Laida 2010
Itxaro Borda
«Portu batean jaioak
ez du bide berrien bildurrik».
Koldo Izagirre
I
Euria jauts ahala ari zen igande hartan; elizaren barnean hezetasuna hotza nabaritzen nuen hezurrak malgotzen eta larrua zimeltzen. Mundua berde-busti asmatzen nuen, tristurazko itsaso hondoaren antzera, itotzear. Gure aitzinean, lau ezkargi handik argitzen zutela, hilkutxa zegoen, herriko zurginak presaka zizelkatua, norbait hiltzen denean aldiro egiten zuen eran. Negarren artetik kantan ari ginen «betiereko zoriona hil honi eman otoi jauna», kantuak herio latzaren mehatxuetarik urruntzen bagintu bezala. Edo behialako Odisearen nola Ulisesek azkar abesten zuen sirenen ahots melenga-sukratuak aditzean, gu hala hilkutxaren luzean etzanaren deiari ez ihardesteko gisan. Pena genuen bihotzean, penarik zabalen eta irekiena.
Ulertzen dugu materialki alta, denek orok hil behar dugula noizbait eta txantxetan diogu, ailitza ahal bezain berant, lur gainean obratzekoak ditugun guziak konplitu ondoan! Ordea, herioa «ebasle baten antzera» hurbiltzen zaigu, abisatu gabe, gutien espero dugunean. Bizitzaren samurtasuna hortan datza: karriera plangintzak antola ditzakegu, familiak sor eta etxeak eraik, epe laburretan, baina ez dakigu noiz arte iraun dezakegun. Hau eta hori haurrer ontsa esplikatzen bageneki uste dut bizia bera molde desberdinean eramango genukeela, egunerokotasunaren ahula kontutan hartuz adibidez, maite ditugunak maitatzen ditugun orenean laztanduz, ezer ez gerorakotuz.
Ulertzen dugu herioa eta askotan ez dugu onartzen, gauza ainitz ulertzen eta onartzen ez ditugun maneran. Egoera horren kontzientzia, eliza mukurru beteetan, hilkutxa begimenean dugunean bakarrik hazten zaigu. Bestela ez dugu pentsatzen: zergatik pentsa funtsean? Eta bizkar argaletan hilkutxa hobiraino garraiatzen delarik negarrak areagotzen dira, herioak baketu aurpegiak gure gogoetan baino ez dutela ihardokiko itxuratzean. «Betiereko zoriona» betiereko ausentzia bilakatzen da.
Gure herriak herioaren mina txertaturik dauka kulturan: ehortzeta gehiegi dago bazterretan, ezpainetan dakargun hizkuntzatik haste. Mintzoak ixiltzen dira, eta ahoek dolua dakarte. Zenbat ele ez ditugu jadanik galdu, lurperatu axolagabekeriaren harlauzaren itzalean? Zertarako balio dute hitzek, ez baldin bada herioaren onarpen ezaren erraiteko? Herioaren beldurraren haizatzeko? Igande hartan jauts ahala ari zen euritik ihes joaiteko.
II
Laida zu, sortu zara ehortzeta haren ondoko larunbatean, zauria oraino orbaindu gabea neukalarik. Bide nabar bizia aurrera zihoan, geldiunerik gabe eta egun oroigarri hartan justo barnekaldeko sei ikastoletan Ikastolen Elkarteko buruak errezebitzekoak genituen: zure aitarekin joan nintzen Ortzaizera, handik abiatzen baitzen hegoaldeko kideen bisitaldia. Gauean munduratu zinen, edo goizaldean. Donapauleko ostatuko mahaian, zure aitarekin hitz egitean, zure aitaren zoriona irakurtzean, iduritu zitzaidan egiazki sinetsi behar nuela «bizia aurrera zihoala», perpaus hori ez zela ohiturazko erramerran xoila.
Nahiz eta ez zaren «ene» alaba, amodio apurra zor dizut Laida: begibeltxekilako portu bat zara, eta zu bezalako zure umeentzat geldotasunaren portua abandonatu dugu iragan abenduan, lotsaz, dudaz eta ikaraz. Hondartza bat zara, antxetak eta itsas-ainarak eskuzabaltasunez biltzen dituena. Eta itsasoa guretzat ispilurik ederrena da: poeten solasak ez dira sekula debaldetan, mundu kuadratu eta hiper-enkuadratu honek alderantziz erakutsi arren. Agian «amodio aitormen» hau ez zait zilegi, burasoer dagokielako gehienbat, baina hala ere utz dezadan bihotza mintzatzera.
