Iguanaren azken berrehun metroak
Harkaitz Cano
Begien kliskatze mugimendu automatiko harekin betazalak jaso zituenean, iguanaren begiradak kristal pitzatuzkoa zirudien. Iguana alanbrezko hesi zulatuaren azpitik ozta-ozta igaro eta bere ezkutalekutik atera zen, isilik. Zapaltzen zuen lur hura espaloi bat izan zen akaso arestian, baina orain zaila zen bereiztea. Ez zegoen jakiterik. Erdi arrastaka zebilen iguana sufrezko kez kargaturiko atmosferan. Eta bai, sasiek estaliriko espaloian barna jarraitu eta goiz hartako lehen jauzi zaluaz pneumatiko hautsi baten gainera igo orduko, goizeko argi hautseztatu eta zikinaren, goizeko argi apurraren pean geratu zenean munduarentzat agerian geratu zenean, argi ikusi ahal izan zen detaile hura: iguanaren begiradak kristal pitzatuzkoa zirudien.
Anartean, auzoko ziminoak adi zebiltzan, argindar kableetan zintzilikatuz, harat honat zaratatsu. Baina oso adi beti. Ziminoak, adi.
Iguanak akaso laranja azalen bat bilatzen zuen pabilioi apurtuetako maniki triskatuen artean: hemen beso bat, arratoiek marraskaturiko eskularrudun maniki-esku bat horraxeago, hango hartan lepodun buru bat. Plastikozko eta trapuzko manikiak breaz zikinduak asko, meatzarien manikiak bailiran nonahi zeuden barreiatuak gasolina upel iraulien inguruetan. Giza aztarnarik ez zen, ordea, inondik inora ageri; harritzekoa bestalde, gizakiena baitzen noizbait manikiak gurtu izan zituen espezie bakarra.
Agian lehen ere esan dut, baina iguanaren begiradak kotxe ofizial bateko leiho blindatuaren pitzadura kristalezkoa zirudien hondakinez osaturiko meta erraldoi bati begira geratu zenean. Iguanak sufrezko kea pozoi geldi hura sudurzuloetatik hartzen zuela, urduri zirudien, ezinegon bortitz batek barrualdea kitzikatuko bailion. Iguana jatenaren bila zebilen noski, bere begiko lupa pitzatuaz laranja azalen baten xerka.
Iguana herrenak, bizikleten hilerria atzean utzi, eta sasiak harturiko txarrantxa industrial nahiz hormigoi erdibituzko muga igaroz, garbigailu, hozkailu, telebista apurtu eta molde anitzeko elektratresna zaharrak zeuden gunera heldu zenean, goiz hartako bigarren jauzi zalua egin zuen ahultasunetik indarrak ateraz eta bigarren jauzi honek garbigailu bateko barrualde biribilera zuzendu zuen: hiri osoaren talaia ezinobea eskaintzen zion altzairuzko zulo hark: sufreak bilduriko miniaturazko jaiotza zirudien auzoak. Iguanaren begiradak miope barkaezin baten taiu izutua hartu zuen une batez, garbigailuaren barruan irrist egin eta garbigailuko danborrak laborategiko hamster bat kaiolako erruletatxoan erabiltzen duen bezala erabili zuenean, korrika estatiko hura eraginez.
Garbigailu herdoildu hura lehenbailehen utzi eta noraezean jarraitu zuen oraindik minutu batzuez iguanak, argindar kableen bidez egindako sareak nornahi erortzeko moduan estrategikoki kokaturik zeudenak saihestuz ahal zuen bezala, harik eta bere hanken pean plaka metaliko baten hoztasuna somatu zuen arte. Aspaldi batean arrisku guneak seinalatzeko erabili ohi zen plaka zahar haietariko bat zen harako hura, piraten zeinua osatzen zuen kartel metaliko horietako bat: burezur baten irudia ageri zen bertan, beheko aldean bi tibia gurutzatuta zituela. Iguana begira-begira geratu zitzaion kalaberari eta mihia ateraz metalezko plakako marrazkia miazkatu zuen. Oso nekatuta zegoen, eta ordurarte ohartu ez bazen ere, nola elefanteak behin zahartuz gero beren hilerrietara borondatez heriotzarekin elkartzera joaten ziren, hala heldu zen bera ere oharkabean hara, elektrogailuen hilerrira, bere azken arnasa ahitzera. Etorkizuneko arkeologoren batek Nuclear Zone zioen kalaberadun plaka haren gainean zapaztuta aurkituko zuen akaso handik urte askora iguanaren hezurdura, bere kristalezko begiak metalezko kartelean ageri zen burezurraren irudiaren begizuloen parean zituela, bi etsai zaharrek iguanak eta burezurrak elkarri aurrez aurre begiratuko baliote bezala.
Handik urte batzuetara, iguanak bere azken berrehun metroak egin zituen auzo hondatu haren gainean, piramide bat eraikiko zuten
Tutankamon izeneko faraoiaren esklabuek, eta askoz beranduago, beste bizikleten hilerri bat, beste zibilizazio bat eta beste iguana bat igaroko ziren handik, kristalezko begirada pitzatuarekin.
Iguanak bertan hartu zuen lo, plakaren gainean, bere bizitzako azken berrehun metroak egin izanak ematen duen duintasunarekin. Sufrezko ke horixka hark ere eduki zuen akaso zerikusirik bere lokartzean. Gero isiltasuna. Nuclear Zone. Zimino bi oihuka orain. Beste bat harrapatu zuten itxuraz sarean. Bai, halaxe zen: gizaseme bat lurrean zerraldo zegoen argindar kablez egindako sarean harrapatuta. Zimino biek berriz, guardian egon ohi ziren uneoro bizkarrean eraman ohi zituzten baionetak abandonatu zituzten lurrean, eta harrapatu berriari patrikatik ebatsi zioten nikotina gutxiko Pall-Mail tabako pakete bategatik ari ziren borrokan.