Mira eta biok
Edorta Jimenez
Erredakzio bulegotik etxerako bidean, ilbetea biribil-biribil ageri zen han goian. Horiz tindaturik zegoen Bilbo inguruko paisaje industrialaren gaineko argi gorrixka. Gauaroa genuen. Irratia abiarazi eta zigarrotxo bat piztu nuen. Auto barrua sumendi bilakatu nuen berehala.
Kakazaharra! nire madarikazioa luzeagoa izan zen, baina bigarren zatia hobe ez idaztea.
Zigarrotxoari kendu nion bigarren zupadako keak begi bat itsutu zidan. Leihatilako kristala jaisteko botoiari jo nion, kea irten zedin, une batez kanpokoa ezin ikusirik geratu bainintzen.
Mau!
Berehala frenatu ezean katu bat harrapatuko nukeen. Birao egin nuen eta gure egunkariko zuzendariaren etxekoekin gogoratu nintzen.
Kaguen zotz! Katu madarikatua harrapatu ez dudanean.
Jakina, erredakzioan erretzea debekatuta dugu eta begira gero nola irteten garen handik. Tximino eta guzti. Zigarroa pizteko gogo ikaragarriz. Eta horrela gertatzen dira gero gertatzen direnak. Irratian musika inozo horietako bat entzun zitekeen. Itzali eta gogoz zapaldu nion azeleragailuari. Ez nuen ehun metro ere egin horrela, berriro blaust, frenoa zapaldu behar izan nuenean. Lamiako auzoko semaforoaren parean emakumezko gazte bat zegoen. Auto-estopean ziharduela eman zidan.
Nora zoaz? galdegin nion, ezkerraldeko leihatila automatikoki jaisteko botoia zapaltzen nuen aldi berean.
Itsasorantz erantzun zidan.
Keinu lizun bat egin zuen. Ala oso arrunta izaten da hark egin zuena? Bekokian behera ile motots eder bat jausten zitzaion eta, hura atzerantz eraman zuen. Belarrondora. Txundituta utzi ninduen. Nik behintzat lizuna iritzi nion keinuari. Besorik gabeko kamiseta zuri bat eta praka gorriak jantzita, behea ukitu gabe zegoela zirudien. Agian oinak ikusten ez nizkiolako iritzi nion horrela zegoela.
Itsasorantz? Itotzera akaso? Hori esatea, dena esatea eta ezer ez esatea da haserretu egin nintzela uste dut. Halakorik! Igo! Atea zabaldu eta sartzeko keinua egin nion. Ilbetea bera sartu izan balitz bezala izan zen. Argiz bete zen autoa.
Erretzea ez da ona esan zidan, irribarre gozo bat marraztuz.
Hobeto begiratu nion. Oinetako beltzak eta poltsatxo txiki bat ziren, nikiaz eta prakez gain, haren ekipaje guztia.
Gazteegia zara nire ama izateko, ez duzu uste?
Ehun eta hogeita bost urte ditut, ba.
Hara! Eta ni Erdi Aroan jaio nintzen erantzun nion.
Erretzea ez da ona errepikatu zuen.
Zigarrokina kanpora jaurti nuen. Oraindio ez dakit zergatik egin nuen horrela. Baina zigarro hura izan zen nire bizitzako azkena. Aro berri baten hasiera, bai. Harrezkero ez dut berriro tabakorik erre. Egunkariko zuzendaria pozik dago nirekin. Ni ez berarekin, ordea. Beno, esaten ari nintzena. Ez nengoen haserre, baina hura ez zen normala. Eta gero etorri zirenak ere ez ziren askoz normalagoak izango.
1
Ordu erdi batean Bakion geunden eta ez niri galdetu zer zela eta aukeratu genuen herri hura. Ezta ere zergatik zeharkatu genuen herria puntarik punta. Telepatiaz izan ote zen, bada?
Iritsi gara esan nion, autoa gelditzeko unean.
Oraindio ez erantzun zidan.
Atea zabaldu eta kanpora egin zuen. Praketako zimurrak lisatzeko beste keinu lizun bat egin zuen eta gero begira geratu zitzaidan. Arraioa! Ehun urtetik gora zituela esan zuen eta, ezinezkoa zen. Hain zen gaztea eta ederra! Hala ere, bazuen zerbait, zehazten ez dakidan zerbait, bai, begiradan akaso, adinaren kontua egia izan zitekeela esaten zidana.
