Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


Mintzategi handi eta zabal baten alde

Lokutorioa…!

Ez da gure hiztegietan ageri, eta hala ere…
Lokutorioa…!
Euskaldun askoren gogoan hotzikara berezia ematen duen hitza da.
Preso dagoenak ezinegon batean bizi ditu lokutoriora pasa aurreko orduak. Nekearen handiak ezin zapuztu duen ilusioak darama bisitaria lokutoriora.
Lokutorioan… zenbat maitasun, zenbat berba gozo!
Lokutorioan… zenbat isiltasun mingarri, zenbat malko garratz!
Elkar ikusten den lekua da lokutorioa.
Elkar ikusten, alegia, aurrez aurre eta esatekoak esan-entzuten diren lekua da lokutorioa.
Lokutorioa, elkar ulertzen den lekua da.
Ziega berezi horretan, une labur batez, presoa bisitari da, eta bisitaria preso.
Leku zabar horretan hogei-berrogei minutu egoteagatik, 60.000 kilometro egiten ditu urtean, batez beste, presoaren gurasoak, senideak, senarrak, emazteak, lagunak.
Geografia baliatuz kudeatu nahi izan dute urteetan eta urteetan estatu frantsesak eta estatu espainolak geografikoa ez baina politikoa den arazoa. Alabaina, urrundua dagoen arren, preso politikoa gure espazio politiko berean bizi da, egunero dauzkagu frogak.
Arazoaren zati denak konponbidearen osagarri izan behar du noski, eta horregatik, kulturan dihardugun gizon-emakumeok, gure herriak gero eta errotuagoa duen sentimenduarekin bat eginik, aldarri egiten dugu urruntasunaren geografia ez baina hurbiltasunarena erabil dadin. Hortik sortuko da, nekez bada nekez, askatasunaren geografia.
Lokutorio bat behar dugu, parluar bat behar dugu.
Lokutorioa, parluarra… euskaraz, dudarik gabe, mintzategia da.
Hitz hori ere ez da gure hiztegietan ageri.
Sortu egin dugu, errealitateak behartuta.
Mintzategi bat eskatzen dugu, prozesu politiko berri honetako protagonista guztiek, baita lokutorioaren alde ilunekoek ere, elkarri hitz egin eta hitz eman ahal izan dezaten.
Hitz egin, hitz eman.
Ez ziega batean, ez helburu politiko zekenetan.
Hitz egin, hitz eman… elkar ulertzeko.
Oraindainoko hiztegi politikoetan ageri ez diren hitzak sortuz etorriko da errealitate berria.

Mintzategi handi eta zabal baten alde gaude.

 


 

Zentsore Jauna


Zer kondatzen duk hik, Zentsore Jauna!

Zer diok gaur goizean, nere konfesore anonimoa!

Zenbat irri, poz, esperantza eta ilusio

zurrupatu dituk, bihozkabeko gizon horrek?

 

  Bart idatzi nion maiteari, bart arratsean.

  Malkoak zerizkien nere hizki dorpeei.

  Brasa pixtu nahian, errautsa gaindi ezinik.

 

Zer kondatzen duk hik, Zentsore Jauna!

Bihotza hunkitu al zaik gaur, sekretu apurtzailea?

Hi, gizazentsorea; hi, barne arakatzailea;

inoiz zentsuratu al duk hire burua, gutun-putre horrek?

 

  Nigarrari, marrumari ekin nion atzo arratsean.

  Kuttunak, nere kuttunak, sekulan igarriko ez duen

  etsipenari lotu nintzaion gau hotzean.

 

Zer kondatzen duk hik, Zentsore Jauna!

Zer diok gaur goizean, sentimendu kraskatzailea!

Inoiz zentsuratu al duk hire maiteñoaren irria?

inoiz hire umeen lo geldia?

 

Zer kondatzen duk, diot, Zentsore Madarikatu Jauna!


