-Dublindarrak-

 

James Joyce

euskaratzailea: Irene Aldasoro

 

       Hilak

Lily, etxezainaren alaba, oinak galdu beharrean zebilen, literalki. Ez al zuen jaun bat behe-solairuko bulego atzeko jaki-gela txikira eraman eta ez al zion soingainekoa kentzen lagundu, eta han hasten zen atariko txirrin zaratatsua joka berriro, eta korridore hutsean barrena lasterka joan behar zuen, beste gonbidatu bati atea zabaltzera. Eskerrak ez zituen andreak ere atenditu behar. Baina Kate andereñoak eta Julia andereñoak hartu zuten hori kontuan eta goiko bainugela bihurtu zuten andreen aldagela. Han zebiltzan Kate andereñoa eta Julia andereñoa, txutxu eta mutxu, eta barre eta zalaparta, bata bestearen atzetik eskailburura joan, barandaren gainetik begiak behera zorroztu eta ea zein etorri zen Lilyri hoska.
Gauza handia izaten zen beti Morkan andereñoen urteko dantzaldia. Haien ezagun guztiak joaten ziren dantzaldira: senitartekoak, familiako lagun zaharrak, Juliaren koruko kideak, nahikoa adina zuten Kateren ikasleak, eta baita Mary Janeren ikasle batzuk ere. Behin ere ez zuen beheraldirik izan dantzaldi hark. Urteetan eta urteetan jarraitu zuen, eta estilorik distiratsuenean beti, denek oroitzen zuteneino, hau da, Kate eta Julia, Pat nebaren heriotzaren ondoren, Stoney Batter-ko etxea utzi eta Usher's Island-go etxe ilun soildura bizitzera joan zirenez geroztik; etxearen goiko aldea errentan hartu zioten Fulham jaunari, behe-solairuko arto-tratulariari, eta Mary Jane, beren iloba bakarra, eraman zuten berekin. Izango ziren honezkero hogeita hamar bat urte. Mary Jane -jantzi laburreko neska txiki bat orduan- zen orain etxeko euskarri nagusia, Haddington Roadeko organo-jole postua baitzuen. Akademiatik pasatua zen, eta ikasleen kontzertu bat ematen zuen urtero Kontzertu Areto Zaharretako goiko aretoan. Beraren ikasleetako asko Kingstown eta Dalkey auzoetako familia onenetakoak ziren. Zaharrak izanagatik, izebek ere egiten zuten beren esku zegoena. Julia, oso buruzuriturik zegoen arren, Adan eta Eba elizako lehen sopranoa zen oraindik, eta Katek, asko ibiltzeko ahulduegi, musikako klaseak ematen zizkien hasiberriei atzeko gelako piano zut zaharrean. Lilyk, etxezainaren alabak, egiten zien neskametza. Bizimodu apala egiten bazuten ere, ondo jatea gustatzen zitzaien; onenetik dena: azpizuna, hiru txelineko tea, botilako garagardo beltz onena. Lilyk, ordea, gutxitan egiten zuen okerrik mandatuetan eta, beraz, ondo konpontzen zen hiru etxekoandreekin. Arduratsuak zirela, horixe zuten guztia. Gauza bakar bat ezin zuten eraman: inork atzera erantzun txar bat ematea.
Arrazoi onak zituzten, bai, halako gau batean arduratsu ibiltzeko. Eta, gainera, hamarrak aspaldi jo zuten eta artean ez zen Gabriel eta emaztearen arrastorik. Horretaz aparte, ikaragarrizko beldurra zuten Freddy Malins txolindurik etorriko ote zen. Ez zuten munduko ezergatik nahi Mary Janeren ikasleek hura egoera horretan ikusterik; eta horrela zegoenean, batzuetan oso zaila izaten zen hura gobernatzen. Freddy Malins berandu iristen zen beti, baina ez zekiten zerk atzeratu ote zuen Gabriel. Horregatik zebiltzan bi minuturo barandara joan eta Lilyri galdezka ea Gabriel iritsi zen edo Freddy iritsi zen.
-A! Conroy jauna! -esan zion Lilyk Gabrieli, atea zabaldu zionean-. Kate andereñoak eta Julia andereñoak uste zuten ez zinetela etorriko. Gabon, Conroy andrea.
-Ez dut dudarik egiten hala usteko zutela -esan zuen Gabrielek-, baina ez dira konturatzen nire emazte honek hiru ordu mortal behar dituela janzteko.
Sarrerako alfonbratxoan zegoen Gabriel, eskalapoietako elurra astintzen, eta Lilyk eskailera barrenera eraman zuen Gabrielen emaztea eta dei egin zuen:
-Kate andereñoa, hemen da Conroy andrea.
Kate eta Julia berehalaxe heldu ziren eskaileretan behera pauso txikian eta kilikoloka. Musu eman zioten biek Gabrielen emazteari, eta hotzak hilda egongo zela esan eta ea Gabriel berarekin etorri zen galdetu zioten.
-Hemen naiz, posta bezain zintzo, izeba Kate! Segi gora, oraintxe noa eta -hots egin zuen Gabrielek ilunpetatik.
Gogor oinak astintzen jarraitu zuen Gabrielek, eta hiru emakumeak gora joan ziren, barrez, andreen aldagelara. Elur-zerrenda fin bat zuen Gabrielek, kapa bat baliz bezala, soingainekoaren sorbaldetan eta, oin-puntakoak balira bezala, eskalapoien behatzetan; eta soingainekoaren botoiak frisa-oihal izoztuaren artetik karraska-hots bat eginez labaindu zirenean, kanpoko aire hotz usaintsu bat irten zen zirrikitu eta tolesetatik.
-Elurra ari al du berriro, Conroy jauna? -galdetu zion Lilyk.
Lily aurretik joan zitzaion jaki-gelaraino soingainekoa kentzen laguntzera. Irribarre egin zuen Gabrielek, Lilyk deitura hiru silabaz ahoskatu zionean, eta begirada bat luzatu zion. Oraindik hazten ari zen neska mehe bat zen Lily, larruazal zurbilekoa eta lasto-koloreko ilea zuena. Jaki-gelako gas-argiak, berriz, itxura are zurbilagoa ematen zion. Haurra zela ezagutu zuen Gabrielek: beheko eskailera-mailan eseri eta panpina bat zaintzen.
-Bai, Lily -erantzun zion-, eta uste dut gau osorako izango dugula.
Gora begiratu zuen Gabrielek, jaki-gelako sabaira, zeina dardaraz baitzegoen goiko solairuko oinen tarrapata eta ziri-zaraz; pianoa entzuten geratu zen pixka batean, eta neskari begiratu zion, zeina soingainekoa arreta handiz tolesten ari baitzen apal baten muturrean.
-Aizu, Lily -esan zion tonu adiskidetsuan-, oraindik joaten al zara eskolara?
-Ez, jauna -erantzun zion-. Egin ditut eskolakoak, aurtengo urtetik aurrera.
-Orduan -esan zion Gabrielek alaitsu-, edozein egunetan zure ezkontzara joan beharko dugu, egun hauetakoren batean zure mutilarekin ezkonduko zara eta.
Sorbaldaren gainetik atzera begiratu zion neskak eta gorroto handiz esan:
-Gaurko gizonek ez daukate hitz xuria besterik, eta inori kendu ahal diotena.
Gabriel gorritu egin zen, oker bat egin zuela konturatu balitz bezala, eta, Lilyri begiratu gabe, eskalapoiak kendu eta, bufandarekin, txarolezko zapatei igurtzi batzuk eman zizkien bizi-bizi.
Gizon gazte sendo handi samar bat zen Gabriel. Masailetako kolore gorria bekokiraino iristen zitzaion, eta, bekokian, orban gorri margul formagabe batzuetan zabaltzen; eta bere aurpegi bizargabean etengabe brist eta brist zituen bere begi delikatu urduriak babesten zizkioten betaurrekoen lente labainduak eta uztai urre-kolorekoak. Ile beltz distiratsua zuen, erdian artesiaz erdibitua eta kurba luze batean belarrien atzera orraztua, non, kapelaren ildoaren azpitik, kizkurtu egiten baitzitzaion pixka bat.
Zapatei lustrea atera zienean, zutitu eta txalekoari behera tira egin zion, bere soin betearen inguruan tinko jartzeko. Orduan, txanpon bat atera zuen bizkor sakelatik.
-A! Lily -esan zion, txanpona eskuan jartzen ziola-, Gabonak dira, ezta? Ez da… gauza asko…
Gabriel ate aldera joan zen bizkor.
-O! Ez, jauna! -esan zuen neskak-. Benetan, jauna, ezin dizut hartu.
-Gabonak! Gabonak! -esan zion Gabrielek, ia trostan eskailera aldera abiatu eta eskua astinduz neskari kontra egiten ziola.
Neskak, eskaileretara heldu zela ikusirik, dei egin zion:
-Ba eskerrik asko, jauna.
Egongelako atearen kanpotik itxaron zuen Gabrielek balsa amai zedin, gonen arrastada eta oinen ziri-zara entzuten. Bere onera etorri gabe zegoen oraindik, neskak eman zion bat-bateko erantzun garratz hartatik. Halako tristura bat utzi zion, eta hura uxatzen ahalegindu zen, eskumuturrak eta lepoko flokaren begiztak atonduz. Hurrena, txalekoaren sakelatik papertxo bat atera eta hitzaldirako egin zituen izenburuei begiratu bat eman zien. Ezin erabakirik zegoen Robert Browning-en lerroei zegokienean, beldur baitzen zailegiak izango ote ziren entzule izango zituenentzat. Hobe izango zuen haiek ezagutzeko moduko Shakespeare-ren edo Melodietako aipuren bat egitea. Gizonezkoen takoien takateko eta zapata-zoruen ziri-zara traketsak gogorarazi zion ezen haien kultura-maila eta berarena ez zirela berdinak. Bere burua barregarri utzi besterik ez zuen egingo, ulertzen ez zuten poesiaren aipamenak haiei eginda. Zuen hezkuntza-maila handiagoaren erakustaldia egiten ari zela pentsatuko zuten. Huts egingo zuen haiekin ere, jaki-gelan neskarekin huts egin zuen bezala. Ez zuen tonu egokia aukeratu. Errakuntza bat zen hitzaldi osoa, goitik hasi eta beheraino, erabateko errakuntza.
Izebak eta emaztea andreen aldagelatik irten ziren orduantxe. Soilki jantzitako bi emakume zahar txiki ziren izebak. Izeba Julia zen hazbete edo handiago. Ilea, belarri gainetara zapaltzen zitzaion motots batean bildua, grisa zuen; eta grisa, itzal ilunago batzuekin, aurpegi handi laxatua ere. Gorpuzkera sendoa eta tentea bazuen ere, non zegoen eta nora zihoan ez zekien emakume baten itxura ematen zioten bere begi motelek eta aho erdi irekiak. Izeba Kate biziagoa zen. Haren aurpegia, ahizparena baino osasuntsuagoa, dena zen izur eta toles, sagar gorri zimeldu baten antzera, eta haren ileak, antigoaleko era berean txirikordatuak, ez zuen galdu fruitu lehor helduaren kolorea.
Bihotzez musu eman zioten biek Gabrieli. Iloba maiteena zuten, ahizpa zaharrenaren, Portu eta Moiletako T. J. Conroyrekin ezkondu zen Ellen zenaren, semea.
-Grettak esan dit gaur gauean ez duzuela atzera Monkstown-era itzultzeko kotxerik hartu behar, Gabriel -esan zion izeba Katek.
-Ez -esan zuen Gabrielek, emaztearengana itzultzen zela-, nahikoa izan genuen iazkoarekin, ez da hala? Ez al zara gogoratzen, izeba Kate, nolako hotzeria harrapatu zuen Grettak orduan? Kotxeko leihoak bide guztian kliski-klaska, eta mendebal-haizea sartzen zitzaigula Merrion pasatuz gero. Entretenigarria oso. Izugarrizko hotzeria harrapatu zuen Grettak.
Izeba Katek, oso serio, bekokia zimurtu eta buruaz baietz egiten zuen hitz bakoitzeko.
-Oso ondo, Gabriel, oso ondo -esan zion-. Neurri guztiak ere gutxitxo izaten dira.
-Baina Grettagatik balitz -esan zuen Gabrielek-, bera elurretan oinez joango litzateke etxera, utziko balitzaio.
Conroy andreak barre egin zuen.
-Ez egiozu kasurik egin, izeba Kate -esan zuen-. Aspergarria dago, benetan: Tom-i gauean begietarako argi-babeski berdeak erabilarazten dizkio eta pisuekin ariketak eginarazten, eta Evari olo-morokila janarazten dio. Eta haur gaixoak, berriz, ez du olo-morokila ikusi ere egin nahi! Eta ez zenuke asmatuko zer jantziarazten didan niri orain!
Barre-algara bat egin eta senarrari begiratu zion, zeinaren begiak emaztearen soinekotik aurpegira eta ilera miresmenez eta zorionez alderrai baitzebiltzan. Bi izebek ere gogoz barre egin zuten, Gabrielen arduratasuna olgetagai jakina baitzen beren artean.
-Eskalapoiak! -esan zuen Conroy andreak-. Hori da azkena. Zorua batere bustia baldin badago, eskalapoiak jantzi behar izaten ditut. Gaur ere jantzi nitzala nahi zuen, baina ez ditut jantzi. Hurrengoan urpekari-jantzia erosiko dit.
Gabrielek urduri barre egiten zuen eta lepoko floka haztatzen zuen lasaitu-beharrez, eta izeba Kate ere ia bi doble eginda zegoen barrez, hain gogoko izan baitzuen txantxa. Irribarrea berehala aienatu zen izeba Juliaren aurpegitik, eta haren begi pozgabeak ilobaren aurpegira itzuli ziren. Isilaldi baten ondoren, galdetu zuen:
-Eta zer dira eskalapoiak, Gabriel?
-Eskalapoiak, Julia! -esan zion ahizpak-. Ene, bada, ez al dakizu eskalapoiak zer diren? Zeraren gainean jartzekoak…, boten gainean jartzen direnak, ezta, Gretta?
-Bai -esan zuen Conroy andreak-. Gutapertxazkoak. Orain biok daukagu pare bat. Gabrielek dio kontinentean mundu guztiak erabiltzen dituela.
-A! Kontinentean! -murmuriatu zuen izeba Juliak, buruari astiro atzera eta aurrera eraginez.
Bekainak elkartu eta, pixka bat haserreturik balego bezala, esan zuen Gabrielek:
-Ez dira beste munduko gauza, baina izenak Christyren koplariak gogorarazten omen dizkio Grettari eta grazia handia egiten dio.
-Baina, esadazu, Gabriel -esan zuen izeba Katek bat-bateko zuhurtasunez-. Arduratu zara gelaz, noski. Gretta esaten ari zen…
-A! Gelarena eginda dago -esan zuen Gabrielek-. Gresham-en hartu dut.
-Bai horixe -esan zuen izeba Katek-, egin zenezakeen gauzarik onena egin duzu. Eta haurrak, Gretta? Ez al zaituzte kezkatzen?
-Bueno, gau batengatik… -esan zuen Conroy andreak-. Gainera, Bessiek zainduko ditu.
-Bai horixe -esan zuen izeba Katek berriro-. Lasaitasun handia da horrelako neska bat edukitzea, konfiantzazkoa! Horra Lily; egia esan, ez dakit zer gertatzen zaion azkenaldi honetan. Ez da lehengoa.
Horren gainean izebari zerbait galdetzera zihoan Gabriel, baina izeba bat-batean elkarrizketa eten eta ahizpari begira jarri zen, zeina eskaileretan behera joan eta barandaren gainetik lepoa luzaturik baitzegoen.
-Baina, aizue -esan zuen izeba Katek, ia ezin egonik-, nora doa Julia? Julia! Julia! Nora zoaz?
Juliak, eskaileren lehen mailadiaren erdiraino jaitsia baitzen, atzera itzuli, eta esan zuen, ilaunki:
-Hemen da Freddy.
Une berean, esku-zarta hotsek eta pianistaren azken loreztapenak balsa amaitu zela adierazi zuten. Egongelako atea barrualdetik zabaldu zen eta bikote batzuk irten ziren. Izeba Katek, presaka, aparte hartu zuen Gabriel eta belarrira xuxurlatu zion:
-Zoaz salto batean behera, Gabriel, egidazu mesede, eta ikus ezazu ea ondo dagoen, eta ez iezaiozu igotzen utzi txolindurik badago. Seguru txolindurik etorri dela. Seguru.
Eskaileretara joan eta barandaren gainetik entzuten jarri zen Gabriel. Bi pertsona entzuten zituen hizketan jaki-gelan. Halako batean, Freddy Malinsen barrea ezagutu zuen. Eskaileretan behera abiatu zen Gabriel, hotsa ateraz.
-Hain da lasaigarria -esan zion izeba Katek Conroy andreari- Gabriel hemen izatea. Askoz erosoago sentitzen naiz bera hemen dagoenean… Julia, Daly andereñoak eta Power andereñoak freskagarri bat hartuko dute. Eskerrik asko zure bals zoragarriarengatik, Daly andereñoa. Oso erritmo polita zeukan.
Gizon garai aurpegi-zimel bibote latz grisaxka eta azal beltzaraneko bat irten zen bere bikotekidearekin eta esan zuen:
-Guk ere har ote dezakegu freskagarriren bat, Morkan andereñoa?
-Julia -esan zuen izeba Katek laburki-, eta Browne jauna eta Furlong andereñoa. Eraman itzazu, Julia, Daly andereñoa eta Power andereñoarekin batera.
-Ni naiz dama hauek behar duten gizona -esan zuen Browne jaunak, bibotea tentetzeraino ezpainak biribildu eta izur guztiekin irribarre egiten zuela-. Ba al dakizu, Morkan andereñoa, zergatik nauten hain maite…
Ez zuen esaldia amaitu, baizik eta, izeba Kate belarrien helmenetik at zegoela ikusirik, atzeko gelara eraman zituen hiru dama gazteak berehalaxe. Gelaren erdian bi mahai karratu zeuden elkarren kontra jarririk, eta mahaien gainean zamau handi bat berdintzen eta lisatzen ari ziren izeba Julia eta etxezaina. Baxerategian zeuden ilaran platerak, azpilak eta edontziak, eta labana-, sardexka- eta koilara-sortak. Piano zut itxiaren gainak ere jaki fin eta gozokientzako apalaren zerbitzua egiten zuen. Bazter batean, baxerategi txikiago baten ondoan, bi mutil zeuden, zutik, lupulu-garagardoa edaten.
Browne jaunak alde hartara zuzendu zituen bere ardurapekoak eta, txantxetan, emakumezkoentzakoa omen zen pontxe bero indartsu gozo bat hartzera gonbidatu zituen denak. Edari bizirik inoiz ez zutela hartzen esan ziotenean, hiru limonada-botila ireki zituen. Gero, mutiletako bati alboratzeko esan, likore-botila hartu eta whisky-zurrusta on bat atera zuen berarentzat. Mutilek errespetuz begiratzen zioten, zurrut bat egin eta whiskya nola dastatzen zuen.
-Jainkoak lagun nazala -esan zuen, irribarrez-, medikuaren agindua dut.
Haren aurpegi zimelean zabalagotu egin zen irribarrea, eta hiru dama gazteek oihartzun musikalez barre egin zioten txantxari, gorputzak atzera eta aurrera zabuka eta sorbaldak zain-ikaraz. Ausartenak esan zuen:
-Tira, tira, Browne jauna, seguru nago medikuak ez dizula inoiz horrelakorik agindu.
Browne jaunak beste zurrut bat egin zion whiskyari eta, keinu maltzur batez, esan zuen:
-Hara, Cassidy andre famatuarena gertatzen zait niri ere; hala esan omen zuen: Hara, Mary Grimes, hartzen ez badut, harrarazi iezadazu, behar dudala konturatzen naiz eta.
Bere aurpegi berotua sekretu handi bat esateko bezala aurreraturik eta Dublingo azentu oso apal bat imitatuz hitz egin zuen, eta neska gazteek ere, denek sen berari jarraiki, isilik entzun zuten esan ziena. Furlong andereñoak, zeina baitzen Mary Janeren ikasleetako bat, Daly andereñoari galdetu zion ea zer izen zuen jo zuen bals polit hark; eta Browne jauna, jaramonik egiten ez ziotela ikusirik, mutilengana itzuli zen berehalaxe, haiek esker hobea erakusten ziotenez.
Emakume gazte musu-gorri morez jantziriko bat sartu zen gelan, aztoraturik esku-zartaka eta deiadarka:
-Launazkakoak! Launazkakoak!
Haren orpoz orpo heldu zen izeba Kate, deiadarka:
-Bi gizonezko eta hiru andrazko, Mary Jane!
-Hona hemen Bergin jauna eta Kerrigan jauna -esan zuen Mary Janek-. Kerrigan jauna, hartuko al duzu Power andereñoa? Furlong andereñoa, jar al diezazuket Bergin jauna bikotekide? Oso ondo.
-Hiru andrazko, Mary Jane -esan zion izeba Katek.
Bi mutilek ea plazer hori egingo zieten galdetu zieten damei, eta Mary Jane Daly andereñoarengana itzuli zen.
-O! Daly andereñoa, ez dakizu nola eskertzen dizudan, azken bi dantzak jo dituzularik, baina andrazkoen faltan gabiltza gaur.
-Ez zait batere axola, Morkan andereñoa.
-Baina bikotekide atsegin bat daukat zuretzat: Bartell D'Arcy, tenorea. Ea gero lortzen dudan abes dezan. Dublin osoa zoraturik dauka.
-Oso ahots polita! Oso polita! -esan zuen izeba Katek.
Pianoa bi aldiz hasi zenez lehen dantza-mugimenduaren preludioa jotzen, Mary Janek presaka eraman zituen bildu zituen kideak gelatik. Haiek irten orduko, izeba Julia sartu zen, eta nora ezean bezala zeharkatu zuen gela, astiro, atzera-begira, atzean zerbait balu bezala.
-Zer gertatzen da, Julia? -galdetu zion izeba Katek, ezin egonik-. Nor da?
Julia eskuzapi pila batekin zihoan barrura, eta ahizparengana itzuli eta esan zuen, soilik, galderak harritu balu bezala:
-Freddy da, Kate, eta Gabriel berarekin: besterik ez.
Izan ere, Juliaren ondo-ondotik agertu zen Gabriel, eskailera-tranpan Freddy Malinsi gidaritza egiten. Atzekoa, berrogei urte inguruko gizon gazte bat, Gabrielen garaiera eta gorpuzkera berekoa zen, oso bizkar-makurra. Betea eta zurbila zuen aurpegia, eta bere belarrietako gingila lodi dilindarietan eta sudur-hegal zabaletan soilik kolore ukitu bat. Hazpegi zakarrak zituen, sudurra motza, bekokia konkortua eta atzera luzatua, eta ezpainak irtenak eta handituak. Bere betazal eroriek eta ile urri banatuak loguratu-itxura ematen zioten. Tonu altuan barre gogotik egiten zuela zetorren, eskaileretan Gabrieli kontatu zion kontu batengatik, eta, aldi berean, ezkerreko ukabileko hatz-koskorrez ezkerreko begia igurtzika eta igurtzika.
-Gabon, Freddy -esan zion izeba Juliak.
Freddy Malinsek gabon esan zien Morkan andereñoei, modu axolagabea zirudien batean, ahotsean zuen akats batengatik, eta, gero, Browne jaunak baxerategitik irri zuri bat egiten ziola ikusirik, gela zeharkatu zuen, hankek aski koloka egiten ziotela, eta Gabrieli kontatu zion istorioa kontatzen hasi zen berriro ahots isilka.
-Freddy ez dago hain gaizki, ezta? -esan zion izeba Katek Gabrieli.
Gabrielek ilun zuen bekokia, baina berehalaxe argitu eta erantzun zuen:
-Ez, ez. Apenas antzematen zaio.
-Baina ikaragarria da, gero, mutil honena! -esan zuen izeba Katek-. Eta ama gaixoak, Urtezahar egunez, ez edateko promesa eginarazi ziolarik. Baina goazen egongelara, Gabriel.
Gelatik irten baino lehen, Browne jaunari keinu egin zion izeba Katek, bekokia zimurtu eta hatz erakuslea atzera eta aurrera mugituz ohartarazten zuela. Browne jaunak buruaz baietz eginez erantzun zion, eta izeba joan zenean, honela esan zion Freddy Malinsi:
-Tira, bada, Teddy, baso bat limonada aterako dizut pixka bat animatzeko.
Freddy Malinsek, zeina bere kontakizunaren klimaxera iristen ari baitzen, esku-keinu batez errefusatu zuen, ezinegonez, eskaintza, baina Browne jaunak, lehenik Freddy Malinsi janzkia desordenaturik zeukala errepararazirik, baso bat limonada goraino bete eta eman zion. Freddy Malinsen ezkerreko eskuak mekanikoki hartu zuen basoa, eskuineko eskua janzkia mekanikoki txukuntzen gatibatua izaki. Browne jaunak, zeinaren aurpegia berriz ere alaitasunez izurturik baitzegoen, baso bat whisky atera zuen berarentzat, eta Freddyri, berriz, halako barrealdi zoli bronkitiko batek eman zion, kontakizunaren klimaxera guztiz iritsi aurretik, eta gainezka zuen edontzia dastatu ere gabe apalean utzi eta ezkerreko ukabileko hatz-koskorrez ezkerreko begia igurtzika eta igurtzika hasi zen, barre-purrustadak uzten zion heinean azken esaldiko hitzak errepikatzen zituela.




