Bat-batean!

 

Amaia Lasa

 

        Itsas hondoan lore itxura duten animalia txiki aunitz bizi dira. Itsas azpiko harkaitz edo lurrari erantsirik, hamaika mila koloreko lorategi zabalak sorturik.

        Loreak bezala mugigaitz, geldi-geldi egoten dira, baina dena ikusten dute eta itsas hondoan gertatzen den gauza guztien berri dakite. Arrain txiki guztien lagun dira; hauek lore-hosto biribil mugikorren artean ezkutatzen dira, arrain handi gaiztoengandik ihesi dabiltzanean.

        Gau batean erabat ilundu zuenean, ilargi ahaltsu, biribil, argitsu bat atera zen eta marea behe-behera joan zen, guztiz behera, itsas loreak erdiagiri utzirik.

        Itsaso hark inoiz ez bezala distiratzen zuen, ilargiaren argipean. Zeruko izarrak ere, txunditurik, beheruntz zetozen, mugarik gabeko kolore haiek ikustera.

        Bat-batean itsas lore haietako bi, bat ubela, handia, gardena; bestea, gorri, bihurri, mugikorra, hazten hasi ziren. Gora, gora, gora zihoazen! Eta... ep..! beheregi jaitsi eta aztarnarik gabe zebiltzan bi izarrekin, txoke egin zuten ia-ia.

        Asko hazi ziren, ikaragarri handitu, pisuaren poderioz zuztarra okertu zitzaien, lurra ukitzeraino.

        Lurraren eraginagatik, ubela Kattin izena zuen neskato bihurtu zen; bestea, goria, Zilar izena zuen moxal. Biak betidanik lur lehorra ezagutu nahi zuten bi itsas lore ziren.

        Kattin hamar urte zuen neskatoa zen. Zaldibuztan batean jasotzen zituen ilezuri luze leunak, bere begi eder, beltzekin kontrastatzen zuen. Sudur txiki, ezpain harro. Galtzak eta blusa bat ziren, jantzi more bizia zeraman, jantziaren koloreko botak oinetan. Gorputz ororen jarrerari kemena eta ausardia zerion.

        Zilar moxal gazte alai bat zen. Bere larru marroi gorriskak, isatsean hasi eta gerruntza guztia zeharkaturik, kopetan zabaltzen zen marra zuri bat zeukan. Bere begi handien begiradan, esan nahi zuen guztia ikus zitekeen.

        Itsasoaren alboan neurri ezberdinetako mendilerro bat zetzan. Mendirik baxueneruntz abiatu ziren, ilargiak erakusten zien bidexka aldapatsua igoaz.

        Gaueko txoriak ernai, dena zaintzen, begi biribilak zabal-zabalik zituztelarik. Mozoloak, hontzak harriturik geratu ziren, mendira sartzen ikusi zituztenean, beren oihuak ere ozenagoak bihurtu ziren.

        Kattin Zilarren gainera igota, egunsentiarekin batera mendi gailurrera iritsi ziren.

        Gose ziren, Zilarrek belarra jaten ziharduen, Kattin janari bila hasi zen, belar batzuk dastatuz gero, bota egin zituen. Gailur erdian zegoen haitz batera igo zen; arrautza handiak zituen habia bat aurkitu zuen. Arrautza bat hartu, bi muturretan zulotxo bana egin eta batetik xurgatu ondoren, dena irentsi zuen.

        Bigarren arrautza jateko zegoenean, arrano aita haserre agertu zen, bere erpe beldurgarriez, Kattin, gerritik harturik.

        — Zilar! Zilar! —Kattinek deitzen zuen izuturik.

        Zilar zoraturik saltoka hasi zen irrintzinak eginez. Arranoa, Kattini tinko eutsiz urrunduz zihoan. Zilarrek, desitxaroturik, jarraitzen zien.

        Ustekabean, arranoak beheruntz egin zuen; Kattinek zuhaitz baten adarrak harrapatzea lortu zuen, gogoz heldu ere.