 

Iparrea

Herrera de la Mancha, 1986

 

Martxan aldizkaria, 7. zenbakia

 


 

Esku artean duzun hau

 

        Esku artean duzun hau ez da bokadiloa, ez. Denbora luzez pentsatu ondoren konklusio batetara iritsi naiz: hau aldizkaria da.

        La Mancha honen erdian egindako hirugarren modulokoen aldizkaria. Lehenik «literatur aldizkaria» esatea bururatu zait, baina ez dakit... ikus dezagun izan daitekeenentz.

        Idazten den oro al da literatura? Badirudi ezetz. Adibidez, erosketetarako zerrenda, euskaraz zein alemanieraz idatzia, ez da literaturatzat hartzen. Ezta matematika liburu bat ere.

        Lan literarioaren funtzioa ez da zerbait azaldu eta zerbait berorren zerbitzuan egotea, baizik eta lanak berak sortzen duenaren zerbitzuan egotea. Sortze hau da , hain zuzen ere -eta berau burutzeko modua, modu estetikoa alegia- literaturaren izatearen arrazoia.

 

Anonimoa

Herrera de la Mancha, 1987

 

Halankarri aldizkariaren editoriala

 



Geltokien arteko bidean

trenak amets bat izan du.

Urte askotan bide berdina

egiten ibili ondoren,

burdinezko errailetatik

aske geratzen zela,

nahi zuen bidaia egiteko;

baina geltokiaren inguruetan

makinistaren txistu zorrotzak

bapatean iratzarri du,

jendea bere erraietan,

alde batetik bestera joaten,

tristeturik somatuz.


Zalaparta

Herrera de la Mancha, 1987

 

Susa aldizkaria, 23-24.

 


 

Makurkeriak zuzentzea helburu zuelarik, zaldun bat zebilen urrungo herrialde bateko basoetan barrena. Gizon trebea, ausarta zen zaldun hau, gau eta egun zaldiaren gainean, bere lantza, ezkutu eta guzi zebilena. Beti etsaien bila, ez zitzaion axola gizon multzo bati, armada bati edo edonolako piztizar bati aurre egitea: makurkeriak zuzentzea zuen helburu bakarra.

        Zaldiak, Rozinante zeritzan zaldiak, neketsu hurbildu ohi zuen abenturara. Urrats nekeak, motzak luzatu ohi zituen, bere burua nekez mugituz.

Itxura Txarreko Zalduna zeritzon bidai lagunak zaldunari; bere gorputz argalak, indargeak, haizearen eraginez etzandako zuhaitzaren itxura ematen baitzion. Baina edonori laguntzeko, edonoren alde borrokatzeko edo edozein etsairi erasotzeko, beti zegoen prest: bere aparteko ausardiak hedatu zuen bere izena munduan zehar.

        Abentura baten bila, Rozinanteren gainean, harrapaladan zihoan; atzetik, Santxo ezkutaria bere astoaren gainean, lasai hurbildik hizketan. Muino batetara ailegatzean, bi armada ikusi zituzten, garo artean izkutuka, elkarri erasotzeko prest. Eta Itxura Txarrekoak, lantza, lehenik armada bati eta gero besteari zuzenduz, gupidarik gabe eraso zien...

        Garaipenaren ondorioz, harro zihoan Itxura Txarrekoa, aldamenean ezkutariak zer arraio zioen ulertzen ez zuelarik. «Artaldeak eraso ditudala; zer izpiritu maleziosok lausotu ote dizkio begiak...».

        Bi armadak, erasoaren ondorioz, erabat sakabanatu egin ziren. Batzu hilurren lurrean zeutzan, beste ardiak basoan sakabanatu ziren, artzaina -armada burua- keinuka eta oihuka ari zitzaizkielarik.

 

Iñaki

Herrera de la Mancha, 1987

 

Susa aldizkaria, 23-24.

 



Zilegitzat nuen poemak idaztea,

baina mundu hau

ez dago kontu askotarako

 

Ene poemak

poliziak kendu zizkidanean

komisarioak esan zuen

«el cuaderno de las chorradas»

desartikulaturik zegoela.