Gabrielek ezin zuen entzun Mary Jane egongelako isiltasunean jotzen ari zen pieza akademikoa, xaramela eta pasarte zailez betea. Gogoko zuen musika, baina Mary Jane jotzen ari zen piezak ez zuen melodiarik berarentzat, eta duda egiten zuen beste entzuleentzat ba ote zuen, nahiz eta Mary Janeri zerbait jo zezala eskatu. Lau gizon gazte, pianoaren soinua entzutean freskagarrien gelatik irten eta atean geratu zirenak, isil-isilik urrundu ziren, binaka, handik minutu batzuetara. Mari Jane eta izeba Kate ziren musika jarraitzen zutela ziruditen bakarrak: Mari Jane, eskuak teklatuan gora eta behera lasterka, edo, pausaldietan, eskuak gora jasorik, une batez arao dagikeen apaizeme baten gisara, eta izeba Kate, orrialdea pasatzeko, Mary Janeren alboan zutik.
Gabrielen begiak, zoru argizariztatuak argiontzi astunaren azpian egiten zuen distirak erremindurik, pianoaren gaineko hormara joan ziren. Romeo eta Julietaren balkoiko eszenaren irudi bat zegoen han zintzilik, eta, haren ondoan, Dorrean eraildako bi printzeen irudi bat, izeba Juliak neskatilatan egina, artilezko hari gorri, urdin eta marroiez. Eskolan erakutsiko zieten beharbada, neskatilak zirela, lan-mota hori egiten, zeren eta urte batean amak tabinetezko txaleko purpura bat egin baitzion berari urtebetetzeko oparitarako, azeri-buru txikiak gainean, saten marroiez azpilduak ertzak, eta masusta formako botoi biribilez. Harritzekoa zen amak musikarako gaitasunik ez izatea, izeba Katek Morkan familiako garuna deitzen bazion ere. Juliak eta biek beti agertu izan zuten harrotasun pixka bat beren ahizpa serio eta etxekoandre-itxurakoaz. Osoko ispiluaren aurrean zegoen haren argazki bat. Magalean liburu bat zabaldurik zuela ageri zen, eta hatza luzatu eta liburuko zerbait erakusten zion Constantineri, zeina, marinel-jantzian, beraren oinetan eserita baitzegoen. Berak aukeratu zituen semeen izenak, zuhurtasun handiz jokatzen baitzuen familiaren duintasunari zegokionean. Berari eskerrak zen orain Constantine Balbriggan-go bikario, eta berari eskerrak graduatu zen Royal Universityn Gabriel bera. Itzal bat igaro zitzaion Gabrieli aurpegitik, beraren ezkontzari amak zein bortizki kontra egin zion gogoratu zuenean. Gogoan zituen, eta min ematen zioten oraindik, amak erabili zituen esaldi iraingarri batzuk: tuntun polit bat zela esan zuen behin Grettarengatik, eta hori ez zegokion inondik inora Grettari. Azken gaixoaldi luzean Grettak zaindu zuen Monkstown-eko etxean.
Konturatu zen ezen Mary Jane pieza bukatzear zegoela, zeren eta hasierako melodia jotzen ari baitzen berriro, konpas bakoitzeko xaramelak eta eskalak eginez, eta amaitu zain zegoen bitartean, joan egin zitzaion erresumina bihotzetik. Goiko zortzidun batzuen txorrotxioz eta beheko zortzidun sakon azkendari batez amaitu zen pieza. Txalo handiek agurtu zuten Mary Jane, lotsagorriturik eta partitura urduri bilduz gelatik ihesi irten zenean. Txalorik beroenak atean zeuden lau gizon gazteengandik zetozen, zeinak, piezaren hasieran freskagarrien gelara joan baziren ere, pianoa isildu zenean atzera itzuli baitziren.
Lantzari-dantza eratu zuten. Ivors andereñoarekin parekaturik ikusi zuen Gabrielek bere burua. Jarrera irekiko dama gazte hiztun bat zen Ivors andereñoa, aurpegi oreztatsua eta gaztaina-koloreko begi irtenak zituena. Ez zuen gerruntze papar-zabalik soinean; eta lepoaren aurrealdean itsatsirik zeukan orratz handian irlandar ezaugarri bat ageri zen.
Beren lekuetan jarri zirenean, Ivors andereñoak, tupustean, esan zuen:
-Badut nik kontu bat zurekin argitu beharrekoa.
-Nirekin? -esan zuen Gabrielek.
Ivors andereñoak baietz egin zion buruaz, serio.
-Zer da, bada? -galdetu zion Gabrielek, Ivors andereñoaren seriotasuna ikusirik.
-Nor da G. C.? -esan zuen Ivors andereñoak, begiak Gabrielengana itzulirik.
Gorritu egin zen Gabriel, eta, ulertu ez balu bezala, bekainak jasotzera zihoala, braust bota zion Ivors andereñoak:
-A! Amy inozentea! Jakin dut The Daily Expresserako idazten duzula. Ez al dizu lotsarik ematen?
-Zergatik eman behar dit lotsa? -galdetu zuen Gabrielek, begiak kliskatu eta irribarre egiten saiatzen zela.
-Bada, niri, zuk ematen didazu lotsa -esan zuen Ivors andereñoak, argi eta garbi-. Horrelako egunkari ziztrin batean idazten duzula esatea ere! Ez nekien mendebaldeko britainiarra zinenik.
Zer pentsatu ez dakiela dagoenaren itxura hartu zuen Gabrielen aurpegiak. Egia zen zutabe literario bat idazten zuela asteazkenero The Daily Expressen, zeinarengatik hamabost txelin ordaintzen baitzioten. Horrek, ordea, ez zuen inondik inora mendebaldeko britainiar bihurtzen. Ia harrera hobea egiten zien ikustatzeko jasotzen zituen liburuei, txeke kaskarrari baino. Atsegin zuen liburu inprimatu berrien azalak ukitzea eta orriak pasatzea. Ia egunero joan ohi zen, ikastetxean klaseak ematen bukatzen zuenean, ibaiertzetik paseoan, bigarren eskuko liburu-saltzaileetara, Bachelor's Walk-eko Hickey's-era, Aston's Quay-ko Webb's-era edo Massey's-era, edo alboko kaleko O'Clohissey's-era. Ez zekien nola aurre egin Ivors andereñoaren salaketari. Literatura politikaren gainetik zegoela esango ziokeen. Baina urte askotako adiskidetasuna zuten, eta karrera berdintsuak, unibertsitatean lehenik eta irakasle gero: harekin ezin zuen esaldi hanpurutsurik erabili. Begiak kliskatzen eta irribarrea saiatzen jarraitu zuen, eta liburuen kritikak idaztean ezer politikorik ez zuela ikusten murmuriatu zuen, uste osorik gabe.
Gurutzatzeko txanda heldu zitzaienean, nahasturik eta adigabeturik zegoen artean Gabriel. Ivors andereñoak eskutik heldu zion, bero estutzen zuela, eta tonu samur adiskidetsuan esan zion:
-Txantxetan ari nintzen, noski. Tira, gurutzatzeko txanda dugu.
Berriro elkartu zirenean, unibertsitateko arazoaz hitz egin zuen Ivors andereñoak eta Gabriel erosoago sentitu zen. Lagun batek erakutsi zion Ivors andereñoari Gabrielek Browning-en poemei egindako kritika. Horrela jakin zuen sekretua: baina izugarri gustatu zitzaion kritika. Hurrena, bat-batean, esan zion:
-Aizu, Conroy jauna, etorri nahi al duzu uda honetan Aran uharteetara? Irtenaldi bat egitera goaz. Hilabete osoa pasatuko dugu han. Zoragarria izango da, Atlantikoan barneratzea. Etorri behar zenuke. Clancy jauna badator, eta Kilkelly jauna eta Kathleen Kearney ere bai. Agian Grettak ere atsegin izango luke etortzea. Connacht-koa da Gretta, ez?
-Familia du hangoa-esan zuen Gabrielek, motz.
-Etorriko zarete, ezta? -esan zuen Ivors andereñoak, bere esku beroa besoan jarri eta adi-adi begiratzen ziola.
-Gertatzen dena da -esan zuen Gabrielek-, dagoeneko plana eginda nagoela zerera joateko…
-Nora joateko? -galdetu zion Ivors andereñoak.
-Ba, badakizu, urtero joaten naiz lagun batzuekin bizikleta-bira bat egitera, eta…
-Baina nora? -galdetu zion Ivors andereñoak.
-Ba, gehienetan Frantziara edo Belgikara edo Alemaniara joaten gara -esan zuen Gabrielek deseroso.
-Eta zergatik joaten zara Frantziara eta Belgikara, zeure herria bisitatu ordez?
-Ba -esan zuen Gabrielek-, alde batetik, hizkuntzekin harremanetan egoteagatik, eta bestetik, aldatzeagatik.
-Eta ez al duzu zeure hizkuntzarekin, irlanderarekin, harremanetan egon beharrik? -galdetu zion Ivors andereñoak.
-Ba -esan zuen Gabrielek- hori bada kontua, badakizu, irlandera ez da nire hizkuntza.
Ingurukoak itzuliak ziren kontra-galdeketa entzutera. Gabrielek urduri begiratu zuen ezkerrera eta eskuinera eta umore onari eusten saiatu zen lotsagorria bekokiratzen zion frogabide haren pean.
-Eta ez al duzu zeure lurraldea ezagutu beharrik -jarraitu zuen Ivors andereñoak-, batere ez duzu ezagutzen eta; ez al duzu zure herria eta zeure herriko jendea ezagutu beharrik?
-Ba, egia esan behar badizut -erantzun zion bat-batean Gabrielek-, nazka-nazka eginda nago nire herriaz! Nazka-nazka eginda!
-Zergatik? -galdetu zion Ivors andereñoak.
Gabrielek ez zion erantzun, eman zuen erantzunaz odola irakiten baitzuen.
-Zergatik? -errepikatu zion Ivors andereñoak.
Biak batera agurrak egitera joateko txanda zuten, eta, Gabrielek erantzun ez zionean, Ivors andereñoak esan zuen, gartsu:
-Jakina, ez duzu erantzunik.
Indar guztiak dantzan jarriz saiatu zen Gabriel bere asaldura ezkutatzen. Ivors andereñoari begietara ez begiratzen ahalegindu zen, adierazpen samin bat sumatu baitzion aurpegian. Baina kate luzean elkartu zirenean, harritu egin zen Ivors andereñoak eskua irmo estutzen ziola sentitzean. Ivors andereñoak bere bekainen azpitik begiratu zion une batez isekari, eta Gabrielek irribarre egin behar izan zuen. Orduan, berriro katea hasteko puntuan zegoela, hanka-puntetan jarri eta honela esan zion Ivors andereñoak belarrira:
-Mendebaldeko britainiarra!
Lantzarien dantza amaitu zenean, gelako bazter urrun batera alde egin zuen Gabrielek. Han zegoen, eserita, Freddy Malinsen ama: andre zahar handikote makal buru-zuri bat. Akats bat zuen ahotsean, semeak bezala, eta totelka arin batez hitz egiten zuen. Etorri zela Freeddy eta nahiko ondo zegoela esan zioten. Gabrielek galdetu zion ea itsas bidaia ona izan zuen. Alaba ezkonduarekin Glasgown bizi zen eta urtean behin egiten zuen Dublina bisita. Itsas bidaia zoragarria izan zuela erantzun zuen, patxadaz, eta kapitainak oso adeitsu tratatu zuela. Alabak Glasgown zuen etxe zoragarriaz eta han zituzten lagun jator guztiez ere jardun zuen. Hark mingainari eragiten zion bitartean, Ivors andereñoarekin izandako gorabehera desatsegina burutik uxatzen saiatu zen Gabriel. Jakina zen neska, edo emakumea, edo zena zelakoa, abertzalea zela, baina gauza guztiek beren unea zuten. Agian ez zion hala erantzun behar. Baina Ivors andereñoak ere ez zeukan eskubiderik jende guztiaren aurrean berari mendebaldeko britainiar deitzeko, ezta txantxetan ere. Barregarri utzi nahi izan zuen jendaurrean, hitza etenez eta untxi-begi haiekin tinko begira.
Gabrielek emaztea ikusi zuen balsean ari ziren bikoteen artetik berarengana etortzen. Ondora etorri zenean, emazteak belarrira esan zion:
-Gabriel, izeba Katek jakin nahi du ea zatituko duzun antzara, beti bezala. Daly andereñoak zatituko du urdaiazpikoa eta ni arduratuko naiz pudding-az.
-Ondo da -esan zuen Gabrielek.
-Gazteak sarraraziko ditu lehenik, bals hau amaitu bezain laster, mahaia guretzat bakarrik izan dezagun.
-Egin al duzu dantzan? -galdetu zion Gabrielek.
-Horixe egin dudala! Ez nauzu ikusi? Zer hizka-mizka izan duzu Molly Ivorsekin?
-Ez dut izan hizka-mizkarik. Zer ba? Hori esan al dizu?
-Horrelako zerbait. D'Arcy jaun hori zerbait abestera jarriko ote dudan nabil. Harrokeriaz beterik dagoela uste dut.
-Ez da izan hizka-mizkarik -esan zuen Gabrielek gogotxarturik-. Irlandako mendebaldera joan nendila nahi zuen eta ezetz esan diot, besterik ez.
Pilpiraz eskuak elkartu eta jauzi txiki bat egin zuen Gabrielen emazteak.
-Bai! Joan gaitezen, Gabriel. Pozik ikusiko nuke berriro Galway.
-Zoaz zerori, nahi baduzu -esan zion Gabrielek hotz.
Une batez senarrari begira geratu, eta, gero, Malins andrearengana itzuli zen Gabrielen emaztea:
-Hara nolako senar atsegina, Malins andrea.
Gabrielen emazteak, gelan zehar, itzulerako bidea hartu zuenean, etenaldiari erreparatu gabe jarraitu zuen Malins andreak, Eskozian zein leku ederrak eta zer ikuspegi ederrak zeuden Gabrieli kontatzen. Suhiak urtero aintziretara eramaten zituen eta arrantzan egiten zuten. Arrantzale bikaina zen suhia. Egun batean arrain bat harrapatu zuen, arrain handi-handi bat, oso ederra, eta hoteleko gizonak egosita jarri zien afaritarako.
Gabrielek ez zuen ia entzuten andreak esaten ziona. Orain, afalordua gerturatzen ari zela, hitzaldian eta aipuetan jarria zuen berriro gogoa. Freddy Malins gelan aurrera zetorrela ikusi zuen, ama agurtzera, eta harentzat aulkia libre utzi eta bera leiho aurrera joan zen. Gela husten hasita zegoen ordurako, eta plater- eta labana-hotsa zetorren atzeko gelatik. Egongelan geratzen zirenek dantzan aspertuak ziruditen, eta taldetxoetan hizketan ari ziren, lasai. Gabrielen hatz bero dardartiek leihoko kristal hotza ukitu zuten. Zein fresko egongo zen kanpoan! Zein atsegina zatekeen kanpoan ibilalditxo bat egitea, bakarrik, ibaiertzetik abiatu eta parkean barrena! Elurra zuri egongo zen arbola-adarretan eta kapela distiratsu bat eratuko zuen Wellingtonen monumentuaren puntan. Zenbatez atseginago zatekeen han egotea, afalmahaian baino!
