II. EKITALDIA

 

Lehengo irudi-toki bera. Atzean pianoaren ondoan, eguberri zuhaitza, jostailu eta apainduri guztiak kendua. Sofaren gainean Noraren sonbrero, guante eta abrigoa.

 

 

I. AGERRALDIA

 

Nora, egon-ezinik, larri, dabil horrantz eta honantz. Geldi bedi sofaren ondoan, har beza abrigoa, pentsatzen bego eta utzi berriz.

 

NORA: Badator bat edo bat... (Ate ondoraino joan eta zelatatuz.) Ez, ez dator inor... Ez da gaurko, nola ba gaur eguberri eguna da eta... ezta biharko ere... Beharbada... (atea ireki eta kanporantz begira). Ez buzoian ere ez dago ezer ere... Txorakeriak... Etxean benetako amenazoa. Ezin daiteke holakorik gerta. Hiru haurren ama izaki eta... (Mariana sartzen da ezkerretik kartoizko kaxa handi batekin.)

 

 

II. AGERRALDIA

 

MARIANA: Bilatu dut orratik azkenean soinekoaren kaja.

NORA: Ondo da. Utzi ezazu hor mahaiaren gainean.

MARIANA: (Uzten du.) Dagoen bezala beharbada ez zaizu ondo geldituko.

NORA: A hamar mila puska egingo nuke gustura txintxilatu eta kito.

MARIANA: Ez horixe, errax konpondu eta eratu daiteke. Pazientzia pixkat behar.

NORA: Bai Linderen andrearengana joango naiz laguntzera etor dakidan.

MARIANA: Haurtxo gajoak! Eguberritako erregalien jolasean dabiltza, baina...

NORA: Askotan aitatzen al naute?

MARIANA: Hain ama zulo dira...

NORA: Bai Mariana, beti gona tartean nituen baina aurrera ezin hainbeste denboran egongo naiz beraiekin.

MARIANA: Haurrak denera jartzen dira.

NORA: Zuk hala uste al duzu? Iduritzen al zaizu ahaztuko ninduketela joango banintz betiko...

MARIANA: Jainko maitea, ez ezazu esan betiko!

NORA: Aizu, Mariana, beti gauza bat galdetuko nizukeenean nabil... Zuk nolatan utzi zenuen zure alabatxoa arrotzen eskuetan?

MARIANA: Ze erremedio! Noratxo hau hazi behar nuen eta.

NORA: Bai baina nolatan hartu zenuen erabaki hori?

MARIANA: Hain zen kolokazio ona! Ez zen suerte makala niri gertatu zitzaidana gertatutako neska batentzat. Bilau arek ez baitzuen nirekin ezer jakin nahi...

NORA: Seguru asko zure alabak ahaztuko zintuen!

MARIANA: Bai zera, lehenengo jaunartzea egin zuenean idatzi zidan eta gero berriz ezkondu zenean ere bai.

NORA: (Lepotik heltzen diola.) Ai Mariana maitea! Zu izan zinen niretzat ama haur nintzenean.

MARIANA: Noratxo gaixoak ez baitzuen ni beste amarik.

NORA: Eta nire haurrak ere amarik gabe gelditu balira, badakit bai nik berriz zu... Ba berriketak. Esateagatik esan egiten dira gauza hauek! (Kaxa irekitzen du.) Tira zoaz zure lanetara nik... Ikusiko duzu bihar zeinen ederra azalduko naizen.

MARIANA: Dantzari guztietan ez da izango zu baino politagorik. Ez horixe (Bihoa ezkerreko atetik).

NORA: (Kaxa ireki eta itxi eta utzi.) Etxetik aterako nintzateke ba. Baneki ziur ez dela inor etorriko... Bitartean etxean ez dela ezer gertatuko baneki... Txorakeriak! Ez da inor etorriko... Uxa pentsamendu txarrak! Beso erdi hauexek orraztu behar ditut eta esku-larruak apaindu... Uxa burutapen horiek!... bat, bi, hiru, lau (karraxi egiten du.) A, badator... (Atera joan edo ez joan zalantzan Kristina sartzen da, antekamaran sonbreroa eta abrigoa utzi dituelarik.)

 

 

III. AGERRALDIA

 

NORA: A. Hi al hintzenan Kristina? Ez zetorren noski beste inor hirekin? Garai onean hator neska!

KRISTINA: Nire galdezka joan haizela ezan zidaten!

NORA: Ba hire ostatu paretik pasa behar ninan eta pittin bat lagunduko ote hidanan joan naun. Eseri gaitezen eta esango dinat zer den. Bihar dantza-bilera dun gure gaineko bizitzan Stenberg kontsularen etxean. Eta Torwaldok, Napolesko arrantzale-andre jantzi nadila eta Caprin ikasi nuen tarantela dantza dezadala.

KRISTINA: Hola, hola. Ez zabiltza txikiri-txakarretan e?

NORA: Bai Torwaldok hala nahi din. Hemen zegon soinekoa. Torwaldok eginarazi zidanan, baina hain hautsia eta hondatua zegon ez zekinat...

KRISTINA: (Soinekoa ikusmiratu eta gero.) Bai neska laxter konponduko dinagu. Edergailu batzuk askatuak hiru edo lau lekutan besterik ez zeukan. Agudo, jostorratza eta haria. A. Hemen bazegon denetik.

NORA: Bai ona haizela.

KRISTINA: (Josten ari den bitartean.) Bihar hortaz arrantzale-jantziarekin. Etorriko naun ni ere, ixtant batean lehenik ikusi behar haunat. Atzo gauekoagatik eskerrak ematea ahaztuta nengoan...

NORA: (Altxa eta ixkina batetik besteraino joanaz.) Ez dinat uste, hemen ohi den bezain ondo egon ginenik. Pittin bat lehentxego etorri bahintzenan... Kristina. Torwaldok badin etxea atsegin egiteko artea.

KRISTINA: Baita hik ere... ezagun den bai aitaren alaba haizela. Aizan eta... Rank sendagile hori atzo bezain eroria al dago?

NORA: Ez, atzo inoiz baino eroriagoa zegonan. Gizajoak bizkarrezurrean zeukan izugarrizko gaitza. Bere aitak, emagalduekin ibiltzen zen nazkagarri bat izan behar zinan... horregatik semea txiki-txikitatik erdi gaixo beti.

KRISTINA: (Josteari utziz.) Baina neska, zeinek esan dizkin gauza horiek denak?

NORA: Hiru seme-alaba izan dituenerako bati, neska, sasi-mediku diren atso asko etortzen zaizkion bisitara eta gauza asko jakiten ditun...

KRISTINA: (Josten hasten da berriro eta berriro utzi.) Rank jaun hori egunero etortzen al da?

