Estilo-ariketak
Raymond Queneau
Lehenik eta behin, esan
beharra dago Exercices de style obra berezia dela. Oso berezia.
Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsal bezain harrigarria, modurik
xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak.
Hori besterik ez da Estilo ariketak. Gaia, eta bariazioak.
Istorioa behin eta berriz kontatzen zaigu, idazkuntzan erabili ohi
diren modu eta baliabideetako zenbait erabiliz. Hemen aurkituko du
irakurleak kontakizun berbera hiru literatur genero nagusietan kontatua
(epikoa, lirikoa, dramatikoa), zenbait figura erretorikoren arabera
moldatua edo OULIPO taldeak testu-eraldaketarako proposatutako
baliabideez emana. Parodia hitza
erabili beharra dago liburu honen ezaugarriak azaltzerakoan.
Esperimentalismoa ere erabili izan da. Baina batez ere jolas-literatura
da hau, hizkuntzak eta hizketak ematen dituzten aukerekin jostaketan
dihardu idazleak, eta jolaserako gogoa jartzen digu besteoi. Bi ezaugarri
nagusi ditu, nire ustez, liburu honek: batetik, parodia da, hots,
hizkera, idazkera, tonu, azken finean, hizkuntz erregistro zenbaiten
hista. Eta, bestetik, kirol-literatura da, kirol hitzaren bi adieretan:
antzinakoan eta gaurkoan, «jolas» baita batik bat, baina
baita «nor-gehiagoka» ere. Idazleak berak jartzen dizkio
zailtasunak bere buruari, gero haiei gaina hartzen diela erakusteko.
Horren adibiderik argiena «Lipograma» da Estilo-ariketak
liburu honetan. Ariketa horretan, frantsesez maiztasun handienekoa den
letra, «e» alegia, «ezabatu» egin da, eta bere
buruari ezarritako debeku hori gorabehera, berdin burutu behar du
idazleak oinarrizko kontakizuna. Edo hobeto esanda, beste ariketetako
kontakizun berbera «e» erabili gabe egina dago hor (edo ia). Ezarpen edo hertsapen
literatura ere deitu izan zaio. Houdini haietako batekin aldera
dezakegu Queneau: alde guztietatik lokarri eta katez lotu, eta hala ere
askatu eta libre ateratzeko gauza den literaturgilea. Literatura
esperimentala dela esan daiteke hitz batean laburbilduz: ohiko
bideetatik aldenduz, idazkuntzaren historian zehar erabilitako
baliabide erretorikoak modu berri edo berezi batean erabiltzean datza
liburu honen berezitasuna. [...] Zergatik sortzen du
halako zalaparta Exercices de style itzultzeak? Hain zuzen ere,
itzulgarria ote den eztabaidan jarri izan delako. Queneauk berak ez
zuen zalantzarik. Eta historiak ere horixe frogatu du: hor daude orain
arte egindako itzulpenak, egin zitekeela frogatzeko. Xabier Olarra |
Estilo-ariketak Igela, 2005 Oharrak S-an, jendetza
ibiltzen den ordu batean. Hogeita sei urte inguruko tipo bat, feltrozko
kapela buruan, kordoi bat duena xingola ordez; lepo luzeegia, goitik
tiratu baliote bezala. Jendea igo eta jaitsi dabil. Aldameneko batekin
haserretu da gure tipoa. Baten bat pasatzen denean bultza egiten diola
aurpegiratu dio. Tonu negarti antza, gaizto-kutsua eman nahi liokeena.
Eserleku bat hutsik ikusi orduko, haraxe joan da harrapaka. Handik bi ordura, Cour
de Rome-n aurkitu dut berriro, Saint-Lazare geltokiaren aurrean.
Adiskide batekin dago, eta hala diotsa hark: «Beste botoi bat
jarri beharko hioke soingainekoari». Eta erakutsi dio non
(paparrean) eta zergatik.
