Parkinson
Pako Aristi
Zirkulu biziotsuak edo dena delakoak ustegabe sortzen dira, eta gerotxo arte zure bizitza horien arabera antolatzen duzu, konturatu gabe. Goizean, lanik ez eta, zaila da jaikitzeko arrazoirik aurkitzea; gauean, argi zaude, eta atsegina edo zerbait eskaini dezakeen emakumerik ez badaukazu, ez duzu oheratzeko arrazoirik ikusten. Langabezian gaudenon bizitza holakoa da.
Zaharrak ematen duen huskeriarekin zerbezak edan, espaloian etzan eta neskei begiratu, Kokiren etxean bideoak ikusi eta Estatu Batuetatik etorri diren neska horien akademiara ingelesa ikastera; ez dut besterik egiten. Agobioaren puntuak jotzen nauenean, edo zerbait fuertea gertatu zaidanean, idaztea gustatzen zait. Nor da Woody Allenen teoria hura erabiltzen duena, zinean hasi zela bere gustuko pelikularik egiten ez zelako dioena, bere lana justifikatzeko? A bai, Ruper. Behin esan zuen gustuko musikarik ez zuela aurkitzen eta horregatik hasi zela kantari. Hemen badirudi teoria batek belaunaldi askori ematen diola zer esana, baina Ruper bat eta bakarra da, Woody ere bai, eta ni aldiz ez naiz inor asko: langabetu bat hainbeste milioiren artean, ohitura hutsez bizirik dirauen itxaropen ezinbestekoari jarraikiz goizero (edo eguerdiro) egunkarietako lan eskaintzak irakurtzen dituena. Hori bai, politikaz paso egin eta futboleko kronikak irentsi ondoren.
Langabetuon bizitzak ez du kontakizun gehiagotarako ematen, baina hiriaren geografian badira bizitza ezkutu eta interesgarriago batek zeharkatzen dituen zoko eta gordelekuak, zeren beti uste izan baitut naturaren erdian dauden herri txikietan gizona naturaren zereginetan desagertzen dela, azukrea kafetan bezala, eta hirian aurkitzen duela gizakiak bere burua bakarrik eta bilutsik agertzen dion ispilu krudela. Bizitza ezkutu eta interesgarri hori modurik sinple eta harrigarrienetan aurkitzen da.
Batzutan saiatzen naiz gure desgogoaren zirkulua puskatzen, eta gaur kalean nintzen ohi baino askoz lehenago. Egun garbi-garbia atera du, eta goizalba jelatuak lautada honetan zabaltzen duen parentesi zuriaren barruan zerua azula da, lainorik gabea. Izortzak uxatuko luke errusiar soldadu bataloi bat ere. Egunkariak erosi ondoren, parkean eseri naiz dardarizoka eta lana bilatzeari ekin diot.
Agure bat ikusi dut esertzen nere aurrean, parkearen beste muturrean. Urrun dago, baina garbi dakusat gaitzak bere eskuetan pausatu duen egoneza, zahardadearen ikurrin bat bezala. Plastikozko poltsa batek areagotzen dio parkinsonaren garaipena. Heriotzarako bidezidorrean seguru sartua gizona, parkinsonak irrifar egiten du plastikozko poltsaren bitartez, begiak ikusteko dituenarentzat, parke osora.
Poltsatik artaleak atera eta lurrera botatzen hasi da apurka-apurka. Usoek berehala jaso dute deia eta, ohiturari jarraikiz, artaleak jaten hasi dira txandarik gorde gabe. Uso gehiago agertu da gosarira, agurea bera estaltzeraino.
Bat-batean, uso guztiak aireratu egin dira, gizakiontzat entzungaitza zatekeen agindua entzunda bezala. Zuhaitzetan daude eta handik dakusate tragedia. Nere begiek bat egin dute hegaztien begirada izuarekin. Aireratzeko agindua entzun ez ala berantegi abiatu den uso bakarra agurearen eskuetan dago. Animalia guztiei baldartzen zaie superbibentziaren sena gizaki artean bizitzera ohitu ahala, eta uso hura da espezie osoak askatasunera utzi eta giza hondarrak janez bizitzeko erosotasunera hartu duen bidearen ordaina.
Usoa poltsan gorde eta zamarra barrura ezkutatu du kartzelatxo malgua. Artaleak lurrean daude, baina ihesteko agindua ez da oraindik usoen memorian desegin.
Gazte bat dator, agurearen aurrean gelditu eta hizketan hasi zaio, besoak mugituz eta zamarra golkora seinalatuz. Egunkariak utzi eta parkea zeharkatzen dut bien ondora. Usoak zuhaitzetatik erne daude. Agureak ekintza haren arrazoia agertzen dio, nik tardatu dudana eta jardunaren iraupena neurtuz hirugarrena edo izan behar duen errepikapenean.
Biloba bat daukat gaisorik, bi hankak hautsita. Aspertu egiten da ohean eta hegazti bat eskatu dit, aspermenean entretenituko duen laguna. Gurasoek ez diote kasurik egiten. Ni berriz pobrea naiz, pentsioarekin ez naiz txori bat erostera iristen. Ba al dakizu zenbat balio duen perikito txiki eta isilenak ere?
Gazteak usoaren sufrimenduaz hitz egiten dio, txorien sentimenduez, Jainkoak eman dien arimaz eta bizitzeko behar duten askatasunaz.
Biloba gaisoarentzako da.
Gazteak ez du alde egiteko asmorik. Niri begiratu dit, bere alde nagoelakoan. Ni isilik.
Agurearen aurpegi penatuan txinparta piztu du burutazioa batek eta garaile begiratzen dio gazteari.
Hainbeste maite badituzu animaliak, zergatik ez dituzu dendetako txoriak erosi eta mendira botatzen?
Gaztea haserretu eta gainera joan zaio, besoak gorputzetik aldendu eta poltsa eskuratu nahian. Poltsak agurearen bihotzarekin bat egina dagoela dirudi, banatu ezina.
Gazteak ez nau ikusi. Sorbaldatik heldu eta aurpegia erakutsi didanean, muturreko bat eman diot, garbi-garbia, gaurko eguna bezalakoa, eta lurrera joan da. Zinkuri mehe batek lagundu du sudur zuloetatik borborka hasi zaion odola.
Agureari besotik heldu eta parkea utziz, etxera heltzeko hartu behar duen autobusera lagundu diot. Eskerrak eman dizkit. Oraingo gazteak xelebreak dira, nik zer egin diot horri?
Autobusa badoa eta agureak agur egiten dit bistatik galdu artè. Gaurko goiza ere lanik aurkitu gabe joan zait, baina behintzat badut zerbait interesgarria kontatzeko.
Penkas Langabetua