NORA: Bai egunik huts egin gabe. Gure lagunik onena bera den. Etxekotzako zeukanagu.

KRISTINA: Eta egia esate al du? Alegia esan nahi niken: txurikerian aritzea gustatzen al zaio?

NORA: Ez eta gutxiagorik ere. Zergatik galdetzen dinan?

KRISTINA: Atzo hemen elkar-topo egin genuenean eta ni zein nintzen esan nionean, nire izena sarritan entzun omen zuela esan zinan. Gero berriz hire senarrak nire aitamenik sekulan egin zionik ez hunan gogoratzen. Nire berri nolatan daki orduan Rank jaunak hire senarrak ez badu.

NORA: Arrazoi da Kristina. Torwaldok izugarri maite natxion eta beraz bakarrik izan nadila nahi din, esan dugun bezala. Haurren berri hartan zeloak hartzen zizkianan lehendikan maite ninduten pertsonez hitz egiten nionean eta jakina, utzi egin nitxionan haren aurrean aitatzeari, baina Rank jaunarekin askotan mintzatzen naun haietaz. Entretenigarri zaizkion.

KRISTINA: Entzuidan ondo, Nora. Gauza askotan oraindik ume bat haiz hi. Ni alde batetik hi baino urte batzuk gehixeago eta bestetik askoz gehiago ikusia natxion eta kontsejutxo bat eman behar dinat Rank delako jaun horri buruz. Honek honetan bukatu behar din.

NORA: Zerk bukatu?

KRISTINA: Gauza askok. Atzo esan hidanan nola ametsetan ikusten hunan maitale aberats bat eta dirua hartzen zuela...

NORA: Bai baino hik badakin ez dela holako maitalerik... zoritxarrez. Zer gehiago?

KRISTINA: Rank hori aberatsa al da?

NORA: Bai dirua badin.

KRISTINA: Eta familiakorik?

NORA: Ezta inortxo ere. Baino ze...?

KRISTINA: Eta egunero etortzen al zain hona?

NORA: Baietz ba.

KRISTINA: Errespetuko gizona bada itxura horietan nola ibili liteke, egunero higana etortzen.

NORA: Neska ez dinat konprenitzen zipitzik ere.

KRISTINA: Ez ezan diximulatu Nora. Uste al dun ez naizela konturatzen zeini eskatu hizkionan mila eta berrehun ezkutuak?

NORA: Txoratu egin al haiz? Benetan hori pentsatzen dunala? Nolatan eskatu nizkionan ba egunero sudurraren puntan daukadan lagun bati? eta gero ze aurpegi jarri...

KRISTINA: Orduan benetan hori ez dela?

NORA: Ezetz ba, ezetz. Ezta sekula-santan buruan pasa ere ez zaidan egin holako pentsamendurik; gainera garai hartan nahita ere ez zidanan emango. Artean ez zinan horrek dirurik: geroztik jaso dizkin ondareak.

KRISTINA: Hobe ere badun hiretzat, Nora.

NORA: Ez, neska, ez zitzaidan bururatuko medikuan eskatzerik... ezta... hala ere ziur nion eskatuko banio...

KRISTINA: Baina ez dun holakorik egingo e?

NORA: Ez neska, ez dinat uste premiarik izango dudanik ere, baina ziur-ziur nion nik hitz-erdi bat esango banio...

KRISTINA: Hire senarraren ixilean...?

NORA: Egoera hoentatik hala atera behar dinat, sartu ere hala egin nitxionan eta. Baina hau bai bukatu behar dudala.

KRISTINA: Esaten ninan nik atzo.

NORA: (Alde betetik bestera barrez.) Gizon batek arazo hauek emakume batek baino hobeto erabaki eta aurrera ateratzen dizkin.

KRISTINA: Gizon hori senarra baldin bada bai.

NORA: Txorakeriak! (geldituz). Baina ordaintzen denean, erreziboa itzuliko zidanen ezta?

KRISTINA: Jakina ba.

NORA: Eta paper higuingarri hura mila puska egin eta erre eta kiskali nezaken ezta?

KRISTINA: (Begira-begira jartzen zaio, josteari utzi eta poliki-poliki altxatzen da.) Aizan Nora, hik zerbait gordetzeidan.

NORA: Aurpegian antzeman al didan?

KRISTINA: Atzo goizetik hona zerbait pasa zain. Zer da?

NORA: (Harengana jiratuz.) Kristina (entzun-keinua). Ixo. Torwaldo hor zetorren. Joan hadi haurren gelara, Torwaldok ezin baitu inor josten ikusi. Esaion Marianari laguntzeko.

KRISTINA: (Soinekoak bilduz.) Bueno baina ez dinat etxe honetatik alde egingo harik eta den-dena esaten didanan arte. (Bihoa ezkerretik eta bitartean betor Helmer antekamarako atetik.)

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Helmer eta Nora

 

NORA: (Helmerri bidera irtenaz.) Aspalditxoan zure zain nengoen, Torwaldo bihotzekoa!

HELMER: Jostuna al zen?

NORA: Ez, Kristina biharko soinekoa konpontzen ari zait... ikusiko duzu: ahoa bete haginekin utziko ditut denak.

HELMER: Bai gauza ederra bururatu zitzaidan.

NORA: Zoragarria. Baina nik ere badut meritua, zuri atsegin ematen saiatzeagatik e?

HELMER: (Kokotsa igurtziaz.) Meritua? Zure senarrari atsegin emateagatik meritua? Tira, tira, ez zenuen hori esan nahiko. Banoa, ez zaitut gehiago entretenitu nahi, soinekoa prestatu beharko duzu eta...

NORA: Eta zu, lanera al zoaz?

HELMER: Bai (paperak erakusten dizkio). Hara, bankuan izan naiz. (Despatxura sartzen hasten da.)

NORA: Torwaldo.

HELMER: (Geldituaz.) Zer?

NORA: Zure katagorriak arren eta arren gauzatxo bat eskatuko balizu...

HELMER: Zer?

NORA: Egingo al zenuke?

HELMER: Lehenbizi zer den jakin behar dut behintzat.

NORA: Zuk amore eman nahi bazenu eta egin zure katagorria saltoka eta brinkoka ibiliko litzateke.

HELMER: Esan ba zer den.

NORA: Larratxoriak txorrotxiorik politenak aterako lituzke.

HELMER: Larratxoriak ez daki besterik egiten.

NORA: Dantzatuko nintzateke ilargitan zure entretenigarri.

HELMER: Nora... Ezta ba izango gaur goizean aitatu didazun hura?

NORA: Bai Torwaldo... Egidazu mesede horixe.

HELMER: Eta oraindik ere baduzu korajea hori aitatzeko?

