Literatur Emailuak
2003ko abuztuaren 7an
Idazketaren esperientzia: intuizioak eta irtenbideak (I)

 

 

 

Euskal idazle arrakastatsu
bihurtzeko plan estrategikoa

 

[2002-2003 biurtekoa]

(extended version with three bonus tracks)

 

Iban Zaldua

 

 

        1.— Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko ezinbestekoa da, ororen gainetik, gazte izatea, hots (izan gaitezen eskuzabalak), hogeita hamabost urtetik behera edukitzea; zenbat eta gazteago, hobe. Hogeita hamabost eta berrogeita bost urte bitartekoa izatekotan, dena dela, posible da gaztetzat hartua izatea: idazle(gai)ak seme-alabarik ez badu (edo informazio hori ezkutuan uzten badu, abilki), eta farrazale porrokatua bada (eta elkarrizketetan halakoa dela erakusten badu, noski), idazle gazteen artean sailkatuko dute zailtasun handirik gabe.

        2.— Emakume izateak laguntzen du, baita ere, homosexuala, minusbaliatua edo beltza izateak bezainbat. Tira, onena gaztea, emakumea, homosexuala, minusbaliatua eta beltza izatea zatekeen, baina komeni da ez esajeratzea, literatur sistemak, definizioz, halako pare bat ale onartzen dituelako, gehien jota. Beraz, hobe da ezaugarri horiek guztiak dosifikatzea, eta, batez ere, lehenengoan zentratzea: gazte izatean edo ematean alegia. Horrek ez du hutsik egiten.

        3.— Euskal idazle arrakastatsuak zuria izan behar du, eta hau ez dago 2. puntuan aldarrikatutakoarekin kontraesanean, esan nahi baita, literatur munduko jende guzti-guztiarekin ondo konpondu behar duela. Hots, liburu batez galdetzen zaionean, nahiz eta batere gustatu ez, «nortasun handiko idazle baten lana dela», «literato-hatsa sumatzen zaiola» edo antzeko koipekeriaren bat erantzutera mugatuko da, eta, jakina, ez du literatur kritikarik egingo.

        4.— Dena dela, gure idazleak ezin badio kritika egiteko premiari (edo betebeharrari) eutsi, kritika hori laudoriozkoa izan beharko du, halabeharrez; liburua atsegin ez badu ere, gaia alboratuko du kritikan, edo lanaren hari jakin bati ekingo dio, liburuarekin batere zer ikusirik ez duen zerbaitetaz hitz egiten amaitzeko. Kritika egitekotan, adiskideei egin beharko die, lehenik eta behin. Laudoriozkoa, noski. Eta ezezagunen bati egitera behartuta egonez gero (Euskal Herrian benetan zaila dena), ezezagun hori betiko adiskide bihurtzeko adinakoa izango da. Hots, hiperlaudoriozkoa.

        5.— Euskal idazle arrakastatsuak diskretoki abertzalea izan behar du. Kontuz: horrek ez du esan nahi abertzale erradikala ezin daitekeenik izan; izan daiteke, baina diskretoa den heinean: abertzaleegi azaltzea ez da komenigarria, ezta ere. Hau lortzeko ez zaio faltako urtean zehar manifestu eta artikulu zenbaitetarako sinadura-eskaerarik. Edozein kasutan, ezin dena inolaz ere izan, konstituziozalea da (berdin dio Konstituzio hori frantsesa edo espainola den): hori, ezta burutik pasatu ere. Gaztelaniaz edo frantsesez idatzi arren, idazlea errazago bihurtzen da «euskal idazle» abertzale izanda, euskaraz idatziz eta ez-abertzalea izanda baino.

        6.— Politikoki zuzena izan behar du euskal idazle arrakastatsuak, hau da, egia handiak eta borobilak esan behar ditu etengabe, baina inor gehiegi molestatu gabe, beti ere. Bere liburuetan ondo hitz egingo du, beraz, emigranteez, zaharrez, edozein jatorriko indigenez, eta abarrez, eta gaizki, militarrez, bankariez eta antzeko piztiez. Zer esanik ez, euskal gatazkaren gaia albo batera uzten saiatuko da benetako euskal idazle arrakastatsua.

        7.— Aurrekoarekin lotuta, samurtasuna izango da idazle arrakastatsuaren baliabide nagusienetako bat, nagusia ez bada: publikoa gauza eztien gose omen da, eta elikadura egokia eskaini behar dio idazleak. Ez zaio beldurrik izan behar samurkeriaren aldera makurtzeari: sentiberatasun kontuetan, hobe pasatzea, motz geratzea baino.

        Dena dela, samurtasunerako joera edo dohain handirik ez badu, euskal idazle arrakastatsuak badu bigarren irtenbide bat: erotismoa baliatzea. Topiko ezagun batek dio Euskal Herrian sexu-harremanak urriak direla, eta eskasak; baliteke horrela izatea, testuetan sexuarekin harremanaturiko edozein motatako pasarte txertatzea izugarri urratzailea kontsideratzen jarraitzen baita, oraindik ere. Aurreko kasuan bezala, modu zabalean erabil daiteke osagaia: ausardiaren kutsua emango dio idazleari.