        Zilar zuhaitzeraino iritsi zenean, saltoka hasi eta atzeko hankekin arranoaren erpeak ostikoka jotzen zituen, behin eta berriro. Azkenik, arranoak Kattin utzi egin zuen, zuhaitzetik jaitsi zenean, Zilar besarkatu eta laztandu zuen.

        Mendiak miatuz bidea egiten jarraitu zuen. Ilundu zuenean bi mendi artean zegoen mendi garai batera iritsi ziren, Zilar belar leunaren gainean etzan zen, ondoren Kattin Zilarren tripa gainean burua ipinirik lurreratu zen eta biak lo gozoan murgildu ziren.

        Biharamunean soinu ikaragarri batek esnatu zituen, une berean lurra eta mendia dardaraz sentitzen zituen. Izuikaraz beterik ohartu ziren, zelaiaren eskubi aldean zegoen mendia, sua eta barri goriak botatzen ziharduen sumendi handia zela.

        Arin-arin, Kattin Zilarren gainera igota, lasterka alde egiteko prest zeudenean, sumenditik zetorren laba, zelaia ertzetik inguratzen hasi zen. Harri goriak edonora erortzen ziren, batzuk Kattin eta Zilarrengandik gertu igaro ziren. Suzko ibai hark zelaia sutan jarri zuen.

        — O! suak inguratzen gaitu —esan zuen Kattinek—. Zilarrek irrintzina luze bat egin zuen.

        Halako batean zelaiaren ezker aldeko menditik zetozen deiadar zorrotz, urduri, ugari batzuk entzun zituen.

        — Joui! Uiii! Uiii! Joui! Uiii!

        Han, mendi-tontorrean, tximu txiki, isats luzedunen saldoa ikusi zuten. Saltoka, ezinegonik beren eskuez etengabeko keinuak eginez.

        Artifizio-su gorriak zirudien sumendi hark, harri eta sua zerion zarata burrunbari baten erdian. Kraterretik zetorren labak dena estaltzen ziharduen. Zilar kezkati higitzen zen.

        — Lasai, lasai egon hadi —esaten zuen Kattinek Zilar laztanduz.

        Halako batean, tximuek inork itxaro ez zuen zerbait egin zuten. Tximu bat zuhaitz batetik zintzilikatu zen, bestea bere bi eskuez haren isatsetik eta horrela, bakoitza bere bi eskuez besteen isatsetik zintzilikatuz, Kattin eta Zilar zeuden lekuraino katea luze harrigarri bat osatu zuten.

        Azkenik kateetatik barrena bi tximu jaitsi ziren eta beren bi isatsak azkenengo tximuen isatsetik korapilarazi zuten.

        Hura ikusirik, Zilarrek salto handi bat egin zuen, Kattinek kumetatik tinko eusten zion bitartean, katearen azkenengo bi tximuek, Zilar aurreko hanka banatik hartu zuten. Moxalaren saltoaren indarraren poderioz katea, mendi baketsuaren malda erdira iritsi zen. Suzko ibai hura egin zen zelaiaren jabe, guztia kiskalduz.

        Sumendiaren hots ikaragarriak, keak, suak eta barri goriek erortzen jarraitzen zutelarik.

        Goiko aldean zeuden tximuak korrika jaitsi ziren. Joui! Uiii! Joui! Uiii!, esaten zuten tximuek, isildu gabe, Kattin eta Zilar besarkatuz. Zilar pozaren pozez saltoka hasi zen, gainera igota zeuzkan tximuak, nahi gabe, botaraziz. Kattinek, barrez, tximu guztiak maitekiro laztantzen zituen, batzuk lepotik besteak eskutik zintzilikatzen zitzaizkiolarik.