NORA: Bai, bai, emaidazu amore, Krogstadek bankuan jarraitzea nahi dut.HELMER: Begira, Nora, Linden andrea jarri dut hain juxtu leku horretan..

NORA: Estimatzen dizut baino beste bat bota ezazu Krogstad bota beharrean.

HELMER: Setatsua ere markakoa zara. Atzo goizean batere pentsatu gabe agindu zeniola eta nahi zenuke...

NORA: Ez da horregatik Torwaldo. Zuregatik da. Esan izan didazu behin baino gehiagotan gizon horrek periodikurik txarrenetan idatzi duela eta... kalte izugarria egin diezazuke! Beldurra ematen dit.

HELMER: A bai, badakit zer gertatzen zaizun, garai bateko gauzez oroitzen zara eta ikaratu.

NORA: Zer adierazi nahi duzu?

HELMER: Alegia zure aitari pasea gogoratzen zaizula.

NORA: Horixe ba. Oroitu zaitez zenbat paper zikindu zuten gure aitaren kontra persona bilau haiek eta zenbat gezur erantsi zizkioten. Gero puestoa galdu beharrean izango zen azkenean, nagusiak zu ez bazinduen bialdu, egia zer zen jakitera eta zuk hain bigun hartu ez bazendu.

HELMER: Baino Nora: zure aita eta ni ez gara zorro bateko irinak. Hark ez zuen beti garbi jokatu eta nik bai eta baita jokatuko gainera.

NORA: Bai baina... nork daki zer asma ez lezakeen mingain gaiztoak? Hain ederki bizi gintezke bake-bakean poz-pozik zu, haurrak eta ni gure habian! Horregatik hainbeste bider arren eta arren ari natzaizu.

HELMER: Ba hain zuzen zuk eskatzen didazulako ez nezake egin! Bankuan badakite denek kanpora doala eta orain jakingo balute direktore berriari bere emazteak asmoa aldarazi diola...

NORA: Zer?

HELMER: Ez lioke axolarik halare, jakina, zu zeurearekin atera ezkero. Uste al duzu mendeko guztien aurrean barregarri gelditu nahi dudala...? emaztearen mende nagoela eta omen zuk galtzak janzten dituzula aditzera emanez? Pentsa dezakezu ez litzatekela hau azkenekoa izango, laster lirateke bi baino gehiago zure bitartez nigandik hau edo hura iristeko ate-joka eta zirikaka. Gainera bada beste arrazoi bat ere Krogstadek lanik egin ez dezan bankuan ni direktore naizen bitartean...

NORA: Ze arrazoi?

HELMER: Bere gaiztakeriak gorabehera... nik honetara ezkero ez ikusia edo ez jakina egin nezake.

NORA: Bai, ezta? Torwaldo?

HELMER: Batik bat langile artetsua dela jakin dudan ezkero... baina... aspalditik ezagutzen dugu elkar. Gaztean txoro-txoro egin eta gero geure bizitzan hainbeste enbarazu egiten diguten adiskide horietako bat da. Elkarri hika hitz egiten diogu, horra. Eta gizon horrek ez daki inoren aurrean disimulatzen ere alderantziz badirudi orduan areago aritzen dela eta ez zait ixiltzen. Gogaikarria da benetan eta bankuan ezin burutu dut horrekin.

NORA: Torwaldo zuk ez duzu pentsatu esan didazuna.

HELMER: Zer ba?

NORA: Zikoizkeria bat litzakelako hori.

HELMER: Zikoizkeria? Zikoitza naizela uste al duzu?

NORA: Ez ba, Torwaldo maitea, eta horregatixe.

HELMER: Berdin dio. Zuk nik egina zikoizkeria diozu, beraz zikoitza naizela. Zikoitza, e? Hori ere aditu behar genuen! (Deituaz.) Elena!

NORA: Zertara zoaz?

HELMER: Erabaki bat hartzera. (Paperen artean bat bilatuz.)

 

 

V. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Elena

 

HELMER: Tori eskutitz hau. Oraintxe bertan bila ezazu mutil bat eta eraman dezala! segituan! zuzenbidea jarria dago. Tori dirua ere.

ELENA: Ondo da jauna. (Bihoa eskutitzarekin.)

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Nora eta Helmer

 

HELMER: (Paperak bilduz.) Horra ba andre setatsua.

NORA: (Erdi zotinka.) Zer doa sobre horretan?

HELMER: Krogstad botatzeko agindua.

NORA: Har ezazu berriro Torwaldo!Oraindik garaia da. Ez ezazula bialdu! Egizu nigatik... zugatik eta haurrengatik: Entzuidazu Torwaldo!... Egidazu mesede horixe! Ez dakizu gizon honek zenbaterainoko zoritxar ekarri liezazuken.

HELMER: Beranduegi da.

NORA: Bai beranduegi da.

HELMER: Barkatzen dizut Nora, zure larrialdi hau niretzat irain bat besterik ez den arren. Bai irain eta destaina egiten didazu horrela larritzearekin. Ez al da iraina niretzat, zuk legegizon txatxu horren bengantzaren beldur izan nintekeela uste izatea? Baina dena dela barkatzen dizut, asko maite nauzula adierazten du eta. (Besoetan hartzen du.) Behar-beharrezko da nire bihotzeko Nora. Nahi duena egin dezala. Une larrietan nik hartzen ditut erabakiak eta datorrena betor eratzukizun guztien jabe egiten naiz.

NORA: Zer esan nahi duzu?

HELMER: Erantzukizun guztiak nire gain hartzen ditudala.

NORA: (Irmo eta gogor.) Ez, hori ez duzu egundo egingo.

HELMER: Bueno, ondo da. Bien artean ba, Nora senar-emazteak garenez. Hala izan behar du. (Laztanduaz.) Orain konforme al zaude? Tira, tira, ez iezadazu begiratu usakume izutuak bezala. Zure usteak eta bururakizunak dira horiek! Utzi buruhauste horiek eta ekinaldi bat egizu dantzan biharko trebatu zaitezen. Ni ere lan-gelan sartuko naiz, atea itxiko dut eta ez dut handik ezer entzungo. Atera dezakezu nahi adina zarata! Rank datorrenean esaiozu non naizen. (Buruarekin agur zeinua egiten dio eta paperak bilduz despatxuan sartzen da eta atea ixten du.)

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Nora, Rank eta gero Elena

 

NORA: (Arrunt izutua eta penatua, bego geldi-geldi eta bere kasa ixil-xamar hala dio.) Kapaz da hura egiteko. Kosta ahala kosta egingo du. Ez, behin ere ez! Edozer hori baino lehen!... Korajetu nadin... Aitzakiaren bat! (atea jotzen dute.). Rank sendagile jauna izango da! Edozer hori baino lehen... edozer gauza! (Kopeta eskuarekin igurzten du, eta bere burua ahaleginean lasaituta atea irekitzera doa. Zirristatik Rank ikusten da abrigoa zintzilik uzten. Ilunabarra da.) Arratsalde on sendagile jauna. Atea jotzeko tankeran antzeman diot zu zarela. Ez zaitez orain Torwaldorengana joan lanean ari baita.