Hi burutik hago! esan nuen nire artean. Ingurura begiratu nuen. Bermeoko errepidearen ertzean dagoen begiratokia zen leku hura. Autoa bertan utzi eta hondartzara jo nuen, emakume haren atzetik.
Han, harmailak daude hondartzara jaisteko. Edo jausi eta burua bertan hausteko. Kontuz nindoan, bada, emakumea hegan bezala zihoan bitartean. Ni baino askoz trebeagoa zen harea gainean ibiltzen ere. Lotsatuta nengoen. Beti izan naiz ahatea baino baldarragoa. Hura demasekoa zen, ostera. Zorionez ez zegoen inor inguruan. Argi bakarrak urrun zeuden.
Bai, gasa ateratzen diharduen plataforma han ikusten zen, bakarti. Haren irudia urtaroaren arabera aldatzen da. Zeruan eskegitako argi-sorta ematen du neguko gau ilunetan. Mira ezagutu nuen hartakoan, ostera, uraren gainean eraikitako jauregi iritzi nion, udaberria baitzen.
Zatoz!
Non zaude, ba?
Hemen atzean!
Miraren ahotsa adi nezakeen, bai, haitz baten atzetik nigana etortzen. Oinetakoak kendu nituen, hareatzan hobeto ibili aldera. Bera ere oinutsik bide zegoen. Harri batean jesarrita zegoen, gauaren mugarantz begira eta oinak uretan sartuta. Eta prakak erantzita. Bada, ez niri galdetu gero gertatu zena nola gertatu zen.
Uretarako prest?
Galderak ustegabekoan harrapatu ninduen. Bost hari nire harridurak. Ez zuen nire aldetik erantzunik itxaroten. Eskua luzatu zidan eta bere alboan esertzea beste erremediorik ez nuen izan. Zein erremedio ederra, ostera. Praketako botoiak berak askatu zizkidalakoan nago.
Nire titiburuak nahi dituzu, ezta?
Lepoa berak nire aldera bihurtu eta ahoa ahoarekin bat egin genuen.
Bai, Miraren titiburuak nahi nituen. Hantxe zeuden, niki zuriaren tiranteen babespean, tente.
Ehun eta hamabost urtekoak izateko ez daude gaizki.
Ixo! isiltzeko agindu zidan.
Orduan haren oinak sartuta ziren putzu berean belaunikatu nintzen. Uzkia bustita ere bestea xut nuen. Sabela zabalago egin zuen berak. Nire ahoko urek hango basoa busti zuten, eta basoan ere urbegiak ireki ziren. Orduan bera ere jaitsi egin zen, ene altzoan esertzera. Oinak uretatik atera gabe.
Aterkinik gabe egin nahi duzu? galdegin nion, hasperenka.
2
Erantzuna haren eskuak eman zidan. Bere baso hartan barrena egiten trebe lagundu zidan. Gero han luzatu ginen, zerua jotzen. Ilbetea Gaztelugatxeko baselizaren atzean ezkutatu zen arte, labur jota. Eta orgasmoaren atetan, emakume hura galtzea barkaezina litzatekeela erabaki nuen. Laster gertatuko zenari aurre egin ahal izango banio bezala izan zen.
Autoan, badaezpada ere, beti eramaten dut lo zakua. Beraz, berriro ere Bermeorako bidean ginela, San Pelaio baselizan gera gintezkeela otu zitzaidan. Arkupetan lo egin genezakeen.
Nora zoaz? oihu egin zidan errepide nagusitik irten nintzenean.
Arkupetan egin genezake lo.
Ikaratu egin ninduen emakumearen ahotsak. Ez zen ohikoa.
Akabatu egin gura nauzu, ala?
Ez, barkatu. Fede kontuak oso pertsonalak izaten dira. Ni neu ere ez naiz fededuna. Hala ere, ez dut ezer arkupetan lo egitearen aurka.