Badira orduak non senditzen baitut mundu osoa maita dezakedala, moralaren hesiak oro gaindituz: argiune bekanak noski, baina argiuneak zer nahi gisaz. Basamortu ametsak. Itsas premia gorriak. Bortugain lehiak. Mozkor galantak Herri Urratsetik itzultzerakoan. Larrain dantzak? Zimiztak hots, biziaren mogimendua gelditzen direnekoak. Sentsazio horiek ikastekoak dituzu Laida, jakinik dagoeneko kexuaren, haserrearen eta muturbelzkeriarenak badakizkizun.
Laida, 2010. urtean hamasei udaberri edukiko dituzu: Eperra ikastola berrian urtaro zenbait pasatu ondoan, menturaz Kanboko bigarren mailan izango zara, edo Jean Jacques Rousseau Baionako Seaskaren lizeoan. Hamasei udaberri koxkor, lehen amoranteak, matela gorriak eta kalaka handiak. Molde hortan imaginatzen zaitut eta egia erran, iparralde honetako politikariek plantatzen dituzten lurralde antolaketa eskema xedeak baino errazkiago imaginatzen ere. Zuk, alabaina, antolaketa txukun horien ondorioak jastatuko baitituzu naski. Noski? Ez hain segur.
III
Iparraldeko gizon politikoak halako urduritasun bitxi batek gatibatzen ditu azken denbora hauetan: betiko eran, epe aski urruna jarri dute, beren proiektuen egiaztatzeko xendran. Bi mila hamar. 2010. Emaiten du zientzia-fikziozko ipuin bat idazten ari direla, diru publikoan busti luma ankerrez. 2010. urtea iparraldean: garapen iragarria ala martzianoen etorrera esperatua? Estonagarri zait hargatik, bide xuxentzen baizik ez dakiten politikari saldoa orain justoki herriaren geroaz pentsatzen hastea. Soizu Laida, hamarkada honetan Euskal Herrian sekula baino «rond-point» gehiago eraiki da eta kontseilari general asko, borobil horien aitzinean argazkiturik agertzen dira. Makadama merke dela nabarmen.
Kostaldearen eta Barnekaldearen arteko oreka nahi dute. Baina bi abstentzio salbu, auzapez guziek eskuak gora Ainharbekoak ere bai prefosta... bozkatu duten eskeman sos haborroxiena kostaldeko egituren indartzeko joanen da, eta hemen gu bizi garen tokiarentzat purruskak geratuko dira: hauste goizetan kopetetan kurutze grisak marrazteko doia, barur eta mehe hots. Kopeya guti eta kurutze frango. Eskerrak kantatzen dakigula. Laida zuk ere ikas ezazu abesten otoi eta salbatua zirate.
Politikariak ezagutzen ditugu. Beren bozkakideak ez dituzte nehoiz histu behar: maioria batek ditu botere-lekuetan kokatu, eta haier plazer egitea baino ez da beren helburua. Bizkitartean, aperitifaz aperitifa ibiltzen dira, sabelak eta sakelak hanpatuz. Hitz plañak ahoratzen dituzte eta ele iduriz zuhurren arabera aski genuke 2010. urtearen aiduru egoitea. Anartean inora ez dihoatzin bideak jarriko dizkigute, ihes egin dezagun bederen. Herriak hustera uzten dituzte, eskola eta ikastolen axola izpirik ez dute, hirugarren adineko clubetan agurrak banatzen eta ehortzeta ohoragarrietan agertzen dira. Alabaina, politikariek herriaren adin piramidea kontutan edukitzen dute. Perfusioa debekatua zaion herrialdekoak gara Laida, azken hatsa hurbil dugula seinale. Eritetxe erraldoietan ez dutea gaixoekin berdin egiten: herioa inguru-minguruka azaltzen denean, bizia amainatuz, medikuek besotik eta sudur-ziloetarik dabiltzan hodiak ateratzen dizkiote eriari, telebista estataletako erraileek gaitzesten duten delako acharnement thérapeutique haren balizko funtsa ezeztatuz. Alea jacta est, hil dadila eria bere hiltzerik gozoenean. Sanoki. Planttan. Behar den bezala, girixtino zintzoaren moldean, hasperen eta zinkurinik gabe. Dagoen aberastasun kulturalaren mantentzeak ez du pilik gostatu behar behialako maioriari: lurraren eta hizkuntzaren kontzientzia, herioarena barne, minoria ertzo batena baizik ez da. Politikarik ezin da obra «minoria» xoil batentzat: argi dago. Globalki eta 2010. urteko bilatzekoak dira aterabideak, batez ere bideak. Orokorki. Begira Laida, euskarak berak politikarien pentsamenduaren salatzeko eleak kausituak ditu: eriak bukatzen du beti medikuaren hiztegia ezpainetan.
