Bertolt Brecht
Gutxi dira Juan San Martin idazle eibartarrak bere idazte-jardunean jorratu gabeko eremuak, hala gaiz nola jeneroz. Ezagunagoak zaizkion prosa liburuez gain, poesia asko idatzitakoa da Juan San Martin Otsalar, batez ere Euzko Gogoa, Olerti eta Egan aldizkarietan. EHUk kaleratutako Giro gori / Tiempo ardiente (1954-1977) liburuan bildu ziren 1998an Juan San Martinen poemak. Baina bere sormenezko poesiaz gain, asko eta ona euskaratutakoa da. Itzulpen asko egin ditu, eta autore anitzenak, ia denak Olerti aldizkarian 60ko hamarkadan emanak: Sidney Keyes, Magali Hello, R.M. Rilke, San Juan de la Cruz, Eino Leino, Dionisio Ridruejo, Federico García Lorca, Tomas Meabe, B.Pasternak, J. Verdaguer, J.R. Jimenez... eta Salvador Espriu, zeinaren Cementiri de Sinera (Sinera-ko liburua) euskaratu zuen 1966ko Egan-en. Guk hona hark itzulitako autore bat ekarri nahi izan dugu: Bertolt Brecht.
|
Kea
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Etxetxoa arbolartean aintzira ondoan, teillatutik ke ari bat. Faltako balitz zer ondamen etxe, arbola ta aintzirak. |
Buchower'eko alegiak liburutik, 1953
Olerti, 1966 III-IV
Arraun, solasez
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Illunabarra da. Lerratuz igaroaz bi piragua, barnean bi gazte billutsik. Bata bestean ondoan arraunean mintzatzen. Mintzatuz arraunean bata bestearen ondoan. |
Buchower'eko alegiak liburutik, 1953
Olerti, 1966 III-IV
Loradia
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Aintzira ondoan, ezki ta abetu artean, loradi bat dago esiz sarratua; ain esku trebeak landua martxutik urrillera arte loratua dago. Egunsentian, iñoiz, an exeritzen naiz, neuk ere nai bai nuke, egun onarekin edo txarrarekin, zerbait atsegin beti eskeini. |
Buchower'eko alegiak liburutik, 1953
Olerti, 1966 III-IV
Gudarien kantak
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Tabernaria, pattarra eta azkartu adi! Gudari batentzat ez zegok zertan denborarik galdu. Bere enperadoreagaitik burruka egin behar dik.
Nere besoetara, andere, eta azkartu adi! Gudari batentzat ez zegon zertan denborarik galdu. Moravia'ra arte zaldiz joan behar din.
Atera zak triunfoa, adiskide, eta azkartu adi! Gudari batentzat ez zegok zertan denborarik galdu. Lehenbiziko deira joan beharra dik.
Apaiza, eman zak hire «amen»a, eta azkartu adi! Gudari batentzat ez zegok zertan denborarik galdu. Bere enperadoreagatik hil behar dik. |
(Mutter Courage und ihre Kinder, 1939)
Olerti, 1968 I-II
Abots bat
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Lorategi guzian, lora bat gustatu zitzaigun. Zein eder loratua! Epailean jarria zuten, eta ez zan alperrikakoa izan, ez. Zoriontsuak lorategi bat dutenak! Eta elur-haizeak ari diranean eta piñu artean bere txistu otsa entzun, zer gertatuko litzaiguke? Gure teilatua egin dugu, odolgiz eta lastoz estalia gainera. Zoriontsuak teilatua eduki ahal dutenak elur-haizeak txistuka entzuten diranean. |
(Mutter Courage und ihre Kinder, 1939)
Olerti, 1968 I-II
Gudua maitatzen zuan maixua
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Huber'i, maixua bera, gudua biziki gustatzen zitzaion. Federiko Haundiaz mintzatzean, begiak dizdiz jartzen zaizkion, baina Wilhelm Pieck'ek ez zion barne-garrik pizten. Orduan etorri zan Schmitten, garbitzailea, zikinkeria ezin aguantatu zuana. Hartu zuan Huber maixua, eta lixiban sartu zuan zikinkeriak kentzeko. |
Olerti, 1968 I-II
Txina'ko te sustrai bat leoi tankeraz
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Zure erpen beldur dira gaiztoak eta onak pozten dira zure graziarekin. Hori bedori entzun nahi nuke nere bertsoeri buruz. |
(1951)
Olerti, 1968 I-II
Ondore markatuak
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Bonbardeoak guregana eldu baino anitz lehenago bizi ezinezkoak ziren gure uriak. Kaiño-zuloak ezin zituen eraman zikiñak.
Asmo gabeko erasoetan erori baino anitz lehenago, oraindik zutik zeuden uriak igaro ondorean, gure andrek ziren alargun, eta gure semeek umezurtz.
Markatu zirenak hillobietara eror baino anitz lehenago, adiskideak falta genituen. Kareak jan zizkigunak ez ziren ia aurpegiak. |
Olerti, 1968 III-IV
Herbesteraturik.
