Zizare urdina

 

Patxi Zabaleta

 

        — Nondik atera ote zaigu bada zizare kume urdina? —galdegin zion zizare aitak zizare aman lotsaturik.

        — Nolatan bada zizare urdina gure artean? —galdetzen zioten elkarri harriturik eta urduri adineko zizare guztiek—. Nola liteke horrelakorik?

        Gorotz pilo handi hura aspaldian zegoen bide bazterrean eta han sortua omen zen, auskalo nondikan etorritako zizareren batengandik, zizare multzo handi eta tajutua: zizare herri bat. Gorotz hura guztia ongarri eta lur gozo bihurtuko zen zizare lanaren bitartez eta izadiaren onerako.

        Dena bakea eta lana zen zizare herriko ilunbe hezean gertatu zena gertatu zen arte.

        Zizare herri hartako biztanle guztiak zeuden bildurik egun hartan. Entzuna zeukaten nonbait zizare kume urdina agertu zela gorotz pilo tarteko herrian eta denak marmarika ari ziren kezkaturik: «Zergatik jaio ote da xixare urdina? Gure artean ez zen inoiz horrelakorik ikusi eta!». Sekulan ez zen horrelakorik ezagutu!

        — Horrelakorik ez da sekulan hemen ikusi eta horrek arriskua ekar liezaguke. Nonahitik ikus gaitzakete etsaiek! —errepikatu zuen orroka zizare agure batek.

        Gorotza beltza izaki eta ondoren lur ustela sortzen hasten zelarik, beti margo nabarretako inguruneak zeuzkaten eta bertan bazkatzen eta bizi ziren zizare guztiak gorrixkak, beltzaranak eta arreak ziren. Zizare guztiak halakoak zirela ziur zeuden; halakoak behar zuten!

        Bakoitzak berea zioen eta denak marmari batean hasi ziren:

        — Zizare urdina urrutitikan ikusiko dute oilo, txori eta hegazti guztiek —zioen batek.

        — Laster ditugu hemen denak aztarrika eta mikoka bazterrak nahasten eta ea bazkatzeko harrapatzen ote gaituzten saiatzen! —zioen beste batek.

        — Gureak egin du! —zioen besteak—, zizare urdina ikusiz gero, jakinen baitute besteok ere hemen garela.

        — Eta satorrak eta satainak ere ohartu eginen dira hemen bizi garela.

        — Hemen ez zen inoiz horrelakorik ikusi!

        — Hemen beti gorrixkak, beltzaranak eta arreak izan gara; hemen ez dugu inoiz zizare urdinik izan! Zein da errudun? Zein da horren erantzule eta errudun? Zein da?

        Eta denak zizare urdinaren ama eta aitaruntz itzuli ziren berriro.

        I Gurasoak berriz lotsaturik zeuden; beldurturik. Denak marmarika ari baitzitzaizkien. Zizare urdinaren aitak behin eta berriro zizare-amari zera galdetzen zion: «Nondik atera ote zaigun horrelako xixare kumea? Eta zergatik guri geuri, beti zintzoak izan gaitunoi?» Zizare-ama isil isilik zegoen, ez zuen txintik ateratzen eta ez zion inori begiratzen; burumakur.

        Zizare kume urdina, ordea, ez zen geldirik egoten, beti haruntza eta honuntza zebilen, gora eta behera, marmari hura guztia berari ez balihoakio bezala. Bihurri amorratua zen, ume gehienen antzera, eta jolaserako gogo bizia zeukala nabari zen. Bazirudien ez zuela jolasean pentsatzeko beste betarik.

        Horrexegatik gehiago harritu ziren denak halako batean guztien erdi-erdira sartu eta tente jarri zenean zizare kume urdin hura. Buztantxoa gakoturik lurrean eta ia zutik, tente, alde guztietara mutturra itzuli zuen eta isil zitezen agindu zien:

        — Isil zaitezte denok!

        Harriturik elkarri begira gelditu ziren —ausarta polita gero!— baina isildu egin ziren. Gero zizare handi gorri beltzarreak hartu zuen hitza:

        — Zein haiz hi guri isiltzeko esaten eta aginduak ematen hasteko? Zein haizela uste duk? Hi ez haiz inor! Eta gainera ttikiok zeurok zarete isilik egon behar duzuenok eta ez haundioi aginduak ematen hasi!

        Orduan berriro denak batean hasi ziren marmarika:

        — Nor dela uste ote du? —errepikatu zuen batek.

        — Hori ez da inor! —esan zuten batzuek eta besteek.

        — Zizare kume urdina ez da inor guri aginduak ematen hasteko. Umeek ez dute hitz egin behar handien biltzarretan. Hori lotsagabea! Horreraino iritsi beharko genuke, alajaina!

        Zizare guztiak marmarika ari ziren.