Autoa errepidean sartu nuen berriro. Ez nekien zer esan. Betertzaz begiratu nion. Zer zen hura, masailan behera zetorkiona? Malkoak?
Barka egidazu, Mira paperezko eskuzapi bat luzatu nion.
Zer da hau? kleenexak nazka emango balio bezala esan zuen. Paperezko zapiak? Zuek burutik zaudete «zuek» haren barruan gizonezko denak sartu gura gintuela pentsatu nuen. Begira! Begira eukaliptu madarikatu horiek! Lurpeko urak irensten eta irensten dihardute. Eta begira beste hura!
Gasa ateratzeko plataforma seinalatuz esan zituen azken hitzak. Ekologiazale amorratu batekin nindoalakoan, adostasunezko keinu bat egin nion. Ni ez ninduen zertan «zuek» haren barruan sartu behar. Tamalez, ez nuen isilik egoten jakin.
Eukaliptuen kontuan bat nator zurekin. Baina gasa urpetik ateratzearena! Ez deritzot inori kalte egitea denik.
Hara! Ez? Inorante zakil hori! Han behean jauregi eder bat ukan zuten gure aurrekoek, eta hori ere hondatu dute dagoeneko.
Amore eman nuen. Praka gorriak, maitasuna hondartzan, elizaren aurkako herra eta, azkenik, jauregiari buruzko fantasia hura. Ondorio bakar batera eramaten ninduten datu guztiek; eskizofreniko hutsa zen emakume hura.
Geldi hemen! gasaren instalazioaren aurrean ginen.
Ezin da...
3
Alferrik saiatu nintzen protestatzen. Nire azken zigarrotxoa izan zena amaitu gabe bota nuenean bezala izan zen. Nigan agintea zuen Mirak. Autoa hantxe gelditu nuen.
Ez naiz gasaren instalazioak gauez eskaintzen duen argi-ikuskizuna azaltzen luzatuko. Nire aditasuna Mirak zuen bereganaturik. Atea irekitzen ari zen.
Nora zoaz? ausartu nintzen galdetzen.
Ez galdetu ezer, mesedez, maitea.
Ahoan musu luze bat utzirik irten zen autotik. Kanpora begiratu nuen. Atezainaren dorretxoan ez zegoen inor, itxuraz behintzat. Mira lasai-lasai igaro zen atearen aurretik eta Bermeora begira dagoen hormaren atzean galdu zen.
Pixa egitera joango duk esan nuen nire artean. Irratia piztu nuen.
Pi, pi, pi.... ordua eman zuten.
Ño! Goizaldeko laurak ziren. Bai luzea hondartzakoa. Eta bai luzea Miraren pixaldia ere. Den-dena egiten ote zuen hain luze emakume miragarri hark? Nik, ezta gaztaroan ere ez hain luzerik. Itzali egin nuen irratia, ez bainuen berri zaharrak entzuteko gogorik eta bai Miraren soinaz amesteko.
Mira, Mira, Mira! Miragarria..! Arraioa! Izena ere horrelakoa zaukak eta! orduan ohartu nintzen haren izenaren benetako esanguraz.
Arnasaren ezean banengo bezala jaitsi nuen leihatila eta inguruan nuenari erreparatu nion. Ilargia erabat desagertua zen arren, gauak argia izaten segitzen zuen. Arrazoi zuen Mirak; eukaliptu baso itzela zen Matxitxako guztia. Izarora luzatu nuen begirada, eukaliptuak ikustea mingarri zitzaidan eta.
Gabon, buenas noches...
Gizonezko baten ahotsa zen, gizabidetsu agertu nahi zuena. Horrela ematerik lortu gabe, ostera. Zakarkeria kutsu nabarmena zuela iritzi nion.
Gabon erantzun nuen, euskaraz badakidala erakutsiz.
Ordurako ahoa nire ezker belarriari itsatsita zuen ahotsaren jabeak. Soldadutza Hitlerrekin egina zuena ematen zuen gizon gazte hark.
Ez daukazu hemen aparkatzerik, bertoko langilea izan ezean.
Ba, langileen autoak hor barruan daude erantzun nion, kazetari txartela erakusten nion bitartean.
Kazetaria? Ba, zatoz egunez.
Egunez ez da hain eder ikusten paraje hau.