Pabel Ortzantza

Herrera de la Mancha, 1988

 

Susa aldizkaria, 23-24.

 



Izar-herratu batek

zeharkatu du

ortzea.

 

Oi, gauaren ederra!

 

Goiztiria hurbil den

tenore honetan

loaren

eneganatu ezinak

leihoratu nau.

 

Iraina ote ene ausardia,

ene

zureganako miresmena

olerkiratu nahia?


Jokin Urain

La Moraleja, 1989

 

Susa aldizkaria, 23-24.

 



Gauza aunitz

ikasi nituen liburutan:

kontaezinezko filosofiak eta

zientzi andana bat.

Ikasi nuen ere

neurtezin bezain

doilorra dela gizona.

 

          Baina begirada baten xarma

          eta edertasuna behatzearen poza,

          hori, zugandik ikasi nuen, hori.

 

Jesta heroikoak ikasi nituen,

baita hondamen laidogarriak ere.

Hondarreko printzipioak ikasi nituen ere;

aljebra eta zenbakiak,

baita marra imajinarioak ere.

 

          Baina larruaren zapore hordigarria

          eta adieraezinezko ukipena,

          hori, zugandik ikasi nuen, hori.

 

Ezinezko bidaiak ikasi nituen

marinel zaharrengandik.

Eskuraezinezko lurraldetatik eta

kokaezinezko ozeanotatik ikasi nuen ere;

baita koralezko mundu

eta paraiso helezinetatatik.

 

          Baina argi-ezkila jotzerako alegrantza

          eta eguneroko bizitzaren zoriontasuna,

          hori, guzi hori eta aunitz gehiago, zugandik ikasi nuen.


Iparrea

Herrera de la Mancha, 1989

 

Susa aldizkaria, 23-24.

 


 

Biharko bixita

 

...Bizarra kendu behar, noski, nola ez. Azken orduan hartu ditut bi cuchilla gillette, berrogei pezta bakoitza; hogei ogerleko eman eta hogei pezta itzulian; eskutitz batentzat seilua ordaindu eta pezta bat sobra: hori kaxarako. Kario. Garestia da. Seilua hemeretzi pezta, sobrea beste bost: hogeita lau guztira; gehiegi nere eskutitzen balioarentzat. Baina gaur ez dut eskutitzik idatziren, hain gutxi igorriko. Gaur bizarra moztuko dut biharko bixitan txukun txukun aurkezteko.

        Jaietako alkondara eta galtzak jantziko ditut. Galtzerdiek sekulako gazta-zahar usaia botatzen dute, gudaloste oso bati ere atzera eragingo liokeen kiratsa. Baina kabinako beira ez du trabestuko kiratsak; kiratsa ezezik ahotsa ere ez bait da hain erraz pasatzen.

        Askotan garrasika hitzekin behar izaten da, eta zerbait entzuten duzula uste duzunean zeure albokoen garraisi berberak baino ez dira izaten. Baina, halare, bizarra kenduta joango naiz. Okozpea urratuko dut, beti legez.         Alkandorak zimur ugari dauzka; agian gainetik elastiko handi bat jaztea hobe. Galtzak berriz, zimurtuta daudela esatea baino zimur bat direla esatea egokiagoa deritzot, baina alkian eserita egonik ez didate ikusiko galtzen zimur eta bitxikeriarik.

        Nor etorriko ote zait! Bo, berdin dio nor letorkidakeen, jadanik ikasiak ditut, buruz ikasiak etortzen zaizkidanentzako agurrak, irriak eta agurrak. Arreba edo anaia baletor zigarroa piztuko dut lehenik, eta gero zer moduz dabilen galdetu. Berak ere galdera berdina egingo dit, eta biok batera, erantzun berdina emango diogu elkarren galdera leloari. Gero irrifarra. Inertziaz egiten den betiko irrifar irrifartsua; oso beharrezkoa da irrifar hori, beharrezkoa eta ekidin ezina ere bai. Ederra litzateke lehen agurrari irrifar batekin ez erantzutea!

