Ehiztaria

 

Patxi Ezkiaga

 

        Bokazioz hiltzen zuen, maitasunez. Gaztelako eguzki infinituak higatuak zizkion begininiak, argitua ilearen kolorea eta belztuak azal lehorraren zimurdurak. Eskopetaren tiro hotsak eta riflearen listukada lasterkatuak laztandu egiten zioten heriotzaren ukitu hotza, animalia eta hegaztietan bizitza eza besterik ez onartzeraino.

        «El cazador» gisa ezagutzen zuten ostatu eta tabernetan, beste izenik gabe, besterik ez bailegoan berak aukeratutako atzerrian. Atzerri oro bezala, heriotzaren itxuraldatze, erroekiko alarguntze.

        Donostia inguruko herrietako zuhaizti eta basoetan hasi zen, karabina bizkarrean, haurtzarotik, basatasunaren hobekuntzan. Txolarreak lehenik:

        — Kalte besterik ez ditek egiten.

        — Hik zer dakik!

        — Aita ehiztaria duk eta berak esan zidak.

        Xoxoak eta birigarroak gero:

        — Bai, motel, halako kaxuelakadarik...

        Gailupak, karnabak, pinpinak:

        — Ba! Horri deitzen al diok kantua?

        Eta neguko hesi elurtuetan pausatzen zen txantxangorria.

        Nerabezaroko azken urteetan errepide ertzeko barra amerikanoetako neska filipinen haragi biluzietan hustu zituen ehiza amaierako amorru oraindik botagabeak. Baina asegaitz sentitzen zen bere jaioterrian eta gero eta urrunerago bultzatu zuen hil beharrak. Egiten zuenaren kontzientziak soilik bereizten zuen akabatzen zituen abereenetatik bere aberekeria, kontzientzia bera herio bakoitzekiko bere irribarrearen iturri.

        Maiz sarraskituak zituen Cazorla eta Iratiko oihanak, maiz lausotua oreinaren begirada izutia eta sarriago lurreratua orkatz bakartiaren dotorezia. Azkenean hutsik ziruditen basoek, agian ezkutuan geratzen zirenek aireari bere presentziaren usaina hartua ziotelako. Orduan ortzirantz jo zuen ostera, urruneko haurtzaroaren oroitzapenez. Harrapari handiak botatzeari ekin zion, moko kurbatu boteretsuetan eta hatzaparretan heriotzaren ideogramak zizelaturik dauzkatenak. Hontza, mirua, saia eta arranoa.

        Jakin ere jakin zuen Inca herrien mendiko jaungoikoek hegazti guztien artetik handiena jarria zutela gurtzarako sinbolo gisa. Peru aldera abiatu zen kondorraren bila. Bakardadearen erroetara iritsi zen, denborak bizkar gainean atzerantz jotzen duen lurrera. Oihana eta punaren itzulerarik gabeko isiltasunak inguratu zuen bere mendeetako soinekoan. Izututa, botila zaharrari eutsi zion bere lehen larrujotze arrastiriko bular gazteak bailiran.

        Oihanaren deiari amore eman zion. Oinez hasieran. Baina landaretza joriaren ugaritasun berdeak moztu egin zion zeru sabaiarekiko distantzia. Aihen lodiek, lore oparoek, zuhaitz buru itxiek eskuaren distantzian jarri zioten ortzia eta ezin izan zuen zama izugarria bizkarrean eraman. Mapamundi esmeralda hurbileko bizitza berritsu eta xuxurlariaz mintzatzen zitzaion. Hizkuntza arrotzez mintzatu ere, ulerkortasun ezaren mailuaz jo zuen arte. Egoera kontrajarriak areagotu egin zion bere heriotzaren hutsaren zentzua. Baina ez zen barnekaldea arakatzeko lain eta zekien gauza bakarra egiten jarri zen amorruaren ezinegonaz. Akabatzen, bera oraindik bizirik zegoela ziurtatzearren. Erositako jeeparen motorea ere isiltasun erasokor haren aurkako arma bihurtu zuen.