Hitzaldirako izenburuak berrikusi zituen: irlandar adeitasuna, oroitzapen tristeak, Hiru Graziak, Paris, Browning-en aipua. Kritikan idatzi zuen esaldi bat errepikatu zuen bere artean: Iruditzen zaio bati ezen halako musika pentsamenduek oinazetu bat entzuten ari dela. Ivors andereñoak goraipatu egin zuen kritika. Egiatia ote zen Ivors andereñoa? Ba ote zuen gero bizitza propiorik bere propaganda haren guztiaren atzean? Inoiz ez zuten sentimendu txarrik izan beren artean, gau hartara arte. Adoregabetu egiten zuen pentsatzeak ezen han egongo zitzaiola, afalmahaian, bera hizketan ari zen bitartean, begi kritiko aztertzaile haiekin behetik gora begira. Ideia bat etorri zitzaion burura, eta adore eman zion. Honela esango zuen, izeba Kate eta izeba Julia zehar-aipatuz: Jaun-andreok, gure artean orain itzalaldean dagoen belaunaldiak izango zituen bere akatsak, baina uste dut bazituela halako adeitasun, umore, eta gizatasunezko ezaugarri batzuk, zeinak iruditzen baitzait falta dituela gure inguruan sortzen ari den belaunaldi berri, oso serio eta gainez ikasiak. Oso ondo: Ivors andereñoarentzat zen hori. Berari zer axola, izebak bi emakume zahar ezjakin baziren?
Gelan izan zen murmurio batek erakarririk itzuli zuen arreta. Browne jauna zetorren atean aurrera, izeba Julia galaiki eskoltatzen, eta izeba Julia, Browne jaunaren besoan bermaturik, irribarrez eta buru-makur. Txalo-zizpakada desberdin batek eskoltatu zuen orduan izeba Julia pianoraino, eta gero, Mary Jane aulkitxoan eseri zenean, eta izeba Julia, irribarre egiteari utzirik, ahotsa gelan behar bezala zabal zedin alde batera biratu zenean, txaloak isilduz joan ziren poliki-poliki. Berehala ezagutu zuen Gabrielek preludioa. Izeba Juliaren abesti zahar bat zen: Ezkon-soinekoz jantzia. Izeba Juliaren ahotsak, indartsua eta garbia tonuz, kementsu ekin zien doinua apaintzen zuten xaramelei, eta oso bizkor abesten zuen arren, ez zuen nota edergarri txikienik ere huts egin. Ahots hari jarraitzea, abeslariaren aurpegira begiratu gabe, hegada bizkor ziur baten zirrara sentitzea eta partekatzea zen. Gabrielek ozenki txalo jo zuen beste guztiekin batera abestiaren bukaeran, eta txalo ozenak heldu ziren afalmahaitik ere, nahiz ikusezin egon. Hain benetakoak ematen zuten, ezen gorritasun arin baten kanpora-nahia sumatu baitzen izeba Juliaren aurpegian, abesti-liburu zaharra, larruzko azalak eta gainean beraren inizialak zituena, atzera atrilean uztera makurtu zenean. Freddy Malins, zeina burua alde batera okerturik egon baitzen, hobeto entzuteko, txaloka ari zen gainerako guztiak isildu eta gero ere: zerbait esaten zion, alaitsu, amari, eta amak baietz egiten zion buruaz, serio eta astiro. Txalo gehiago jo ezin izan zuenean, bat-batean jaiki eta izeba Juliarengana joan zen lasterka, eta haren eskua hartu eta beraren bi eskuen artean estutu zuen, hitzak irteten ez edo ahotseko akatsa gehiegizkoa gertatzen zitzaionean gora eta behera astintzen zuela.
-Oraintxe ari nintzaion esaten amari -esan zion- inoiz ez zaitudala hain ederki abesten entzun, ezta inoiz ere. Ez, inoiz ez dut zure ahotsa gaur bezain eder entzun. Zer! Ez duzula sinesten? Bada, egia da. Nire ohoreagatik zin egiten dizut egia dela. Ez dut inoiz zure ahotsa hain fresko eta hain… hain garbi eta fresko aditu, ezta inoiz ere!
Izeba Juliak irribarre zabal bat egin zuen, eta, konplimenduei buruzko zerbait murmuriatzen zuela, Freddyk estutzen zion eskua askatu zuen. Browne jaunak izeba Juliaren aldera luzatu zuen bere esku zabaldua, eta, ikuskizun-aurkezle batek entzuleei pertsona miragarri bat aurkezten dienean bezala, honela esan zien inguruan zituenei:
-Julia Morkan andereñoa, nire azken aurkikuntza!
Bere ateraldiari gogara barrez zegoela, Freddy itzuli zitzaion eta esan zion:
-Ba, serio ari bazara, Browne, egin zenezakeen aurkikuntza okerragorik. Nik esan dezakedan guztia hauxe da: ez dudala inoiz entzun, ezta urrundik ere, gaur bezain ongi abesten, hona etortzen naizenetik. Horixe da egia.
-Ezta nik ere -esan zuen Browne jaunak-. Uste dut asko hobetu duela ahotsa.
Sorbaldak jaso eta honela esan zuen izeba Juliak, harrotasun apalez:
-Orain hogeita hamar urte ez nuen hain ahots txarra ere, berez.
-Askotan esan diot Juliari -esan zuen izeba Katek, enfasiz- koru horretan gutxietsirik dagoela. Baina nik ezer esaterik ez du nahi.
Haur bihurri baten aurrean besteen zentzu ona eskatzeko bezala itzuli zen izeba Kate, eta izeba Julia, oroitzapenezko irribarre zehazgabe bat aurpegian jostari zuela, zuzen aurrera begira geratu zen.
-Ez -jarraitu zuen izeba Katek-, ez du inork ezer esaterik edo egiterik nahi; hortxe, koru horren esklabo, gau eta egun, gau eta egun. Goizeko seietan Gabon egunean! Eta dena zertarako?
-Tira, ez al da, bada, Jainkoaren ohoreagatik, izeba Kate? -esan zuen Mary Janek, piano aurreko aulkiari biraka, eta irribarrez.
Izeba Kate bizi-bizi itzuli zitzaion ilobari eta esan zion:
-Oso ondo dakit zer den Jainkoaren ohorea, Mary Jane, baina ez zait batere ohoregarria iruditzen Aita Santuak beren bizitza osoan esklaboak bezala koruan lanean aritu diren emakumeak korutik bidaltzea eta haien ordez mutiko txatxu batzuk jartzea. Elizaren onerako izango da, Aita Santuak erabaki badu, baina ez da bidezkoa, Mary Jane, eta ez dago ondo.
Pasioak gaina hartu zion eta ahizparen defentsan jarraituko zukeen, oso gai minbera baitzuen hura, baina Mary Jane, dantzari guztiak atzera itzuli zirela ikusirik, baketzaile sartu zen tartean:
-Tira, izeba Kate, eskandalua ematen diozu Browne jaunari, bera beste uste batekoa baita.
Izeba Kate Browne jaunarengana itzuli zen, zeinak irri zuri bat egin baitzuen beraren erlijioaren zehar-aipamena egin zenean, eta esan zuen presaka:
-A! Ez dut zalantzan jartzen Aita Santuak ondo egingo zuenik. Ni naizen emakume ergel hau ez litzateke horrelakorik egitera ausartuko. Baina gizalege eta esker on arrunt egunerokoak ere hor daude. Eta Juliaren lekuan banengo, aurpegira esango nioke Aita Healy horri…
-Gainera, izeba Kate -esan zion Mary Janek-, goseak gaude, eta goseak gaudenean, oso liskarzale gara denok.
-Eta baita egarriak gaudenean ere, liskarzale gara -erantsi zuen Browne jaunak.
-Hobe dugu, beraz, afaltzera joatea -esan zuen Mary Janek-, eta amaituko dugu gero eztabaida.
Egongelaz kanpoko eskailera-tranpan emaztea eta Mary Jane topatu zituen Gabrielek Ivors andereñoa afaltzera gera zedin gogatu nahirik. Ivors andereñoak, ordea, zeinak kapela jantzia baitzuen eta kaparen botoiak lotzen ari baitzen, ez zuen geratu nahi. Ez omen zuen batere goserik, eta behar baino denbora luzeagoa pasatu omen zuen dagoeneko.
-Baina hamar minutu bakarrik, Molly -esan zion Conroy andreak-. Horregatik ez zara atzeratuko.
-Mokadu bat hartzeko denbora -esan zion Mary Janek-, egin duzun hainbeste dantza egin eta gero.
-Ezin dut, bene-benetan -esan zuen Ivors andereñoak.
-Beldur naiz ez duzula batere ondo pasatu -esan zion Mary Janek, etsipenez.
-Oso ondo pasatu dut, benetan diotsuet -esan zuen Ivors andereñoak-, baina, orain, utzidazue joaten.
-Baina nola joan behar duzu etxera? -galdetu zion Conroy andreak.
-Bi pauso baino ez dira ibaiertzetik gora.
Pixka batean zalantzan egon eta esan zuen Gabrielek:
-Baimena ematen badidazu, Ivors andereñoa, nik lagunduko dizut etxera, ezinbestean joan behar baduzu.
Ivors andereñoa, ordea, haiengandik aldendu zen.
-Ezta pentsatu ere -dei egin zuen-. Jainkoaren izenean, zoazte afaltzera, eta ez zaitezte nitaz ardura. Nahikoa naiz neroni neure burua zaintzeko.
-Zu zara neska bitxia, Molly -esan zion Conroy andreak, buruan zuena garbi adieraziz.
-Beannacht libh1 -dei egin zuen Ivors andereñoak, algara eginez, eskaileretan behera lasterka zihoala.
Mary Jane atzetik begira geratu zitzaion, aurpegi-ilun, zer pentsatu ez zekiela, eta Conroy andrea barandaren gainera bermatu zen ea atariko atea entzuten zuen. Gabrielek, berriz, bere artean pentsatzen zuen ea berarengatik joan ote zen Ivors andereñoa hain ustekabean. Ez zuen ematen, hala ere, haserreturik joan zenik: barrez alde egin zuen. Eskaileretan behera begira geratu zen Gabriel, begirada galdurik.
Une hartan izeba Kate irten zen afalgelatik, kili-kolo, ia etsiak harturik eskuak bihurrika.
-Non da Gabriel? -dei egin zuen-. Non demontre da Gabriel? Denak zain daude hor barruan, hasteko prest, eta antzara zatitzeko inor ez!
-Hemen nago, izeba Kate! -dei egin zuen Gabrielek, bat-batean adoreturik-. Behar izanez gero, antzara-talde osoa zatitzeko prest.
Antzara arre gizen bat zegoen mahaiaren mutur batean eta, beste muturrean, perrexil-adaxkaz estaliriko paper izurtuzko ohe batean, urdaiazpiko handi bat, azala kendurik eta ogi-apur txigortuz gaineztaturik, paper listatu apain bat hankezurren inguruan zuela, eta haragi biribilki ongailuztatu bat haren ondoan. Bi mutur kontrario horien artean jaki lagungarriz beteriko plater-ilara paraleloak ageri ziren: jelatinazko bi abatetxe txiki, gorri eta hori; budin zuri zatiz eta marmelada gorriz beteriko plater zapal bat; hosto-formako plater berde handi bat, zurtoin-formako eskulekuz, gainean purpura-koloreko mahaspasa eta almendra zuritu mordoxkak zituela; haren plater laguna, Esmirnako pikuz osaturiko lauki zuzen trinko bat gainean zuela; natilla-azpil bat, intxaur muskatu hautsez gaineztatua; gopor txiki bat, urrezko eta zilarrezko paperetan bilduriko txokolatez eta gozoz betea; eta kristalezko pegar bat, eta apio-zurtoin batzuk pegarrean, zutika sarturik. Mahaiaren erdian, laranja eta amerikar sagarrezko piramide bati eusten zion fruta-ontziaren zaindari gisa, antigoaleko bi likore-botila potor, kristal landuzkoak, bata oportoz eta bestea jerez gozoz beteak. Piano zut itxiaren gainean pudding bat zegoen zain, plater hori itzel batean, eta, haren atzean, hiru botila talde, garagardo beltz, hori eta gaseosarenak, beren uniformearen arabera ilaran jarriak: bi lehenengoak beltzak, etiketa marroi eta gorriz, eta hirugarren taldea -txikiena-, zuria, zeharkako banda berdez.
Gabriel mahaiburuan eseri zen, erabakiz, eta labanaren ahoari begiratu eta gero, sardexka sartu zion antzarari, irmo. Oso eroso sentitzen zen orain: aditua zen okela zatikatzen, eta mahai ondo bete baten buruan egotea baino gauza gogokoagorik ez zuen ezagutzen.
-Furlong andereñoa, zer jarriko dizut? -galdetu zuen-. Hegal bat ala bularki-xerra bat?
-Bularki xerra txiki bat.
-Higgins andereñoa, zuretzat zer?
-Ezertxo ere ez, Conroy jauna.
Gabrielek eta Daly andereñoak antzara-platerak eta urdaiazpiko- eta haragi-platerak trukatzen zituzten bitartean, Lily afaldar batengandik bestearengana joaten zen, patata bero irintsu batzuk, eskuzapi zuri batean bilduak, plater batean zituela. Mary Janeren ideia izan zen hori, eta antzararentzako sagar-saltsa ere iradoki zuen, baina izeba Katek esan zion sagar-saltsarik gabeko antzara erre soila aski ona iruditu zitzaiola beti, eta okerragorik jan behar ez izatea espero zuela. Mary Janek zerbitzatu zien bere ikasleei eta puskarik onenak ematen saiatu zen, eta izeba Katek eta izeba Juliak piano gainetik botilak hartu, ireki eta garagardo beltz eta gorria eramaten zieten gizonezkoei eta gaseosa emakumezkoei. Nahasmendu handia zegoen, eta barreak eta zarata: eskabideak egitearen eta eskabideei erantzutearen zarata, sardexka eta labanena, kortxo eta tapakiena. Bigarren buelta banatzen hasi zen Gabriel lehenengoa banatu bezain laster, beraren partea zerbitzatu gabe. Denek protesta egin zioten eta garagardo beltzari trago luze bat eginez amore eman zuen, antzara zatitze-lanak egarritu egin zuela konturatu baitzen. Mary Jane afaltzeko eserita zegoen, lasai, baina izeba Kate eta izeba Julia mahaiaren inguruan jira eta bira zebiltzan artean, bata bestearen orpoz orpo, elkarri traba eginez, elkarri aginduak ematen, baina batak bestearen esanari jaramonik egin gabe. Browne jaunak eseritzeko eta afaltzeko esaten zien, eta baita Gabrielek ere, baina denbora bazegoela erantzuten zuten, eta, azkenean, Freddy Malins jaiki zen, eta izeba Kate harrapatu eta, denen barre-algaren artean, aulkian eseri zuen.
Denak ondo zerbitzaturik geratu zirenean, Gabrielek, irribarrez, esan zuen:
-Bueno, jende arruntak betekia deitzen dion honetatik inork, gizon nahiz emakumek, gehiago nahi badu, esan dezala.
Ahots-koru batek erregutu zion has zedila afaltzen, eta Lily ondoratu zitzaion hiru patatarekin, harentzat gorderik baitzeuzkan.
-Ederki -esan zuen Gabrielek lagunkoi, aldez aurretik beste trago bat eginez-. Jaun-andreok, ahantz zaitezte nitaz pixka batean.
Afaltzen hasi zen, eta ez zuen parterik hartu elkarrizketan, zeinarekin estaltzen baitzuten mahaikoek Lilyk platerak eramatean egiten zuen hotsa. Une hartan Errege Antzokian zegoen opera konpainia zuten hizpide. Bartell D'Arcyk, tenoreak -azal ilun eta bibote dotoreko gizon gazte bat-, oso goratu zuen konpainiako lehen kontraltoa, baina Furlong andereñoak, ordea, aski estilo arrunta zuela irizten zion. Freddy Malinsek esan zuen Gaiety-ko pantomimako bigarren zatian buruzagi beltz bat agertzen zela abesten, eta inoiz entzun zuen tenore-ahots ederrenetariko bat zuela.
-Entzun duzu? -galdetu zion Bartell D'Arcy jaunari, zeina baitzuen mahaiaren beste aldean.
