Llueve desde Carabanchel

 

Juan Luis Zabala

 

        Badator berriro ere euria gure bizitzetara. Sekula baino ederragoa iruditzen zait, hain aspaldidanik genuen ikusi eta sentitu gabea. Adiskide baten negarra da euria, gure penen kontsolagarri leiala, eta askoz ere bakarrago sentitzen gara falta zaigunean, askoz ere arrotzago munduan.

        Carabancheldik heldu da zaparrada hau, igortzailearen mezu batekin: «Hola, Xabier. Soy Arcadio. ¿Creías que me habías olvidado? Pues no. Nunca dejaré que me olvides».

        Probatu ez duenak ez daki zein errukarria den hizlaria hitzaldia eman behar duen lekura heltzen den unean. Batez ere inor ezagutzen ez duen leku batera bakar-bakarrik joaten denean, han zer aurkituko duen arrastorik gabe. Halaxe heldu nintzen ni, arratsarekin batera, Guadalajarara, autobusean. Zaharra zen oso autobusa, niri gustatzen zaizkidan horietakoa. Geltokian zegoen Arcadio, nire zain. Ez genuen antolatzaileak eta hizlariak elkar ezagutzeko eragozpen handirik izan, hain zen jende gutxi inguru hartan. Autopista berriaren aurkako pegatina zuen, gainera, Arcadiok paparrean.

        Gertutasunez tratatu ninduen hasieratik, urrutitik heldutako hizlaria izan barik aspaldiko lagun bat banintz bezala. Hitzaldi antolatzaileen ohiko zurikeriaren arrastorik txikiena ere ez nuen sumatu Arcadioren portaeran. Horrek asko leundu zuen hitzaldiaren atarian izan ohi dudan babesgabetasun eta desosegu sentimendua.

        Ez nuen entzule asko izan baina gustura eman nuen hitzaldia, konfiantza giroan. Hitzaldiaren ondoren, zerbait jan eta luze gabe oheratzea da nire ohitura. Ez naiz sekula parrandazale handia izan, eta nahiago izaten dut hitzaldiak direla-eta bisitatzen ditudan herri eta hirietako bazter eta parajeak egunez bisitatu indarrak eta sosak tabernazuloetan gastatzea baino. Baina gau hartan guztiz ezinezkoa izan zitzaidan lotara garaiz erretiratzea.

        Arcadiorekin eta bere lau lagunekin batera elkartu nintzen hitzaldiaren ostean. Zerbait jatera joan ginen taberna batera, eta jan ere jan genuen, bai, baina baita garagardoa edan eta haxixa erre ere, alajaina! Tabernako zerbitzaria adiskidea zuten eta taberna itxi eta gero ere hantxe geratu ginen berriketan, eztabaidan, hitz eta pitz, nik hitzaldian esandakoak abiapuntu eta oinarri.

        Arcadio eta bere lagunak ados ziren oro har nire ikuspuntuarekin. Premia artifizialak sortu, bultzatu eta ahoko zuloraino sartzen dizkigu kapitalismoak, natura bere menean ezarriz eta gero eta neurri arriskutsuagoetara bortxatuz, eta gu kontsumista itsu, lerdo eta insolidario bihurtuz. Baina ez zuten uste kapitalismoari aurre egiteko modurik onena nik hitzaldian aldarrikatutako «anticonsumismo sufrido y casi místico» hura zenik. Arcadiok esan zituen hitz nire ustez exajeratu horiek horrela.

        Ni ez naiz hitzaldietan aldarrikatzen dituenak erabateko ziurtasunez sinesten dituen hizlari mota horretakoa. Hizlariarengandik urrun sentitzen naiz ni askotan, inkoherente. Gau hartan, hizlariarengandik urrunduta, hizlariak hain zorrotz zaindu behar bide duen zorioneko koherentzia urratuz, Arcadio eta bere lagunen munduan sartu nintzen, eta, alkohola eta haxixa lagun, arrazoia eman nien kontu askoren inguruan. Arrazoi zuten, zer arraio! Ez zegoen derrigor monje tibetar bihurtu beharrik kapitalismoari aurre egiteko. Kutsatu egin zitzaidan azkenerako gazte haien suhartasuna.

        Goizaldeko bostak ez ziren urruti tabernatik irten ginenean. Euria ari zuen, zaparrada latza, eta Arcadiok pentsiora autoan eramango ninduela esan zidan. Baina pentsiora bidean ginela autoan buelta bat egitera gonbidatu ninduen. Sorgindurik nindukan Arcadiok, eta ez nuen pentsiora joan nahi, oso pena handia sentiarazten zidan mutil gazte bizkor eta bizitasunez bete hura sekula gehiago ikusterik ez nuela izango pentsatzeak. Ezin izan nion, horrenbestez, gasolina-erretze apetatsu eta alferrikako hari uko egin.

        — Me gusta mucho conducir de noche, bajo la lluvia —esan zuen Arcadiok azeleragailua gero eta gehiago zanpatuz—. Y compartir esta sensación con un buen amigo —samurtasunez begiratu eta, bolantetik askatuta, nire ezkerreko izterrean pausatu zuen lipar batez eskuineko eskua—. Como tú.

        Arcadioren esku nengoen, erabateko abandonuan. Bahiturik zidan borondatea. Elkarri hitzik esan gabe, gero eta azkarrago gindoazen, gero eta biziago zulatzen zuen gure autoak gauaren kortina bustia. Oso ondo sentitu nintzen, lilura betean. Halaxe jarraitu nahi nuen, etenik gabe, aterrunerik gabe, gizaldi eta gizaldi guztietan, munduaren, denboraren eta bizitzaren amaiera ilunaren sakonean galdu arte.

        Nondik barrena genbiltzan ohartzen ez nintzenez, ezustean harrapatu ninduen bidaiaren amaierak. Pentsioko atarian geunden. Ez zegoen beste erremediorik. Arcadiori adio esan eta autotik irtetea zegokidan.

        — Sabes, Xabier? —esan zidan orduan—. El capitalismo ya no tiene miedo de ninguna conferencia. El capitalismo no teme a la palabra. Sólo le duele cuando le golpean y hieren de veras, directamente, físicamente.

        Carabanchelen dute preso gaur egun Arcadio, bost urteko zigorra betetzen induskailu batzuei egindako erasoa dela-eta. Handixe igorri dit lehorte luzearen ostean hain premiazkoa nuen zaparrada bizigarri hau.

 

 

 


www.susa-literatura.eus