        Egunaren amaieran gaua emateko indioen herrisketara heldu orduko bertakoek inguratu egiten zuten; haurrek batez ere, jeepentzako jakinminez gainezka. Akabatutako tximino eta katu handien larruak erakusten zizkien. Ez zioten ulertzen. Jaterako ez bazen, zertarako bota animalia haiek... Ehiztaria alferrik saiatu zen hildako animalien gorpuak xori handientzako erreklamo gisa erabiltzen zituela esplikatzen. Erakutsi ere, erakusten zizkien ondorioz botatako saia eta arranoen lumak eta keinuz adierazi zien berak kondorra nahi zuela. Beldurrez betetzen ziren beren begietako eguzki nabarrak. Eboluzioak atzerantz egingo balu bezala urrundu egiten ziren okre eta beltzez margoturiko biluztasun errugabe haiek.

        Lau edo bosgarren gauean, sukarrez eta desioz, berari begira zeudenen arteko neska batengana hasi zen, balaunka. Bular gazte, tinkoek indar bortitzez erakartzen zuten. Neska ez zen mugitu. Ehiztariak eskuak luzatu zituen. Neskaren aitak, keinuka, bere txabolara gonbidatu zuen. Bertatik atera zeneko ehiztari mozkorrak tratua egina zeukan: neska, jeeparen errepuestoko gurpilaren truke.

        Gerrian lotzen zuen izter arteko trapu urdin batek osatzen zuen bere janzkera. Herriko andreek lehenengo hilerokoarekin batera bizkarrean margotu zizkioten ohizko hiru triangeluz gain, ez zeraman beste hornidurarik. Begi garden, fidakorretan nabari zen salduen etsipen isila.

        Beldurrik, ez, leinuko sinesmenen arabera oihana eta bertako izpirituen artekaritzat jotzen baitzuen bere burua. Beraz hasieran oihan izugarriko agerkarien artean jarri zuen mintzaira arrotzeko izaki mozkorti, bitxi hura. Harriduraz gero, heriotzak gizon bakar baten eskuetan honenbeste botere ipini zuela pentsatzean. Ehiztariarentzat, neska haragizko produktu merkea besterik ez zen eta lehenengo urraduraren zauria senda-tu eta gero lotarako zakua partaidetu eta trofeoak garraiatzeko erabiltzen zuen.

        Ororen gainetik kosmogonia eta luzaroko handitasunaren partaide sentitzen ziren leinukoak, haundiak izanik bere jaungoikoak. Urrutiko Tiahuanecotik zetozen, non sortu baitziren bai gizona bai eguzkia laku haundiaren uretan. Beren presentzian bizi zitezen, mendiak eman zizkien urak bere lekukotzat, Illanpu, Illimani eta Ausangate. Eguzkiak, berriz, kondorra sortu zuen izan zedin egun lainotsuetan ere amaigabeko espazioetan bere seinale. Eta lauak zitzaizkien sakratuak, hiru mendiak eta kondorra. Hala ziren neskarentzat ere.

        Horregatik gauero, ehiztariak bere gorputzari plazerra lapurtzen zion bitartean, neskak bere inguruan anizten sentitzen zituen akabatutako guztien izpirituak, tximino, harrapari eta gauez ikus zezakeen begi berdeetako jaguarrenak. Eta negarraren beharra somatzen zuen.

        Azkenik iritsi ziren oihanaren ertzetara, bide guztien amaierara. Han hasten ziren punara eta mendi sakratuetara zeramaten lehenengo mendiska pikoak. Kondorraren aire, lur eta espazioa. Jeepa utzi eta oinez ekin zioten bideari. Ehiztaria gero eta sukar handiagoz zegoenez, larru eta lumaz gain, neskak eraman behar izan zituen eskopeta eta riflea.

        Lehenengo arratsaldean bertan ikusi zuten zeruan kondorra. Ehiztariak trago luzea egin zion pattarrari eskuen dardara baretu nahian. Ongi apuntatu eta tiroa bota zion eguzkiaren semeari. Ezker hegoaren luma bakarra lurrera erori zeneko galdua zen zeruan itzal hedatu galanta. Gau hartan, neskak egurra bildu eta su egin zuenean, ehiztariak amorruaren amorruz riflearen kanoiaz eta gero sexuaz abusatu zuen berataz. Malkoak xukatu ondoren itxaron egin zuen ehiztaria lokartu zen arte. Bizkarrean jarri zuen riflea, ehiztariari egiten ikusi bezala. Ezkerreko begia kainoi muturreko puntan josi eta estutu egin zuen, altzairu hotza. Desliluraturik eskuetan hartu zuen berriro aztertzeko. Orduan katua aurkitu zuen.