        Alde batera eta bestera mugitzen ziren; bakoitzak lehengoari entzundakoa errepikatzen zuen eta ondoren berak esana ondokoak zioen; azkenean denak gauza berbera esatera iritsi arte.

        Azkenerako denak aho batez ari ziren: «Ez da inor, umeek ez dute hitz egin behar, lotsagabea... ez da inor, ez da inor... ez da inor...» Eta zizare herri osoak ez zuen esaera hori bakarra besterik esaten.

        Zizare guztiek gauza berbera zioten, denek errepikatzen zuten behin eta berriro ondokoari entzundakoa eta azkenean zurrunbilo nahasi eta korapilotsu hartan denak gauza berbera eta bat bakarra esaten ari ziren: «Ez da inor, ez da inor, ez da inor...»

        Eta zorabio hartan denak alde batetik bestera, beti multzo beraren inguruan etenik gabeko erretolika berdintzen eta gero baretzen zen arte: «Ez da inor, ez da inor, ez da inor...» denek eta denak berdin; denak elkarrekin igurtzika. Zorabioan: «Ez da inor, ez da inor, ez da inor...».

        Horregatik berriro ere tinko eta isilik gelditu ziren beste guztiak, zizare kume urdinak berriro oihu egin zuenean:

        — Isil zaitezte guztiok! Geldi denok, gel! Zer edo zer aditzera eman nahi nizueke.

        Harriturik begira gelditu zitzaizkion denak. Elkarri zer esan ez zekitela zeuden. Lur gainean nor edo nork oinperatzen duenean egiten dutenaren antzera tinko gelditu ziren zizare guztiak. Azkenean zizare lodikote mardul eta beste hiru edo laurekin igurtzika korapilaturik zegoen batek zera bota zuen:

        — Guk ez diagu gure artean zizare urdinik nahi. Ez haugu nahi —eta berehala berriro ere denak mugitzen hastera zihoazen. Ez haugu nahi, ez haugu nahi, ez haugu nahi...

        Baina zizare kume urdina tente zegoen oraindik eta berriro oihu egin zuen, garrasi bizi eta zipotz bat:

        — Hemen, gu bizi garen gorozpeko herri honetan, beti ilun dago. Nori zer dio, zizare jaun-andreok, nire margoa zein den?

        Hori guztia, ordea, oso zaila zen ulertzeko. Marmaria hasi zen:

        — Iluna hemen beti? Ilunbea hemen? Hori ez dakigu esaten; hori ez da beti esaten duguna; hori errepikatzeko zaila da!

        Halere batek edo bestek errepikatu egin zuen: «Iluna beti? Iluna beti?».

        — Zergatik esaten ari zarete ni urdina naizela? —jarraitu zuen zizare kumeak tente. Zergatik egin diezue errieta ene gurasoei? —Den-denak isil-isilik zeuden, urduri. Ezin zituzten gauza hain zailak ulertu. Gainera ez zekiten elkarrekin zipotzak izaten. Maitagarriak ziren denak.

        Zizare kume urdinak orduan galdetu zien:

        — Ez al zarete ohartu oraindik zizareok ez dugula begirik? Zer ari zarete esaten ni urdina naizela?

        Ez zuen inork erantzun. Zizare herri guztia geldi-geldirik zegoen, tinko. Elkarri begira erabiltzen zituzten beren mutur txorrotxak. Ez zuen inork deus esaten.

        Geroxeago, ordea, multzo guztia mugitzen hasi zen. Hasieran poliki-poliki, gero doi-doi eta gero eta azkarkiago.

        Urduri zeuden:

        — Hemen iluna beti —hasi zen marmaria—. Ez omen dugu begirik... hemen iluna, ez dugu begirik... ez dugula begirik, ez dugula begirik, ez dugula begirik... hemen iluna beti —horixe ari ziren denak esaten eta zizare korapiloa gero eta ugariagoa zen, gero eta handiagoa zizare mordoa, zizare herri guztia han ari zen elkarrekin igurtzitzen, gorotzak bere barruan sortzen zuen epeltasun heze eta ketsuan. Mugimendua gero eta berdinagoa zen arabera, berdintzen zen erretolika ere. Eta azkenerako bateratu zuten: «Hemen iluna beti... hemen iluna beti...».

        Zizare kume urdinak, gailendurik, oihu egin zuen berriro ere, baldin eta adieraziko bazuen bere hurrengo mezua:

        — Ez al zarete ohartu belarririk ere ez dugula eta ezin dugula elkarren ahotsik entzun? Ez al zenekiten, bada, ezinezkoa dugula ezer entzutea?

        Une batez bakarrik isildu eta gelditu zen oraingoan ere zizare herria. Zizare multzoak, zizare piloak berehala berriro ekin zion, zorabioaren elkar igurtzizko ibiliari, bere etengabeko leloari:

        — Belarririk ere ez dugula... ezin dugula entzun. Ez dugula belarririk, ezin dugula entzun, ezin dugula aditu, ez dugula belarririk, ezin dugula...

