Filosofia
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Arratseko itsaso mortuari begira
Gazte nahigabetu batek, burua
Mila zalantzez nahasirik,
Olatuei ezpain dorpez galdetu die:
«Oi, adierazi egidazue bizitzaren enigma,
Hainbeste bururen gogoeta gaia izan den
enigma larri zaharra,
Hieroglifiko txanodun buruek,
Kapela belzdun eta turbantedun buruek,
Ileordedun buruek eta beste mila
Giza buru pobre eta izerditsuk egin baitute
Galdera hau: Zer da gizakumea?
Nondik heldu da? Eta nora doa?
Nor bizi da han, izar doratuetan?»
Olatuek beren murmur hots eternala
jarraitzen dute,
Haizea ufaka ari da, hodeiak iheska doaz,
Izar axolakabe eta hotzak izarniatzen,
Eta idiota bat dago
erantzunaren aiduru.
Hezurrezko xirulak, Elkar, 1991