Azken dortoka
Antxon Gomez
Jon Etxebek, ordenadore pantaila zuriaren aurrean ezarria, zigarreta izeki zuen tekleatzen hasi baino lehen. Kazetari gazteak sei hilabeterako praktika kontratua zeukan Gipuzkoan hedatuena zen egunkari hartan. Kirol sailean aritzeko lehen egunetako itxaropen apurra laster zapuztu zitzaion, gizarte orrialdeetan jarri baitzuten lanean.
Jonek lankide batek emandako albiste agentziaren kronika aztertu zuen berriro, eta bertan azaltzen zena apaintzeari ekin zion irakurlearengan arreta pizteko moduko artikulu bihur zedin.
Gogoan zuen putzua aintzira kozkorra zenean, eta oraindik ere askoz zabalagoa ezagutu zuten bere arbasoek. Orduan Donostiako lur eremu haiek ur azpian zeuden, eta bertako apoarmatuek arrainak, zapaburuak, zizareak eta marraskiloak harrapatzen zituzten elikatzeko. Lekua beste hainbat ihizik populatzen zuten. Basahateak, ur-arratoiak, koartzak, bisoiak, ursugeak...
Baina zingira murrizten joan zen. Elikatzen zuen ibaitxoa desbideratu eta kanalizatu zuten. Horrela soilik zaparrada handiekin mugitzen zen errekastoa geratu zitzaion ur maila mantentzeko. Gero obra-hondakinez hasi ziren bazterrak betetzen, ur ertzeko ezpata-belar eta lezkei tartea janez. Padura izandako hainbat alderdi eraikuntzez josi zuten.
Bitartean aintzira inguruak gizakiek euren zabor eta traste zaharrak botatzeko toki apropos bilakatu ziren. Hemen ikuzkailu hondatua, hor zaharkituriko telebista edo artilezko koltxoi zulatua, eta plastikozko poltsak zein pneumatikoak nonahi.
Agindutako artikulua amaitu ezinik ziharduen kanpoan kristoren giroa zegoen bitartean. Uda amaiera zen eta hego-haizea zebilen. Bulego leihotik inguruei so jarri zen. Egunkariaren egoitza hiritik kanpo kokatzen zen, orubez eta lugorriz inguratua.
Jonek parez pare zuen orubearen erdiko idoi ustelaz kargutu zen. Eurite handiek aintzira baten itxura hartu arte puzten zuten, baina egun gutxitan bere azalera murriztu egiten zen betiko tamainara bueltatu arte.
Noizean behin antxetak ur lohitsu haietan pausatzen ziren bizi arrasto bat emanez. Gogoratu zuen lagun ornitologo baten antxetei buruzko definizioa: «Itsas-arratoiak dira». Jonek ikusiak zituen hegazti haiek San Markos zabortegiaren gainean hegaka hodei zurrunbilatsuaren gisan hondakinen usainera. Kalatxoriak zabortegi-txori bilakaturik.
Xelebrea zen egoera. Hainbat espezie desagertuz zihoan hiria handitzen zen neurrian eta, aldiz, batzuk ugaritzen ari ziren gizakiak ingurune naturalean sortutako aldakuntzez baliaturik. Idatzi behar zuen artikuluarekin bat zetorren gai hura.
Arrainak izan ziren aurrenekoak ezkutatzen. Erreka agortzerakoan urak usteltzen joan baitziren. Igel berdeak zarboen atzetik galdu ziren zingira inguruan zabortegien eraztuna ixten zen neurrian. Azkenean ahate eta beste hegaztiek betiko hegaldatu behar izan zuten handik.
Dortokak banaka-banaka aienatzen joan ziren. Euren kopurua sekulan oso handia izan ez bazen ere, egoera berriak suntsitu egin zuen koloniatxoa. Bat kamioi batek botatako harri txintxarren artean zapalduta tragatu zen. Beste bat piromano batek agortutako lezkei su ematerakoan kiskali zen. Mutiko batzuek harrapatu zutenak behintzat etxeko maskota bezala bizitzeko aukera izan zuen hainbat hilabetez... ur-arratoien lekua hartu zuten arratoi nabarrek dortoken azken arrautzetatik sortutako kumeak jan zituzten. Ausartenek migratu egin zuten eta haien arrastoa betiko galdu zen.
Dena dela dortoka mota hark, apoarmatu korrontezalea euskara teknikoaz eta Mauremys caspica izen zientifikoaz, erresistentzia harrigarria zuen ur kutsatuetan bizirauteko. Horrela, hondarreko apoarmatu korrontezaleek urteak iraun zituzten idoi ziztrinean.
Bulegora barneratzen zen kanpoko zaratak Jonen arreta bereganatu zuen. Aulki-gurpildunetik altxatuta leihora joan zen. Kamioi gondola batetik induskailua beheratzen ari ziren alboko orubean. Aurrean pala-buldozerra zeukan eta burduntzali handia atzean.
Bazen garaia beheko zikinkeria horrekin amaitzeko bota zuen bere ondora gerturatutako Gizarte sailaren arduradunak-. Putzu nazkagarri hura arratoi habia bat da. Gainera, udan eltxo piloa ateratzen da hortik, batzuk elefantearen tamainakoak! Askotan sartzen zaizkigu leihoetatik eta sekulako ziztadak ematen dituzte. Bazen garaia udaletxeak zerbait egiteko. Ematen duenez, gaur arratsaldean ordekatzen hasiko dira. Etxe-bloke berriak eraikitzeko asmoa dute bertan. Bide batez... nola doa zure artikulua?
