Haritz zaharra

 

Koldo Amestoy

 

        Behin bazen eta bada, herri polit baten aldean, oihan zabal eder bat. Pago, gaztaina, lizar, akazia eta beste haritz ondoen artean, hortxe dago haritz handi bat, basoko zaharrena. Inork ez daki noiz sortu den zuhaitz erraldoia, ez eta ere nolaz egin den oihan zahar hau. Bakar bakarrik, haritzak daki, haur denboran aipatu ziotena, gaztaroan ikusi eta entzun duena, eta zahartuta gertatu zaiona. Hau da, hemen kontatuko diguna...

        Lehen menditto baten gainean zeuden zuhaitz hauek. Halako batez hizketan ari zirela, laster eztabaidan hasi ziren, batzuek zioten: arbolak kasualitatez jaio zirela eta guztiak elkarrekin landatuak izan, lurraren ur soberakina edateko... eta bestek esaten: arbolak lur gainean zeudela, edergailu gisa, xutik, erroak beherera, adarrak goiti eta hostoak denetan, betitik... ohituraz bezala. Solas hauek guztiak entzun zituen gure haritz kumeak. Bai eta ere, beste pago, gaztaina eta haritz zaharrek erantzuten:

        — «Ez, zuhaitzak ez gara edozein gauza: sortuz geroztik lurra eta zeruaren arteko zain bizia, gure lurraren izpiritu bizia gara..! Gure erroak lurrean ongi finkatuak, hanka xut eta beso-buruak beti gora begira, urteetan eta urteetan, zeru zahar zabalean igotzen eta zabaltzen ari garenak..! Ez ote diogu gizonari ematen gure itxura zoragarria, aire gozoa, itzal freskoa, fruituak eta, behar orduan ere gure edozein abarren egurra, edo gure bihotzeko zur gogor eta ederrena? Ez ote gara gu, lur gaineko izadian, izaki eta gizakien lehen eta betiko adixkide eta babesleak?».

        Hau egia da, gure haritz lagunak bere arbasoak betitik ikusi ditu, beste arbola zaharrek bezala, beraien adarrak kendu eta gizonen etxeetaraino helarazten. Beherean, auzoko etxola eta txabolen aurrean, basoko zuhaitzen adar zatiak, bata bestearen gainean metatuak daude. Etxeko gizon edo emazteek, berotzeko eta sukaldean janaria prestatzeko nahi duten egur guztia hartu, sartu eta erre dezakete. Eta hau da aspaldiko denboretatik egiten duten gauza. Kanpoan, etxe aldamenean, beti eta egur sorta berdintsua dago, beraz... Holako batez, emakume bat bere etxetik ateratzean, abar batean behaztopatu eta erori egin da. Bere buru-gorputzak altxatzerakoan, murmurika, marmarika, haserre gorrian, abarrari bota dio:

        — «Zu, nire bidean beti traban jarrita ez da? Ez ote zara behin bederen, gure etxetik urrunduko, beti enbarazu egiteko ordez? Noiz izanen ote dugu etxe alboa garbi eta libre? Ez zaitugu guk deitu, zu zara gure etxera hurbildu! Eta aldegiten bazenu noizbait?».

        Biharamunean berean, etxe inguruetan ez da abartxo bat ere ikusi lurrean. Guztiak, lekuak hustu eta desagertu baitira. Eta ondoko egunetan egurrak ez dira oihanetik auzora jautsi, ez, sekulan santan, ez..! Hau gertatuz geroztik gizakiek oihanera joan behar dute egur bila. Eta ordutik, bisita asko izan dute, haritz handiak eta bere lagunek.

        Baina, egurra egiteko, abarrak mozteko, burdina behar da. Orduan gizonek asmatu egin dute, behin. Zuhaitzek jakin dutenean asmaketa horren berri, kezkatu dira eta urduri jarri:

        — «Gizonak burdina egin badu, aizkora zerbait moldatuko du eta gero, guztiak botako gaitu..!» Handik hurbil dagoen burdin zati batek hitz hauek entzun eta, zuhaitzei esan die:

        — «Ez duzue beldur izateko arrazoirik. Zuen geroa zuen eskutan dago. Arbolek, ez baduzue elkar salatzen, gizonari ez badiozue kirtena egiteko egurrik ematen, ez zaizue deus gertatuko. Baina, ez baduzue bat egiten eta zuetariko bat nirekin juntatzen bada, orduan bai, aizkora zuen etsai bilakatuko da eta herioa ekarriko dizue!».