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Madarien eta Sund'en aurean zauden etxea; errazu: «Egia zeatza da» ezaupide zaharra igesik joan zanak, denboretan edukia zure ormen artean, irauntze ahal du bonbardeoen ondoreau? |
Olerti, 1968 III-IV
Itzulera
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Ene sortherria, zelan arkitu nuen? Makiña bat bonbardeo ondorean etxera itzuli naiz. Ta nun da ene etxea? Khez ikusten diran mendi handi haietan. Erretzen dagoana, hura da. Ene sortherria, zelan hartu ninduan? Ene aurretik dijoaz bonbardeoak. Amaika hilketak nere etorrera adierazten dizute. Su-oldeak aurreztu dute semea. |
Olerti, 1968 III-IV
Zer ukan zuen soldaduaren andreak?
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Praga'ko uri zaharretik? Zapata parea, agur bat eta takoidun zapatak ukan zituen Praga'tik. Praga'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Vistula igarotzen dan Varsovia'tik? Kolore ederdun liñuzko atorra bat ukan zuen Varsovia'tik. Varsovia'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Sund'ek bustitzen duen Oslo'tik? Larruzko lepokoa ukan zuen Oslo'tik, erregalu ederra Oslo'tik ukana. Oslo'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Rotterdam'go uri aberatsetik? Sonbreru eder bat ukan zuen ta zein ederki ematen duen holandresen sonbreruak! Holanda'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Bruselas'ko uri ederretik? Andre guziak beti amets egin duten arreun-xerra ukan zuen Bruselas'dik. Bruselas'dik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Paris'tik, argiaren uritik? Sedazko soineku bat ukan zuen hura adiskideen enbidia! Paris'tik. Paris'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Libia urrutiko Tripoli'tik? Kate bat eta kuttunak, kobrezko katea ukan zuen Libia'tik. Libia'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak Rusia'tik, bukaera gabeko lurralde hartatik? Alargunaren buruko-beltza ukan zuen hilletetara joateko, Rusia'tik. Rusia'tik ukan zuen. |
(Schweik Munduko bigarren Gerratean-dik, 1942)
Olerti, 1968 III-IV
Galileo'ren dotrina eta eritzia
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Oro-ahaltsuak erran zuenean «Egin bedi», eguzkiari erran zion, bere aginduz, kriselu bat eraman zezala munduaren jiran neskametxo bat orbita inguruko bezala. Zeren, beren nahia zen haur bakotxa jira zezala bera baiño hobearen inguruan. Eta ariñak asi ziren astunagoen inguruan bueltaka, atzekoek aurrekoen ondorean, zelan lurrean ala zeruan,
eta aita santuaren bueltan jiratzen dira kardenalak. Kardenalen bueltan jiratuz apezpikoak. Apezpikoen bueltan jiratuz sekretarioak. Sekretarioen bueltan jiratuz errejidoreak. Errejidoreen bueltan jiratuz arotzak. Arotzen bueltan jiratuz zerbitzariak. Zerbitzarien bueltan jiratuz zakurrak, oilloak eta eskaleak. |
(Galileo'ren bizitza-tik, 1938)
Olerti, 1968 III-IV
San Sekulaerezen kanta
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Seaska pobrean sortu ziran guztiak, pobrea jarri behar dala dakite, egun on batean, urrezko alkian egun ori San Sekulaerezen eguna da!
San Sekulaerezen egun ortan urrezko alkian jarriko dala.
Borondateak bere presioa izango du egun ortan, gaiztakeria lepoa kostatuko da, eta meritu eta irabaziak, egun ortan, ogiaz eta gatzez trukatuko dira.
San Sekulaerezen egun ortan ogia et gatza trukatuko dira.
Zeruan belarrak aziko dira, harriak errekaz gain, eta gizona ona izango da. Mundua paradisua izango da gehiago sufritzeke.
San Sekulaerezen egun ortan mundua paradisu izango da.
Egun ortan ni abiadorea izango naiz, zu egun ortan jenerala izango zera, lanik gabeko langilleak zeregina izango du, emakume pobrea deskantzatuko da.
San Sekulaerezen egun ortan emakume pobrea, zu deskantzatuko zera.
Baina luzea da gure itxarotea. Beraz, guzti au izango da ez bihar goizean goiz, baizik oillarra kantuan asi baino lehen.
San Sekulaerezen egun ortan oillarra kantuan asi baino lehen. |
(Der gute Mensch von Sezuan-etik)
Olerti, 1969 I-II
Gereza lapurra
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Bein batean, goizean-goiz, oillarraren lehen kanta baino lehenago, txistu otsak iratzarririk, leihoratu nintzan. Gereze arbolara igota egunsentiz beterik egoan gure baratzean galtzak arabakiñez jositako gaztetxo bat gainean eserita gure gerezak alaiki artuaz. Ikustean buruakin agurtu ninduan, esku biekin arbola adarretik gerezak patrikaratzen zituan artean. Luzaroan, berriz etxe barruratu ondorean, bere txistu alaiaren doinua entzuetan jarraitu nuan. |
Olerti, 1969 I-II
Egunkariak irakurtea te berotzen dan artean
Bertolt Brecht euskaratzailea: Otsalar
Periodikuetan asmu andiak, goizean goiz irakurtzean Aita Santu eta erregeenak, bankeru eta petroleuaren erregeenak. Beste begiarekin te urarekin dagoan eltzeari so natzaizu, zelan zikintzen dan, irakiten ari dala eta gero garbitu, eltzetik gainezka egin arte, eta, sua itzali. |
Olerti, 1969 I-II