Zehaztasunak 118 minutu geroago,
Saint-Lazare geltokitik 10 metrora zegoen, aldiriko sarreran, eta
luzetara paseatzen zebilen 30 metroko tarte batean atzera-aurrera, 28
urteko adiskide batekin —1,70 m luze eta 71 kg—, eta hark aholku ematen
zion, 15 hitzetan, 5 zentimetro mugitzeko zeniterantz 3 cm-ko
diametroko botoi bat. Distinguo Autobus batean (ez da
nahastu behar astoputz batekin) ikusi nuen (eta ez hik kusin huen)
pertsonaia bat (ez ia-pertsona bat) buruan kapelu bat (eta ez peka alu
bat buruan) zuena, lokarri txirikordatuarekikoa (ez harri-loka likits
brodatua kokoriko). Lepo luzea (eta ez zepo azula) zuen. Jendetza
bulkaka hasi zenean (eta ez kakatza jendea bulkatzen), bidaiari igo
berri batek (eta ez bideberri igokari batek) lekualdarazi zuen lehengoa
(eta ez lehengorarazi aldalekua). Atzena marmarka hasi zen (eta ez
marmarra atzeraka hasi zen) baina leku bat hutsik begiz jorik (eta ez
begi joriz laku bat husturik), han joan zen itsumustuan (eta ez zen
musean joan itsu-itsuan). Geroago sumatu nuen
(eta ez herrestatu), Saint-Lazare geltokian (eta ez Sena latza den
lokian), lagun batekin hizketan (eta ez tanke-lagun bati ekinez)
soingainekoko botoi baten gorabeheraz (ez baita nahastu behar, otoi,
koko soinbera baten gainbeheraz). Gutun ofiziala Atsegin handiz emango
dizut gertaera batzuen berri, haien lekuko izan bainaiz. Inolako
alderdikeriarik gabe adierazi nahi nizuke zenbateraino izutu nauten eta
nolakoa izan den nire laborria. Gaurkoan bertan,
Courcelles kalean gora Champerret enparantzarako norabidean zihoan
autobus batean aurkitzen nintzen eguerdi inguruan. Aipatu autobusa, ene
aburuz, beterik zegoen, are gehiago, mukuru beterik; izan ere,
kobratzaileak hartuak zituen, ezarritako mugaren gainetik, zenbait
erregutzaile, arrazoi taxuzkorik gabe eta onginahi gehiegizko batek
eraginik (araudiak gainditzera, eta, horrenbestez, errukiaren
mugetaraino iristera bultzatu duen jokabidea). Geldialdi bakoitzean,
igotzen eta jaisten ziren bidaiarien joan-etorriek nolabaiteko bultzada
bat sorrarazten zuten ezinbestean, eta horrek bidaiari bati protesta
eragin dio, ez, ordea, pixka bat lotsarazi gabe. Esan behar dut
esertzera joan dela ahal bezain laster. Kontakizun labur honi
addendum hau gehituko nioke: aukera izan dut bidaiari hori bera geroago
begiz jotzeko, identifikatu ezin izan dudan pertsonaia batekin. Bien
arteko elkarrizketa gogotsua, antza, estetika kontuei zegoen loturik. Baldintza horiek
kontuan harturik, erregutzen dizut, jauna, adieraz diezazkidazula
gertaera horretatik atera behar ditudan ondorioak, eta zein den, zure
iritziz, nire ondorengo bizitzako jokabiderako hartu beharko nukeen
jarrera egokia. Zure erantzunaren zain,
azaldu nahi dizut, jauna, behintzat, nire adeitasunik arretatsuena. Harridura-hitzak To! Hamabiak! Autobusa
hartzeko garaia! Hau jende pila! Hau jende pila! Ondo estu goazak!
Barregarria! Morroi hori! Hori muturra! Eta a zer zintzurra!