RANK: Eta zu?

NORA: (Medikua sartu eta berak atea itxi bitartean.) Nik badakizu zurekin egoteko beti izaten dudala tarte pixka bat...

RANK: Eskerrik asko. Ahal dudan denbora guztia aprobetxatuko det.

NORA: Ze alditan denbora guztia?

RANK: Bai, izutu egiten al zara?

NORA: Esaera harrigarria da. Zerbait pasako al da ba?

RANK: Bai aspalditxotik igarria neukana, baila ez nuen uste hain agudo izango zenik.

NORA: (Larri besotik heltzen dio.) Ze pasatzen da? Ze esan dizute? Hasi eta buka guzti-guztia esan behar didazu...

RANK: (Tximini ondoan esertzen da.) Aldaparen barreneraino iritsi naiz eta honetara ezkero ez dago ezer egiterik...

NORA: (Arnasa hartuz, lasaiago.) Zeure buruagatik ari al zara?

RANK: Noski, zeinengatik ba? Zertarako nire buruari iruzur egin? Nire gaixo guztietan errukarriena ni naiz. Egun hauetan nire osasunari edo gaixotasunari alde guztietatik ondo begiratu diot eta nireak egin du! Hilabete bat baino lehenago, beharbada, hauts bihurtua nengoke...

NORA: Gizona, gizona, ez ezazula holakorik esan. Itxusiegia da hori aitatzeko ere.

RANK: Izan ere gertatu behar zaidana da zeharo itxusia eta ezin inola apaindu eta politu. Eta okerrena aurretik etorriko diren oinazeak. Gauzatxo bat bakarrik daukat ikusteko eta horixe egitean jakingo dut gutxi gorabehera noiz izango den azkenaren hasiera. Gauza bat esan behar dizut. Helmer izaeraz minberatia da eta gaitz egiten diote itsuskeriak. Ez dut nire ohe-buruan ikusi nahi.

NORA: Baina jauna...

RANK: Ez dut nahi eta kitto. Ez aitzakiarik sumatzen hasi. Nire etxeko atea itxiko diot. Hondamendia gainean dudala ziur jakin ordukoxe bialduko dizut nire tarjeta gurutze beltz batekin markatua eta horretatik antzemango diozu nire bukaera hasia dela.

NORA: Ez, e. Gaur aldrebeskeria gehiegi esaten ari zara. Eta nik umore oneko egotea neukan premiarekin...

RANK: Nola ordea, heriotza begien aurrean dudalarik (geldiunez). Eta besterengatik nozitu behar! Hori al da zuzentasuna? Etxe guztietan izaten da alde batera edo bestera gainerakoengatik nozitzen duenen bat...

NORA: (Behatzarekin belarriak itxiz.) Ixo! Ixo! Pozik gaude, pozik gaude.

RANK: Bai pentsatzen jarri ezkero barregarria da bai. Nire bizkarrezurrak sufritu behar gajoak aita (teniente) gaztea zenean alaiki festarik festa ibili zalako.

NORA: (Ezkerraldean beladorearen inguruan.) Esparragoak eta pastelak gehitxo gustatzen zitzaizkion ezta?

RANK: Baita gezurrak ere.

NORA: A bai, gezurrak asmatzea eta neska gazteak?

RANK: Horixe ba, neska gazteak ziriak nori sartu izateko.

NORA: Baita ardo gorria eta xanpaina... Lastima da horren gauza onak izaki eta bizkarrezurrari gaitz-egitea.

RANK: Bai, batez ere, sekula gauza on horiekin gozatu ez duen bizkarrezur gajoak nozitu behar duenean...

NORA: Bai horixe da okerrenal

RANK: (Norari begira-begira.) Hum...!

NORA: (Itxoin aldi txiki baten ondoren.) Zeri barre egiten diozu?

RANK: Barre, zuk egin duzu eta barre?

NORA: Ez jauna, ez, zu izan zara barre egin duzuna

RANK: (Altxatuz.) Uste nuen baino adar-jotzaleago zara.

NORA: Ez da hori. Gaur txorakeria besterik ez dudala esaten baizik.

RANK: Ezagun da bai.

NORA: (Medikuaren sorbalda gauean eskua jarrita.) Mediku maitea ez duzu hil behar eta Torwaldo eta biok hemen bakarrik utzi!

RANK: Ba, ezbehar horregatik belaxe kontsolatuko zarete. Hain erraz ahaztutzen dira hilak!

NORA: (Larritasunez begiratzen dualarik.) Hala uste al duzu?

RANK: Adiskide berriak egiten dira eta gero...

NORA: Adiskide berriak egin?

RANK: Bai Helmerrek eta zuk halaxe egingo duzue ni ezkutatu ordukoxe. Zu hasi zarela derizkiot. Ze egin behar zuen bart gauean hemen Linde andreak?

NORA: A... Ez al dizkiozu Kristina gajoari zeloak hartuko!

RANK: Bai. Huraxe izango da nire ondorengoa etxe honetan. Ni hiltzen naizenean andre hori...

NORA: Ixo. Ez ezazula hain ozenki hitz egin hemen dago eta.

RANK: Gaur ere bai? Ikusten duzu.

NORA: Nire soinekoa antolatzera etorri da. Jainko maitea, bai ulergaitza eta gogorra zaudela gaur. Orain txintxoa izan behar duzu e? Ikusiko duzu bihar zeinen ederki dantzatuko naizen eta pentsa zenezake zuregatik egiten dudala... bueno eta Torwaldorengatik ere bai, jakina! (ateratzen du zenbait gauza kaxatik). Eseri zaitez gauza batzuk erakutsi diezazkizudan!

RANK: (Esertzen da.) Ze erakutsi behar didazu?

NORA: Ez daukazu begiratu besterik... Ikusi!

RANK: Udako galtzerdiak.

NORA: Haragi kolorekoak. Ez al dira politak? Orain iluntxo dago baino bihar... Ez, ez, zuk ez duzu ikusiko zangoak besterik. Hala ere txiripaz zeozer gehiago ikusiko bazenu...

RANK: Hum...!

NORA: Zergatik jartzen duzu duda aurpegi hori? Ez ote didate ba ondo emango?

RANK: Nik zer dakit ba?

NORA: (Ixtant batean begira dagokio.) Joan zaitez pikutara! Gizona bai gaiztoa! (galtzerdiekin joaz belarri bat estutzen dio). Hala zaude orain (eta kaxan sartzen ditu).