IV
Ordea... Ordea, hitzak gureganatzen baldin baditugu, belarriak politikarien eta «normalean antagonistak» diren indarren diskurtso lokarazlei hersten, bada irauteko ahalik. Ez da aisa bixtan dena: zernahi pairatzen da gureak bezalako guneetan politikarien denboraz iufa egitean. Galda ezazu Laida zure aitari eta martzianoen etortzearena baino askoz tragikoagoa den ixtorio bat kontatuko dizu, etxe ondoan altxatzen `ari den hormaren itzalean.
Morfinaz hantu predikuak entzuten ditugu irrati-telebistetan: garapena ez dute denek manera berdinean ulertzen, zenbaitek departamendua gogoko dutela, errepublikaren kuadroetan dagoelako oraino, zenbaitek aldiz «pays» izendapena gustukoago eta besteek instituzio berezi bat iparraldearentzat. Kuadrorik eta mugarik gabeko herri ekimena nahiago bagenu? Gauza segurra da, herri ekimena ardiestean politikari aiduruzaleak gibeletik hatsanturik lasterka datozela, mihiak lurrean herrestan eta hori ikustean noredonori urrikia sortzen zaiola. Errautsa jaten dute eta bazkari on baizik ez diegu opatzen ahal.
Galerna galantetan ihardokitzen ikasten da eta barko ahula uhin itsusietan kudeatzen, uhinen hari zorrotzean hain zuzen ere. Urrikia herri xehearen altxorra da, inolaz ez politikariena. Haiek boterea dute geriza eta erakusle. Nola egon gaitezke 2010. urtearen esperoan, bitartean deus antolatzen ez den artean? Botere ezberdinek helburuak bil ditzaten zain? Baldintza horietan nolakoa izango da, haurrak, abandonatuko dizuegun mundua? Eskubidez eta ontasunez desjabetua ala? Botereen menpekoa? Gure burasoek beren xumetasunean zerbait laga ziguten behintzat, eta guk zer?
Galdera asko da Laida zuretzat. Egiaz neretzat ere bai. Dakidan apurra zera da: ez garela beti zapalkuntzaren uztarripean, bizkarrak konkorturik trinkili-trankalaka ibiltzeko sortu, eta bakarretan argi zuriegiak begiak erre arren, Sokratesek aipatzen zuen harpe ilunaren magaletik jalgitzea komeni zaigula. Dolorez, zutik, behingoz.
V
Gure portua, lurra da. Itsasadarrak itxuratzen ditugu euria jauts ahala ari denean. Laida, goiz nabar honetan, seietan, hegatzean uhar bortitzaren danbako herotsak iratzarri nau eta aspaldiko otsail hartara eraman ditut pentsuaren urratsak. Arratsalde penazuan, ama genuen ehorzten, ama, sekula hilkor asmatu ez genuena. «Zerua, zerua, zerua saritzat» xuxurlatzean, haizeek erraztatu hilerrian, guhauren hilkortasunaren kontzientzia sartu zitzaigun bihotzean, eta geroztik ez da deus lehen bezala izan. Gai guzietan bururaino hil arteraino? joan behar nuela erabaki nuen. Hortan diraut, zenbaitetan kasko gogor planta edukiagatik.
Eta zu, Laida, ondoko larunbatean munduratu zara, gorri-gorria, txiki hain txiki, burua beltz eta negar malkorik gabe. Ene bihotzeko selauruan alabaren eskuinaldean jarri zara, ikusi zaitudan bezain laster. Bitxi zait ordea, besteen umea nihaurena haina maite dudala konturatzea: familiaren kontzeptu harrigarria daukat. Ez dut familia hertsi eta tinkoetan sinesten, nere laneko kolegen antzera. Familia jendartearen oinarrizko zutoina dela dioten politikarietaz ere mesfidatzen naiz. Familiaren goraipatzea, sozietatearen gaitzestea delako agian.
Salbuespenak salbu, jendartean bizi gara ainitzez familian baino gehiago, eta hori ume-umetarik, haurtzaindegi eta ikastolatik haste. Hortako Laida altzoan har zaitzaket, mintza lasaiki eta 2010. urtea zure soakoan irakurtzen ahal dut, alabaren eta zuen bideak imagina ditzaket, garapen iragarriaren baheetarik iragaiten. Hitzordua beraz 2010eko otsailaren 26an.
Hemen berean Laida.
Espace invaders II.