Oihana sutan
Amaia Lasa
Munduko herri askotan, etxerik ez duten haur asko egunez urdina eta gauez beltza den zerupean bizi dira.
Eguzki ahaltsu bat bere lehen printzak lurrera igortzen hasi zenean, Rita bere begi beltz handiak zabaldu nahirik zebilen. Hondartzan zuri, luze, zabal baten ertzean, harkaitz multzo batek sortutako txokoan egiten zuen lo, eta kainabera zaharrarekin harrapatutako arrain txikiren bat gosaltzen zuen, berak piztutako su txikian erre ondoren.
Goiz batean, inguru haietara hurbildu zen bere adineko mutiko batekin egin zuen topo: Rita bezala, argala eta beltzarana zen, eta ile motz kizkurra zuen. Luzaroan bizi izan ziren elkarrekin hondartzan eta lagun hurko bihurtu ziren.
Egun batean Raulek eta Ritak hondartza hartatik alde egin zuten, lurralde berriak ezagutzeko asmoz.
Ibilaldi luze baten amaieran, mota guztietako loreak zeuden zelai batera iritsi ziren. Lore artean ezkutaturik zegoen otar borobil handi-handi bat aurkitu zuten. Berehalaxe, Rita eta Raul den-dena aztertzen hasi ziren, guztia ikusten eta ukitzen.
Otar harrigarri haren lokarri ugarietatik, haizerik gabeko globo erraldoi bat zintzilikaturik zegoen. Bat-batean puzten hasi zen, geldi-geldi borobiltzen, ostadarraren zazpi koloreak harturik.
Haizez bete zenean zuzendu eta gora igotzen hasi zen. Rita eta Raul txunditurik zeuden guztiarekin, eta ez ziren ohartzen otarra ere gorantz zihoala biak barruan eramanik.
Begira Rita ze urruti dauden zelaiko loreak, geroz eta txikiago ikusten ditut esan zuen Raulek. Baina... gu ere goian gaude!
Hasieran neska-mutikoak guztiz beldurturik sentitzen ziren. Lur sendoa urruti zegoen eta... erortzen baziren?
Ez! Ez ziren eroriko! Kezka guztiak alde batera utzirik, zeruaz gozatzeari ekin zioten.
Haize indartsuak, herriz herri, hiriz hiri, ziztu bizian zeraman globoa. Bi haurrek dena begiratzen zuten liluraz beterik.
Bat-batean, laino ilun ugari hasi ziren sortzen edonon. Globoa haizeak eragindako zurrunbiloan murgildu zen. Ekaitza beldurgarria zen; tximista ahaltsuek den-dena argitzen zuten, eta globoa, hosto galdu bat bezala, jira-biraka, norabiderik gabe zihoan... trumoien hots izugarriak entzuten ziren bitartean.
Ekaitz indartsu hark dardaraz jarri zituen zeruko inguru guztiak. Raul eta Rita eskutik heldu eta otarrean eseri ziren, erabat izuturik. Halako batean kazkabarra hasi zuen. Harriak etengabe erortzen ziren globo gainera:
Tak! Tak! Tak! Emeki-emeki, txingorrak zulo txikiz bete zuen zazpi koloreko globoa.
Ziii! Ziii! Ziii! egiten zuen globotik ateratzen zen haizeak, husten ari zen, beherantz zihoan, geroz eta beherago eta... Piaf! Lokatz bigun, goxo baten gainera erori ziren. Raul eta Rita berehalaxe zutik jarri zirenean...
Ze ondo! Ez zaigu ezer gertatu! esan zuen Ritak.
Lehendabizi Raulek egin zuen salto, baina ezin! ezin pausorik eman, aurrera egin beharrean, behera egiten zuen, lurrak mutikoa irentsi nahi balu bezala...
Hondarbizien gainera erori gara, ez dugu zer eginik! Bota lokarri bat Rita esan zuen Raulek.
Mutikoak lokarriari tinko eutsi eta, Ritaren paregabeko laguntzari esker, otarrera igo zen berriro.
Zer egin? Ez zekiten, beldurturik sentitzen ziren.
Laguntza! Laguntza! oihukatzen zuten, biek batera.
Hondarbiziak otarra irensten ziharduen, eta jadanik erdiraino sartuta zegoen.
Etsirik zeudenean... Miru beltz erraldoi bat agertu zen inguruan, txoriak haien garrasiak ulertu balitu bezala, hondarbizietarantz hurbildu, bere erpe ikaragarriez otarra ertzetatik hartu eta, hegada indartsuz, lur sendora eraman zituen denak. Itxura beldurgarriko txori hark ez zuen asmo gaiztorik eta etorri bezala alde egin zuen; isil-isilik, baketsu.
Guztiz nekaturik zeuden, baina ibilaldi labur baten amaieran bananaondo ugari zegoen leku batera iritsi ziren. Banana asko jan zuten, beren aspaldiko gosea aserik. Lasai, presarik gabe, eseri egin ziren, bizitzaz gozatzeko. Atsedenaldi luzea hartu zuten.
Haize arin batek zekarren erre usainak erne jarri zituen berriro. Aurrealdean zeukaten mendi muino baten atzetik, ke beltz-beltza irteten ikusi zuten: Raul eta Rita muinoaren gailurrera iritsi zirenean, oihana sutan zegoela ohartu ziren. Suaren gar luze, bero, argiak, oihanaren jabe egiten ari ziren, eta bertako animalia guztiak korrika zihoazen, ihesi: tximuak, zaldi nabarrak, lehoiak, tigreak... den-denak.