RANK: Ze gauza harrigarri ikusi behar ditugu ba.

NORA: Orain batere ez. Ez duzu ezer ikusiko txintxoa izan ez zarelako (kaxa miatzen du kantari).

RANK: (Itxoin aldi txiki baten ondoren.) Hemen hola zurekin goxo-goxo nagoenean ezin dut asmatu... Ez dut sumatzen ze izango nintzen gaur sekula etxe honetara etorri ez banintz.

NORA: (Irribarrez.) Bai, egia esateko bapo zabiltza hemen.

RANK: (Ixilago eta aurrera zuzen-zuzen begira.) Eta hau dena utzi egin behar...

NORA: Txorakeriak! Ze utzi beharko duzu ba.

RANK: (Len bezala.) Eta ezin utzi eztigarri bat ere... Gehienaz ere laster uxatuko den saminaldiren bat... lehenengo datorrenak beteko duen hutsune txiki bat.

NORA: Eta nik eskatuko banizu...? Ze...?

RANK: Eskatuko ba zenidake... zer?

NORA: Maite nauzula seinale bat.

RANK: Bai, zer?

NORA: Alegia mesede izugarri bat.

RANK: Emango ote didazu ba inoiz poz hori?

NORA: Bai, baina zuk ez zenuke asmatuko zer den.

RANK: Ia ba, esadazu.

NORA: Ez, ez, ezin dut esan! izugarria da... kontseju bat, laguntza bat, mesede bat, horiek denak batera...

RANK: Orduan eta hobe. Ezin dut igarri ze izan diteken baina, esan ezazu ba behin. Ez al daukazu nigan konfiantzarik?

NORA: Inorgan baino gehiago. Badakit zu zarela nire lagunik onena eta leialena, eta honegatik dena kontatzera noakizu. Ba, jauna, gauza bat gerta ez dadin laguntza behar dut. Zuk badakizu zenbat maite naun Torwaldok, ixtant batean zalantzan egon gabe emango luke nigatik bizia.

RANK: (Norarengana makurtuaz.) Nora... hark bakarrik uste al duzu?

NORA: (Atzealderatuz.)

RANK: Zer? Hark bakarrik uste al duzu? Zuregatik pozik emango lukela bizia?

NORA: (Itunki.) Baina benetan?

RANK: Zin egin dut ni hil baino lehenago jakingo duzula. Egokiera hoberik ez nezake topa. Bai, Nora, nik ere bai! Esan zeniezadake uste oso-osoarekin.

NORA: (Lasas lasas altxatuaz.) Utzi zaidazu bakean.

RANK: (Pasatzen uzten dio baina altxa gabe.) Nora!

NORA: (Sarrerako atean.) Elena ekarri ezazu argia. (Tximini aldera joanez.) O, jauna gaizki egin duzu.

RANK: Gaizki egin al dut bihotzaren barren barrendik zu maitatzea?

NORA: Ez, baina aitortzea bai. Nahikoa zen...

RANK: Ze esan nahi duzu? Bazenekiela? (Neskamea sartzen da kriseilua eskuan duela mahai gainean utzita bihoa.) Nora... Andrea... Ba al zenekien galdetzen dizut.

NORA: Ba al dakit neronek ere? Ezin esan diezazuket. Baina nolatan egin duzu baldarkeria hori? Hain ondo ari ginen...

RANK: Dena dela, orain badakizu ziur gorputz eta anima zuk nahi duzunerako prest naukazula. Hitz egin nahi al duzu orain?

NORA: (Begira begiratuz.) Aitortu didazunaren ondorenean?

RANK: Mesedez esadazu zer dan.

NORA: Kito, gure hartu emanak bukatu dira. Ez duzu ezer jakingo.

RANK: Bai, bai, esadazu. Ez nazazula horrela zigortu. Ahal dudaneraino laguntzen utzidazu.

NORA: Orain gainera, esanak esan eta gero, ezin erregaliarik egin didazu. Gainera ez dut inoren beharrik; kutizia batzuk besterik ez ziren, bixtakoa da. (Mezedoran esertzen da, irribarrez begiratzen dio.) Bene-benetan gaizto-pikaroa zara Rank. Ez al dizu lotsik ematen orain aurpegia pixtuta elkarren aspajoak ikusten dizkiogunean?

RANK: Egia esatekotan ez. Baina alde egin behar dut... beti-betiko?

NORA: Ez gizona. Ezta pentsatu ere. Orain arte bezalaxe etorriko zara, jakina, Torwaldok zurekin egon gabe ezin etsi duela badakizu eta.

RANK: Bai baina zuk?

NORA: Nik? Nik hain begi-onez ikusten dut dena zu hemen zaudenean...

RANK: Horretxek, horretxek huts eginarazi dit lehen ere. Umea bai konprenigaitza zarela! Helmerrekin bezain gustura eta atseginez zeundela nirekin iduritzen baitzitzaidan askotan.

NORA: Eta egia da. Pertsona batzuk maitatuak baitira eta beste batzuk atseginak...

RANK: Hala da bai.

NORA: Jaiotetxean bizi nintzenean inor baino gehiago aita maite nuen jakina, baina nire atseginik handiena ixilka neskameen gelara jziki eta haiekin egotea izaten zen, ez baitzidaten behin ere errietarik ematen eta gainera hain kontu politak batek besteari kontatzen zizkioten...

RANK: A ederki da. Orduan neskameen ordezko nauzu ni.

NORA: (Biziki jaikiaz eta harengana joanaz.) Ez gizona, ez dut horrelakorik esan nahi izan. Baina kontu egin dezakezu orain Torwaldorekin lehen aitarekin gertatzen zitzaidana pasatzen zaidala.

ELENA: (Antekamaratik irtenez.) Etxekoandre! (Belarrira hitz egiten dio eta tarjeta bat ematen.)

NORA: (Tarjetari begiratuz.) A! (Patrikan gordetzen du.)

RANK: Gauza txarren bat?

NORA: Ez, ez. Zera... nire soineko berria.

RANK: Hara! Hor ez dago ba?

NORA: Bai, hori bai, baina hau beste bat da. Nik neronek eginarazi det... Torwaldok ezer ez daki...

RANK: A! Hori zen orduan zure sekretua?

NORA: Bai, horixe. Joan zaitez azkar Torwaldorengana eta eutsiozu han.

RANK: Lasai egon zintezke, ez dit alde egingo. (Helmer en lan-gelara joaten da.)

NORA: (Neskameari.) Eta sukaldean al dago zain?

HELMER: Bai andrea. Mirabeen eskaileratik igo da eta.

NORA: Ez al diozu esan bisita batekin nagoela?

ELENA: Bai, baina alferrik.

