Denbora presentea eta denbora futuroa
Harkaitz Cano
1. Denbora presentea: Poliziak makilaka, bortxaz aterarazi ditu eliza batean babes hartuta zeuden etorkin afrikarrak. Nahiko ondo ematen du, egia esan, aurpegiko ubelduen tonu moreak azal beltzean. Denbora futuroa: minaz jositako Mediterraneoko uretan baleak erabat desagertu dira. Ez ziren baleentzat propio jarritakoak mina hilgarriak, hala ere, Europako Batasunak zintzo adierazi duenez. Goseak Europara bultzatzen zituen zuluen odolak gorritu du itsasoa eta itsasoaren alde bietako haurrek, karakolekin batera, zuluen hortz zuriak ere biltzen dituzte orain hondartzetan, koilareak egiteko.
2. Denbora presentea: soberakinak direla eta, milaka tona melokotoi lurperatu ditu dagoeneko Nafarroako Gobernuak. Lurperatu, bai, lurperatu. Merkatuan sobera daudenez, Europako Batasunak diru laguntzak ematen dizkie melokotoiak erretiratzeko. Denbora futuroa: lurperatutako melokotoien hezurrek eragindakoa izan behar duen landare izugarri bat sortzen da lurpetik ezustean, eta luzatu eta luzatu egiten da ikaragarri, balizko Zerurantz heldu arte ia. Infernuan bizi den Luzifer Jauna, lurperatutako melokotoiez elikatu da urteetan zehar, eta gero eta sasoi puntu hobean dago goiko solairuan Zerua deitzen duten horretan estatu kolpea emateko. Luzifer Jauna, landarearen adarretan gora abiatzen da, poliki baina eskalatzeko estilo lirainaz.
3. Denbora presentea: Itoitzen egitekoa zen kanpaldia legez kanpokoa dela esan eta debekatu egin du Nafarroako Gobernuak. Denbora futuroa: milioika litro kubiko dituen urtegiaren pean bizi dira kanpin denden oihalez jantzitako mamu bustiak. Batzuetan norbaitek kanpaiak jotzen ditu herri urperatuetan, eta kandela itzali batekin atez ate erromes dabilenik ere bada. Itoizko urtegiko ur preziatua Nafarroako melokotoi guztiak ureztatzeko erabiltzen da. Europako Batasunak laguntzak ematen ditu melokotoien soberakin gero eta handiagoak lurperatzeko.
4. Denbora presentea: dokumentu sekretuak desklasifikatu ahal izateko hogeita bost urte igaro beharra ezarriko lukeen legea ari dira aztertzen. Denbora futuroa: Dokumentu sekretuak desklasifikatu eta errudunei kontuak eskatzen zaizkie. Baina jada joanak dira denak lo eternalaren aurrezkiak liriobelarren burtsan inbertitzera, Melokotoien Lurraldera. Lurpera, alegia. Errudunak hilobietatik ateratzeko agintzen du epaileak. Hala egiten dute. Epaileak, errudunen errautsak barreiarazten ditu zigor modura Itoizko urtegian, eta hutsik geratutako errudunen hilobiak melokotoi soberakinez betetzeko agintzen du.
5. Denbora presentea: tabakoa droga deklaratzea aztertzen ari da EEBBetako lehendakaria. Denbora futuroa: bi erretzaile desesperatu, hiritik ihesi doaz izerdi patsetan: leku egokiagorik ezean, kanposantu bateko hilobi hustu berrian ezkutatu dira Poliziaren kontroletik kanpo zigarrotxo bat erretzeko. Bat-batean, melokotoi andana erortzen zaie buru gainera erretzaile pekatariei. Hantxe geratzen dira melokotoien artean lurperaturik, erretzaile gizarajoak.
Melokotoiak lurperatu ordez behar den lekura kanporatzea zaila da. Etorkinak kanporatu beharrean lur honen gainean sustrai har dezaten onartzea zailagoa. T.S. Eliotek zioena: «Denbora presentea eta denbora pasatua akaso daude presente biak denbora futuroan. Eta denbora futuroa konteniturik denbora pasatuan. Denbora guztia presente baldin badago eternalki...
Luzifer Jauna badoa artean, adarrez adar, melokotoiaren usainez lurrinduriko zuhaitzean gora nekaezin. Baina jada ez dago zerurik. Eta eskerrak ez dagoen, bestalde.