        Bai, bai, lehen agurrari irrifar batekin erantzun behar zaio beti. Amagiarreba bada letorkidakeena, ez dut zigarrorik piztuko; ez behintzat lehen kolpean, geroxeago bai. Asko erretzen al dudan galdetuko dit eta, ezetz erantzungo diot baietz pentsatuz, irrifar horietako bai eskainiko diot.

        Bai, horrela izango da bixitaren hasierako errituala. Ongi jaten al dudan ere galdetuko dit beti bezala, eta horri ere ezetz pentsatzen dudan bitartean baietz erantzungo diot; alegia, ongi eserita jaten dudala.

        Anaiaren neska-laguna etorri zitzaidan lehengo egun batez. Hazi egin zela esan nion; ez gorantz, zabalerantz hazi zela baizik. Ez zidan oso bekoki abegitsua ere eskaini. Gero jakin nuen sekulako errejimena egiten ari zela. Erdaraz falta de tacto edo horrelako zerbait esaten zafo ateraldi moeta horri. Bihar ere koinata gaia etortzen bazait argaldu egin dela esan eta konpondua dago itukina.

        Edonor etorrita ere ezer esanik gabe geldituko natzaio berehala, eta ordulariari begiratuko diot behin eta berriz, eta egunero eta orduero neurekin bizi den eta alboko kabinan egongo den lagunari begiratuko diot, eta berak ere so egingo dit, eta luzeegi egingo zait bixita denbora, eta... bukatuko da bixita denbora. Kabina batetik bestera, bixitari ezagunei agurka ibiliko gara guztiok, bati hitz bat, besteari keinu edo irri bat... haiek alde batetara, gu bestera.

        Berriro geure moduloan. Kafe xorta bat harekin, beste kafetxo bat honekin... «nor etorri zaik», «ongi al zebiltzak», «zer ziotek»... Egunkariak hartu, janari paketea, argazkiak, zapatilak probatu...

        Ziegara txokoraturik ohe gainean etzan eta, buruari itzulika, liburua eskatzea ahaztu zaidala konturatu, eta ene semearen berririk ere gutxi jakin dudala ohartuko naiz, damuz. Konturatuko naiz ez diodala beharrezkorik galdetu, eta esan beharrekorik esan, eta ez dut ulertuko nola demontre aspertu litekeen bixitan, eta nola kristo isilik egon naizen hainbeste gauza kontatzeko edukirik, hainbeste galdera egiteko izanik, eta...

 

Anonimoa

Herrera de la Mancha, 1989

 

Susa aldizkaria, 23-24.

 


 

Espetxetik


Ortze gabeko paraje mingots,

xortaka ximel diren hainbat bihotz,

zurbil harriak, burni, harresi...

haizeak dakar kantu eresi.

        Hau da geriza!

Laidatu dute euskaldun giza,

gailendu zaigu bortitz paliza.

 

Arratsa gogorrak oinaze dakar,

zelda lizun hontan samin ta bakar.

Zutaz galdezka hainbat intziri

bainan alferrik, hau da martiri!

        Ene maitea!

Nahigabe astunek naute betea,

suntsigarria da minkidea.

 

Negar-zotinka, mendre geratu,

luze ta astun gau madarikatu.

Grina zitalek naute ebaki,

bihar biziko naizen nork daki?

        Zure beharra!

Mingor, txiro... ta arras bakarra.

Etor dadila txori goiztarra!

 

Agur maitea, agur laztana,

hainbat zorion ta laztan emana.

Etorriko da egun berria,

ez dago urrun udaberria.

        Ene landare!

Hain eder eta hain paregabe,

nire barnean beti zerade.


