Azkenaren ondoko ipuina

 

Xabier Amuriza

 

        Ipuin bat asmatu guran hasi naiz eta ez dakit lortuko dudan, protagonista posible guztiak akabatuak baitira, edo behar bailukete, zeren azkenaren ondoan nor aurkitu behar dut hiztun, neure burua barne? Azeriarengana jo dut, nire umetako ipuinik gehienetan bera partaide izanez gainera, horren maltzurkeriak beharbada aurkituko baitu azkena saihesteko moduren bat, baina garbi esan dit.

        — Ez zait interesatzen!

        — A! Ezin dualako, eztuk?

        — Segurrenik ahal izango nuke azkena saihestu, baina neu bakarrik salbaturik, nori ostu behar diot gero?

        — Ez duk hainbestekorik gertatuko, ordea!

        — Niri zer diostazu? Zeu zara ipuingile.

        Aspaldion Euskal Herrian hainbeste ugaritu den basurdearengana jo nuen. Horrek ez zuen suposamena ulertu, edo ez zion jaramonik egin, etxeko artatzatik hurreko putzu batean bere umeekin bainatzen ari zela. Oraindik artoari berde usaina hartuko zion, baina egun gutxi barru ederto plantxaturik utziko du soroa. Lehoiarengana hurbiltzea alferrik zen, lehendik ere desager zorian dabilen espeziea izanik. Animaliengana ez bada, norengana jo behar dut lekuko sinesgarri baten bila? Ama Lurraz gogoratu nintzen, hura ez zela akabatuko jorik, oso alferrik galduta aterako bazen ere.

        — Ama Lur! Gure benetako ama bakar hori!

        — Oso tonu minberan hator. Zer nahi duk?

        — Neuk baneki!

        — Ahalegindu behar huke jakiten, erreguan hasi aurretik.

        — Ari naiz, baina ez dakit nota azaldu, zeure aurkako krimena baita.

        — O! Orain neuri komeni zaidak jakitea.

        — Gizakiak azkenean lurra suntsitzea lortuko duela diote. Erreta utziko zaituztela, biziaren azal miragarri hori gabe.

        — Gaixoak! Ez zakitek zertan ari diren.

        — Baina ari dira. Egizu zerbait, Ama! Emazu denak eskarmentatzeko moduko zeinu ikaragarri bat.

        — Ez didak ulertu. Nik esan diat ez dakitela zertan ari diren, lurra erreko dutelakoan badabiltza.

        Orduan esplikatu zidan berari ez ziola Lurraren ardura, azal miragarria deuseztu arren. Hori gizakion apreziazioa zela, naturarentzat berdin miragarri zirela Amazonia zein sumendia. «Ez duk usteko, ba, planeta makal hau eguzkia baino erabakigarriago denik!». Oker ulertu ez banion, esan nahi zuen materia inertea gizakiak asmatutako lelokeria dela. Lurretik bizia desager dadinean, Naturari ez zaio ezer gertatuko. Nola egingo zaio, ba, planeta osoa leherturik ere, egunen batean egingo den bezala, Naturak ez baitu lesiorik jasango? Ez al da kosmoa etengabe eta aldi berean eratzen eta suntsitzen ari? Eta okerrena izan zen galdetu zidanean ea zer ulertzen nuen eratzeaz eta suntsitzeaz. Eta gehiago harritu ninduen, lurretik bizia desagertzea instanteko arazo bat besterik ez zela izango esan zuenean. Eboluzioari edo dena delako bilakaerari hainbeste milioi urte kostatu zaiona gero instantean berregin? Orduan esan zidan denbora geologikoa ez dela existitzen, beraz, amen batean igarotzen dela. Haren kontzientzia besterik ez dago. Denbora psikologia, zelanbait esanda. Gizakia kontziente bilakatu aurreko milioikada guztiak instantean gertatu omen ziren. Ez nuen ulertzen, baina hori neure problema omen zen. Berak barre egiten zuen, «natura suntsitu» eta horrelako mehatxuak kontatzen nizkionean. «Izatearen subjektu izatera heldu dela sinestu duenaren harrokeriak», burlatzen zen.

        — Orduan zer? —hots egin nion suturik—. Berdin al da Lurra biziaraztea zein bizigabetzea?

        — Nigatik bai. Zuen problema duk hori. Denbora baino lehenago desegin nahi baduzue, hor konpon. Jaioko dituk berriak. Ez al duzue horixe kantatzen beti? Bizia eta adimena unibertsoan sobera zagok, planeta koxkor baten instante txepel bat gorabehera.

        — Baina instante horrek zu ere harrapatuko zaitu.

        — Oker hago. Niri ezin zaidak ezer geratu, zeuen irudipena besterik ez bainaiz. Zuek, desagerturik, zertarako behar duzue irudipenik?

        — Orduan norekin berbetan nabil ni?

        — Heure buruarekin! Zeuen txoriburu horrekin!

        — Eta nor geldituko da azkenaren ondoren?

        — Azkenaren ondoren hasiera gelditzen duk.

        — Eta zu ez? Orduan norekin egin behar dut ipuina?

        — Ipuina nahi baduk, fresko bizirauten ahalegindu beharko duzue. Unibertsoaren literaturan ez duk ezer, baina ipuin interesgarria izan zitekek zeuentzat. Orain utzidak hire kontzientzia zirinetik espazio amaigabearen lasaitasun intenporalera itzultzen.

        Ez dago ipuinik! Planeta errukarri honetako biziaren iraupenak gizakiaz beste inori ez diola ardura dirudi. Okerrenean ere, bere baitaz kanpo inolako dolurik hedatuko ez lukeen suizidio bat. Bere buruaz beste galerarik ez dela jakitea lasaitasun bat izanik, eusteak ez al luke ipuin bat balio?

 

 

 


www.susa-literatura.eus