        Itzaltzen ari zen sutearenaz gain beste bi argi bakarrik zeuden. Hurbileko harkaitz gaineko bi puntutxo berdeak mendian, eta ilbetearen betetasunarena zeruan. Itxaron egin zuen. Bat-batean presentzia ugarien ziurtasunak jo zuen eta harkaitzeko begi berdeak bereak izango bailiran, bertan ikusi zituen tximinoak, saiak, arranoak, katu handiak, hontzak eta ezezagun egiten zitzaizkion beste zenbait animalia, eta milaka xoriño arrotz. Berari begira zeuden denak. Riflea bizkarrean ezarri eta ilargiari apuntatu zion. Heriotzaren jainkosa zenez, berak izan behar zuen ehiztariaren ama. Eztandarekin batera orro izugarria entzun zen eta itzali egin ziren harkaitzeko argi berdeak.

        Ehiztaria esnatu egin zen eta abere zauritua bailitzan hozkaka odoleztatu zizkion neskari eztarria eta bizkarrak. Hurrengo egunsentian, ordea, jaguarraren gorpua ikustean, txalotu egin zuen eta, keinuka, handik aurrera kondorra botatzea bere eginbeharra izango zela adierazi zion. Baina egunetan kondorra ez zen ageri zeruan eta lurreko animalia txikia botaz entrenatu zen neska. Ehiztariaren pattarraren murrizteak eta bide ertzean uzten zituzten gorpuek markatzen zuten denboraren iragana.

        Egunez eta gauez erregu egiten zion neskak kondorrari bere izpirituaz bete eta berea egin zezan eta egunetik egunera azkazalak luzatzen sentitu zituen, zorrozten, eguzkiaren semeak bere haurtzat hartu izan balu bezala. Horrela, gaueroko lotaratu aurreko errituala gero eta basatiagoa bihurtu zen, ehiztaria bere barruan sentitu orduko neskak azkazalez urratu egiten baitzion sorbalda, odol aztarnak dirdiraka ikusi eta azal pusketak erauzi arte. Mina eta plazerraren nahasketaren irrikan zegoela ematen zuen, ordea, eta basatasunez ekiten zion ehiztariak, berak ere neskaren haragiak atximurtu eta hozkatuz.

        Eromenak eta pattar egarriak jota, bazirudien ahantziak zituela beste animalia eta hegaztiak. Neska atzapardun hartaz jabetu nahi zuen eta zeruetako kondorraz. Batzutan, bidean zihoazela edo, freskatzeko, putzuetan sartzen zenean, neskari tiroa jotzeko tentaldi izugaria izaten zuen. Baina oraindik indar gehiago zeukan beste beharkizunak eta belarretan bertan etzanarazten zuen.

        Lehenengo kondorra ehiztariak berak bota zuen. Ilunabar hartan amaitu zitzaion pattarra. Sukarrez josita, konturatu ere ez zen egin neska zakutik urrundu zenean. Ilargiari tiro egin zion gauean bezala, hildako guztien izpirituen hurbiltasuna sentitu zuen bere ondoan. Orain bat gehiago zegoen, ordea; ehiztariak alboan zeukan hildako jainkoarena. Riflea bizkarrean hartu eta apuntatzen hasi zen. Ehiztariarengana. Baina ezin izan zuen. Zutitu, izaki sukartsu, dardartiarengana hurbildu eta besoetan hartu zuen kondorra. Ibaian gora, ilargiaren argitan, harri astun bati lotu eta putzuan ezarri zuen, urruneko Tiahuanecoko jainko sortzaileak eguzkiaren haurra bere magalean har zezan.

        Gero eskopeta eta riflea ibaian hobiratu eta etxeko bidean jarri zen. Egunsentiarekin dozena erdi bat kondor zirkuluka ikusi zituen zeruan, herio hurbilaren dantza, ehiztaria utzitako tokian.

 

 

 


www.susa-literatura.eus