Hirurogeita hamabost zentimetro! Gutxienez! Eta galoia! Galoia! Ikusi
gabea nioan! Galoia! Hori duk xelebreena! Hori! Galoia! Kapelaren
inguruan! Galoia! Xelebrea! Benetan xelebrea! Hor hasi duk marmarrean!
Galoiduna! Aldameneko batekin! Baina zer dio? Besteak! Oina zapaldu
diola! Mutur-joka hastera zoazak! Bai horixe! Baina ez! Baietz! Emaiok!
Emaiok! Eman muturrean! Gogor! Jo! Kakatia! Bai zera! Ez dik ba orain
atzera egin! Morroiak! Bai, lepo-luzeak! Galoidunak! Leku libre batera
joan duk ziztuan! Bai! Motel! Hara! Bai zera! Ez! Ez
nauk deskuidatu! Bera duk! Hantxe! Cour de Romen! Saint-Lazare
geltokiaren aurrean! Atzera-aurrera paseatzen! Beste tipo batekin! Eta
zer arraio ari zaiok, ba, bestea esaten! Botoi bat gehitzeko! Bai!
Botoi bat soingainekoan! Soingainekoan, to! Puztua Egunsentiaren hatz
larrosak maskaltzen hasten diren orduan, gezi laster bat bainintzan,
banindoan izari gaitzeko eta behi-begiko autobus batean, S linea
ibilbide bihurgunetsukoan, hain zuzen. Ohartu nintzen,
gerra-bidezidorrean indiarrak duen zehaztasunaz eta zorroztasunaz,
bazela han gazte bat, zeinaren lepoa baitzen jirafa oin-lasterrarena
baino luzeagoa eta zeinaren feltrozko kapela artesidunak txirikorda bat
baitzuen apaingarritzat, estilo-ariketa bateko heroiarena bailitzan.
Hats zorigaiztokoa atera zitzaion kedarrezko bulardun den Liskarrari,
dentifriko-gabeziak kirasturiko ahotik. Liskarra, diot, bere birus
gaiztoa haizatzen ari zen jirafa-lepo eta kapela txirikordaduneko gazte
haren eta begitarte zalantzati eta irintsuko bidaiari baten artean.
Azken horrek hitz hauek esan zizkion lehenari: «Esadazu, gizon
gaizto, oinak berariaz zapaltzen ari zatzaizkidala esango nuke
nik!» Hitz horiek esanda, jirafa-lepoko eta kapela
txirikordaduneko gaztea azkar joan zen zen handik, esertzera joan ere. Geroago, izari
handioseko Cour de Rome-n, berriro ikusi nuen jirafa-lepoko eta kapela
txirikordaduneko gaztea, dotoretasun arloko epaile zen adiskide
batekin, zeinari nire belarri erneaz entzun ahal izan bainion
aldarrikatzen kritika hau, zeina zuzendua baitzen jirafa-lepoko eta
kapela txirikordaduneko gazteari: «Papar-aldea pixka bat itxi
beharko huke, periferia zirkularreko botoi baten gehikuntzaz edo
gorakuntzaz». Zakarra Eguerdiya etzan oso jo
zarra ese ortan iyotzia kontsegitu deuneako. Iyo naizpa, paatuet nee
tokiya ta jo'ta ze ikusiko ta or ikusteet sujetoat lepua teleskopiyua
bezelakua zuna eta lista mouko bat gaztagainekuan buelta guztin.