Sentitzen dut. Egunez etorri ezean, eta horko... gasaren instalazioa seinalatu zuen-, horko... norbaiten baimena ekarri ezean, ez dago hemen apark...
Ez nion amaitzen utzi. Azeleragailua barruraino zapaldu eta bertan utzi nuen atezaina. Nazkagarria zen, «ezean» gora eta «ezean» behera, behin eta berriro. Ba, gerrikoan pistolatzar hura eduki ezean ez zidan memelo hark hain zakar hitz egingo, ez horixe.
4
Biharamunean, beno, egun berean baina eguerdi aldera, lanera deitu zuen Ertzaintzak.
Hiretzat, Efefe lankideek nire inizialez deitzen didate.
Bai? telefonoa hartu nuen.
Efefe? Hemen Bermeoko Ertzaintza... nire lagunek Efefe deitzeari ondo deritzot. Ertzain hark, telefonoz bestaldetik horrela esateari ez neritzon zuzen, ordea. Gainera, nola zekiten nire ezizenaren berri?
Ez dakit. Kontua da ertzainek nirekin hitz egin nahi zutela. Gasaren instalazioaren inguruan izan omen nintzen, goizaldeko orduetan eta bakarrik. Beraz, Miraren berririk ez zuten.
Eta begira, istriputxo bat gertatu zen han, zuk alde egin eta ordu erdi pasatuta.
Ordu erdi? Ordurako ez nengoen han inguruan.
Gezur galanta nirea. Izan ere, ordu erdi batez izan nintzen gasaren instalazioa baino pixka bat beherago, autoko argiak piztuta, Miraren zain.
Ez digu hori esan zaindariak.
Ba, zaindariak esango zizun, bai, ni ez nintzela instalazioetara hurreratu ere egin. Eta bide batez, zein istripu diozu gertatu zela?
Matxura txiki bat urtegian. Zulatu egin da eta urak ihes egin... eten egin zuen ertzainak. Baina, zer arraio! Informazio hau sekretua da. Adi, Efefe: badakigu ekologiazale amorratua zarena, bai?, eta kontuz ibili gero, nori zein informazio pasatzen diozun!
Besterik gabe, eskegi egin zuten.
Egunak, asteak eta kasik hilabeteak ere eman nituen Mira burutik kendu ezinik. Nor ote zen emakume zoro hura? Zoroa? Zoronga bai behintzat. Eta nola ahaztu hondartzakoaz? Berak eragin ote zuen matxura gas instalazioetan? Ezinezko neritzon. Zuzendariak ni baketan uztea bezain ezinezko, gutxienez jota.
Hi, Fourcada, lana zaukat hiretzat. Utzik esku artean daukaan guztia eta sar hadi trenbidearen gaiarekin.
Ekaineko iluntze luze horietako bat zen, ondo gogoan daukat, «zuzenjaunak» hala esaten zion batek baino gehiagok agindu hori eman zidanean. Alegia, nire eguneroko orrialdea ondo beteta ukan nuenean.
Bihar hasiko naiz gogaiturik erantzun nion.
Ba, gaur duk bihar; eraman ezak dosier hau etxera.
Txostena etxera eramatea beste irtenbiderik ez neukan. Irakurri, ostera, ez nuen biharamuna arte egingo. Zertarako? Buruz nekien trenbide berriaren gorabehera guztia: agintariek, trena beharrezkoa dela; baserritarrek, lursail hoberenak hondatuko dituela; trenbide inguruetako herritarrak, gorreriaren beldurrez... betikoa! Loak Mirarengan pentsatzen harrapatu ninduen.
5
Biharamunean goiz nengoen zutik eta lanerako prest. Behin batekoagatik, luzaroan bizitzeko esaera zaharrak egin behar dela dioenaren erdia bete nuen, hau da, txoriekin jaiki nintzen. Ez da ohikoa gu kazetarion artean. Autoa hartu eta Arratiarantz abiatu nintzen, harako hartan Mira itsasorantz bezala: jomuga zehatzik gabe. Esan dut lehenago ere; kazetariok hau eta bestea, baina goiz jaikiz gero, ezin mundua ezagutu. Urkiolako bidean egundoko auto ilara zebilen. Irratia piztu eta orduan jakin nuen horren zergatia. San Antonio eguna ez zen, ba? Horrela esan zuen irratiko neskak, ahotsa loratuz: Orain, Fran Lasuen & Eskuadra Zaharra diskoko kantu bat, bixi-bixia, pikantea, San Antonio egunean gaudenez gero, jarri zaitezten... bero-bero!