NORA: Ez al zuen joan nai?

ELENA: Ez; etxekoandrearekin hitz egin gabe ez doala inolaz ere esan du.

NORA: Ondo da. Datorrela ba. Baina, ixil-ixilik eta zaratarik atara gabe, eta ez iezaiozu inon esan, Elena, nagusiarentzat ustekabea baita.

ELENA: Bai, bai, ohartzen naiz...

NORA: Izugarrizko trumoia lehertzera doa. Eman dugu. Ez, ez, ez du horrelakorik gertatu behar! (Giltzez ixten du Helmerren despatxuko atea.) (Ondoren neskamea eta Krogstad.) (Hau biajero trajeaz, bota gogorrak eta larruzko txamarra ditularik.)

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Nora eta Krogstad

 

NORA: (Krogstadengana inguratuz.) Ahopean hitz egin nire senarra hor dago eta.

KROGSTAD: Ondo dago.

NORA: Zer nahi duzu

KROGSTAD: Zuri gauza bat esan.

NORA: Esan ba agudo zer den.

KROGSTAD: Badakizu noski lantokitik bota nautela.

NORA: Ezin galarazi izan det. Hil edo bizi jardun naiz zure alde, baina nire ahalegin guztiak alperrik izan dira.

KROGSTAD: Horren gutxi maite al zaitu zure senarrak? Zer gerta lekiokeen jakin eta hala ere ausartzen da...

NORA: Baina, uste ote dezakezu badakiela?

KROGSTAD: Egia esan behar badut, ez. Hori jakitea nire Torwaldo gizajoak ez baitu horrenbeste koraje.

NORA: Krogstad jauna nire senarraz errespetoz mintza zaitezela eskatzen dizut.

KROGSTAD: Zor zaion hainbat errespetoz hitz egingo det, baina zu arazoak ixilean gordetzen eta estaltzen hainbeste saiatzen zaren ezkero egin zenuen hartan zer gorabehera doakizun atzo baino jakinaren gaineagoan egongo zarela uste dut.

NORA: Zuk baino hobeto gauzak adieraziko dizkidatenak baditut.

KROGSTAD: Hala ba... izan ere nik bezalako legegizon txatxu batek...

NORA: Zer nahi duzu?

KROGSTAD: Ezer ez. Zu zer moduz zauden jakin, andrea. Egun guztia zugan pentsatzen pasa dut. Nahiz eta legegizontxo bat izaki, nahiz eta zuek halamoduzkotzat eduki, nik ere bihotza badut ordea.

NORA: Erakutsi iezadazu ba. Oroit zaitez nire haurrez.

KROGSTAD: Zuk gogoan izan al dituzu nireak? Baina, ez dio ardura handirik. Hauxe bakarrik esan nahi nizun: ez zaitezela gehiegi izutu eta larritu, ba oraingoz ez zaitut auzitegira eramango.

NORA: Ez, ezta? Banuen esperantza.

KROGSTAD: Arazo hau, onez onean ba lagun bezala buka genezake, gu hirurok ez beste inortxok ezer jakin gabe.

NORA: Nire senarrak ez du sekula ezer jakin behar.

KROGSTAD: Nola galarazi zenezake? Oraindik zor duzuna ordaintzeko adina diru ba al daukazu ba?

NORA: Oraintxe eta hemen bertan ez.

KROGSTAD: Egun gutxi barru eskuratzeko biderik topatu al duzu?

NORA: Ez, erabili nezakeen biderik ez.

KROGSTAD: Gainera ez lizuke ezertarako balioko, ez baitizut itzuliko papera munduko diru guztiagatik ere...

NORA: Jakin al nezake paper honekin zer egin nahi duzun?

KROGSTAD: Jaso egin nahi dut, besterik ez, nire mende euki, baina ez du beste inork ezer jakingo. Badakizu ba baldin eta etsipenez asmo txarren bat izango bazenu...

NORA: Bai, izan dut ba...

KROGSTAD: Denak utzita, ihes egitea pentsatu bazenu...

NORA: Pentsatu dut, bai.

KROGSTAD: Edo oraindik okerrago daiteken zerbait.

NORA: Baina nola?

KROGSTAD: Utzi itzazu asmo txar horiek.

NORA: Baina nola dakizu zuk asmo horiek ditutala.

KROGSTAD: Ia denek izan ohi ditugu lehenbizitik. Nik ere izan nituan.

KROGSTAD: Gainera txorakeria galanta litzake besterik ez, izan ere lehenengo trumoi-jasa pasatzen denean... Hementxe patrikan dakarkit zure senarrarentzat eskutitz bat.

NORA: Dena den bezala kontatzen al diozu?

KROGSTAD: Ahal den guztia zurituta, baina bai.

NORA: (Itsumustuan). Ez du karta hori ikusiko. Hautsi ezazu eta nik bilatuko dut zuretzat dirua.

KROGSTAD: Barkatu, andrea, baina uste dut esan dizudala arestian...

NORA: Ez nintzen lehendik zor dizudan diru horretaz ari. Esadazu nire senarrari zenbat eskatzea pentsaten duzun eta nik emango dizut.

KROGSTAD: Zure senarrari ez diot dirurik eskatzen!

NORA: Ze eskatzen diozu ba, orduan?

KROGSTAD: Esango dizut, ba. Gorago igo nahi dut, dirua egin, eta zure senarrak lagundu behar dit. Urte eta erdian nire izena belztu dezakeen ezertxo ez dut egin, eta urte eta erdi horretan goiak eta beheak jo behar izan ditut eta ezin esan ahala traba aurretik kendu. Pozik nengoen pitinka-pitinka bederen igotzen ari nintzen eta... Orain gauetik goizera lanik gabe uzten naute! Ez dut nahikoa, mesedez, errukiz, lehengo lana ematea! Gorago igo nahi dudala diot. Bankuan sartu nahi dut bai, baina lehen baino kondizio hobetan zure senarrak kargu berria sortu behar du niretzat.

NORA: Hori ez du egundo egingo.

KROGSTAD: Beharko. Ezagutzen dut nik hura eta ez du txintik aterako eta hainbeste iritsitakoan, ikusiko duzu. Urtebete baino lehen ni izango naiz bankuko direktorearen eskubiko eskua. Eta hortik aurrera bankua zuzenduko duena Enrike Krogstad izango da, eta ez Torwaldo Helmer.

NORA: Ez da horrelakorik gertatuko.

KROGSTAD: Apika, nahiago ote zenuke?

NORA: Badut korajea aurpegi emateko.

KROGSTAD: O! Ez nzu beldurtzen. Zu bezalako emakume guri eta fin batek...

NORA: Ezetz? Ikusiko duzu..., ikusiko!