Udazkenero dortoka lokatzean lurperatzen zen hibernatzeko. Horregatik ez zuen ezagutu hiria eta inguruak elurrez jantzi zituen urtarrila. Ezta azaroko egunsenti oskarbi jelatuek zingira izandako lurretatik altxatzen zuten lurruna ere. Lainoxkak erdi ezabatua, eremu hark bere garaian izandako oroitzapen mingarria egiten zuela zirudien.
Udaberri batean, neguko loalditik esnatzerakoan, putzuaren zati bat lurrez estalita zegoen eta bere azken bi espeziekideak desagerturik.
Aita donostiarra eta ama Extremadurako herri batekoa zituen. Txikitan Jonek hainbat uda igaro zuen amaren jaioterrian aiton-amonekin. Extremadurako abuztuko bero kiskalgarrietan, herriko mutikoekin batera, alboko urtegitxora hurbiltzen zen bainatzera. Han ikusi omen zituen estreinako apoarmatuak. Igeriketan edota ur bazterreko enbor erorien gainean eguzkitan epeltzen. Ur-dortokak bere haurtzaroko gogorapenen artean gordetzen zituen. Oporretan izadian murgildutako kale-ume baten aurkikuntza harrigarria.
Euskal Herrian halako animaliarik ba ote zen otu zitzaion bat-batean. Sekulan ez zion horri erreparatu, baina datua interesgarria izan zitekeen artikuluari begira. Aranzadi Zientzia Elkartera deitzea erabaki zuen kontsulta egiteko.
Hango kide batek erran zionez, noizean behin kostaldean azaltzen diren itsas-dortokez aparte, Euskal Herrian bi mota apoarmatu edo dortoka daude. Apoarmatu korrontezalea eta istilzalea. Biak oso urriak isurialde kantabrikoan padura gehienen desagerketa eta ibaien kutsadura zela medio. Araba eta Nafarroako hegoaldeko aintzira zein ibai handietan soilik kokatzen ziren kontuan hartzeko moduko koloniak.
Eguzkia maite zuen ur-dortoka guztiek bezala. Orduak eta orduak eman zitzakeen eguzkitan mugitu gabe harri berdexka bat balitz bezala. Bere «solariuma», berriz, txikia zen. Putzuaren erdi-erdian urazalaren gainetik altxatzen zen kamioi gurpila. Azken dortoka hara igotzen zen eguraldi beroetan epeltzeko.
Egun eguzkitsu hartan ere dortoka zaharra bere talaian zegoen lurra dardarka sentitu zuenean. Bat-batean ur parrasta zarata sentitu zuen hilzoriko aintziraren azken koroka balitz bezala. Pneumatikoa inguratzen zuen uraren maila jaisten hasi zen. Induskailuak putzua husteko ubidea ebakita zuen. Apoarmatu korrontezaleak, beldurturik, gero eta istiltsuagoak ziren uretara egin zuen salto. Bere mundua izandako putzuaren akabera txunditurik ikusten zuen. Azkenean lakutxoa basa beltzeko multzo bilakatu zen. Dortokaren burutxoa lokatza gainetik azaldu zen bi begiak ageriz. Bat-batean burnizko zeru batek oskarbi urdina estali zuen induskailuaren pala dortokaren gainean jarri zenean.
Izuturik arrastaka atera zen bere bizilekua izandako idoitik eta ahal zuen azkarren, norabide jakinik gabe, lasterketa traketsean abiatu zen.
Jon egoitzatik irten zen eskuak poltsikoetan eta ilunabarreko hego-haize atsegina lagun. Alboko orubean induskailua geratua zegoen jada, baina biharamunean ordekatze lanetan berrekiteko prest. Putzua dagoeneko ezabatua zegoen.
Mutila egun hartan idatzitakoarekin oso konforme zegoen. Hurrengo eguneko egunkariak bere idazkia kontrazalean ekarriko zuen ohiko beste albiste bitxiekin batera.
«Dortokek udal krisia eragiten dute Okzitaniako herri txiki batean.
Lagarde herria gobernatzen zuen sozialisten eta Languedoc-eko berdeen zerrenda arteko koalizioa apurturik geratu da bertako ur-dortoken erruz.
Sozialistek udal kiroldegi berria eraiki nahi dute ekologistek dortokentzako erreserba biologikoa aldarrikatu nahi duten aintzira batean. Horretarako Frantzia hegoaldeko apoarmatu korrontezale espeziea gainbehera doala argudiatzen dute. Herritarrak, berriz, dortokazaleen eta kirolzaleen arteko bi taldetan banatu dira...».
«Gauza hauek Ingalaterran, Alemanian edo Frantzian gerta daitezke. Hor kontzientzia ekologiko handia dago, ez Euskal Herrian bezala», pentsatu zuen Jonek autoaren atea irekitzen zuen bitartean. Motorra martxan jarri eta faroak piztu zituen argitasuna jada eskasa zelako. Aparkalekutik errepide nagusira irteteko bidean zihoala, kotxeak zerbait gogorra zapaltzen sentitu zuen. «Kaka zaharra! Obretan hasi eta bidea harriz betetzen hasi da. Ziur edozein egunetan gurpil bat zulatzen dudala hemen».
Asfaltoaren gainean zapaldurik, odola, oskol pusketak eta haragi ore likits bilakatuta, animaliatxo baten gorpua zetzan. Hura izan zen Donostiako azken dortokaren akabera.