Jon Tapia Irujo

Puerto de Santa María, 1992

 

Musika: Anje Duhalde

Bakezaleak diskoa

 


 

Zita


Ez hadi berandu heldu zitara abisatu neuan

                                      ordu eta lekuan.

Bakardade sasoian bizi gaituk, banaka eta

                              bakarminez, oldartuak,

inguratuak, elkartzea gehiegikeria duk,

                                    kale bazterrean

lau minutuz hitzegitea ere arrisku larria duk,

                              baina azaldu hadi.

Ez duk bilera bat, enkontru bat bakarrik

                          bizi haizen jakiteko.

Ager hadi oraintxe bertan, erlojuak

                                  markatzen duen

mamulako une honetan, ez dadila hire

                                        hutsunea heldu,

ez nazak denborari eta inguruari

              amilondoari bezala begira utzi.

 

 

Gaur agertzen ez bahaiz, herenegun itxadongo haut

          ezinezko beste kantoiren batetan.


Joseba Sarrionandia

Nonbait, 1995

 

Hnuy illa nyha majah yahoo

 


 

Ispilurik gabe dihardut nire aurpegiaren bila


Ispilurik gabe dihardut nire aurpegiaren bila

Neguaren katilu hotzean

Kanpoan elur malutak etengabean pilatzen doaz

Ezpainik gabeko musuen antzera

Postalik gabe dator gaurko gaua

Helbiderik gabeko kartazal hutsa dirudi

Eta argia itzaltzen dudanean

Ene ziega gau bilakatzen da

Eta bizitza isiltzera doala dirudienean

Nire gorputzak ez du zurean gordelekurik bilatzen

Eta zure gorputzaren ausentzia besarkatzen dut


Mikel Ibarguren

Fresnes, 1996

 

Hemen gauak lau ertz ditu

 



Aberria norberak bere baitan daraman lur zatia baino ez da

Baina nire aberria irriño baten barruan kabitzen da.

Oroitzapenez osaturiko aberria da nirea,

zurea eta nirea,

izenik gabeko adio isil bat askotan

beti arte, ez dakit noiz arte bat

baina arte bat.

 

Horrelakoxea da nire gurazko aberria:

hutsa eta jendetsua,

boz minartua,

hurbil eta urruna,

bestelakotua,

ñimiñoa

poema baten barruan kabitzen den

aberria da nirea.


Mikel Ibarguren

Soto del Real, 1996

 

Hemen gauak lau ertz ditu

 


 

Albiste zirinolak


Albiste zirinolak arrabots idorra

Nundi nahitik minbera gure leihorra

Badirudi haize hau ez den aldakorra

Ilun kolore dakar soineko atorra

Astindu gogorra

Hilobian horra

Lagun maitakorra

Bihotz emankorra

Doluz jantzi berri da euskal alorra.

 

Ikusten baduzue norbait espetxera

Goiz batez eramaten argi aldera

Ez ausartu sobera laster erratera

Gaixtagin hutsa denik baizik eta bera

Dela ebastera

Sartu behera

Horrekin batera

Hiltzaile gainera

Debruak sortutako satan beltzera.

 

Satana izan ezik ezazue jakin

Maitasun handi batek du honera jin

Abertzalek badute bildu behin eta behin

Parisera eraman luze egon dadin

Fresnes edo Fleuryn

Sante ala Osnyn

Beste nunbait berdin

Jasanaz mila min

Eta berak bezala orok Euskadin.

 

Ikusten baduzue burniz kargatua

Herri bat etsaiari nahiz oldartua

Ez pentsa herri hori denik aldatua

Baketsua zenetik bortitz bihurtua

Baina zatitua

Herri zanpatua

Bizi nahitua

Arrunt zutitua

Bere izaiteari hortzez lotua.


Ernest Arranbide

Chateauroux, 1998

 

Musika: Joseba Tapia

Gaur presoak bihar poetak diskoa

Hain Zuzen diskoa

 



Extremadurako emakume txikiak

beltzez jantzirik

beren gona estuekin eta galtzerdi grisekin

eta belaun zuriak agerian

kartzelara joaten dira

semea ikustera.