Urkiolan gora oinezko asko zebilen. Han gehienak ez ziren, kantuak dioenaren kontra, neskazahar eta mutilzahar, bikote ondo ezkonduak baino.
Jakina! Santuari esker ezkonduko zituan eta, orain eskerrak ematera urtero esan nuen nire artean. Xoxoak beleari... heu bai mutilzaharra, Filip! Gaztaroa alferrik galtzen eta inoren ohiturak kritikatzen. Mundu guztiak zaukak eskubidea, ahal duen moduan ezkontzeko, egunkariko iragarkien bidez nahiz zerukoen laguntzaren bitartez egin, ze, ezkontza ezkontza duk. Eta bakik, ezkontza eta buzkentza... «Buzkentza» hitzak egundoko ideia zoragarria ekarri zidan. San Antonio eguna Urkiolan bildutakoen artean ematea pentsatu nuen, horrela trenbideari buruzko iritziak entzun ahal izango nituela eta. Ona izan zen ideia, bai, eta hobea harrapatu nuen katua. Entzun honi, galdetu horri, mihia askatzeko tragora gonbidatu beste hura, zurrut eta zurrut, buzkentzarik apenas eta edatekoa ugari, kupeltxo polita harrapatu nuen. Zorionez, kanpoan egoteko aroa zegoen eta, pago baten gerizpetan hartu ninduen loak. Amets uzta ederra egin nuen han, harik eta trikitixa kaxkar baten soinuak iratzarri ninduen arte.
Non hago, Filip? iluntzen hasita zegoen eta une batez leku eta denboraren ezagumena galdu nuen.
Erromeria bere uztarora ailegatua zen. Gazteak elkarri zirriak egitean hasiak zirela esan nahi dut. Eta horren ostean etorriko zena denok dakigu. Autora jo nuen, nik neuk ere egina bainuen albiste uzta. Biharamuneko titularra pentsatu behar nuen. «Erromeria» eta «erokeria» hitzekin zerbait egin nezakeen. Autoa non utzia nuen gogoratuz gero, behintzat.
Honen bila zabiltza, ala? esan zidan norbaitek, ezaguna egin zitzaidan ahotsaz.
6
Ez nauzu ezagutzen, ala? Mira naiz.
Mira zen, bai, eta nire autoaren alboan zegoen. Harrigarriena, ordea, zera da, nik ez nuela uste autoa han aparkatu nuenik, erromeriaren lekutik hain urrun. Dena dela, edandakoaren eragina izan behar zuela iritzi nion eta berehala ahaztu nuen nahasmen hura.
Zer egiten duzu hemen? galdegin nion.
Nire zuloa inguru honetan dago. Zer deritzozu hara bagoaz eta hitz egiten badugu?
Bagenuen zer hitz egin, egia da. Gainera, hitz egiteko gonbite hartan hondartzan hitz egin genuena berriro esan genezakeela iritzi nion. Hala bada, autoan sartu ginen.
Ez genuen kilometro pare bat edo egin, gelditzeko agindu zidanean. Bada, gelditu eta atea ireki zuen.
Autoa hemen utzi behar dugu! esan zidan.
Berak esan eta nik egin, han utzi nuen autoa. Izan ere, ingurunea zoragarria zen han eta ez zitzaidan batere kostatu agindua betetzea. Erreka garden bat, ur jauzi eta guzti, haltz eta urritzen artean zetorren. Zeruan, aldiz, ilbetea ageri zen, elkarrekin lehenengoz egon ginenean bezala.
Erdu! eskua luzatuz batera esan zidan.
Luzatu nion nik ere eskua eta errekaren ertzean gora jo genuen. Oinetakoei erreparatu nien. Botatxo modukoak ziren, lokarri luzedunak, orkatilak baino gorago iristen zitzaizkionak. Eta gorriak, noski. Belle Epoque hartakoak zirela esan izan balidate, sinestu egingo nukeen.