-Ez -erantzun zuen Bartell D'Arcy jaunak, axolagabe.
-Zeren -adierazi zuen Freddy Malinsek- pozik jakingo nuke zer irizten diozun. Ahots bikaina duela uste dut nik.
-Teddy izan behar, gauza onak aurkitzeko -esan zien Browne jaunak mahaikoei.
-Eta zergatik ez zuen ba ahots ona izango? -galdetu zuen Freddy Malinsek, zorrotz-. Beltza delako?
Inork ez zion galdera horri erantzun eta Mary Janek atzera benetako operara bideratu zituen afaldarrak. Beraren ikasle batek Mignon ikusteko sarrera bat eman omen zion. Opera oso ona zen, bai, esan zuen, baina Georgina Burns gaixoa gogorarazten omen zion. Browne jaunak askoz atzerago jo zezakeen, Dublina etorri ohi ziren italiar konpainia zaharretaraino: Tietjens, Ilma de Murzka, Campanini, Trebelli handia, Giuglini, Ravelli, Aramburo. Garai hartan bai, esan zuen, orduan bai entzun zitekeela kantua Dublinen. Kontatu zuen ere nola egon ohi zen Royal zaharreko goialdea, goraino beteta, gauero-gauero, eta nola gau batean italiar tenore batek bost bis egin zizkion Utzidazu soldadu bat bezala erortzen abestiari, eta aldi bakoitzeko do garai bat emanez gainera, eta nola goialdeko mutilek, batzuetan, gogo-berotasunaren beroz, prima donna handiren baten kotxeko zaldiak askatu eta berek eramaten zuten kalez kale hoteleraino. Zergatik ez zituzten ematen orain opera zahar bikain haiek, galdetu zuen, Dinorah, Lucrezia Borgia. Horiek abesteko ahotsik ez zegoelako: horrexegatik.
-Tira -esan zuen Bartell D'Arcy jaunak-, uste dut ordukoak bezain abeslari onak badaudela orain ere.
-Non daude? -galdetu zuen Browne jaunak desafio eginez bezala.
-Londresen, Parisen, Milanen -esan zuen Bartell D'Arcy jaunak, bero-bero- Caruso, esate baterako, zuk aipatu dituzun horiek guztiak bezain ona da, hobea ez bada.
-Baliteke -esan zuen Browne jaunak-. Baina duda egiten dut.
-Edozer emango nuke Caruso abesten entzuteagatik -esan zuen Mary Janek.
-Niretzat -esan zuen izeba Katek, zeina hezur baten okela-izpiak jaten aritu baitzen- tenore bat bakarra izan da. Nire gustukoa, esan nahi dut. Baina pentsatzen dut zuetako inork ez duela haren aditzerarik izango.
-Nor zen, Morkan andereñoa? -galdetu zion Bartell D'Arcy jaunak, gizabidetsu?
-Parkinson zuen izena -esan zuen izeba Katek-. Onenean zegoenean entzun nuen eta, orduan, inoiz giza eztarriak sortu duen ahotsik gardenena zuen, nik uste.
-Harritzekoa da -esan zuen Bartell D'Arcy jaunak-. Ez dut haren aditzerarik.
-Bai, bai, arrazoi du Morkan andereñoak -esan zuen Browne jaunak- Nik badut Parkinson zaharraren aditzera, baina hura ni baino aurreragokoa zen.
-Ingeles tenore garden gozo ezti zoragarri bat -esan zuen izeba Katek sutsu.
Gabrielek amaitu zuenean, pudding handi hura eraman zuten mahaira. Sardexka- eta koilara-hotsa hasi zen berriro. Gabrielen emazteak zerbitzatzen zituen pudding-koilarakadak eta pasatzen zituen platerak mahaian barrena. Erdibidean Mary Janek hartzen zituen, eta mugurdiz edo laranjazko jelatinaz edo budin zuri eta marmeladaz osatzen zituen. Izeba Juliak egina zen pudding-a eta gorespen handiak jaso zituen alde guztietatik. Izeba Juliak berak, berriz, behar hainbeste belztu gabe zegoela esan zuen.
-Bada, espero dut, Morkan andereñoa -esan zuen Browne jaunak-, nik alde horretatik ez dudala aitzakiarik izango. Ni guztiz beltzarana bainaiz2.
Gabrielek ez beste jaun guztiek jan zuten pudding pixka bat, izeba Juliari konplimenduak eginez. Gabrielek gozorik jaten ez zuenez, apioa utzi zioten berari. Freddy Malinsek ere, apio-zurtoin bat hartu, eta bere pudding-arekin batera jan zuen. Odolarentzat oso ona zela esan zioten, eta aldi hartan medikutan zebilen. Malins andreak, zeina isilik egon baitzen afariko denbora guztian, esan zuen ezen aste bete barru edo Mount Melleray-ra zihoala semea. Afaldarrek, orduan, Mount Melleray hartu zuten hizketagai: zein garbia eta osasungarria zen hango airea, zein adeitsuak fraideak eta nola ez zieten inoiz penike bat ere eskatzen egoiliarrei.
-Zer esan nahi duzue -galdetu zuen Browne jaunak, ezin sinetsirik-, bat joan daitekeela hara, hotelera balihoa bezala, eta erregea bezala bizi, ezertxo ere ordaindu gabe?
-Bueno, gehienek zerbait ematen dute monasterioarentzat, alde egiten dutenean -esan zuen Mary Janek.
-Nahiago nuke horrelako erakunde bat balego gure Elizan -esan zuen Browne jaunak, xalo-xalo.
Harritu zuen entzuteak fraideek ez zutela inoiz hitz egiten, goizeko ordubietan jaikitzen zirela eta beren hilkutxetan lo egiten zutela. Galdetu zuen ea zergatik egiten zuten hori.
-Hori dute ordenaren araua -esan zuen izeba Katek, tinko.
-Bai, baina zergatik? -galdetu zuen Browne jaunak.
Izeba Katek berriro esan zion hori zela araua eta kito. Browne jaunak, hala ere, ez zuen ulertu, antza. Freddy Malinsek adierazi zion, ahal zuen ondoen, fraideek munduko bekatari guztien bekatuak ordaintzen saiatzen zirela. Azalpena ez zen oso argi geratu, zeren Browne jaunak irri gaizto bat egin eta esan zuen:
-Oso ideia ona iruditzen zait, baina ez ote lukete malgukidun ohe eroso bat hilkutxa bezain baliagarri?
-Hilkutxa -esan zuen Mary Janek- beren azken helburua gogorarazteko da.
Gaia goibeldu egin zenez, mahaikideek beren isiltasunean lurperatu zuten, eta, isilune hartan, Malins andrearen ahotsa entzun zen, aldamenekoari ahopean esaten:
-Oso gizon onak dira fraideak, oso gizon jainkozaleak.
Mahaspasak eta almendrak eta pikuak eta sagarrak eta laranjak eta txokolateak eta gozoak pasatu ziren orduan mahaiaren biran, eta izeba Juliak oportoa edo jereza eskaini zien gonbidatu guztiei. Hasieran Bartell D'Arcy jaunak errefusatu egin zituen bai bata eta bai bestea, baina aldameneko batek ukondokadatxo bat eman eta zerbait esan zion belarrira, eta orduan bere kopa betetzeko baimena eman zuen. Poliki-poliki, azken kopak betetzen ari zirela, itzaltzen joan zen hizketa. Isilaldi bat izan zen, ardoaren hotsak eta aulkien desorekak bakarrik hautsia. Morkan andereñoak, hirurak, zamauari begira geratu ziren. Norbaitek eztul bat edo beste egin zuen eta jaun batzuek mahaian kolpetxo arin batzuk jo zituzten eskuaz, isiltasuna eskatzeko bezala. Isildu ziren denak, eta Gabriel, aulkiari atzera bultza egin, eta zutitu egin zen. Mahaiko kolpetxoak bat-batean indartu ziren, bihotz-berogarri, eta gero denak batera isildu. Mahaiko zamauan bermatu zituen Gabrielek bere hamar hatz dardaratuak, eta irribarre egin zion, urduri, taldeari. Aurpegi-ilara bat ikusi zuen, gora begira, eta lanparara altxatu zituen begiak. Pianoa bals bat jotzen ari zen eta gonek egongelako atea nola igurzten zuten entzuten zuen. Kanpoan, ibaiertzean, agian jendea egongo zen, elurretan zutik, leiho argituetara begira, balsa entzuten. Hango airea garbia zen. Handik hara zegoen parkea, arbolak elurrez abaildurik. Wellington-en monumentuak elurrezko kapela distiratsu bat zuen, Fifteen Acres lursail zuriaren gainetik sartaldera diz-diz.
Hasi egin zen:
-Jaun-andreok… Ni naizen honi egokitu zaio gau honetan, aurreko urteetan bezala, hain eginbehar atsegingarria betetzeko ardura, baina beldur naiz nire hizlari-ahalmen ahulak ez ote diren izango oso desegokiak eginbehar honetarako.
-Ez, ez! -esan zuen Browne jaunak.
-Baina, edonola ere, gauza bat bakarra eskatuko dizuet gaur: har ditzazuela nahiak ekintzatzat eta eskain diezadazuela minutu batzuetako arreta, une honetan sentitzen dudana hitzetan adierazten ahalegintzen naizen bitartean… Jaun-andreok. Ez da lehen aldia etxepe adeitsu honetan, mahai adeitsu honen inguruan elkartzen garena. Ez da lehen aldia dama on batzuen adeitasunaren hartzaile -edo beharbada, hobe nuke esatea biktima- garena.
Airean biribilki bat besoaz egin eta gelditu egin zen. Denek barre edo irribarre egin zieten izeba Kate, izeba Julia eta Mary Janeri, zeinak gorri biziz baitzeuden atseginaren atseginez. Gabrielek ausartago jarraitu zuen:
-Urtetik urtera indartsuago sentitzen dut ez duela gure herriak adeitasunak adinako ohorea ematen dion beste tradiziorik ez hain ardura handiz zaindu eta gorde beharrekorik. Nazio modernoetan parekorik ez duen tradizioa da, nik ezagutzen dudaneraino (eta ez ditut leku gutxi ezagutu atzerrian). Norbaitek esan dezake, are dela, gure kasuan, gabezia, ezen ez harrotzeko gauza. Baina hori onarturik ere, gabezia printzezkoa da, nire iritziz, adeitasuna, zeina gure artean luzaroan zainduko dela espero baitut. Gauza bat behintzat badakit ziur. Etxepe honek aipatu dama on horiek babesten ditueneino -eta bihotz-bihotzez espero dut halaxe izango dela urte askoan-, irlandar adeitasun gizabidetsu, bihotzezko eta benetakoa, gure aurrekoengandik jasoa eta guk gure ondorengoei utzi behar dieguna, bizirik egongo dela gure artean.
Baieztapenezko murmurio zinezko bat igaro zen mahairen bueltan. Gabrieli burutik pasatu zitzaion Ivors andereñoa ez zegoela han eta deskortesiaz alde egin zuela; eta bere ustean sendoturik, esan zuen:
-Jaun-andreok… Beste belaunaldi bat hazten ari da gure artean, beste ideia batzuen eta beste printzipio batzuen eraginpean. Belaunaldi serioa da eta ideia berrien defendatzaile sutsua, eta duen su hori, gaizki bideratzen duenetan ere, egiazkoa da, nik uste. Baina garai eszeptiko eta -esaldia erabiltzea zilegi bazait- pentsamenduek oinazetu batean bizi gara, eta beldur naiz batzuetan belaunaldi berri honek, den bezain ikasia eta gainikasia izanik ere, ez ote dituen falta izango garai zaharragoei zegozkien gizatasuna, adeitasuna eta umore onbera. Gaur gauean, iraganeko abeslari bikain horien guztien izenak entzunda, iruditzen zait, eta hala aitortzen dut, garai estuago batean bizi garela. Garai haiek, esan daiteke zirela, gehiegikeriarik esan gabe, garai zabalagoak. Eta oroimenaren helmenetik joan bazaizkigu, espero dezagun, behintzat, hau bezalako lagunartean, harrotasunez eta maitekiro aipatuko ditugula, bihotzean gordeko dugula hil eta gure artetik joandako jende handi haren memoria, munduak ez baitu bere gogoz haien fama desagertzen utziko.
-Hori, hori! -esan zuen Browne jaunak ozen.
-Baina hala ere -jarraitu zuen Gabrielek, ahotsari inflexio leunago bat emanez-, honelako bilera batean beti etortzen zaizkigu gogora oroitzapen tristeagoak ere: iraganekoak, gaztetakoak, aldaketenak, gaur hemen falta ditugun aurpegienak. Gure bizitzako ibilbidea horrelako oroitzapen tristez estalirik dago, eta haiengatik beti negarrez aritu behar bagenu, ez genuke adorerik bilduko, bizien artean, bulartsu, lanean jarraitzeko. Denok ditugu eginbehar biziak eta atxikimendu biziak, zeinek eskatzen baitute, eta arrazoiz eskatu ere, gure ahaleginik handiena… Horregatik, bada, ez naiz iraganaren gainean luzatuko. Ez diot ezein moralkeria goibeli gaur gure artera sartzen utziko. Hemen gaude, gure eguneroko bizitzako joan-etorria eta zalaparta utzi, eta une labur batean elkarrekin bildurik. Lagun gisa elkartu gara, adiskedetasun onean, lankide gisa, neurri batean, benetako camaraderieazko espirituan, eta, gainera, Dublingo musika munduko -nola esango nuke?- Hiru Grazien gonbidatu gisa.
Mahaikideek txaloka eta algaraka hartu zuten ateraldia. Izeba Juliak alferrik galdetu zien bere bi aldamenetakoei ea zer esan zuen Gabrielek.
-Esan du Hiru Graziak garela, izeba Julia -esan zion Mary Janek.
-Izeba Juliak ez zuen ulertu, baina, irribarrez, Gabrielengana altxatu zituen begiak; Gabrielek lehengo haritik jarraitu zuen:
-Jaun-andreok… Gaur gauean ez dut egingo Parisek beste aldi hartan egin zuena. Ez dut hiruretatik bat aukeratuko. Lan bidegabea litzateke, eta nire ahalmen kaskarrak baino haragokoa. Zeren eta banan-banan begiratzen diedanean, dela gure ostatari nagusienari berari, zeinaren bihotz ona, zeinaren bihotz onegia, ezagutzen duten guztien hizpide bihurtu baita, dela beraren ahizpari, zeinak bai baitirudi betiereko gaztetasunaren oparia jaso duela, eta zeinaren abesteko era ustekabe bat eta aurkikuntza bat izan baita gaur gu guztiontzat, edo, azkenik, nahiz ez gutxienik, begiratzen diodanean gure ostatari gazteenari, emakume trebe, alai, langile eta ilobetan onenari, aitortzen dut, jaun-andreok, ez dakidala zeini eman beharko niokeen saria.
Izebengana itzuli zituen Gabrielek begiak eta, izeba Juliaren aurpegiko irribarre zabala eta izeba Kateren begietan ageri ziren malkoak ikusirik, lehenbailehen amaitzea erabaki zuen. Oporto-kopa gora jaso zuen, galaiki, eta, afaldar guzti-guztiek, adi, beren kopak haztatzen zituztela, esan zuen, ahots gora:
-Egin dezagun topa eta edan dezagun hiruren alde. Izan dezatela osasuna, oparotasuna, bizi luzea eta zoriona, eta jarrai dezatela, urte askoan, beren lanbidean duten maila jaso eta ondo irabazian eta gure bihotzetan duten maila ohorezko eta maitasunez betean.
Zutitu egin ziren gonbidatu guztiak, kopak eskuetan, eta hiru dama eserien aldera itzulirik, aho batez abestu zuten, Browne jauna gidari zutela:

Lagun jatorrak dira eta,
Lagun jatorrak dira eta,
Lagun jatorrak dira eta,
Inork ez du ukatzen.

Izeba Katek disimulorik gabe zerabilen musuzapia eta izeba Juliak hunkiturik zirudien. Freddy Malinsek erritmoa eramaten zuen bere pudding-sardexkarekin eta abeslariak elkarrengana itzultzen ziren hizketa melodiatsuan, indartsu kantari:

Ez bada erotzen,
Ez bada erotzen

Eta, gero, berriro ostatariengana itzuli eta abestu zuten:

Lagun jatorrak dira eta,
Lagun jatorrak dira eta,
Lagun jatorrak dira eta,
Inork ez du ukatzen.

Horren ondotik etorri ziren gorespen-oihuek afalgelatik kanpoko beste gonbidatu askorengan oihartzun egiten zuten eta behin eta berriro hasten ziren, Freddy Malins, bere sardexka jasorik, zeremonia-maisu zela.




Goizaldeko aire sarkorra sartzen zen atarira, non ere baitzeuden zutik, eta izeba Katek esan zuen:
-Itxi ezazue atea, norbaitek. Malins andrea hotzak hilko da.
-Browne kanpoan dago, izeba Kate -esan zuen Mary Janek.
-Browne alde guztietan dago -esan zuen izeba Katek, ahotsa apalduz.
Mary Janeri barre eragin zion izebaren doinuak.
-Tira, oso gizon adeitsua da eta -esan zuen maleziaz.
-Hona ekarri eta hemen utzi dute, gasa bezala -esan zuen izeba Katek tonu berean-, Gabon-jai guztietarako.
Orain berak ere barre egin zuen umore onez, eta erantsi zuen, berehalaxe:
-Baina esaiozu barrura etortzeko, Mary Jane, eta itxi atea. Jainkoarren, ez ahal zidan entzungo.
Une hartan atariko atea zabaldu zen eta Browne jauna sartu zen ate aurreko mailetatik, barrez lehertzen. Soingaineko berde luze bat zuen soinean, astrakan-itxurako eskumutur eta lepo-anokiz, eta larruzko kapela obal bat buruan. Ibaiertz elurrez estali hartara seinalatu zuen, nondik baitzetorren txistu-hots luze sarkor bat.
-Teddyk Dublingo kotxe guztiak ekarriko ditu -esan zuen.
Gabriel bulego atzeko jaki-gela txikitik etorri zen, soingainekoa jantziz, eta atariaren ingurura begiratu eta esan zuen:
-Gretta ez al da oraindik jaitsi?
-Bere gauzak hartzen ari da, Gabriel -esan zion izeba Katek.
-Nor ari da jotzen hor goian? -galdetu zuen Gabrielek.
-Inor ez. Alde egin dute denek.
-Ez, izeba Kate -esan zuen Mary Janek-. Bartell D'Arcy eta O'Callaghan andereñoa ez dira oraindik joan.
-Norbait pianoan ari da behintzat -esan zuen Gabrielek.
Mary Janek Gabrieli eta Browne jaunari begiratu zien eta, dardarizo batez, esan zuen:
-Hotza ematen dit zuek biok soingainekoetan horrela bildurik ikuste hutsak. Ez nuke egin nahi zuek ordu hauetan etxera egin behar duzuen bidaia.
-Niretzat ez dago gauza hoberik ordu hauetan-esan zuen Browne jaunak bulartsu-, tipa-tapa, bizkor-bizkor, kanpoan paseo bat ematea, edo trostari eder bati gurdia lotu eta lasterketatxo bat egitea.
-Izan genuen etxean gurdi arin bat, eta oso zaldi ona -esan zuen izeba Juliak, tristeki.
-Ezin ahantzizko Johnny -esan zuen Mary Janek, barrez.
Izeba Katek eta Gabrielek ere barre egin zuten.
-Zer ba? Zer zuen apartekorik Johnnyk? -galdetu zuen Browne jaunak.
-Gure aurreko Patrick Morkan zena, gure aitona alegia -azaldu zuen Gabrielek-, azken urteetan, arrunki, jaun zaharra izenez ezagutua, kolagilea zen.
-Tira, Gabriel -esan zuen izeba Katek, barrez-, almidoi-errota zuen.
-Bueno, kola zela edo almidoia zela -esan zuen Gabrielek-, jaun zahar horrek zaldi bat zuen, Johnny izenekoa. Eta Johnny errotan erabiltzen zuen lanean, errota mugitzen, bira eta bira inguruan. Horraino dena oso ondo; baina orain dator Johnnyren kasu zoritxarrekoa. Egun on batean, jaun zaharrari otu zitzaion handikiak bezala zalgurdian joan behar zuela parkera, erakusketa militarra ikustera.
-Jainkoak izan dezala bere altzoan -esan zuen izeba Katek, errukior.
-Amen -esan zuen Gabrielek-. Hala, bada, esaten ari nintzen bezala, Johnnyri tresnak jarri, berak bere kopa-kapela onena eta lepo-anoki onena jantzi eta dotore-dotore abiatu zen, Back Lane inguruan edo, uste dut, zuen bere arbasoen jauretxetik.
Barre egin zuten denek, baita Malins andreak ere, Gabrielen kontatzeko eraz, eta izeba Katek esan zuen:
-Ez, Gabriel; bizi, ez zen Back Lanen bizi. Errota zuen han.
-Bere arbasoen etxetik irten zen -jarraitu zuen Gabrielek- Johnnyrekin. Eta dena ederki zihoan, harik eta Johnnyk Billy erregearen estatua ikusi zuen arte; Billy erregearen zaldiaz maitemindu zelako edo atzera errotan zegoela uste izan zuelako, ezin jakin; kontua da estatuaren inguruan bira eta bira hasi zela Johnny.
Gabriel, bere eskalapoiak oinetan, biraka hasi zen atarian, gainerakoen barre-algaren artean.
-Bira eta bira, zaldia -esan zuen Gabrielek-, eta jaun zaharra, zein ere oso jaun arranditsua baitzen, haserre bizian. Aurrera, gizona! Zer da hau, gizona? Johnny! Johnny! Portaera bitxiagorik! Ezin dut ulertu zaldi honena!
Gabrielen imitazioari jarraitu zioten algarak atariko ateko danbateko durundiatsu batek eten zituen. Mary Jane joan zen lasterka atea zabaltzera, eta Freddy Malins sartu zen, kapela buruan oso atzeraturik eta bizkarra hotzak uzkurturik, hartu zuen nekea hartu eta gero arnasestuka eta lurruna zeriola.
-Kotxe bat besterik ez dut lortu -esan zuen.
-Bueno, aurkituko dugu besteren bat ibaiertzean aurrera -esan zuen Gabrielek.
-Bai -esan zuen izeba Katek-. Malins andreari ez zaio komeni haize-lasterrean zutik egotea.
Semeak eta Browne jaunak lagundu zioten Malins andreari etxe aurreko mailak jaisten, eta atzera-aurrera askoren ondoren, kotxera igo zuten. Estalkia belaunen gainean jarri eta helbidea galdetzera makurtu zen kotxe-gidaria. Nahasmendua areagotu egin zen: Freedy Malinsek eta Browne jaunak bakoitzak helbide bat esan zioten kotxe-gidariari, bakoitzak kotxearen alde bateko leihotik burua aterata. Browne jauna bidean non utzi behar zuten jakitea zen arazoa, eta izeba Katek, izeba Juliak eta Mary Janek ere ate ondotik laguntzen zioten eztabaidari, batean helbide bat eman, hurrena hura kontraesan eta barre ugari egiten zutela. Freddy Malinsek, berriz, ezin zuen hitzik egin, barrez. Burua leihotik atera eta sartu zerabilen etengabe, bere kapelaren arrisku handirako, eta eztabaida nola bideratzen ari zen esaten zion amari. Azkenean, denen barre-hotsaren gainetik, Browne jaunak hots egin zion kotxe-gidari:
-Ezagutzen duzu Trinity College?
-Bai, jauna -esan zuen kotxe-gidariak.
-Jarrai ezazu, orduan, Trinity Collegeko ateak jo arte, eta gero esango dizugu nora joan. Ulertu duzu?
-Bai, jauna -esan zuen kotxe-gidariak.
-Airean Trinity Collegera
-Ondo da, jauna -hots egin zuen kotxe-gidariak.
Zigortu zuen zaldia eta kotxea kirrinka abiatu zen ibaiertzean aurrera, barre- eta adio-koru baten erdian.
Gabriel ez zen besteekin batera atera joan. Atariko bazter ilun batean zegoen, eskaileretan gora begira. Emakume bat zegoen eskaileren lehen mailadiaren ia goienean zutik, ilunpetan hura ere. Gabrielek ez zion aurpegia ikusten, baina bai, ordea, gonaren zerrenda terrakota- eta izokin-kolorekoak, zeinak, ilunpetan, zuri-beltzak ematen baitzuten. Beraren emaztea zen. Barandan bermaturik zegoen, zerbait entzuten. Haren gelditasunak harritu zuen Gabriel, eta belarria luzatu zuen entzuteko. Baina ez zen gauza handirik entzuten, ez bazen etxe aurreko barre-hotsa eta eztabaida, akorde batzuk pianoan eta abesten ari zen gizonezko baten nota batzuk.
Atariko ilunpetan geldi geratu zen Gabriel, ahots hark abesten zuen abestia harrapatu nahirik eta emazteari gora begira. Grazia eta misterioa zuen emaztearen jarrerak: zerbaiten sinbolo ematen zuen. Bere buruari galdetzen zion ea zeren sinbolo zatekeen, eskaileretan, ilunpean zutik, musika urrun bat entzuten zegoen emakume bat. Pintorea izan balitz, jarrera hartantxe pintatuko zukeen. Feltrozko kapela urdinak brontze-koloreko ile hura nabarmenduko zion iluntasunean, eta gonaren zerrenda ilunek zerrenda argiak nabarmenduko zituzten. Musika urruna deituko ziokeen irudiari, pintorea izan balitz.
Itxi zuten atariko atea, eta izeba Katek, izeba Juliak eta Mary Janek atariaren barrualdera egin zuten, artean ere barrez.
-Freddy hori ikaragarria da gero -esan zuen Mary Janek-. Ikaragarria benetan.
Gabrielek ez zuen ezer esan, baina eskaileretan gora seinalatu zuen, emaztea zegoen aldera. Orain, atariko atea itxia zela, askoz garbiago entzuten ziren pianoa eta ahotsa. Isilik egoteko keinu bat egin zien Gabrielek eskuaz. Irlandar tonalitate zaharrean abestua ematen zuen abestiak, eta abeslariak zalantzakor zirudien bai letran eta bai ahotsean. Ahotsak, urruntasunak eta abeslariaren eztarri latzak deitorezko bihurtuak, atsekabea adierazten zuten hitzez argitzen zuen, ahulki, melodiaren kadentzia:

Euriz blai ditut ile-xerloak
Ihintzak bustirik larrua
Nire haurra hotzak dago…

-A! -esan zuen Mary Janek-. Bartell D'Arcy abesten ari da, eta gau osoan ez du abestu nahi izan. Abesti bat abesteko esango diot joan aurretik.
-Esaiozu, bai, Mary Jane -esan zion izeba Katek.
Besteen aurretik pasatu eta eskaileretara lasterka abiatu zen Mary Jane, baina, eskaileretara iritsi baino lehen, abestia isildu egin zen eta pianoa bat-batean itxi zen.
-O! Zer pena! -esan zuen-. Behera al dator Bartell D'Arcy jauna, Gretta?
Baietz erantzuten entzun zuen Gabrielek emaztea, eta berengana behera etortzen ikusi zuen. Pauso batzuk atzeraxeagotik jarraitzen zioten Bartell D'Arcy jaunak eta O'Callaghan andereñoak.
-O! D'Arcy jauna -esan zion Mary Janek-, oso gaizki egin duzu horrela eteten, denok gogo-bahiturik geundelarik zuri entzuten.
-Gau guztian beraren atzetik ibili naiz -esan zuen O'Callaghan andereñoak-, eta baita Conroy andrea ere, eta hotzeria ikaragarria zuela eta ezin zuela abestu esan digu.
-D'Arcy jauna -esan zion izeba Katek-, gezurtxo bat esan diguzu, hortaz?
-Ez al duzue ikusten beleak baino karranka handiagoa egiten dudala? -esan zuen D'Arcy jaunak, zakar.
Jaki-gelara joan zen presaka eta soingainekoa jantzi zuen. Besteak sor eta lor geratu ziren haren erantzun zakarraren aurrean, zer esan ez zekitela. Izeba Katek bekainak jaso zituen eta gaia bertan behera uzteko keinuak egin zizkien besteei. D'Arcy jauna lepoa ondo estaltzen ari zen, betilun.
-Eguraldia da -esan zuen izeba Juliak, isilaldi baten ondoren.
-Bai, jende guztia dabil hotzeriaz -esan zuen izeba Katek berehalaxe.
-Esaten dute -esan zuen Mary Janek- ez dugula horrelako elurterik izan hogeita hamar urtean; eta Irlanda guztian orobatekoa dela irakurri dut gaur goizean egunkarian.
-Atsegin dut elurra -esan zuen izeba Juliak, tristuraz.
-Nik ere bai -esan zuen O'Callaghan andereñoak-. Iruditzen zait Gabonak ez direla benetako Gabonak, elurra zuri ez badago.
-D'Arcy jaun gaixoak ez du atsegin, ordea -esan zuen izeba Katek, irribarrez.
D'Arcy jauna jaki-gelatik itzuli zen, ondo estalirik eta botoiak ondo loturik, eta, damuzko doinuan, hotzeriarena kontatu zien. Denek aholkuak eman zizkioten eta lastima zela esan zioten, eta kontu handia egiteko eztarriari gaueko airean. Gabrielek emazteari begiratzen zion, zeinak ez baitzuen elkarrizketan parte hartu. Haizemaile-formako atalgain hautseztatuaren azpi-azpian zegoen zutik eta gas-argiak argitzen zion bere ilearen brontze oparoa, zeina lehortzen ikusi baitzuen Gabrielek sutondoan egun batzuk lehenago. Lehengo jarrera bera zuen, eta ez zirudien inguruko hizketaz ohartzen zenik. Azkenean, besteengana itzuli zen, eta masailak gorri eta begiak diz-diz zituela ikusi zuen Gabrielek. Bat-batean pozez bete zen Gabrielen bihotza.
-D'Arcy jauna -esan zion Gabrielen emazteak-, nola du izena abesten aritu zaren kanta horrek?
-Aughrim-go neskatxa da -esan zuen D'Arcy jaunak-, baina ez nintzen ondo gogoratzen. Zer ba? Ezagutzen al duzu?
-Aughrim-go neskatxa -errepikatu zuen Gabrielen emazteak-. Ez nintzen izenaz gogoratzen.
-Oso kanta polita da -esan zuen Mary Janek-. Sentitzen dut gaur zu ahots betean ez egotea.
-Tira, Mary Jane -esan zion izeba Katek-, ez ezazu D'Arcy jauna nekarazi. Ez dut D'Arcy jauna haserretzerik nahi.
Denak prest zeudela ikusirik, izeba Katek ateraino lagundu zien eta gabon-agurrak egin zituzten:
-Gabon ba, izeba Kate, eta eskerrik asko gau atsegin honengatik.
-Gabon, Gabriel. Gabon, Gretta!
-Gabon, D'Arcy jauna. Gabon, O'Callaghan andereñoa.
-Gabon, Morkan andereñoa.
-Gabon, bai.
-Gabon guztioi. Ongi joan.
-Gabon. Gabon.
Ilun zegoen artean goiza. Argi hori hits bat zegoen etxeen eta ibaiaren gainean, eta zerua behera zetorrela ematen zuen. Elur-baltsa zegoen lurrean; eta soilik teilatuetan, ibaiertzeko karelean eta hesietan elur-arrastoak eta elur-zerrendak. Giro beltz hartan, argi gorria zuten artean lanparek, eta ibaiaren beste aldean Lau Auzitegien jauregia ikusten zen, mehatxari, zeru astunaren kontra.
Emaztea aurretik zihoan oinez Bartell D'Arcyrekin, zapatak pardel arre batean besapean zituela, eta gonari bi eskuez heldu eta elur-baltsatik gora jasotzen zuela. Haren jarrera ez zen jada airosa, baina Gabrielen begiek zorionaren argia zuten artean. Odola jauzika zuen zainetan; eta pentsamenduak asaldaturik zebilzkion buruan: harro, alai, samur, adoretsu.
Emaztea aurretik zihoan oinez, hain arin eta tente, ezen hotsik atera gabe atzetik harrapatu, sorbaldetatik heldu, eta gauza ero eta maitasunezko bat belarrira esateko gogo bizia etorri zitzaion Gabrieli. Hain hauskorra iruditzen zitzaion Gretta, ezen babestu egin nahi zukeen zerbaitetatik, eta gero biak bakarrik geratu. Beren bizitza sekretuko uneak piztu zitzaizkion oroimenean, izarrak balira bezala. Heliotropo-koloreko karta-azal bat zeukan gosariko katiluaren ondoan, eta eskuaz laztantzen zuen. Txoriak txioka ari ziren huntzean eta errezelaren amaraun eguzkitsua diz-diz zoruan: ezin zuen jan, zorionaren zorionez. Jendez beterik zegoen nasa eta han zeuden biak, zutik, eta berak txartel bat ipini zuen Grettaren eskularruaren ahur epelaren barruan. Biak kanpoan zeuden hotzetan, leiho burdin-sareztatu batetik labe orrolari batean botilak egiten ari zen gizon bati begira. Hotz handia zegoen. Haren aurpegia, usain gozokoa, berarenaren ondo-ondoan zegoen aire hotz hartan; eta bat-batean labeko gizonari deitu zion:
-Beroa al dago sua, jauna?
Baina gizonak ezin zion entzun labeko zaratarekin. Hobe. Ziur asko erantzun zakarren bat emango ziokeen.
Alaitasun are samurrago batek gainezka egin zion bihotzetik eta turrusta beroan barreiatu zitzaion zainetan barrena. Izarren su eztien antzera piztu zitzaizkion elkarren arteko bizitzako momentuak, inork ez zekizkienak eta inoiz jakingo ez zituenak, eta memoria argitu zioten. Momentu horiek gogorarazi nahi zizkion Grettari: elkarrekin egin zuten urteetako bizimodu aspergarria ahantzi eta soilik beren estasizko momentuak gogora zitzala. Zeren eta urteek, uste zuen, ez zuten ez beraren gogoa ez emaztearena itzali. Haurrek, bere idazlanek, emaztearen etxeko ardurek ez zuten beren arimetako su samurra erabat itzali. Garai batean idatzi zion eskutitz batean zera esaten zion: Zergatik iruditzen ote zaizkit niri horrelako hitzak hain zozoak eta hotzak? Zu izendatzeko hitz aski samurrik ez dagoelako ote da?
Musika urrun baten gisa iritsi zitzaizkion iraganetik hainbat urte lehenago idatzi zituen hitz horiek. Emaztearekin bakarrik egon nahi zuen. Beste guztiak joaten zirenean, biak hoteleko gelara iristen zirenean, orduan egongo ziren bakarrik. Samurki dei egingo zion:
-Gretta!
Agian Grettak ez zion segituan adituko: eranzten arituko zen. Ahotsean zerbait nabarituko zion eta horrek harrituko zuen Gretta. Burua itzuli eta begiratu egingo zion…
Winetavern Streeteko kantoian kotxe bat aurkitu zuten. Pozik zen Gabriel haren kirrinka-hotsaz, hitz egitetik libratzen baitzuen. Leihotik kanpora begira zihoan, eta nekaturik zirudien. Besteek hitz bakan batzuk bakarrik egiten zituzten, eraikin edo kaleren bat seinalatuz. Zaldia lauhazka zihoan, asperturik, goizeko zeru beltzaren azpian, apoen atzetik kaxa zahar kirrinkari hura arrastan zeramala, eta Gabriel Grettarekin zihoan berriro kotxean, lauhazka, ontzia hartzera, lauhazka, beren ezti-ilargira.
Kotxeak O'Connell zubia gurutzatu zuenean, O'Callaghan andereñoak esan zuen:
-Esaten dute ez dela O'Connell zubia igarotzen zaldi zuri bat ikusi gabe.
-Nik oraingoan gizon zuri bat ikusten dut -esan zuen Gabrielek.
-Non? -galdetu zuen Bartell D'Arcy jaunak.
Gabrielek estatua seinalatu zuen, zeinaren gainean elur-zerrendak ageri baitziren. Eta burua familiartekotasunez makurtu eta eskuaz agur egin zion.
-Gabon, Dan -esan zion Gabrielek, alai.
Kotxea hotelaren aurrean gelditu zenean, Gabrielek kotxetik jauzi egin eta, Bartell D'Arcy jaunak protesta egin bazion ere, kotxe-gidariari ordaindu zion. Txelin bat eman zion gizonari bidaiagatik. Gizonak agur egin eta esan zuen:
-Urte berri on, jauna.
-Baita zuri ere -esan zuen Gabrielek, bihotzez.
Gretta Gabrielen besoan bermatu zen une batez kotxetik irteterakoan eta espaloian gelditu eta besteei gabon esan zienean. Arinki bermatu zen Gabrielen besoan, ordu batzuk lehenago berarekin dantza egin zuenean bezain arinki. Gabriel harro eta zoriontsu sentitu zen orduan: zoriontsu, Gretta berea zuelako; harro, haren airostasunaz eta emazte onaren jarreraz. Baina orain, hainbeste oroimen berpiztu eta gero, haren gorputza, -musikala eta bitxia eta perfumatua- ukitze hutsaz, haragizko desiraren ziztada bizia sentitu zuen. Emaztearen isiltasunaz baliatuz, besoa alboaren kontra estutu zion; eta, han, hoteleko ate aurrean zeudela, sentitu zuen beren bizitzetatik eta betebeharretatik ihes egin zutela, etxea eta lagunak utzi eta elkarrekin ihes egin zutela, bihotzak basa eta zorionez beterik, abentura berri bat hastera.
Gizon zahar bat zegoen erdi lotan sarrerako aulki hegaldun handi batean. Bulegoan kandela bat piztu eta beren aurretik joan zen gizona eskaileretan gora. Isilik jarraitu zioten, oinek, mailetako alfonbra sendoa zapaltzean, hots sor bat egiten zutela. Gretta zihoan atezainaren atzetik, burua beheraturik, bere sorbalda hauskorrak zama bat balerama bezala makur, eta gona gorputzaren kontra estu bildurik. Gerritik heldu eta besoen artean hartuko zukeen, dardaraz baitzituen besoak hari heltzeko irrikaz, eta azazkalak esku-ahurren kontra estutuz bakarrik eutsi ahal zion gorputzaren bultzada basari. Atezainak geldialdi bat egin zuen eskaileretan, kandela, zeina tantaka baitzuen, egokitzeko. Berak ere gelditu egin ziren atezainaren atzetik. Isiltasun hartan, argizari urtua azpilera erortzen entzuten zuen Gabrielek, eta saihetsen kontra danba eta danba bihotza.
Korridore batean aurrera eraman zituen atezainak, eta ate bat zabaldu zuen. Gero, bere kandela-argi ikarakorra apain-mahai baten gainean utzi eta galdetu zien ea zer ordutan nahi zuten deitzea goizean.
-Zortzietan -esan zuen Gabrielek.
Argi elektrikoaren giltza seinalatu eta desenkusazko marmar batean hasi zen atezaina, baina berehalaxe moztu zion Gabrielek.
-Ez dugu argirik behar. Nahikoa argi badugu kaletik sartzen denarekin. Eta, nik uste -erantsi zuen, kandela seinalatuz-, beste trepeta apain hori ere eraman dezakezu, mesedez.
Atezainak eskuetan hartu zuen berriro kandela, baina astiro, harritu egin baitzuen ohiz kanpoko burutaldi hark. Gero, ahopean gabon esan eta irten egin zen. Gabrielek kisketaz itxi zuen atea.