Handik

-abokatu bat ezin ordaindurik-

jujearengana,

eta beren haurra ez dela gaiztoa,

«badaki berorrek,

lagunarte txarra...»,

eta hiruzpalau aldiz itzultzen dira,

harik eta egun batean epaileak

sumario ahantzien pilatik

ale banaka batzuk irakurri eta

-eskumuturra kondiziotan baldin balu-

behin-behineko libertatea sina dezan arte.

 

Ama txiki beltzik ez duten presoak, berriz,

haiek, inork ere ez ditu gogoan.

Beraiek dira nonbait

lagun txarrak.


Xabier Izaga

Caceres, 1998

 

Bart irakurtzeko gaur izkiriatua

 



Barne munduan betitik

fantasi zale izanik

ezin jakin zenbat zuku

gelditzen zaidan oraindik

bakar suak ez duelako

inoiz inoren baimenik

ke asko baldin badator

prestatu ditut tximinik

bertsoen garrak xulo bat

izan dezan gutxienik

horrela ez dadin behintzat

kiskaldu itxaropenik

ta amets egiten beti

jarrai dezadan dohainik

nortasun bidetxurretik

ibili beharko dut nik

 

Itsasotik itsasora

ametsaren ametsetan

igerian ibili naiz

betiko lelo zaharretan

suntsituz eta berpiztuz

utopi saltsa horretan

olatua hautsiezin

itzulika anitzetan

ulertzen ez baduzue

hemen zer esaten detan

edo txinpart berezirik

ez bada bertso sailetan

gutxienez busti opilak

maitasunaren esnetan

elikatzen duelako

hau bezalako unetan

 

kantauritik Karibera

Karibetik Kantaurira

lehentasuna aireratu

sormenaren atarira

iristeko hautsitakoa

josiko duen harira

nortasunean jazteko

ta ez inoren neurrira

ezberdin izan daiteke

bakoitzaren sokatira

itsasertzetik itsasertz

edo menditik mendira

askatasunez bakarrik

bilatuko du distira

taupa denetan bihotza

hauxe eskatzen ari da.


Joakin Arregi

Erbestean, 1999

 

Karibetik Kantaurira


 

Aza-hosto baten neurria besterik ez zuen. Dozena erdi bat hosto ikusten zirenean, baten batek, ezkutuan bezala, aihotzez jo eta ebaki egiten zuen. Kimu izatetik gora egiten zuen berriro ere pikondotxoak.

        Ziegatik jaistean eta ziegara igotzean ikusten zuen Lolok hosto bakarreko pikondotxoa, barruti itxi hartan...

        Jakingo ote dute landareek non dauden?

        Lolo, hitz urriko mutila, familiarik ez balu bezala bizi zen kartzelan. Beti bakarrik.

        Hormaren arrailduratik irteten zen pikondotxoa, arraildura haren barrualdera begira jarrita. Nondik zetorren zuhaixka hura? Motzondo zahar batetik seguruen. Lolok sustrai luze-luzeak irudikatu zituen, lur beltz hezetaraino heltzen zirenak. Horma garaiek gorako zuten hainbesteko altuera imajinatzen zuen beherantza; eta zainen harizpiak emandako zurrupadatxoei esker bizi zela pikondotxoa zementu-azalean.

        Udaberrian, pikondotxoa bere hostoen berri ematera zihoanean, Lolori ez zitzaion odola berritu. Defentsarik gabe geratzen ari zela zioen odol analisiak. Odola txuritzen bezala sentitu zuen Lolok. Nekearen bizilekua zen bere gorputza, eta bizileku horren leihoetatik zihoakion bizitza. Eta baten batek aihotzez jo, ebaki izan balu bezala sentitu zuen bere burua ere... bizitzaren zementu-azalera horretan.