Berton bizi naiz itxuraz errota izandako etxe zahar bat seinalatuz esan zuen. Zer deritzozu?
Ederra! Baina Bakio eta Bermeo artean bizi zinela esango nukeen erantzun nion, etxean sartzen ari ginela.
Leku askotan izateko astia badut eta, badakizu, mugitzen den harriak...
Miraren etxe barruak mira eginda utzi ninduen. Antzina sutondoa izandakoa han zegoen, osorik. Gainerako guztia berriagoa zen. Goiko solairurako eskailerak, adibidez, zur landu berriaz eginak zirela zirudien. Haietan gora jo zuen berak, eta ni haren urratsei jarraitu nintzaien. Logelaraino. Han, beste mirari baten testigu izan nintzen.
7
Mira ohe gainean eserita zegoen ni gelan sartu nintzenean. Gerriraino izaretan sartuta eta gorputz enborra biluzik, leihoan ageri zen ilbeteak burua inguratzen zion. Ikuskizun hark betiko maitemindu ninduela uste dut. Edo haren adats askeak eta titiburu gordinek lotu ninduten, batek daki. Dakidana da ohean hartu ninduela, eta esnetan izan ginela, eta eztitasunez jo genuela, nik sekula lehenago egin ez nuen bezala. Gero lo geratu ginen biok.
Uhu! Uhu! hontz edo urubiren baten ulua aditu eta itzartu egin nintzen.
Nire alboan Mira lo zegoenez, kazetari senari amore ematea erabaki nuen. Zaratarik atera gabe jaiki eta nengoen bezala, biluzik, etxea miatzeari ekin nion, goiko solairutik hasita, bertan bainengoen.
Solairu hura ez zen ohikoa. Miraren gela izan ezik, beste guztiak hutsik zeuden. Hala ere, ez nion hain ezusteko iritzi.
Bakarrik bizi duk eta! pentsatu nuen.
Ezusteko galanta izan zen beheko solairuan hartu nuena, ostera. Esan dudan sutondoaz gainera, ingeniari, idazle edo asmatzaile baten langela izan zitekeena zegoen.
Ingeniariarena esan zitekeela diot, zeren eta mahai zabal baten gainean eta apalategi bateko goialdean, hamaikatxo maketa baitzegoen. Zubiak, trikuharriak, errotak eta halako beste hainbat eraikinen erreplika zehatzak ziren.
Esan dut, baita ere, idazle edo asmatzaile batena izan zitekeela langela, liburu ugari baitzegoen apalategietan. Bazter batean Mac ordenadore bat ere bazegoen. Haraino hurreratu eta karpeta gorri bati erreparatu nion. Kaligrafia ederrez eginiko hitz bat zegoen idatzirik: burdinazko. Zer ote zen hura? Jakingurak erretzen ninduen. Ezin eutsirik, karpeta barrukoari kuku bat egin nion. Egunkari zatiak ziren han bildutakoak.
Ekologiazale amorratua duk Mira hori, Efefe. Horrela esan nion nire buruari, zati guzti-guztietan gai bakarra ageri baitzen: ingurugiroa. Eta ez edozein ingurugiro. Gehienbat trenbide berriarekin zerikusia zuten berriak ageri ziren errekorte haietan. Ez neritzon harrigarri, azken batean etxe hura bera ere trenbidearen ustezko ibilbidean baitzegoen.
Arraioa, Filip! Non zagok egunkarirako egin behar duan artikulua?
Logelara joan, Mirari presa nuela esan eta berak txarto ez bazeritzon biharamunean berriro elkar ikusiko genuela esango nion. Egia da ordurako susmoa hartzen hasita nengoela, baina pikutara! Bizitzan behin izaten da halako aukerarik, halako emakumerik.... Logelan sartu nintzen. Mira lo zegoen. Zein eder neritzon! Hamar urteko neskatoa zirudien. Nola itzartu aingeru hura? Oinak izaretatik kanpo zituela eta, isilik hurreratu nintzen horiek estaltzera. Eta orduan ikusi nuen ikustekoa.