        Poza lasaitu, lehen ezagutzak egin ondoren, tximu saldoa beren basoruntz abiatu zen, Kattin eta Zilar lagun bezala eramanez. Aldapa igo, gailurrera iritsi eta mendiaren beste aldean... era guztietako zuhaitzak aurki zitezkeen baso zabal, lasai batera iritsi ziren denak. Nonahi hostoz edo lorez betetako adar ugariez apaindurik, zuhaitz garai, zabal, luze, estu, baxuak sortzen ziren.

        Tximuak zuhaitzetan bizi ziren eta hasiera batean, taldean bizi zirela bazirudien ere, gero beren zuhaitzetara igota zeudelarik, familietan bizi zirela ohartzen zinen.

        Tximuek beste zuhaitzetako lagunak ikusi edo jolasteko gogoa zutenean, lokarriak ziruditen adar luze lehorrak erabiltzen zituzten.

        Baso hartan bazegoen, zuhaitz enbor lodi-lodiko bat, oso baxu adarrak hostoz isurika zituena. Aterki handi batek bezala, euria eta eguzkiagandik babesten zituen bere enborraren ondoan esertzen zirenak. Kattinek zuhaitz hura aukeratu zuen Zilar eta berarentzat.

        Basotik hurbil, platanondo eta palmondoz betetako lurralde zabal bat zegoen. Zuhaitz haiek platanoz eta kokoz beterik zeuden ia beti eta inguruko tximu guztiak bertara etortzen ziren fruitu gozoak jatera. Zuhaitz haien artean lorez betetako zuhaixkak sakabanatzen ziren eta belar bigun ederra ere hazten zen. Zilar maiz joaten zen hara bazkatzera.

        Goiz batean, Zilarrek lasai bazkatzen ziharduelarik, aho aurrean zeukan belar luze, zabal baten gainean, tximeleta urdin, liluragarri bat kokatu zitzaion. Tximeletak, belar gainean, hegoak higitzen zituen, zabalduz eta hertsiz, bere hegada lasterrari atsedenaldi bat eman nahirik, arnasa hartu nahirik. Zilarrek liluraturik jolastu egin nahi izan zuen. Muturra hurbilduz hegoa ukitu zion. Tximeletak izuturik, lore urdin, handi baten gainera ihes egin zuen, moxalarengandik ezkutatzearren. Zilar, tximeleta non zegoen, berehala ohartu zen eta loreruntz joan zen, arin-arin, saltoka.

        Zilarrek tximeleta berriro ukitu nahi izan zuenean... alde egin zuen, orain bizi-bizi, bere hegada urduriez; Zilarrek atzetik jarraitzen zuen, zeiharka-meiharka korrika eginaz, tximeletaren hegada bezala.

        Guztiz zorabiaturik ezin zuen gehiago jarraitu, ez bazuen ezer gehiago ikusten eta... bunba..! enbor batekin jo ondoren, lurrera erori zen. Tximeleta lasai joan zen, basoruntz, zuhaitz luzeenaren adarrik garaienera.

        — O, Zilar!, handiegia haiz tximeletarekin jolasteko, beldurtu egiten duk —esan zion Kattinek laguntzera hurbildu zenean.

        Udaberria iritsi zen, basoko zuhaitzak inoiz baino indartsuago agertzen ziren, beren loreak poliki-poliki zabaltzen ari ziren. Lurraldeko platanondoak eta palmondoak ere, fruituz zamatuak okertzen ziren.

        Gau batean, inguruko tximu guztiak, Kattin eta Zilar lotan zeudelarik, Gorila saldo bat etorri zen. Platano edo koko guztiak jan edo jan ez zituztenak alferrik galdu ondoren, zuhaitzak, loreak eta belarrak zapaldu zituen. Ia dena suntsiturik geratu zen.

        Biharamunean, Kattin, Zilar eta tximuak joan zirenean... izuturik geratu ziren, ikuskari beldurgarri haren aurrean.

        — Gyaaa! Gyaaa! Gyaaa! —tximuek negar egiten zuten.

        — Orain ez da negar egiteko ordua —esan zuen Kattinek, ozenki, indarrez beterik—. Hau dena garbitu eta ongi jarri behar dugu, berriro zuhaitzak haz daitezen.