        Pikondotxoari begira, haren sustraiak noraino lurperatzen ziren aztertzen hasi zen Lolo. Zainen harizpien hurrupadek bizitzeko adina bizipoz ekarriko ote zioten ala ez begira.

        Eta haurtzarora jaitsi zen bere enbor horretatik, gazte denbora kurritu, familiaren pobreziak dastatu, drogak eragindako lehen bidaia hura eta... eta ez zen gelditu. Egunak eta egunak, gau asko egin zituen Lolok bere lurraren sustratuan.

        Zeri heltzen dio pikondotxoak bizirik irauteko?

 

Jon Gaztelumendi

Puerto de Santa María, 1999

 

Haizea mindu gabe

 



Gaua erroitz zitzaien zaldiei

arrats gorriaren mugan

goizminez itzuli zuten burua

balizko zubien bila

eta irrintzien oihartzunak

ez zien erantzunik itzuli.

 

Ibaiak dakartza gorpuak

haserre datoz, ahozpez,

aspaldiko lurraldetik;

mutu begiratzen diegu.

Zer erantzun ez dakigunean

zer galdetu ere ez dakigu.


Jokin Urain

2001

 

Isilik doaz urak

 


 

Denboraren garbiketa


Nola deitzen da orenak eskuz akatzeko artea?

Goizalbak hatzazkalez urratzeko gaitasuna?

Arratsak eztarriratuz, gauak janez,

gordin-gordinak segunduak, minutuak tragoxka edaten,

geure burua denboraz orditzeko

ahalik eta lasterren...

Nola deitzen da bizitzak bere estartak zeharka ditzan

jorratu behar den atzeraezinezko ildoa?

Eta zuk,

nola deitzen diozu honi?

Zelan izendatuko zenuke zigor ziegetako ibilera

maparik gabe eta lurralde ezezagun bezain ilun,

hotz eta zikinetan?


Joseba Mirena San Pedro

Tarascon, 2002

 

Ataramiñe 1

 


 

Lanbroa Baiona Ttipian


Zure oroimena abesti zahar baten barruan bizi dela esaten badizut,

ez da gezurra egia esatera.

«Ez nago etxean; nahi izanez gero

utzi zure mezua bip-aren ondoren»

izan da utzi duzun azken arrastoa.

 

Zure ahoa dasta ezinean oheratzen naiz

eta zure bisaia bustia noizbait ikusiko dudan ustearekin

jaikitzen naiz egunero.

 

Lanbroegi egiten du Baiona Ttipian.

 

Kate berean doaz hemen pozak eta zorion ezak,

behin-behinekotasunean maitatzeko aukera baino

ez baitu ematen deserriak.

Hurrago nahi zintuzket baina

kale bitarte zabalegia da zure eta nire arteko hau.

 

Kare biziak ahazten ez gaituen arren,

malda atzetik mende bete odoltsua badatorkigu ere,

geure esku dago aitzina jarraitu ahal izateko bermea.

Zuk jakin beharko zenuke nik baino hobeto:

nire herriak muga egiten du zure deserriarekin,

zure gogoak iparralderagoko atzerrietara narama nahitaez.

 

Maite zaitut,

eta honek ez dauka zerikusirik semantikarekin.


Mikel Ibarguren

Aterbean, 2002

 

Deserriko karrikak

 


 

Agurra


Agur esan nizun

ekain goiz batez

eguzki argiak

gure geroa

urgaineztatzen zuen.

 

Atzean

zure begirada izoztua

nirearekin laban egiten

uzten nuen

gatzitutako ariman

belauntzia triste abiatu zen.

 

Zorizko egun hartan

bakoitzaren bidea

zeharkatzen hasi ginen

gure bihotz askatuetan

denbora zehaztuta

betiko geratuko zen.

 

Basamortuko dunetan

iraganeko hautsetan

Zure izena zamatzen darrait

uda ezberdinetan,

neguko min uharre ilunetan

iraganari begira

bizitza isladatzen zait

bihotzeko oroitzapeneko

bidezidorretan.


