek:
Nik, naturaz gorago, eta berak berriz
berak harkaitz gora batean kokoriko jartzea du hautatuko.
* * *
Gure patuetatik urrun jesarri gara, estatuen hutsunetan
edo kebideetan, edo printzearen ehizako
bidean jaso ziren dendetan
habiak janzten dituzten txoriak bezala.
* * *
Nire puskailen gainean itzala sortu da berde
eta otsoa lo-asman da nire ahuntzaren larru gainean.
Amets egiten du, aingeruak bezala
bizitza hemen dela... ez han goian.
* * *
Setio egoeran, denbora espazio bihurtzen da
bere betierekoan harri.
Setio egoeran, espazioa denbora bihurtzen da
bezpera eta biharamuna huts eginik.
* * *
Martiriak inguratu egiten nau egun berri bat ikusten dudaneko
eta itaun egiten dit: Non zinen? Itzul itzazu hiztegietara
eskaini dizkidazun hitzak oro
eta babes itzazu lo daudenak oihartzunaren burrundaratik.
* * *
Martiriak argitu egiten dit: Ez naiz abiatu lurraz haratagoko
hilezkortasunaren birjinetara, bizia maite baitut
lurreko bizia, pinu eta pikondo artekoa.
Baina ez naiz hartara iristen ahal
beraz neurea den azken gauzarekin apuntatu dut: odola urdinadian.
* * *
Martiriak argitu egiten dit: Ez sinetsi horien irrintziak.
Sinets ezazu neure aita nire argazkiari beha malkotan.
Zergatik aldatu dituzu rolak, seme, zergatik hartu didazu aurrea.
Ni aurrena, ni lehenago!
* * *
Martiriak inguratu egiten nau: Nire lekua eta nire altzari arruntak
besterik ez dut aldatu. Gazela bat pausatu dut ohe gainean
eta ilgora bat erian
neure atsekabea eztitzeko.
* * *
Setioak iraunen du sinets dezagun arte batere kalterik eginen ez digun morrontza
hautatu behar dugula, askatasun osoan!
* * *
Eusteak esan nahi du: Bihotzaren eta potroen
osasuna ziurtatzea, eta zure eritasun egoskorra:
Itxaropenaren gaitza.
* * *
Eta egunsentiaz geratzen den horretan, neure haratagora jalgitzen naiz.
Eta gauaz geratzen den horretan, pauso hotsa entzuten dut neure baitan.
* * *
Bizi luzea nire antzera argiaren horditasunaz
tximeletaren argiaz liluratzen denari
tunel honen ilunpean.
* * *
Bizi luzea nire antzera neure godaleta erdi bana daukanari
leku biei gainez egiten dion gauaren trinkotasunean:
Bizi luzea neure espektroari.
* * *
Lagunek festa antolatzen didate beti
despedidarako, hilobi eztigarri bat haritzen gerizpean
epitafio bat denboraren marmolean.
Eta aurrea hartzen diet beti hiletetan:
Nor hil da... Nor?
* * *
Idazketa, zakurkume bat hutsari haginka.
Idazketak odol arrastorik utzi gabe zauri.
* * *
Gure kafe kikarak. Txoriak zuhaitz berdeak
gerizpe urdinean, eguzkia jauzian horma batetik
bestera gazela baten gisan.
Ura mugarik gabeko forma duten hodeietan zerutik
geratzen zaigun zatian. Eta oroitzapena eten duten bestelako gauzek
erakusten dute goiz hau ahaltsua dela distiranta
eta eternitatearen gomitatuak garela gu.
[2002]
|