Beidatu ein diyot, zeatik tankera artuyot txoropituana eta jo'ta or
astea aldamenekuai kargu artzen. Aizu, eiteyo, ezin al dezu pixkat
beidatu, esateyo geo, badiruri, segitzeu near-muxinka bezela, propiyo
ai zeala, esateyo erdi-totelka, denba guzin beatzak zanpatzen, eiteyo
urrena. Ala, arro bee burubakin, eseitzea jun da. CourdeRometik pasa
naizpa berriro ta ze ikusiko ta lenoko ua bea, zeru-lurrak arrotzen
istilun bean mouko sujeto batekin. Aizak, eiteziyon arek, beste
botoibat, esate ziyon, jarri bearko iyoke, esan diyo geoxio, ire
soingaineko orri, eta ala bukatu da kontuba. Fantasma-girokoa Nik, Plaine-Monceau-ko
ihizi-zaina bainaiz, ohore dut kontu emaitea agertu dela, gaurko
egunaz, mila zazpiehun eta lauretan hogoita hiruko maiatzaren
hamaseian, B.M. Orleansko duke Sakratu Phillipe Ene Jaun Gorenaren
Parkeko ekialdeko ateen inguruan, feltrozko gapelu bat, ezohikoa eitez
eta galoi xirikordatu gisako batez inguratua. Berehalakoan atxeman dut,
izkiriatzen dudan honek, supituki agertu dela, aipatu gapeluaren
azpian, gizon gazte bat, luzera gaitzeko lepo batez hornitua eta
segurki Txinan beztitzen diren gisara beztitua. Odola hormatu deraut
haren eite izigarriak eta ihesari emaitea eragotzi. Amiñi batez
geldi egonik, marmarka hasi da alegia erdeinatuko bailuen bere gisako
bertze ikusezin baina harentzat atxemangarri ziren batzuen
hurbiltasuna. Eta entzun dut honako hitz hauek erraiten ahopetik:
«Botoin bat eskas duk. Botoin bat eskas». Abiatu da, bada,
Pépinierera buruz. Fenomeno horren bitxitasunak, gogoz bertzera
bada ere, erakarririk, nire jurisdikzioneari eratxikitako mugaz
haraindi jarraiki natzaio, eta hirurok, tipoa, gapelua eta nihaur,
heldu gara baratzeño baterat, nihor ez baitzegoen, baina
landaturik baitzeuden saladak. Etorki ezezaguneko
baina zinetan debruzko xafla urdin batean, zagon inskripzione hau:
«Cour de Rome». Tipoa marmarrean hasi da berriro ere:
«Oinak zapaldu nahi ukhan derauzkit». Orduan desagertu
dira, hura lehenik, eta, amiñi bat geroago, gapelua. Desagertu
izanaren prozesu berbala erhaikirik, joan nauzu Petit-Polognerat pinta
erdi baten edaterat. Apostrofea Oi platinozko lumadun
estilografo, marraz biezazkie hire lasterraldi arin eta behaztoparik
gabeak ifrentzu satinatuzko paperaren gainean glifo alfabetiko haiek,
zeinek baitiete transmitituko betaurreko izarniatsuekiko gizonei
autobusilistikaren kariaz gertaturiko arrakontru bikoitz baten
kontakizun narzisista. Nire ametsen zaldi fier, nire literatur
balentrien gamelu esaneko, hitz zenbatu, haztatu eta hautatuen iturri
lirain, marraztu itzak bihurkadura lexikografiko eta sintaktikoak,
horrela mamituko baita gizon gazte hark burututako egintzen eta
balentrien kontakizun hutsal eta barregarria, zeinak nire idazle-lan
neketsuetako heroi hilezkor bihurtuko zelako susmo izpirik ere gabe
hartu baitzuen egun batean S autobusa. Hi, galoi txirikordatu
batez inguratutako kapelaz ornaturiko babaloren lepoluzea; hi, zakur
amorratu, marmarti eta ustel, liskarrari ihes eginez joan baihintzen
hire atzealdea, ipurtzulokoen uzta-biltokia, zur gogortuzko zizailu
batean pausatzera! Susmatu ere egin al huen lipar batez patu erretoriko
hau izaterik, noiz eta, Saint-Lazare geltokiaren aurrean, belarri
suharrez entzuten hituenean hire soingainekoaren goreneko botoia
etorri-iturri zitzaion pertsonaiaren joskin-aholkuak? Traketsa Ez daukat idazteko
ohitura. Ez dakit. Pozik idatziko nuke tragedia bat, nahiz soneto edo
oda bat, baina arauak? Hor dago koxka. Behaztopa dira. Ez da
amateurrentzako lana. Hau guztia ere gaizki idatzita dago. Zer egingo
diogu, ba? Dena dela, gaur ikusi dut zerbait txurian beltz jarri nahiko
nukeena. Txurian beltz jartzea bera ere ez zait oso txukuna iruditzen.
