Gizakiok scorpio gara
Joxean Agirre
Beren zeinu zodiakalarekin harro dauden scorpio bati baino gehiagori entzun diot pasadizoa.
Ibai handi bat aldenik alde zeharkatzera zihoan hipopotamoarekin egin omen zuen topo eskorpioiak egun batez eta ea gainean eramango zuen galdegin omen zion. Hipopotamoak, itxuraz besterik iruditu arren, ez dira bat ere tontoak eta, intsektuaren ziztada pozoiz betea hiltzeko adina dela jakitun, ukatu egin zitzaion badaezpada.
Eskorpioiak arren baino arren eskatu zion gainean eramateko, hil edo bizikoa baitzuen ibaia zeharkatzea, eta bidaian zintzo portatuko zela agindu zion, garantia guztiak eskainiz.
Handi guztiak dira bihozbera, bihotza ere handi baitute eta hipopotamoak, urrikaldurik, amore ematea erabaki zuen bere zoritxarrerako. Abiatu ziren, bada, abiatu, hipopotamoa azpian eta eskorpioia gainean, ur handiturik zetorren ibaian barrena eta bide erdia eginik zutenean edo, ahaztu zitzaion eskorpioiari emandako hitza eta bat-batean, sen ezkutu eta gaizto batek hala agindurik edo, zizta egin zion bizkarrean. Heriotzara kondenatu dutenaren desesperoarekin oldartu zitzaion hipopotamo gizajoa, baina alferrik.
Barrenak agindu dit esan omen zion eskorpioiak, hil aurretik esplikazioren bat zor ziola pentsatuz, eta ur uharretan galdu omen ziren biak.
Scorpioak horrelakoak dira, karakter handikoak eta maiz burugabekeria bat egiten dutelarik, barrenak agindu dietela esanez zuritzen dute bekatua.
Niri, ordea, pasadizoa kontatu didaten bakoitzean gizakion patu suizida etorri izan zait gogora, planeta honetan mundualdia iragaitera beharturik gauden izakiok gisa berean portatzen baikara. Ez dugu beste salbabiderik. Ez dugu mundua beste bizilekurik eta etengabe pozoiz betetako ziztadak ematen ari gatzaizkio, geure barrena ere beharbada pozoiz betea dugulako edo.