        Abiadura gero eta handiagoa zen; zizare multzoa gero eta ugariagoa eta barrunbe ilun eta epel hartan inon ziren lerdeak eta gesalak nahasten ziren urrinetan.

        Zorabioa zen; denak nahaste-marraste handi hartan lerdez eta gesalez elkar igurtzitzen ari ziren, leloari emanez, etengabeko leloan; ondokoak edo beste edozeinek esandakoa errepikatzen eta zizare herria mordo handi eta mugikorra zen, lerde, gesal eta urrinetan zorabiaturik zebilena. Bateratua zuten berriro erretolika:

        — Ez dugu belarririk... ez dugu belarririk... Baina oihu egin zuen berriro ere zizare kume urdinak:

        — Ezin gara mintzatu! Ezin dugu hitz egin! Ez al zarete ohartzen? Ez al duzue ulertu zizareok ezin dugula hitz egin ahorik eta mihirik ez dugulako?

        — Ezin dugu hitz egin... ezin dugu hitz egin... —errepikatu zuen aho batez zizare mordoak zurrunbiloan—; ezin dugu entzun, ezin dugu entzun... —Eta zurrunbiloaren zorabioan nekea nabaritzen hasi ziren. Gosetzen ari ziren eta ernalduak zituzten guztien soinak elkar igurtzika.

        Gero lehenagoko zizare lodikote arreak berriro ere hasiera eman zion azkeneko leloari: «Ez dugu ahorik, ez dugu mingainik, ezin dugu hitz egin...» Nekatzen ari ziren eta aspertzen. Goseak ziren dagoeneko gehienak.

        Zizare herriaren erretolika moteltzen hasi zen: «Ezin dugu hitz egin, ezin dugu hitz egin, ezin dugu hitz egin...» eta zurrunbiloa lasaituz zihoan; zizareak beren urduritasuna galtzen ari ziren: «Ezin dugu hitz egin... ezin dugu hitz egin...».

        Zein bere zirriku eta zulotik alde egiten hasi zen. Goseak zeuden eta nekeak. Eta berehalakoan bakar batzuk besterik ez zen gelditzen, elkarri igurtziak emanez, betiko lelo eta erretoliken artean. Bukaturik zen nonbait biltzarra.

        Zizare mordoa gero eta ttikiagoa bihurtzen ari zen eta beren marmaria gero eta geldoago eta ahulagoa: «Ezin dugu hitz egin... ezin dugu hitz egin...» zioten. Multzoa gero eta ttikiagoa zen eta marmaria gero eta ahulagoa. Hark ez zirudien jada zizare herria.

        Azkenekoak ere joan egin ziren.

        Gorotz piloko barrunbe beltzean, epela eta hezeak giro atsegingarria sortzen zuten. Zizare bakoitzaren soin hermafrodita haiek elkarrekin igurtzitzeko egokiera ona izan berri zuten.

        Marmaria izan zen biltzarraren aitzakia. Leloak eta erretolikak berriz marmariaren aitzakia.

        Simaur piloaren sabel epelean bizi ziren zizare guzti haiek, gorotza lur bihurtu bidenabar bazka ugari zeukaten.

        Bazka eta giroa egokiak zirenez gero, izadiak ugaritzeko ezinbesteko premia ezarri zien.

        Izadiaren agindua betetzeko bildu ziren biltzarrean. Ilunbe hartako epeltasun heze eta ketsuan kezkati zeuden beren etorkizunaz; beren buruak zaintzeak kezkatzen zituen, baina batez ere ondorengoak egiteak eta sortzeak, bazka ugaria zeukatelako. Arraultzak sortarazteko bakoitzaren epitelioak ernaldu behar zituzten eta ondoren bazkatzera joan.

        Elkar igurtzi eta igurtzi ondoren, lerde tarte hartatik jatera joan zirenean, bukatu egin ziren marmariak, leloak eta berriketak.

        Baina zizare kume urdinak, bakar bakarrik gelditu zenean bere buruari galdezka ari omen zitzaion:

        — Zergatik ote dira margoak hain politak? —Goibel eta triste zegoen—. Zenbateraino atsegin izanen nukeen ama zein izan ote nuen jakitea! Zergatik sortu ote ninduten urdin?

        Argiune bat besterik ez zen izan; tximista gau ilunean bezala.

        Gero berak ere —zizare kume urdinak— erretolikari eman zion, marmarika hasi zen: «Bazkatzera noa... jan egin nahi dut... jan egin behar dut... jan... jan...».

        Eta gorozpeko zulo batetik ezkutatu zen.

 

 

 


www.susa-literatura.eus