KROGSTAD: Izotzaren azpian edo? Leize-zulo hotz eta ilunean. Eta udaberrian gainera azaldu, itxura galdua, itsusitua, ilerik gabe...

NORA: Ez nauzu ikaratzen.

KROGSTAD: Ezta zuk ere ni. Gauza horiek ez dira egiten, andrea. Eta zertarako egin gainera? Alfer-alferrik litzatekeena. Dena dela nik patrikan daukat...

NORA: Ni ez naizenean...

KROGSTAD: Zuk zeure burua hiltzen baduzu ere, nire eskutan dago zure izen ona. (Nora harritu eta zur eginda begiratzen dio). Horra jakinen gainean jarri. Ez ezazu txorakeriarik egin. Helmerrek nire eskutitza irakurtzean, segituan erantzungo dit. Eta ondo gogoan hartu, zure senarra dela honetara behartu nauena. Hori bai ez diodala behin ere barkatuko. Agur andrea! (Bihoa.)

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Nora eta gero Kristina

 

NORA: (Kontuz-kontuz «bestibulo»ko atea pittin bat irekitzen du eta xeletan dagoela). Joan da. Ez dio eskutitzik bidaliko. Ez, ezin daiteke. (Atea gero eta gehiago irekitzen du). Hara berriz. Gelditu egin da. Zalantzan dagoela dirudi. Botako ote du? (Karta bat buzoian erortzearen hotsa entzuten da eta ondoren Krogstaden pauso hotsa gutxituz-gutxituz eskaileretan behera doan heinean. Norak karraxi bat eztarrian itotzen du eta korrika itzultzen da «belador»eraino. Ixilune txiki baten ondoren) Buzoian dago! (Eta ixilka hanka punttetan antekamarako ate ondoraino) Hortxe dago. Ai Torwaldo, Torwaldo... galdu gara!

KRISTINA: (Ezkerreko atetik soinekoarekin sartzen da) Ez dinat gehiago egiterik izan. Probatu al den?

NORA: (Ixil xamar ahots itoaz) Kristina, hator honantza!

KRISTINA: (Sofaren gainean soinekoa utziz). Baina zer dun neska? Zeharo nahastua hago!

NORA: HAtor ona. Ikusten al den karta hori? Hara hor, buzoiaren zirrikitutik begira ezan!

KRISTINA: Bai hortxe zegon. Ederki ikusten dinat.

NORA: Ba karta hori Krogstadena dun.

KRISTINA: Nora...! Krogstad al hunan dirua eman zinana?

NORA: Bai, Torwaldok jakin egingo din.

KRISTINA: Sinistuidan Nora. Biontzat hobe duzue.

NORA: Baina hik ez dakin guztia. Gezurrezko firma bat ere badinat jarria.

KRISTINA: Jainko maitea!!! Zer dion?

NORA: Orain adi ezan Kristina. Entzun ezan hau ondo: testigu egin behar didan.

KRISTINA: Testigu? Zertan?...

NORA: Ni txoratuko banintz... Eta gerta daitekena dun...

KRISTINA: Nora!

NORA: Ezbeharren bat gertatuko balitzait..., eta hemen ez banengo...

KRISTINA: Nora, Nora burutik egin al zain?

NORA: Erru guztia bere buru gain hartu nahi lukenen bat izango balitz...

KRISTINA: Baina, nola uste dezaken?...

NORA: Orduan, Kristina, gezurra dela testigutzan aitortu behar dun. Ez naun erotu, nire kabaletan nagon eta hauxe esaten dinat: inortxok ere ez zuela jakin nik bakarrik egin ninan, bakarrik egin ninan, bakar-bakarrik. Ondo gogoan hartu ezan hori.

KRISTINA: Ez zaidan ahaztuko, baina ez zekinat...

NORA: A, nola jakingo dun, ba? Gauza harrigarri bat gertatzera zihoan.

KRISTINA: Harrigarria?

NORA: Bai, Kristina, baina izugarria dun. Ez liken horrelakorik gertatu behar; ez dinat nahi ezta inola ere.

KRISTINA: Krogstadekin hitz egitera noan oraintxe.

NORA: Ez hadi joan. Gaizki ibiliko hintzenake.

KRISTINA: Izan hunan garai bat niri atsegin ematearren edozer gauza, denik eta zailena ere egingo zukeena.

NORA: Hark?

KRISTINA: Non bizi dun?

NORA: Zer zekinat, ba, nik? (Patrika miatzen du). Hementxe zeukanat haren tarjeta. Baina eskutitza...

HELMER: (Barrutik atea joaz). Nora.

NORA: (Garraxi bat beldurrez eginik). Zer da, zer behar duzu?

HELMER: Ez zaitez beldurtu emakumea, ezin gintezkeela sartu, atea giltzatu egin duzu-eta. Soinekoa probatzen ari al zara?

NORA: Bai, bai, halaxe ari naiz. Ikusiko duzu zeinen polita egongo naizen, Torwaldo...

KRISTINA: Bertan bizi dun oso. Kale honen kantoian.

NORA: Bai, baina zertarako joan? Galdu gaitun, eskutitza buzoian zegon.

KRISTINA: Eta giltza senarrak al du?

NORA: Bai, beti.

KRISTINA: Krogstadek eska zezakeen eskutitza inork irakurri baino lehen, aitzakiaren bat bilatuko din artarako.

NORA: Baina Torwaldok ohitura duenez oraintxe din garaia...

KRISTINA: Bitartean joan akio bere gelara. Ni etorriko naun al dudan azkarrena. (Bihoa itsumustuan eskaratzeko atetik).

 

 

X. AGERRALDIA

 

Nora, Helmer eta geroxeago Rank

 

NORA: (Helmerren atera inguratzen da, irekitzen du eta barrura begira) Torwaldooo.

HELMER: (Barrutik). Tira ba, azkenean sartu gintezke. Zatoz Rank ikusi dezagun... (Agertzen da). Baina, zertan ginen ba?

NORA: Ze, Torwaldo maitea!!

HELMER: Rankek esan didanez soineko zoragarri bat ikusi beharrean ginen.

RANK: (Azaltzen) Nik hala uste nuen, baina ikusten dudanez oker nengoen.

NORA: Zeharo. Bihar arte ez nau inork ikusiko nire apaingarri guztiekin.

HELMER: Bai aurpegi txarra daukazula, Nora. Dantzan trebatzen gehiegi nekatu al zara?

NORA: Oraindik ez naiz aritu-eta.

HELMER: Ez dago beste erremediorik.

NORA: Bai Torwaldo bai. Ari behar nuen baina zu gabe ezin dut pauso bat eman, zeharo ahaztu zait.

HELMER: Ez dio axolarik lagunduko dizugu.