Karmen Gisasola

Avila, 2002

 

Ateramiñe 1

 


 

Beste manera bat ere atxeman nuen, aski laster, bakartasunaren sistemari aurre egiteko. Nola ez nintzen nehorekin mintzatzen ahal, deliberatu nintzen egunero kantuz aritzera. Ariketa ona iruditu zitzaidan, bai euskaraz aritzeko eta bai euskal kantuak ez ahanzteko. Lehenik zeldan hasi nintzen, harat-hunatka ari nintzelarik zeldaren barnean, atetik leihora joan-jinka. Oroitu arau, banazkien kantuak kantatzen nituen. Kantu bat hautatu eta oroitu bezainbat kopla emaiten nuen. Eta gero idatzi egiten nituen. Oroimena lantzeko eta hiztegia ez galtzeko ariketa biziki ona da. kantu bat osorik edo ahal bezainbat eman ondoan, hitzak gogoan berritz ongi eta aski freskatu ondoan, beste kantu bati lotzen nintzen. Eta batzuetan, ibiltokian ere, kantu bat buruan nuelarik eta hitzak xekatzen ari nintzelarik, kantuz hasten nintzen, airearekin hitzak atxeman nahian. Hastapenean ongi, nehork ez zidan deus erraiten, ez zeldan, ez ibiltokian ari nintzelarik ere. Ibiltokian bi mugimendu edo lasterkaldiren artean ari nintzen kantuz, ez sobera gora, normalki...

        Eta gero, ibiltokian nintzelarik, inguruetako egoitzetako horma alimaliei so, hainbeste leiho burdin sareztaturik, pentsatzen hasi nintzen bat edo bestearen gibeleko zelda horietarik batean euskal duntu bat, enekin harremanetan sar laitekeela bat-edo izan zitekeela. Eta entzuten balu euskal kantu bat, enekin harremanetan sar laitekeela. Orduan egunero, goiz eta arratsaldez, ene kantua gero eta gorago emaiten hasi nintzen ibiltokian, euskaldun batek entzunen zukeelakoan eta ene kantuari arrapostu emanen. Eta egun batez, goizeko ibiltokian nintzelarik norbaitek eman zidan arrapostu: Gora Euskal Herria! Ez nuen ikusten ahal, burdin zirien kontrako sareak itsutzen baitzuen sobera leihoa, baina itzal bat ikusten nuen han gora, azken estaiako teilatu peko azken lerroan, leiho baten gibelean. Ontsa hiza, Patxi?, erran zidan... Zer plazerra!

 

Filipe Bidart

2004

 

Bakardadeaz bi hitz

 


 

«Akelarretarako hauxe abestitxuau»


Ataramiñe ataramiñe

ondiño bizi ga Santimamiñen

ez da bardiñe

hori jakiñe

hango bizipoza ta hemengo samiñe

hau leku urriñe hau zulo zikiñe

nun zauz Garbiñe neure erregiñe

maite zaitudala badinotsut ziñez

Mari Anbotoko Mari sorgiñe

neure bixotzak behar dauen hargiñe

zatoz maitie zatoz poxpoliñe

ointxe nau ointxe ni zeure premiñez

osatu eidezuz zauri gordiñek

bizitzako eziñek

egun eta gabaz zeure jakinmiñez

zeuri diarrez iztarriko miñez

lo banau sartu jo barik txirriñe

ametsera agertu zeure hanka ariñez

Urederran bizi dan azken lamiñe

umetxotan neukan trapuzko panpiñe

begitxuek ezti ezpañak guriñe

goxotan goxo fiñetan fiñe

hoba bizi giñen antziñe antziñe

erregiek leitxe han Santimamiñen

Ataramiñe ataramiñe

ogi gogorrari zorroztu hagiñe

ta gaiztuei beti ataramiñe.


Aitor Fresnedo

Alacant, 2004

 

Ataramiñe 3

 

 

 

www.susa-literatura.eus