        Hori bai: idazle arrakastatsua ironiaren erabilera saihesten saiatuko da; umore hutsak ez bezala, gehiago eskatzen du irakurlearengandik eta, alde horretatik, gaizki ulertuak arriskutsuak izan daitezke idazlearentzat.

        8.— Sarien aurrean jarrera bikoitza izango du euskal idazle arrakastatsuak. Egokitzen ez zaizkionean, ahalik eta mezprezu handienaz hitz egin behar du haietaz («nik ez dut sarien esperoan idazten», «ez dut sekulan pentsatzen sarietan»). Sariren bat egokitzen zaionean, ordea, apaltasunez jokatuko du, eta hura sozializatzen saiatuko da, idazle-belaunaldi oso baten edo are euskal literaturgile guztien lorpena izan dela azpimarratuz. Kontuz: saria da sozializatu edo kolektibizatu behar duena; inola ere ez sari-ordaina.

        9.— Euskal idazle arrakastatsua izateko ez da gehiegi irakurtzea komeni: gizarte-harremanak garatzeko denbora kentzen du; zinema eta, batik bat, telebista, ordezko bikainak dira. Nola ez, literatur erreferentziarik bota beharra dago noizik behin, aurkezpenetan, elkarrizketetan eta halakoetan, eta horretarako biziki gomendagarriak dira, esaterako, Julio Cortázar eta Gabriel García Márquez-en izenak, eta idazlearen aukerako beste pare bat gehiago, akaso. Borges eta Vargas Llosa bezalako eskuindarrak kosta ahala kosta saihestu behar dira. Izen arrarorik ez, mesedez: idazlea bezain jakintsuak eta azkarrak direla pentsatu behar dute bai kazetariek bai irakurleek ere.

        10.— Nobelaren nekeaz atseden hartzeko, haur eta gazte literaturako lanen bat edo beste idatzi eta argitaratuko du idazle arrakastatsuak, ume bat zer izan ote daitekeen ez badaki ere. Prestigiotxoren bat ematen du, eta, bestalde, bezero posibleak txiki-txikitandik zaindu behar dira. Berdin dio lana oso ona ez bada (normalena litzatekeena, baldintza horietan idatzia izanez gero): aurkituko du, ziur egon, argitaratuko dionik.

        11.— Halaber, euskal idazle arrakastatsuari komeni zaio, aldian behin, bidaia-liburu edo kronikaren bat argitaratzea: zein kosmopolita eta kultur aniztasunaren aldekoa den erakutsi behar du izkiriatzaileak. Berdin dio nora egiten duen bidaia, New Yorkera edo Pragara, Parisera edo Cuzcurrita del Río Tirón-era (Errioxa): kontua, jakina, Euskal Herritik ateratzea da. Dena dela, zenbat eta eszenatoki exotikogoa (oihan tropikala, basamortua, bost mila metrotik gorako mendiak...), hainbat eta hobeto. Bidaia bizikletaz edo txingoka eginez gero, bingo.

        12.— Idazle arrakastatsuak euskara laua eta erraza erabiliko du. Komeni zaio txukun idaztea, noski, baina ez da ezinbestekoa: hortxe dago argitaletxearen zuzentzailea ergatiboak behar diren tokietan ipintzeko, eta aditz-sintagma aurreratzeko edo atzeratzeko.

        13.— Eta, last but not least (eta jadanik deduzituko zenez), euskal idazleak, arrakasta lortu nahi badu, nobelak idatzi behar ditu. Hau gazte izatea bezain ezinbestekoa da. Tira, poeta izateak lagun dezake, baita ere, poetek eta poesiak badutelako oraindik zer edo zer, oso literarioa dena; baina, lehenago edo geroago, poeta nobeladun bihurtu beharko du, arrakasta eskuratzeko gogorik badu bederen.

        Nobela ona edo txarra den, ez du askorik axola: kalera irten bezain laster zain izango ditu, alde batetik, promozio-kanpaina, eta, bestetik, euskal kritikaren abegitasun orokorra. Batik bat kontuan hartuta, ziurrenik, eta laugarren puntuari jarraituz, adiskideren batek egingo diola kritika hori.

 

        Eranskina: libururen baten promozio-kanpainian zehar, eta seigarren puntuaren salbuespen gisa, euskal idazle arrakastatsuak boutaderen bat edo beste plazaratu ahal izango du, liburua hobeto saltzeko helburuarekin. Ondoren, guztiz politikoki zuzena izaten jarraituko du.

        Beraz, badakizue: eros ezazue Obabatiko tranbia (Alberdania, Zerberri saila, 2002). Mila esker.

 

82. Literatur Emailura itzuli