NORA: A bai? Horratik azkenean nirekin egoteko beta baduzu! Agintzen al didazu? Hain larri nago! Bilera hori... gaur gauean utzi itzazu negozio guztiak. Nahi duzu?

HELMER: Bai agintzen dizut. Gaur gauean zuk nahi duzunerako naukazu... txolina. A, bai, lehenago gauza bat ikusi behar dut. (Ezkaratz aldera abiatzen da).

NORA: Zertara zoaz?

HELMER: Kartak etorri ote diran ikustera.

NORA: Ez, Torwaldo ez zaitez joan.

HELMER: Zer ba?

NORA: Ez dira etorri, nik esaten dizut!

HELMER: Utzi idazu ikusten. (Pauso bat aterantz ematen du). (Nora pianora jartzen da eta tarantela jotzen ari). (Helmer Norari entzuteko geldituz). A!

NORA: Gaur zurekin entseatzen ez badut bihar ez dut dantzatzerik izango.

HELMER: (Noragan inguratuz). Benetan horren beldur al zara?

NORA: Bai horixe, beldurrez airean nago. Ari gaitean oraintxe bertan, oraindik badaukagu beta mahaian eseri arte. Jarri zaitez hor Torwaldo eta jo ezazu. Erakutsidazu, kontsejuak eman bestetan bezala.

HELMER: Beno, horretaraino leiatzen zaren ezkero hasi gaitezen ba (Esertzen da pianoan). (Kutxa bat irekitzen du; pandereta bat eta koloretako txamarra ateratzen ditu. Salto bat eginaz erdi-erdian jartzen da). Tira! Jo ezazu, dantzan hastera noa-eta. (Helmerrek jotzen du eta Norak dantzatu). (Rank Helmerren atzean bego Nora'ri begira).

HELMER: (Joaz). Astiro, astiro.

NORA: Ezin dut.

HELMER: Ez horren arin.

NORA: Horixe behar da, ba.

HELMER: Ba, ez duzu ondo egiten.

NORA: (Barrez eta pandereta dantzatuz). Ze esaten nizun nik?

RANK: Utzidazu niri pianoa jotzen.

HELMER: Bai gizona. (Altzatuaz). Horrela hobeto zuzendu ahal izango dut. (Rank esertzen da pianora eta jotzen du, Norak gero eta sutsuago inori kasurik egin gabe dantzan. Helmerrek tximini ingurutik aldian behin zerbait esaten dio baina berak ez dirudi entzuten duenik. Dabilela mototsa askatzen zaio eta ileak bizkarrean behera erortzen. Ez da ohartzen eta dantzari jarraitzen du.). (Kristina sartzen da).

 

 

XI. AGERRALDIA

 

Lehengoak Kristina eta gero Elena

 

HELMER: (Harriturik gelditzen da). O!! ...

NORA: Txoroaldi bete-betean harrapatu naun Kristina.

HELMER: Baina Nora bihotzekoa, bizia horretan balihoakizu bezala ari zara dantzan.

NORA: Halaxe da izan ere ta...

HELMER: Geldi Rank! Erotu egin dela dirudi. Gelditzeko!

 

(Rank'ek uzten dio piano jotzeari eta Nora bat-batean gelditzen da.)

 

HELMER: (Norari). Ez nuen asko uste, erakutsi nizun guztia ahaztu zaizu...

NORA: (Pandereta tiraz). Horra ba, ikusten duzu.

HELMER: Inork zuzentzearen premia handia daukazu.

NORA: Horixe behar dudala, eta zuk zuzenduko nauzu azkeneraino Torwaldo. Agintzen al didazu?

HELMER: Bai emakumea, izan ezazu nigan uste on.

NORA: Ez gaur eta ez bihar ez duzu nigan bestetan pentsa behar; ezta eskutitzik ireki ere; ezta buzoia ere.

HELMER: Bueno ba, berriz ere gizon horren beldurra.

NORA: Bai, pixka bat bai.

HELMER: Aurpegian antzematen dizut Nora, eta seguru asko haren kartaren bat egongo da hor.

NORA: Ez dakit... badaiteke, baina orain ez da irakurri behar. Ez dadila trabarik jarri gu bion artean ahalik eta hau dena bukatu arte.

RANK: (Helmerri aparte). Ez iezaiozula gogor egin.

HELMER: (Gerritik besoarekin helduz). Bueno ba, umea, zuk nahi duzuna egingo dugu: baina bihar dantzak bukatzean...

NORA: Orduan zure esku izango zara.

ELENA: (Eskubiko atetik). Mahaia jarria dago etxekoandre.

NORA: EkarTzazu xanpaina, Elena.

ELENA: Bai andre, oraintxe. (BiHoa).

HELMER: Hola! Jan-festa dugu dirudienez.

NORA: Bai eta jan-festa bihar arte. (Neskameari deituz). Eta almendra batzuk ere bai Elena; batzuk ez, asko hobe. (Torwaldori) Behingoa ez da egunero.

HELMER: Hori da hori, hola gustatzen zait niri. Ez beldurrez airean. Ohi bezalakoa izan behar duzu, nire larratxori kantaria.

NORA: Bai, Torwaldo, bai. Baina zoaz pittin batean eta zu ere bai Rank. Eta hik Kristina, lagunduidan txima horiek orrazten.

RANK: (Helmerri aparte jantokira doazela). Eta... ze? Joera hauek ezer berezirik igarrarazten al digute?

HELMER: Ez gizona, ez. Lehen esan dizudan umekeriazko izu hori besterik ez da. (Bihoaz eskubitik).

NORA: Eta zer?

KRISTINA: Kanpora joan dela.

NORA: Aurpegian antzeman dinat.

KRISTINA: Bihar gauerako omen zetorren. Lau letra utzi zizkionat.

NORA: Ez hunan egin behar. Datorrena datorrela. Izuaren zain egoteak ere atsegin ematen din!

KRISTINA: Ze espero dun, ba?

NORA: A... ez hunake konprenituko. Hoa haiengana. Ni ere banoan berehalaxe. (Bihoa).

 

 

XII. AGERRALDIA

 

Nora eta gero Helmer

 

NORA: (Apur batean bego zirkinik egiteke, bere baitara biltzeko bezala. Gero erlojuari begiratzen dio). Bostak. Zazpi ordu gauerdira, eta beste hogeita lau biharko gauerdira. Ordurako tarantela dantzatua izango dut. Hogeita lau eta zazpi? Hogeita hamaika orduko bizia zeukanat.

HELMER: (Eskubiko atean). Baina ze ari da larratxoria?

NORA: (Besoetara etzatzen zaio). Hemen naukazu!!!

 

ZAPIA

 

 

 

© Henrik Ibsen

© itzulpenarena: Jose Agirre

 

 

"Henrik Ibsen - Andere etxea" orrialde nagusia