Arrainen erregina

 

Gerard de Nerval

euskaratzailea: Ramon Etxezarreta

Argos Vergara, 1984

 

        Valoisko lurraldean, Villiers-Cotteretsko basoen erdi erdian, inguru hartako errekatxo ertzetan aurkitzen ziren mutiko eta neskato bat bizi ziren. Mutikoa bere osaba zen Enborjalek behartzen zuen zotzaka bila joatera, neskatoa berriz bere gurasoek bidaltzen zuten aingira bila, ur geldietara, ze ur geldian ikusi egiten baitziren. Eta besterik ezean, hango parajetan hain ugari ziren kangrejoak harrapatu behar izaten zituen.

        Baina beti makurturik eta hankak uretan zituela, neskato gaixoak hainbesteko pena hartzen zuen, ibaitik ateratzen zituen arraintxoen mugidak ikusiz, ia beti errekara itzultzen zituen eta sarritan hozka eginaz behatzak odoltzen zizkioten kangrejoak hartzen zituen, haiek hainbeste pena ez baitzioten ematen.

        Bere aldetik, mutikoak, nahiz eta zotzaka iharrak eta zuhaitz adarrak bildu, sarritan jasotzen zituen osaba Enborjaleren errietak, aski bildu ez zuelako batzuetan, edo arrantzale ttikiarekin denbora galdu zuelako bestetan.

        Aste egun jakin batetan bi haurrak ez ziren inoiz ere aurkitzen... Eta zein zen egun hori? Melusina hada arrain eta Eddako printzesak zisne bihurtzen ziren egun huraxe.

        Egun haietako baten biharamunean, egur zale gazteak honela esan zion arrantzaleari:

        — Gogoratzen al duzu atzo nola ikusi zintudan Challeponteko uretan igarotzen arrain guztiak gorteiu zenituela? Zamoak eta urotsoak ere segizioan zeneramatzan. Eta zeu ere oso arrain ederra zindoazen, gorri-gorria eta bizkar distiratsuarekin.

        — Oso ondo gogoratzen naiz —esan zuen neskatoak— ze neuk ere ikusi zintudan. Ibai ertzean zeunden eta urrezko adarrak zituen haritz eder bat ematen zenuen... Eta basoko zuhaitz guztiak makurtzen ziren lurreraino zu agurtzeko.

        — Egia da —zioen mutikoak—, nik amets hori egin dut. Zuk esan duzun amets hori ere egin dut nik ere. Baina nolatan egin dugu topo ametsetan?

        Enborjale agertu zenean eten zen elkarrizketa, ze honek egur handi batekin jipoitu zuen mutikoa oraindik zotzaka bat bera ere aurkitu ez zuen aitzakian.

        — Eta gainera, zenbat aldiz esan behar dizut adar hezeak ere bildu eta pilatzeko!

        — Baina guardak perrerara sartuko ninduke nire pilan egur hezea aurkituko balu... Eta gainera zuk esandakoa bete nahi izan dudanean zuhaitzak aieneka hasi izan zaizkit.

        — Berdin-berdin gertatzen zait niri saskian arraintxo biziak sartzen ditudanean. Hain lantu tristeak jotzen entzuten ditut, non berriro uretara botatzen ditut... Eta gero etxean jo egiten naute.

        — Egon hadi isilik, mukitzua! —esan zuen Egurjalek. zirudienez zurrutak berotuta—. Nire ilobari lanik egiten ez diozu uzten. Oso ondo ezagutzen zaitut zure urrezko hortz zorrotz horiekin... Arrainen erregina zara... Baina moldatuko

naiz egun jakin batean zu harrapatzeko, eta saskian hilko zara... Bai jauna, saskian!

        Bere mozkorrean Egurjalek botatako mehatxuak betetzen ez zuten asko tardatu. Egun jakinetan hartzen zuen arrain gorri itxurapean preso egin zuen neskatoa. Baina zorionez, bere ilobaren laguntzaz Egurjalek zumezko saskia atera nahi izan zuenean, mutikoak ametsetan ikusi zuen arrain gorri distiratsua ezagutu egin zuen.

        Egurjaleren kontra defendatzen saiatu zen, abarkarekin jo eta dena egin zuen. Haserre, osabak tximetatik heldu zion lurrera bota nahian, baina harrituta geratu zen osaba halako indarra ikusi zuenean. Izan ere mutikoak halako indarrarekin mantentzen zituen bere hankak lurrean ze bere osabak mugitu ere ezin zuen egin.

        Mutikoa ia erori zen garaian, basoko zuhaitzek murmurio itsu bat atera zuten, adar astinduek haizeari ziztu joarazi zioten, eta ekaiatzera eginarazi zion Enborjaleri, eta hau bere bordara joan zen.

        Berehala agertu zen berriro, mehatxukor eta izugarri Odinen egiazko seme bihurturik. Bere eskuetan ikusten zen arbolak mehatxatzen zituen aizkora australiarra, Thor haitz-hauslearen mailuaren antzeko.

        Egurjalek —bere osaba eta gaizkilearen manupeko basoetako erregeak bazekien jada bere leinua zein zen—, ezkutatu nahi zien leinua. Zuhaitzek babesten zuten, baina beren gorputz eta indar geldiarekin bakarrik.

        Laharrak eta sustraiak ere elkarren artean korapilatzen hasten dira, alfer samarrik, Egurjaleren urratsak geldiarazteko. Baina honek bere aizkolariei deitzen die eta hauek kentzen dituzte enbarazu guztiak. Eta arbola asko, druida zaharren garaitik jada sagaratuak zirenak aizkorakaden pean erortzen hasten dira.

        Bitartean, zorionez, arrainen erreginak ez zuen denbora alferrik galdu. Marne, Oise eta Aisneren aurrean belaunikatzera joan zen —ingurutako hiru ibairik handienak alajaina— Egurjaleren asmoei oztoporik jartzen ez bazien, izan ere, basoko zuhaitzak ez ziren aski izango euriak sortzen dituen lurrinei eusteko, eta ibaiek, errekek eta errekatxoek ez zuten urik izango. Iturriak ere

agortu egingo ziren eta ibaiak elikatzeko lain urik ez zen gehiago izango. Horrezaz gainera denbora gutxi barru arrain guztiak ezkutatuko ziren, eta berdin gertatuko zitzaien abere, piztia eta hegazti guztiei.

        Hau entzun zutenean, hiru ibai handiek erabaki gogorrak hartu zituzten. Egurjale eta bere lagunak basoaren suntsiketan ari ziren lur sailean -artean basoetako printzea harrapatu gabe— uholde handiak egin zituzten, eta urek ez zuten beherakorik egin mutikoaren bila zebiltzanak ito ziren arte.

        Orduan hasi ziren berriro basoetako erregearen eta arrainen erreginaren arteko ohizko elkarrizketak.

        Baina jada ez ziren arrantzale ttiki bat eta egur biltzaile gazte bat, lamia eder bat eta bere gizona baizik.

 

 

 

© Gérard de Nerval
© itzulpenarena: Ramon Etxezarreta

 

 

Gérard de Nerval euskaraz