Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


Eugenio de Andrade

 

Eugénio de Andrade, José Fontinhas-en goitizena, 1923ko urtarrilaren 19an jaio zen Póvoa de Atalaian, eta Oporton zendu 2005eko ekainaren 13an. Lisboan bizi eta ikasi zuen, eta baita lanean hasi ere, administrazioan, Zerbitzu Mediku-Sozialetan. Oportora aldatu eta han bizitzen jarri zen, 1950ean. Poesia idazle hasieratik, arrakasta lortu zuen As Mãos e os Frutos (1948) eta Os Amantes sem Dinheiro (1950) poemarioekin. Antologia bikainak ere egina da. Bestalde, poeta askoren lanak itzuli zituen portugesera.


Euskarara Maite Gonzalez Esnalek ekarri du bere liburu bat, Uraren bezpera, Pamiela etxeak 1990ean argitaratua. Horren aurretik, baina, Joseba Sarrionandiak euskaratu zituen bere hiru poema etxe berean kaleratutako Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan, 1985ean.

Hauxe bere bibliografia: As Mãos e os Frutos (1948), Os Amantes sem Dinheiro (1950), As Palavras Interditas (1951), Até Amanhã (1956), Coração do Dia (1958), Mar de Setembro (1961), Ostinato Rigore (1964), Antologia Breve (1972), Véspera de Água (1973), Limiar dos Pássaros (1976), Memória de Outro Rio (1978), Rosto Precário (1979), Matéria Solar (1980), Branco no Branco (1984), Aquela Nuvem e Outras (1986), Vertentes do Olhar (1987), O Outro Nome da Terra (1988), Poesia e Prosa (1940-1989) (obra completa, 1990), Rente ao Dizer (1992), À Sombra da Memória (1993), Ofício de Paciência (1994), Trocar de Rosa / Poemas e Fragmentos de Safo (1995), O Sal da Língua (1995).


 


 

Zuretzat nituen larrosak


Eugenio de Andrade
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia


Zuretzat nituen larrosak hazi.
Zuretzat eman nien beren usaina.
Zeuretzat urratu nituen errekak
Eta eman nien granadei sugar kolorea.

Zuretzat imini nuen zeruan hilargia
Eta federik ferdeena pinudietan.
Zuretzat utzi nuen lurrean.
Gorputz bat animaliena bezala zabalik.


 


 


 

 

Gerizondo loratuei

Eugenio de Andrade
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia

Esnatu apirileko goizean
Gerizondo honen zuritasuna izan;
Hostoetatik sustrairaino sutan,
Olerkiak egin edo honela loratu.

Besoak zabaldu, arramen artean
Besarkatu haizea, argia, edo dena dela;
Denborak, ataltxoz ataltxo,
Gereziaren bihotza ehuntzen duela senditu.

 

 


 


 


 

 

Gauekoa Lisboan

Eugenio de Andrade
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia


Zauean aurrera, heriotza boltsiloan,
Gizon bakoitzak ibai bat bilatzen du lo egiteko,
Eta oinak hilargian edo hare ale batetan
Ihes egin nahi dion ametsa sartzen da.

Amets bakoitza beste amets batetara hiltzen da.
Esperoan hamar amodio diru gastatu nituen.
Aingeru mozkortu batek prometitzen digun zerua
Koltxoi zikin bat da hamaikagarren pausuan.



 


 

 


 

 


 

 


 



www.susa-literatura.eus