Kearen artetik, hego erdi eroriak zituen txori bat atera zen, hegoetako lumak sutan zituen, ezin hegan egin! eta zast! Lurrera erori zen. Sua zabaltzen, handitzen zihoan. Abere asko erdi hilik irteten ziren. Bat-batean saminduraz betetako garrasiak eginaz lehoi bat atera zen: isatsaren puntak suziri bat zirudien. Ritak lehoiaren isatsa hartu, gertu zegoen putzu txiki batean sartu eta sua itzali zen. Lehoiak Ritaren masaila miazkatu zuen, neskatoari bere esker ona adieraziz.
Azkar Rita! Zerbait egin behar dugu, zuhaitzak eta landareak erre ondoren, oihana desagertu egingo baita esan zuen Raulek urduri, ozenki.
Ezin ziren oihan barruan barneratu, lurralde hura inguratzen zuen ibaiertzetik korrika zebiltzan, zer egin jakin gabe. Baina halako batean, han, ibaiaren bazter batean helikoptero gorri bat aurkitu zuten. Nola egin ibaiko ura hartzeko?
Arin-arin hasi ziren helikoptero barruan zeuden tresnak begiratzen, Raulek motxila bat aurkitu zuen, baina ezin zuen ireki eta bere bizkar gainean ipini zuen, azkenik kiribildurik zeuden bi tubo luze-luze aurkitu zituen, tuboen bi mutur helikopteroaren errotari lotu, beste bi muturrak ibai barruan sartu eta gorantz joan ziren, Rita gidari zelarik.
Errotak bueltak ematerakoan, euri naroa sakabanatu zuen. Ur hark guztia ureztatu zuen, eta geldi-geldi gar ikaragarriak betiko itzali ziren.
Sutea itzali zenean, basoaren erdian, adarrik gabeko enbor luze bat azaldu zen gori-gori, eta goiko aldean, jaitsi ezinik, zebilen katagorri umea zegoen.
Helikopteroarekin hurbiltzen saiatu ziren aberea hartzeko, baina errotak sortutako haizeak enborra erortzeko arriskuan jarri zuen. Ahalegin asko egin ondoren, helikopteroa urrundu egin zen. Une berean, suge orlegi bat enborraren ondoan zegoen zuhaitz batetik gora igo zen eta, zuhaitza utzi gabe, katagorria zegoen enborraren punta isatsarekin hartu eta bi zuhaitzen arteko zubi orlegi bat egin zuen; katagorri umea zubitik pasatu eta arin-arin jaitsi zen behera, minik hartu gabe.
Orain enbor hau bota egingo dugu, bestela sua berriro piztuko da esan zuen Ritak.
Helikopteroaren muturrarekin enborra jo eta, goitik behera erori zen hura, horrela, oihaneko su guztia itzaliz.
Denborarekin, eguzkiaren berotasunak, euriaren indarrak, zuhaitzez, hostoz eta lorez beteko zituen oihaneko lurralde haiek, eta abere guztien paregabeko aterpe bihurtuko ziren berriro.
Raulek eta Ritak helikopteroa lehen zegoen lekuan utzi eta bere bidea jarraitu zuten.
Guztiz nekatuta zeuden, bidean belar artean topatutako harri gainean eseri ziren, baina...
Zer gertatzen zaio harri honi? galdetu zuen Raulek. Mugitu egiten da, agian sorgindurik dago, ez da geldirik egoten eta handitzen ari dela dirudi.
Ez! Ez ziren harri gainean eseri. Harri hura beste zerbait zen... Zer? Belar artean zegoen zezen bat zen, beltz-beltza gainera.
Tinko heldu esan zion Raulek Ritari, berak zezenari eusten zion bitartean.
Zezena korrika zihoan, zoraturik zegoen. Abereak nahi zuen gauza bakarra bizkar gainean sentitzen zuen zama hura kentzea zen, eta ziztu bizian ihesi zihoan, inori begiratu gabe. Ezin! Ezin zen geratu eta, zast!; bidearen amaieran aurkitzen zen amildegi sakon batean amildu zen, Rita eta Raul gainean eramanik.
Orain ez, inork ez zituen salbatuko, hemen bukatuko ziren abentura guztiak, abiada bizian beherantz zihoazen. Bi lagunek begiak itxi zituzten, baina... bat-batean Raulek zeraman motxila ireki eta zetazko jauzigailu zoragarri, hori, bihurtu zen.
Begira Raul, badirudi eguzkiak bere besoetan hartu gaituela esan zuen Ritak begiak zabaldu zituenean.
Hiruren jaitsiera geldiagoa egin zen, poliki-poliki, amildegiaren amaieran zegoen hondartza batera iritsi ziren.
Baina hau gure hondartza da! esan zuten biek batera.
Oraingoan hondartza ez zegoen hutsik, beraiek bezala kalean bizi ziren haur ugari etorri ziren inguru haietara, babes bila.
Raulek eta Ritak, beste mutil eta neska guztien laguntzarekin, egurrezko etxola handi bat eraiki zuten, itsasbazter hartan. Zezen beltza denen lagun egin eta bertan geratu zen, eta Urdin deitu zioten. Denborarekin, behi pinto bat hurbildu zitzaion Urdini, eta haurrek esnea eta haragi ugari izan zuten edan eta jateko. Tarteka arraintxoren bat edo beste ere harrapatzen zuten, baina ez gehiegi. Hain ziren politak arraintxoen koloreak...