8
Luzaz egon nintzen han, geldi, nire aurkikuntzagatik jota bezala. Hontzak, edo urubiak, ez dakit, uhuri egin zuen azkenik. Miraren oinak estali eta langelara itzuli nintzen. Nire susmoari egiazko neritzon arren, datu batzuen ezean nengoen. Bilatzeari ekin nion.
Apalategietan munduko ipuinen bilduma zabalenak zeuden. Horiekin batera, zenbait antropologoren lanak, herri jakintzei buruzko txostenak eta nik dakita zenbat hizkuntzatako hiztegiak.
Zenbat hizkuntzatan daki, ba? nire egonarrian nik.
Hiztegien artean begiratu eta batek eragin zidan jakingura berezia. Eskuz egindakoa zirudien eta larruzko azalean ez zekarren hitzik. Hartu eta edozein orrialdetan zabaldu nuen. Dozena bat hitz irakurtzeko astia izan nuen.
Egia jakin duzu, ezta?
Mira begira nuen atean. Ziriko beltzezko jantzi luze bat zuen soinean eta oinutsik zegoen. Bion begiak haraxe joan ziren: oinetara.
Hauek dioten egia, Pilip enea, ene Pilip galanta, Pilip... gero eta hitz zaharkituagoak erabiliz mintzo zen.
Miraren oinak! Ez ziren normalak, ez. Hala ere, ez nuke esango ahateen oinekin zerikusirik zutenik. Ez behintzat luzaz begiratu ondoren.
Beraz esan nion, zuk zeuk eragin zenuen matxura gasaren instalazioan.
Ez neritzun hain buru argiko erantzun zidan; nik esan ezean sekula igarriko ez zenuela uste nuen.
Usteak erdia... badakizu,... zera urduri nengoen, lo egon zaren bitartean luzaz pentsatzeko astia izan dut.
Eta zer jakin duzu? elkarren besoetan ginen berriro.
Horretaz hitz egin baino lehen zerbait behar dut ahora eroan.
Nik eskatu eta berak eman; apalategi bati oinaz ozta-ozta ukitu eta hantxe agertu zen ate zuri bat.
Hozkailukoa zen. Baina zer esango dizuet, harrezkero ez ninduen ezer harritzen. Hozkailu barruan denetariko esnekiak zeuden. Eta sagardoa ere, sagardoa ugari. Besterik ez. Zer espero nezakeen egotea, ba, Mira zer zen banekienez gero?
Gatzatu bati eztia egin eta hura jaten nuen bitartean berak sagardo botila bat ireki zuen.
Lehenik eta behin, auto-estopean hartu zintudan lekua dago: «Lamiako». Gero, urteen kontu hori, ehun eta hogeita bost dituzula... Maitasuna egiten nota luzatzen zaren jakinda, sinestu egiten dut, bai, zuretzat denborak beste neurri bat duena. Eta, zera, nola ez ote nintzen konturatu zuk oinak uretatik atera jabe jo genuenean. Eta gero, San Pelaiora hurreratu nahi ez izana, gurutzearen beldurrez, gasaren plataforma han urrunean negar egiten hastea! Eta orain, zubiak eta trikuharriak maketan, zure antzinakoek egiten omen zuten bezala, errealitatean, ezin egin duzulako horrelakorik. Eta jauregiarena?
Zer, ez duzu sinesten, ala? Burutsuago neritzun, ba! pipertu egin zen. Guk jauregi eder bat izan genuen han, oraintsu hondatu digutena, alegia, gasa ateratzen hasi direnean.
Eta beste bizileku bat ere bazenuten, non eta orain gas-lekuko urmahela dagoen horretan, ezta? Hala bada, zeuk eragin zenuen matxura hura, oraingo putzu artifiziala aspaldiko lamien osin iluna izan zenaren ordez jarri dutelako, eta horrela zuetariko batzuk bizilekurik gabe utzi zintuztetelako.
Negarrari eman zion.
Gutariko batzuena diozu, Pilip ene galanta, batzuena? Ni, geratzen den horietako azkena naiz, jakin ezazu. Eta nire azkena ere hurbil dago. Begira, begira horko liburuetan esaten dena: (lamiak) desagertuko dira ibaia Donibane goizean idi nabarrek goldatzean. Ibaia laster goldatuko dute, aurten ez bada, datorren urtean.