Kaleko lanparak isurtzen zuen mamu-gisako argi bat zegoen gelan, leiho batetik aterainoko errainu luze batean. Soingainekoa eta kapela sofa baten gainera bota eta leihora joan zen Gabriel. Kalera begiratu zuen, bere emozioa pixka bat bare zedin. Gero, biratu, eta komoda batean bermatu zen, argiari bizkarrez. Emazteak kapela eta kapa erantziak zituen eta ispilu kulunkari handi baten aurrean zegoen, gerruntzea askatzen. Gabriel begira geratu zitzaion pixka batean, eta esan zion :
-Gretta!
Ispilutik poliki-poliki biratu eta argi-errainuan aurrera Gabrielengana joan zen Gretta. Hain zuen aurpegi serioa eta nekatua, ezen Gabrieli ez baitzitzaion hitzik ezpaineratu. Ez, oraindik ez zen unea iritsi.
-Nekatua dirudizu -esan zion Gabrielek.
-Pixka bat, bai -erantzun zuen Grettak.
-Ez zara egongo gaixorik, edo makal?
-Ez; nekaturik: besterik ez.
Leihora joan eta han geratu zen Gretta, kanpora begira. Gabrielek beste pixka batean itxaron zuen, eta uzkurtasunak menderatuko zuen beldurrez, braustadan esan zuen:
-Aizu, Gretta!
-Zer da?
-Badakizu Malins gizajo hori, ez? -esan zuen presaka.
-Bai. Zer du?
-Ba gizajoa, tipo zintzoa da, azken batean -jarraitu zuen Gabrielek halako ahots faltsu batez-. Itzuli egin dit utzi nion soberanoa, eta, egia, esan, ez nuen espero. Lastima da Browne horrengandik urrundu ezin izatea, zeren eta ez da mutil txarra, berez.
Haserreak eragiten zion orain dardara. Zergatik zegoen Gretta hain gogo-urrun? Ez zekien nola jokatu. Zerbaitengatik haserre ote zegoen hura ere? Nahiago zukeen Gretta bere gogoz itzuli eta etorriko balitzaio. Zegoen bezala egonda, ankerkeria zatekeen behartzea. Ez, nolabaiteko gar bat ikusi behar zuen lehenik haren begietan. Haren aldarte bitxi hura menderatzeko gai izan nahi zukeen.
-Noiz utzi zenion libera hori, bada? -galdetu zion Grettak, tarte baten ondoren.
Gabrielek ahaleginak egin behar izan zituen Malins ergel harengatik eta Malinsen liberarengatik izugarrikeriak esaten ez hasteko. Grettari arimaren erditik garrasi egiteko gogoa zuen, haren gorputza beraren gorputzaren kontra zanpatzeko gogoa, Gretta menderatzeko gogoa. Baina zera esan zuen:
-A! Gabonetan, Henry Streeten Gabonetako postalen denda txiki hura zabaldu zuenean.
Halakoxe sukarretan zegoen amorruz eta desiraz, ezen ez baitzuen entzun Gretta leihotik itzultzen. Aurrean geratu zitzaion une batez, eta era bitxian begiratu zion. Eta, bat-batean, hanka-puntetan jarri eta eskuak arinki sorbaldetan ipintzen zizkiola, musu eman zion:
-Oso eskuzabala zara, Gabriel -esan zion.
Gabrielek, ustekabeko musu haren eta esaldi bitxi haren aurrean atseginez dardaraz, eskuak Grettaren ilera eraman eta ilea atzera lisatzen hasi zitzaion, hatzez doi-doi ukitzen ziola. Garbiturik, fin et distiratsu zeukan. Pozez gainezka zuen Gabrielek bihotza. Justu horixe desiratzen zuen une berean, Gretta etorri egin zitzaion, bere gogoz. Agian ibili ziren Grettaren pentsamenduak berarenekin bat. Agian sentitu zuen Grettak beraren desira suharra, eta etorri zen errenditzera. Orain, Gretta hain erraz menera etorri zitzaiolarik, ez zekien zergatik ibili zen bera hain lotsakor.
Zutik geratu zen, emaztearen burua eskuen artean zuela. Gero, esku bat emaztearen bizkarrean behera arin irristatu eta, berarengana erakartzen zuela, esan zion:
-Gretta, maitea, zer ari zara pentsatzen?
Grettak ez erantzun zuen ez besoaren estutuari amore eman zion. Gabrielek berriro esan zion, samur:
-Esadazu zer den, Gretta. Uste dut badakidala zer den? Badakit ala ez?
Grettak ez zuen bat-batean erantzun. Gero negarrari eman zion, eta esan zuen:
-O! Abesti hori nuen gogoan. Aughrim-go neskatxa izeneko abestia.
Gabrielengandik askatu eta ohera joan zen lasterka, eta besoak ohe barreneko eskudelaren gainera bota eta aurpegia besoen artean ezkutatu zuen. Gabriel zur eta lur geratu zen une batean, eta gero atzetik joan zen. Ispilu kulunkariaren aurretik pasatzean, bere burua ikusi zuen, osorik: alkandoraren aurrealde zabal, ondo betea; aurpegia, zeinaren adierazpenak txunditurik uzten baitzuen beti ispilu batean ikusten zuenean; eta bere betaurreko uztai-doratuen bristada. Grettarengandik pauso batzuetara gelditu zen, eta esan zion:
-Zer du ba abesti horrek? Zergatik eragiten dizu negar?
Besoen artetik burua altxatu eta, eskugainaz, begiak lehortu zituen Gretak, haur batek bezala. Nahi baino doinu eztiagoa atera zitzaion Gabrieli ahotsean:
-Zergatik, Gretta? -galdetu zion.
-Abesti hori abesten zuen aspaldiko pertsona bat nuen gogoan.
-Eta nor da ba aspaldiko pertsona hori? -galdetu zion Gabrielek, irribarrez.
-Galway-en amonarekin bizi nintzela ezagutu nuen pertsona bat -esan zuen Grettak.
Irribarrea desagertu egin zen Gabrielen aurpegitik. Amorru sor bat hasi zitzaion berriz ere gogoaren aldirietan biltzen, eta haragizko desiraren su motelduak gar haserreak harrotu zizkion zainetan.
-Maitemindurik al zeunden pertsona horretaz? -galdetu zion ironiaz.
-Ezagutzen nuen mutil gaztetxo bat zen -erantzun zion Grettak-. Michael Furey zuen izena. Eta abesti hori, Aughrim-go neskatxa, abestu ohi zuen. Oso mutil fina zen.
Gabrielek ez zuen ezer esan. Ez zuen nahi Grettak pentsa zezan mutil fin hori interesatzen zitzaionik.
-Hementxe balego bezala ikusten dut -esan zuen Grettak handik pixka batera-. Bazituen begi batzuk… begi beltz handiak! Eta begirada bat… nolako begirada!
-Harekin maitemindurik zeunden, hortaz? -esan zuen Gabrielek.
-Paseatzera joaten nintzen berarekin -esan zuen Grettak-, Galway-en nengoenean.
Pentsamendu bat pasatu zitzaion Gabrieli burutik.
-Horregatik joan nahi al zenuen Galway-ra Ivors neska horrekin? -esan zion Gabrielek, hotz.
Grettak begiratu egin zion, eta, harriturik, galdetu zion:
-Zertarako?
Gretaren begiradak deseroso sentiarazi zuen Gabriel. Bizkarra jaso eta esan zuen:
-Nik zer dakit ba! Mutil hori ikustera edo.
Gabrielengandik kendu eta, argi-errainuan aurrera, leiho aldera luzatu zituen Grettak begiak, isilik.
-Hilik da -esan zuen azkenean Grettak-. Hamazazpi urte besterik ez zituela hil zen. Ez al da ikaragarria horren gazterik hiltzea?
-Zer zen ba mutila? -galdetu zuen Gabrielek, ironiaz orain ere.
-Gas-fabrikan lan egiten zuen -esan zuen Grettak.
Umilagarria gertatu zitzaion Gabrieli bere ironiak porrot egitea eta hilen arteko giza irudi hura gogora ekartzea: gas-fabrikan lan egiten zuen mutil bat. Bera beren elkarbizitza sekretuko oroitzapenez beterik, samurtasun eta poz eta desiraz beterik zegoen bitartean, Grettak beste bat zuen buruan, eta beste harekin erkatzen zuen bera, Gabriel. Bere buruaren kontzientzia hartzeak lotsa gorritan utzi zuen Gabriel bat-batean. Bere burua ikusi zuen: giza irudi barregarri bat, izeben mandatari gisara jokatzen zuena, asmo oneko sentimental urduri bat, ezikasien aurrean hitz-harro, eta bere haragizko grina pailazo baten duinak idealizatzen zituena: ispiluan barrundatu zuen tipo tentel errukarria. Instintiboki, are argiaren parerago itzuli zuen bizkarra, bekokia erretzen zion lotsa Grettak ikus ez ziezaion.
Galdeketa hotzaren doinua mantentzen saiatu zen, baina ahots apala eta axolagabea erakutsi zuen, hitz egin zuenean.
-Suposatzen dut Michael Furey horrekin maitemindurik egongo zinela, Gretta -esan zuen.
-Oso ondo pasatzen nuen orduan harekin -esan zuen Grettak.
Ahots triste eta itzalia zuen Grettak. Gabrielek, konturaturik zein alferra zatekeen orain Gretta beraren helburuetara bideratzen saiatzea, esku bat laztandu eta esan zion, berak ere triste:
-Eta zergatik hil zen hain gazte, Gretta? Biriketako gaitza, ez?
-Uste dut niregatik hil zela -erantzun zuen Grettak.
Laborri lauso batek hartu zuen Gabriel hori entzutean. Bazirudien ezen, garaile ateratzea espero zuen une hartan, izaki ukiezin eta mendekari bat zetorkiola kontra egitera, bere mundu lausoan beraren kontrako indarrak bildurik. Baina arrazoibidezko ahalegin batez ideia hori uxatu eta Grettaren eskua laztantzen jarraitu zuen. Ez zion galdera gehiago egin, Grettak berak esango ziola sentitzen baitzuen. Esku beroa eta bustia zuen Grettak: ez zion Gabrielen laztanari erantzuten, baina Gabrielek haren eskua laztantzen jarraitzen zuen, udaberri goiz batean bidali zion lehen eskutitza laztandu zuen bezala.
-Neguan izan zen -esan zuen Grettak-, neguaren hasieran, amonaren etxetik alde egin eta hona komentura etorri behar nuenean. Bera gaixo zegoen orduan bere ostatuan, eta ez zioten irteten uzten; beraren gurasoei ere idatzi zieten Oughterard-era. Indargabeturik zegoen, esaten zutenez, edo horrelako zerbait. Ez nuen inoiz garbi jakin.
Une batez gelditu eta hasperen egin zuen.
-Gizajoa -esan zuen-. Oso maite ninduen, eta hain zen mutil maitagarria. Elkarrekin joan ohi ginen, ibiltzera, badakizu, Gabriel, herrietan ohi den bezala. Kantua ikasi behar zuen, osasunagatik izan ez balitz. Oso ahots polita zuen Michael Furey gizajoak!
-Bueno, eta? -galdetu zuen Gabrielek.
-Ba Galway-tik alde egin eta komentura joateko eguna iritsi zitzaidanean, askoz okerrago zegoen eta ez zidaten utzi ikusten, eta, beraz, eskutitz bat idatzi nion, Dublina nindoala eta udan itzuliko nintzela esanez, eta orduan hobeto egongo zela espero nuela.
Geldialdi bat egin zuen ahotsa menderatzeko, eta jarraitu zuen:
-Eta alde egin aurreko gauean, amonaren etxean, Nuns' Island-en, maletak egiten ari nintzen, eta leihora harkaskarrak jaurtitzen zituztela entzun nuen. Hain zegoen bustia leihoa, ez nuen ezer ikusten, eta, hala, eskaileretan behera joan nintzen lasterka, nengoen bezala, eta, atzeko atetik, baratzera irten nintzen, eta hantxe zegoen mutil gaixoa, baratzearen muturrean, dardaraz.
-Eta ez al zenion esan etxera itzultzeko? -galdetu zion Gabrielek.
-Mesedez erregutu nion joan zedila lehenbailehen etxera, eta esan nion hil egingo zela han euritan. Baina esan zidan ez zuela bizi nahi. Garbi-garbi ikusten ditut haren begiak! Hantxe zegoen, hormaren muturrean, arbola baten ondoan.
-Eta joan al zen etxera? -galdetu zuen Gabrielek.
-Bai, joan zen etxera. Eta nik komentuan aste bete neramala hil zen, eta Oughterard-en hilobiratu zuten, hangoa zuen eta familia. O! Hil zela jakin nuenean!
Gelditu egin zen, zotinak eraginda, eta, emozioari eutsi ezinik, bere burua ohe gainera bota zuen ahoz behera, ohe-estalkiaren gainean negarrez. Gabrielek eskua hartu zion, eta hala egon zen beste pixka batean, zer egin asmatu ezinik, eta gero, Grettaren nahigabean arrotz baten gisa sartzeko lotsaz, eskua emeki bertan behera utzi zion eta leihora joan zen astiro.