        Esan eta egin. Denek lanari eman zioten. Tximuak beren esku eta isatsez baliaturik: enborrak, hostoak, adarrak, platano eta koko-azalak piloetan jartzen ziharduten. Kattinek, gero Zilarrek lurraldetik kanpora aterako zituen piloak, lotzen zituen. Guztia garbi geratu zenean... piloetan jarritako zikinkeria guztiari su eman zioten. Denek pozik dantzatu zuten, suaren inguruan.

        Emeki-emeki, han eta hemen geratutako kokoak beren azaletik irten eta lurrez estaliak izan ziren; platanondoko enbor hautsien sustrai ondotik, zuhaitz berriak sortu ziren.

        Eguzki eta euri ahaltsuei esker, dena hazi zen berriro, loreek eta belarrak ere gora egin zuten. Lurraldea lehen izan zena bilakatu zen.

        Goiz batean, Kattinek tximu guztiak bildu zituen.

        — Orain ernai egon behar dugu. Gorilak etor daitezke berriro. Gaurtik aurrera, bost zaindarik gordeko dute lurralde hau —esan zien Kattinek.

        Goizalde batean, eguzkia gauaren iluntasuna gainditu nahirik zebilenean, betiko gorila saldoa agertu zen, dena suntsitzeko asmoz. Berehala tximu zaindariak Joui! Uiii! Joui! Uiii!- deiadar egiten hasi ziren. Tximu guztiak korrika hurbildu ziren. Zuhaitzetara igo eta kokoak botatzen hasi ziren gorilen buru gainera.

        Gorilak barrez —Ja! Ja! Ja!—, kolpeak ezer egiten ez baitzien. Bi koko eskuekin hartu eta intxaurrak balira bezala puskatzen zituzten, platanoak ere gustora jaten ziharduten.

        Orduan, ernai, zuhaitz baten atzean ezkutaturik zegoen Kattin azaldu zen, gorilak dena desegiten ziharduten bitartean... Kattinek enbor bat hartu eta taula bat jarri zuen enborraren gainean.

        Gero harri handi bat hartu eta taularen mutur baten gainean ipini zuen. Zilarren gainera igota, taularen beste mutur gainera salto egiteko agindu zion.

        Harri astunak gorila bat buruan jo eta bertan hilda utzi zuen, beste gorilak jateari utzi eta harria etorri zen lekurantz begiratu zuten, Kattin moxalaren gainera igota ikusi zutenean... Oug! Oug! Oug! orru ikaragarriak botaz, haiek harrapatzera joan ziren.

        Kattin eta Zilar korrika ihesi zihoazen, gorilak amorruz beterik jarraitzen zielarik. Gorrotoagatik itsu, ezer ez zuten ikusten, ez ziren ohartu mendiaren bukaeran amildegi sakon bat zegoenaz.

        Bat-batean, Kattin eta Zilar desagertu egin ziren, gorilak geratu ezinik, amildegian amildu ziren bat bestearen ondoren. Biribilkatuz joan ziren amildegitik barrena, ilez betetako baloiak balira bezala.

        Dena pasa zenean, Kattin eta Zilar amildegiaren ertzean zegoen zulo batetik atera ziren. Basora heldu eta han zeuden tximuek txalo eta besarkada beroz betetako ongi etorria egin zieten. Baso zoragarri hartan egun zoriontsu batzuk gehiago igaro ondoren.

        — Hi, Zilar, hemendik alde egin behar diagu, beste munduen berri jakitera —esan zion Kattinek, Zilarren kumeekin jolastuz.

        Baina hitz haiek Ikatzek entzun zituen. Ikatz beti bakarrik zebilen tximu txiki bat zen.

        Gau hartan bertan ilargi beteak argitzen zuen bidetik Kattin eta Ikatz biek Zilarren gainera igota, alde egin zuten, isil-isilik, inor agurtu gabe.

 

 

 


www.susa-literatura.eus