        Laster egurgile bat sartu omen da oihanean eta zuhaitz bakoitzari egur zatitxo bat eskatuz doa: bere aizkora burdinarentzat kirtena egiteko... Basoko zuhaitzek gogoan baitute burdinak esana, ez diote abartxo bat ere eskaini. Egurgileak galdera bera egin diolarik, haritz handiari gogoratu zain, haur zelarik entzundakoa: lehen duela aspaldi kobazuloetako gizonek, horrelako zerbait ideia izan zutela, hau da, arbola baten abar bat hautatu eta, zuhaitzari kendu gabe ere, bizi bizirik erdiko haritik urratu egiten zutela. Gero, harrizko aizkora aho bat, leun-leuna abar erdibituaren tartean sartu eta hortxe uzten omen zuten. Berantago, denborak, arbolak eta adarrak berak, lan ederragoa egiten zuten: barri beltz hura zurez, mamiz eta azalez estutuz, inguratu eta lotu. Handik zenbait hilabetera, kobako gizonak, harrizko aizkora buru ondotik eta kirtena beheretik, abarra moztu, eta hortxe zuen aizkora ederra. Hortaz oroitzean, gure haritz handiak, gizonari «ez» erantzun dio. Eta honek jarraitu du bere bidea...

        Baina hauek guztiak bere gogoan ez dituen zuhaitz batek, memoriarik edo axolarik gabeko batek gizonari utzi dio egur puska bat. Honek orduan berean landu du burdinazko aizkorarentzat bere lehen kirtena. Ez da hemen tolda, zuhaitz hau salatzeko. Gainera, ez dakigu zein izan den erruduna..! Ez dakigu ere, egurgile honek, aizkorari bere kirtena eman eta, berehala bota dituen zuhaitzen artean, delako basoko arbola ergel hura ere lurrera jaurtiki duenentz, ez dakigu..!

        — «Oraino xutik balitz, madarikatua izan dadila betiko, eta harrek, poliki-poliki bizia ken diezaiotela!». Hori diote haritz, pago eta gaztaina zaharrek, lehen aizkolari hura, beste batzuen laguntzaz, oihanean sartuta, kriski-kraska bata bestearen ondotik arbolak hasperenka, oihuka, azkenean garrasika bota dituztelarik. Mendi alde horretan, gudari armatu izigarri hauek, oihaneko etsai handiak garraiatuz doaz. Eta lan zikin, higuingarri hau baso honetan bukatu eta, bestean obratzen jarraitu dute.

        Orduan, haritz zaharrak bere ondoan eta eskualde horretan oraino xutik dauden arbolei, haizearen laguntzaz, azken berri, zurrumurru, bai eta mezuak ere helarazi dizkie... Gau osoan, basoz baso, solasaldi eta kalakak itzulika eta biraka ibili dira.

        Biharamunean, lurrera erortzera behartzen dituzten zuhaitz batzuek, gizon aizkolari batzuk harrapatu dituzte eta abarren artean, hilik utzi. Baina ez da horretarako egurgilea lotsatu, sekula ez bezala, oraino gehiago indar, kemen, beso eta aizkorekin, oihanera igan baita, bere desmasia segitzeko. Apurka-apurka, mendi alde guztia pelatua, basamortu bilakatzera doa. Gizonak, egur eta zurak ibarretara tiratzen ditu, ikatz eta su, etxola eta etxe berriak eraikitzeko, altzari, upel, orga-gurdiak egiteko, itsasuntziak eta beste zenbait zurezko gauza moldatzeko... beti eta gehiago...