Lo betean zegoen Gretta.
Gabriel, bere ukondoan bermaturik, haren ile nahasiari eta aho erdi zabalduari begira egon zen une batez, gaitzondorik gabe, haren arnasa sakona entzuten. Maitasun-istorio hori izan zuen, beraz, Grettak: gizon bat hil zen berarengatik. Berak, senarrak, Grettaren bizitzan zein paper kaskarra jokatu zuen pentsatzeak orain ez zion ia minik ematen. Lotan nola zegoen begiratzen zion, inoiz elkarrekin senar-emazte gisa bizi izan ez balira bezala. Gabrielen begi aztertzaileak luzaro egon ziren haren aurpegian eta haren ilean pausaturik, eta neskatilatako lehen edertasunaren garai haietan Gretta nolakoa izango ote zen pentsatu zuenean, adiskidetasunezko gupida bitxi bat sentitu zuen bere baitan harenganako. Ez zuen esan nahi, ezta bere arterako ere, Grettaren aurpegia jada ederra ez zenik, baina bazekien ez zela jada hura zeinarengatik Michael Fureyk desafio egin baitzion heriotzari.
Agian ez zion Grettak istorio osoa kontatu. Gabrielen begiak aulki batera itzuli ziren; aulki hartara botata zeuzkan Grettak bere arropa batzuk. Azpiko gonaren soka bat lurrean arrastan zegoen. Bota bat zutik zegoen, goiko alde biguna behera tolesturik; haren laguna, berriz, alde batera erorita. Ordubete lehenago izan zuen emozioen oldarra ekarri zuen Gabrielek gogora. Zerk sortua izan zen? Izeben afariak, bere hitzaldi zentzugabeak, ardoak eta dantzak, atarian elkarri gabon esaterakoan antolatu zen festak, ibaiertzetik elurretan egindako ibilaldi atseginak. Izeba Julia gaixoa! Hura ere itzal bat izango zen berehala, Patrick Morkan eta bere zaldiaren itzalaren lagun. Ezkon-soinekoz jantzia abesten ari zela ikusi zion Gabrielek, une batez, aurpegiera begipetsu hura. Aurki egongo zen, beharbada, egongela hartan bertan eserita, beltzez jantzirik, sedazko kopa-kapela belaunen gainean. Leiho-sareak beheraturik egongo ziren eta izeba Kate izango zuen ondoan eserita, negar eta zintz, Julia nola hil zen kontatzen. Buruan hitz batzuk bilatzen saiatuko zen, izeba kontsolatzeko, eta hitz kamuts eta alfer batzuk baizik ez zituen aurkituko. Bai, bai: berehalaxe gertatuko zen hori.
Gelako aireak hozkirria sentiarazi zion bizkarrean. Kontu handiz maindiren azpira oinak luzatu eta emaztearen ondoan etzan zen. Banan-banan denak itzal bihurtzen ari ziren. Hobe beste mundu hartara ausarki pasatu, pasioren baten gloria betean, ezen ez urteekin tristeki zimeldu eta ihartu. Pentsatu zuen nola ondoan zeukan emakume hark hainbeste urtetan gorde zuen bihotzean maitale haren begien irudia, ez zuela bizi nahi esan zionekoa.
Malko oparoz bete zitzaizkion Gabrieli begiak. Berak ez zuen inoiz horrelakorik sentitu emakume batenganako, baina bazekien sentimendu horrek maitasuna izan behar zuela. Malkoak are lodiago pilatu zitzaizkion begietan, eta, erdizkako iluntasun hartan, begitandu zitzaion mutil gazte baten irudia ikusten zuela arbola busti baten azpian. Beste irudi batzuk ere baziren inguruan. Hilen oste itzelak dabiltzan lurraldera hurbildua zuen arima. Ohartzen zen, baina ezin zuen atxiki haien izate aldakor eta ñirñirkaria. Bere izate propioa mundu gris ukiezin batera aienatzen ari zen; mundu trinkoa bera, garai batean hil haiek berak hazi eta bizi zirena, urtzen eta murrizten ari zen.
Takada arin batzuk entzun zituen kristalean eta leihora itzuli zituen begiak. Elurra ari zuen berriz ere. Elur-malutak, zilar eta beltz, lanpara-argiaren kontra zeharretara nola erortzen ziren begira egon zen erdi lotan. Iritsi zitzaion sartalderako bidaiari ekiteko ordua. Bai, arrazoi zuten egunkariek: orobatekoa zen elurra Irlanda osoan. Elurra ari zuen erdiko lautada iluneko alde guztietan, muino arbolagabeetan, elurra, emaro, Allengo zingiran, eta sartalderago, emaro, elurra, Shannonen uhin mutiri ilunen gainean. Elurra ari zuen Michael Furey hilobiraturik zegoen muinoan, hilerri bakartiko bazter guztietan. Lodi zegoen pilaturik gurutze eta hilarri okertuen gainean, ate txikiaren lantzen gainean, arantza soilen gainean. Arima kordegabetzen zihoakion, eta elurra entzuten zuen unibertsoan barrena ilaunki erortzen, eta erortzen, ilaunki, beren azken buruko jaitsiera bezala, bizi eta hil guztien gainera.

 

 

 © James Joyce

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

 

Blooms day mendeurrena