Esaldi egin horietako bat izan behar du inondik ere, zeinek atzera
botatzen baitituzte txurian beltz jarri bezalako esaldi eginek atzera
botatzen dituzten irakurtzaileek irakurri eta gero argitaratzaileek
argitaratzen dituzten eskuizkribuetan beharrezkoa iruditzen zaien
jatortasuna bilatzen duten argitaratzaileentzat irakurtzen duten
irakurtzaileak, zeina baita, hain zuzen ere, nik egin nahiko nukeena
gaur ikusi dudan gauza batekin, nahiz eta ni ez izan amateur bat
besterik, tragediaren, sonetoaren edo odaren arauak trabagarri
zaizkiona, izan ere, ez daukat idazteko ohitura. Kaka, ez dakit nola
moldatu naizen, baina itzuli naiz hasierara berriro. Ez naiz sekula
moldatuko. Berdin da. Har dezagun zezena adarretatik. Hona beste topiko
bat. Eta gainera mutil hark ez zeukan ezer zezenarenik. To, hau ez duk
bat ere txarra izan. Idatziko banu: Lepaluze, jirafa bat iduri, busean
zut, beyondeizula zuri, agian jatorra izango litzateke. Agian horri
esker Akademia Frantseseko, Floreko eta Sebastien-Bottin kaleko jaunen
batzuk ezagutuko nituzke. Zergatik ez nuke aurrerapenik egingo, azken
finean? Idatziz bihurtzen da bat idazkin. Hau bai ederra izan dela!
Halaz guztiz ere, zuhur jokatu behar da. Autobuseko plataformako tipoak
ez du hala egin aldamenekoari builaka hasi zaionean aitzakiatzat
harturik honek oinak zapaltzen zizkiola bidaiariak estutzen zirenean
beste batzuei uzteko igotzen edo jaisten. Are gehiago honela protestatu
ondoren, airoso joan denean eseritzera barrenean leku bat libre ikusi
bezain laster, muturreko baten beldurrez edo. To, horra nire
istorioaren erdia kontatu. Nola egin ote dut? Atsegina da halere
idaztea. Zailena gelditzen da ordea. Gaitzena. Iragaitza. Are gehiago
iragaitzarik ez denean. Hobe dut hementxe uztea. Helenismoak Hyperautobus petrolonautaz
betetako batean, mikrorama honen martyri izan nintzen metaffluentiazko
chronia batez: hypotypo eikosapigo baino gehixeagoko bat, kalopflegma
batez pericyklaturiko kapela zeramana eta macrotrachele
eucylindrikoduna, anathematizatzen hasi da enphasiz outis ephimero eta
anonymo bat, zeinak pseudoalegatzen baitzuen besteak epizapaltzen
zizkiola bipodeak baina, euryskopeatu orduko zenotopia bat,
peristrophatu da hara katapultatzeko. Chronia histero batean,
aistheatu dut siderodromo estathmo hagiolazarikoan, peripateatzen
anthropokide batekin, synboleatzen baitzion onphalosphincter baten
metakinesia. Definizioduna Hiri-garraioko ibilgailu
automobil publiko handi batean, alfabetoko hemeretzigarren letraz
izendatuan, gazte xelebre bat, Parisi 1942an ematen zitzaion goitizen
bat zeramana, burua eta sorbaldak lotzen dituen gorputz-atal luze
samarrekoa eta gorputzaren goreneko atalean eite aldakorreko estalgarri
bat xingola lodi batez inguratua zeramana... gazte xelebre horrek,
beraz, leku batetik beste batera zihoan pertsona bati egotziz hutsegite
bat, zeinaren funtsa baitzen oin bata bestearen ondoren bere oinen