        Gau horretan, haritz zaharrak alboan beti tente dauden arbolekin hitz egin du. Agintari batek bere hurbileko aholkuari, zuzendarikideei egiten dien bezala. Gero hauek beste batzuei eta horrela, hitzak eta eztabaidak mendittoetako arbolune guztietan kurritu eta hedatu dira. Eta, azkenean goizaldera guztiak adosean, ondoko gauerako finkatua da guztia... Biharamunean, gau gauean, hasi da ekintza handia: gure haritz handi laguna aurretik, bizirik dirauten oihaneko besteak, alde guztietako zuhaitzak, mota guztietakoak, denak elkarrekin, pauso pisu eta dorpean, urratsez urrats bidean abiatu dira: menditto, larre, erreka, ibai, belardi eta landak zeharkatuz... Gau osoan ibili ondoan, goizaldera gizonen egoitzetara hurbildu dira. Auzoetako etxe eta baratze inguruetan hortxe gelditu dira, tente eta ixilik. Orduan berean, gaueko bidaiari guztiak emeki-emeki, bertan errotu, sustraitu egin dira.

        Hemendik ikus dezakegu, biharamun goizean etxeetatik ateratzerakoan, gizonen harridura. Lotsati eta beldur, laster berriro sartu dira. Eta egun horretan, inor ez da mugitu: gizonek ez dute aizkora ukitu; ez dute tresna sorbaldan hain ondo ezagutzen duten basoko bidea hartu; bakoitza bere etxean gelditu da, durduzatua, dudan... zuhaitz «sorgin» hauen aurka aizkora altxatuko ote duten bai ala ez! Eta gerora, beste edozein arbolaren enborra jotzera menturatuko ote diren, behin?!

        Gizon hauen haurrak lehenak izan dira baso berriak zeharkatzeko, zalantzarik gabe abiatu direnak. Gero bertan, zuhaitz handia lekuko, jolasak eta abenturak asmatu eta bizi izan dituzte. Handik laster, eskolako irakasleekin, sasoi guztiz, bisita berriak, ikerketa eta miaketak egin dituzte. Orduan, hilabeteak jin, hilabeteak joan, oihaneko zuhaitz, landare eta onddo; txori, intsektu, mamu eta beste piztiak zein eta nolakoak diren ikasi dute. Lehen ikertzaile, oihantzainak etorri direnean, herriko haurrak izan dituzte oihaneko lehen gidari eta lagunak. Zuhaitz gazte bat landatu behar dutenean arbola zaharra botatzera eta puskatzera etorriko dira ba, haurren aitak, lehen egurgile ziren haiek?! Geroztik, denboraren eraginez eta ohitura berriekin, aizkolariak, basoko langileak, eskoletako haur eta irakasleak, hots, herritar guztiak eta zuhaitzak ere, prefosta, izadian gizonki bizitzearen bakean, denak elkarrekin bake ederrean bizi dira, herrian eta basoan...

        Haritz zaharra poz-pozik dago gizonen eta zuhaitzen arteko gudua bukatu delako, azkenean! Orain edozein gauza gertaturik ere! Gaur bere enbor gainean tinta gorriz, horrelako marratxo bat egin diote. Bai, badaki goiz edo berant bizia galduko duela, oihaneko zaharrena izanez, laster botako dutela eta zuhaitzen herritik, gizonen herrira eramango, baina prest dago eta kontent: bere biziko borroka bururaino eraman eta irabazi egin baitu. Eta borroka horretaz jabetu direlako, alde batetik basoko zuhaitzak, eta bestetik, herriko gizonak... zinez zoriontsu dago. Haritz zaharrak jakin badaki ere, ez duela bere bizia horretan galdua:

        — «Ez ote dut nire enborreko zur zabala, eder eta sanoa?» Bai, beraz zurginak, bere egurra idortu, sikatu arazi eta landuko dio. Gero gizonaren zerbitzuko zurezko gauza bat bilakatuko da, noski. Egileak apurka apurka moldatu, leundu, igurtzi; eta gero jabeek ferekatu eta laztanduko dutena. Eta bere bizi osoan izan den bezala, orain eta gero ere, haritz zaharrak gizonaren lagun izaten jarraituko du, betiko...

        Hori hala bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila, zure bihotzaren erdiko enparantzan, zuhaitz eder honen gerizan...

 

 

 


www.susa-literatura.eus