Hitz horiek esan eta batera errekorteen karpeta hartu zuen. Airean joan ziren paper guztiak. Eta paperak airean zebiltzalarik, azken datuak lotu nituen. Ibaia goldatu? Ezinezkoa da, edo... ez! Banekien non zetzan Miraren hitzen gakoa.
9
Egunkarietako errekorteak biltzeari ekin nion. Asko eta asko zuzendariak eman zidan dosierreko berberak ziren, hots, trenbidearen egitasmoaren nondik norakoari buruzkoak. Horietako batean topatu mien berria.
Laminerreka desbideratu egingo da trenbidea egiteko! oihu egin nuen.
Eta orduan ni desagertu egingo naiz.
Zerbait egin beharko genuke. Zer deritzozu?
Ez zidan erantzun. Sagardoari beste xurrutadatxo bat jo zion nik esku batez oinak laztantzen nizkion bitartean.
Nork asmatu ote zuen oinen ipuin hori, ahateen edo antzaren antzekoak direlako hori.
Hainbeste gezur asmatu dira gure kontura! hasperen egin zuen.
Begi-bistakoa zen zerbait egin behar genuela. Hasteko, ordea, maitasuna egin genuen, beste behin ere. Miraren ondoan ez zegoen presarik. Baina egin beharrekoa azkar egin ezean harenak egingo zuen. Trenbidearen egitasmoa aurrera zihoan. Ez zen hori izan, bada, ni Urkiolara ekarri ninduen gaia?
Joan beharra daukat, Mira esan nion.
Oraindio ez duzu igarri nire benetako izena? Lau letrak lekuz aldatuz lortuko duzu.
Badakit. Eguna argitzear dago eta, egunkarira noa. Gaur beste borroka bat hasiko da. Ibaia ezin dute desbideratu, ezergatik ere esan nion.
Ez zara pixka bat beldur, ene Pilip galanta? galdegin zidan. Gogoa ematen dit Bargotako lamiarena egiteko, hau da, ate horretatik kanpora irteten bazara, nire orrazi hau hartu orrazia erakutsi zidan eta zure hanketara jaurtitzeko, ea zuri orpoan iltzatzen zaizun eta hemen geratzen zaren betiko.
Ez zuen horrela egin beharrik ukan. Gauero itzuliko nintzela agindu nion eta ondorengo bi urteetan gauero itzuli nintzen errotara. Egunez, esan beharrik ez dut, trenbidearen aurkako borrokalari sutsu bilakatu nintzen. Hain sutsua, non Mirak niganako erakusten zuen maitasuna interesatua ez ote zen pentsatzen baitut orain. Azken batean, ibaia ez desbideratzeko ahaleginean ni bezalako kazetari bat behar zuen, ezinbestez. Ez neritzon gaizki, baina zalantzak barrua jaten dit. Miraren berri ez dudanetik hona, hau da, ibaia benetan desbideratu zutenez geroztik, ez dut bakerik. Betiko joan ote da?
Askotan pentsatzen dut bete egin dela tradizioak dioena, alegia, ibaia goldatu egin dutela eta hor amaitu dela azken lamia. Berdin zeritzon Mirak, edo Marik, berau baitzen haren benetako izena.
Horra hor idi nabarra, burdinazkoa! esan zidan behin, Urkiolamendin genbiltzala.
Zeri buruz ari ote zen ez nekielarik, kamioitzar bat ikusi nuen errepide ertzean geldi. Gainean irunzkailu ikaragarria zuen. Biharamunean ekin zioten ibaia desbideratzeari eta ubide zaharra «goldatzeari».
Zorigaiztoko egun haren osteko gauean Mira ez nuen zain izan. Alde egina zen. Betiko? Ez dakit, ez dut esperantza galdu. Eguerdian Ertzaintzaren dei bat izan dut erredakzioan: ea zer dakidan sabotajetxo bati buruz, Arratia aldean... «Ezer ez», esan diet. Eta Lamiako auzoko semaforora gidatzea erabaki dut. Mirariaren bila?
* Ipuin hau Hezinet programarako material bezala sortua da.