gainera lekualdatzea, abian joan zen eseri ahal izateko egoten den
altzari batera, hutsik gelditua baitzen altzari hori. Ehun eta hogei segundo
geroago, berriro ikusi nuen burdinbide bateko bideen eta eraikinen gune
batean, salgaiak biltzen eta bidaiariak garraiagailuetara igotzen edo
haietatik jaisten diren lekuan, alegia. Parisi 1942an ematen
zitzaion goitizena zuen beste gazte xelebre batek aholkuak ematen
zizkion, eta azaltzen zion zer egitea komeni den metalezko, hezurrezko,
zurezko, eta abarrezko borobiltxoekin, alegia, oihalez estaliak nahiz
estali gabeak izan, jantziak lotzeko balio duten zirkulutxo horiekin,
gure kasuan besteen gainetik eraman ohi den janzki batean. Lipograma Hona. Stopa ikusi eta
stoppatu da autobusa. Igo da txoropito bat, sama izugarrikoa, kaskoan
ginbail bat jarrita, xingola bigunduna. Tipo bati, azazkalak zapaldu
baitizkio eta di-da bigundu hankako hatzak, maskurrak, gogortasunak,
saltoan joan da handik; aulki bat hutsik ikusirik, han jarri da, inor
gutxi azaldu baita aulki huts hura hartu asmoz. Aldi polit bat igarota,
lagun bat aurkitu du San Mattin nahiz San Xalbador bultzitokian, eta
hala diotsa: «Botoi bat daukak longainan goragi jarria.» Horra. Anglizismoak Day batean midday
aldera, nik tekatu dut busa eta man gazte bat, nek greit batekin eta
hat leistresetu kaind batekin ikusee dut. Bat-batean gazteman bekamtzen
da kreizy eta akiusatzen du sir errespectable bat toesak tridatzeaz.
Gero run da leku enokiupatu batera. Hour leit batean
ikuseetu dut egein; up eta down wokatzen zuen Seint Lazare esteixion
aurrean. Emaiten zion advicea on button baten gainean. Baserritarra Paper-puntta lumerodunik
bare genden, baña gurdi-mouko artan iyoak giñan alare.
Gurdi-mouko aren kartolan gendela, beste batzuek autobusa esaten
diyotena, ondo estu giñijoazen, dana txingurritruta eta
gogortuta, bai oixe. Dana dala, paatu deu ba noizpaitte, eta beidatu
deu geon ingurua, eta jo'ta ze ikusiko? Ta kankallu oitako bat, lepo
luze eta zapela zea oitako batekin. Aundigi zakan lepua. Txapelak
txirikorda bueltan, emakumezkuana, bai. Eta geo, ez si eta ez no, jo'ta
or jartze a sutan kixkaltzen! Txakurranak eta bi esan zizkan gizon
bati. Gizajua. Eta geo berriz or juntzan eseitzea, kankallu aundiya. Ara, erri aunditan
olaxe sin mas gertatzen dian gauzak tia oik. Burutik pasatze al zaizue
jo'ta berriro ikusi deula kankallu aundi bea? Bi ordu gerogo baino
leno, Pantrucheko Obispoaren palaziyua bezelako eralkin baten aurrian,
beste oik been erriyai bee izenez deitzeko esateuen bezela. Han
zebillen kankallu aundiya, atzea-aurrea bere mouko beste alperrontzio
batekin, eta jo'ta ze ai zayo esaten bere mouko beste alperrontzio oi?
Ala ziyon, beste alperrontzio bee mouko arek, ala ziyon: «Botoi
hoi, motell, goraxio jarri berko ukek, askoz polittago emango
likek». Orra ze ai zitzayon esaten ua kankailu aundiyai, zea, bee
moduko beste alperrontzio ua. |