Bécas olerkari lapurtarraren oroipenetan

 

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-7-25

 

        Garaziko Jean Barbierrek 1926.eko otsailaren 8an Baionako apezgaitegian ogutzi hitzaldian Charles Bécas izan zuen mintzagai, edo zehatzago esatearren, kantagai, alta, gehien batez Iparraldeko herri txikietan ibilitako apez baten bizitzak askorako emanen ez bailuan, Bécasek berak sorturiko bertsoen bitartez eman baitzigun haren gaineko berria. Eta ez legoke guztiz soberan Bécasen bertsoak ahoan harturik geu ere kantetan hasiko bagina, izan ere bihar beteko baitira Ainhoako Ioniorenean sortu zelako 150. urteurrena. Bihoa beraz Nafarkariako zoko baztertu honetatik geure omenaldi umil baina benetakoena.

        Apezbidean ainhoarrak Larresoroko apezgaitegian ikasi zuen, eta beharreko ikasketak higatu ostean, bere lehendabiziko helmuga Baigorrin izan zuen: «Ordenatu ta laster fama zen ethorri / Enetzat hautatua zutela Baigorri / Bihotza altxaturik ene jainkoari / Harek nahi lekurat gan nintzan bikari». Halaz ere, Auzako gerizapean bi urte eskas eman zituenean, Miarritzera aldatu zioten mezalekua, antza, gure gizona gehixegi uzkurtu ez zuena: «Menditik jausi nintzen itsaso hegira / Artzainak han utzirik, kaskoinen erdira / Nehor arbuiatzetik jainkoak ni begira / Jende prestuta onak orotan badira». Zortzi urtez kostaldeko hirian eman ondorean Ahetzera eraman zuten 1883.ean: «Gure bizia daila goiti ta beheiti / Enetzat seurik hola gertatu da beti / Baxina(ba)rren bi urte Miarritzen zortzi / Nahi nuke Ahetzen hil eta ehortzi». Bidartera buruzko bidea korritu behar izanen zuen oraino, azkena ordea: «Zahartzerat zaukaten enetzat Bidarte / Hemen ere aphezak badik begitarte / Biloak zuri bainan gogoz bethi gazte / Hola iraunen diat agian hil arte».

        Ibilbide literarioaren partitzea Ahetzen kokatu ohi dute gure Bécasez arduratu diren urri horiexek. Nolanahi ere, geure uste petralean, Bécasi darion bertso-sen sakona ez da goizetik arratsaldera itsasten den dohaia, eta nabari da betidaniko gauza izan duela bertsotan ihardukitzea. Oixtian Jon Kortazarrek karrikaratu Euskal literaturaren historia txikia behar beharrezkoa genuen esku liburuan —batik bat Onaindiaren eta Villasanteren bildumak agortu zirenetik— Bécasen lana Larresoroko apezgaitegiaren inguruan aitzineko mendean loraturiko idazkintzarekin kokatzen digu, behialakoan Piarres Charrittonek Larresoroko eskola deituko zuenarekin hots, bestaldetik hagitz eskola funts gabekoa iduritzen ez zaiguna, ahalbidetu zuten izen ezagunei erreparatzen badiegu bederen, esaterako, Duhalde, Goihetxe, Hiribarren, Lapeire, Harriet, Kamusarri, Zaldubi, Elissanburu, Gorostarzu...

        Bécasek ondu bertsoetarik geureganatu direnak ez dira gutxi, gehiago ziratekeen arren, oro jorragai bestetik, denetaz eta denetarik. Erlijioa gaitzat dutenen artean Lourdesko Andre Denari zuzendu Ama eskualdunak egun zure oinetan daude, Munduan ez da sosegurik, edota Flément apezaren eskariz eta Charles Bordesen musikarekin Ainhoako ama Birjinaren omenez 1901.ean ondu Eskualdunak fededunak aipa litezke. Ameriketan artzai egondako Manex Etxamendi bertsogile nahiz auzapez esterenzubiarrari Manex artzaina bertsoak eskeini zizkion Larresoroko apezgaitegia itxiarazi zenean bertan zihardutenentzako 100 libera eman baitzituen: «Kalifornia zolan Manex duzu bizi / Han ere mota nasai omen da ihizi / Makilarekin Manex nork dezake izi / Hartaz debrua bera nahi luke hezi».

        Alabaina, sortu zituen lanik gorenenak bere bertso umoretsuak dituzkegu. Hauetariko bat 1897.ean Donibane Lohitzunen burutu aste kulturalarako —hantxe irakurririko hitzaldiekin La tradition au Pays Basque bilduma ederra atera zen— aurkeztu Santsin olerki saritua genuke: «Igande ilhuntze batez / Etxe alde zohala / Erroz gora erori zen / Santsin zabal zabala / Izarrak nihon ez ditu / Ikusi han bezala / Ilhargia ferekatuz / Gan zen gan berehala.

        Etxera ta andreari / Erraten omen dio / Eroriko hunek ez din / Samurtzea balio / Erran no Santsinen gaiza / Noiz gosta zain kario? / Bethi badine ostatuan / Merke botikario.

        Horditzar gizon higuina / Urrun hakit bixtatik / Oxala ez bahintz jalgi / Putzuaren zolatik / Zer sofriarazten dukan / Jainko jaunak bazakik / Ai nola bada gate / Hau sartu nikan lephotik».

        Ezpal berekoa, eta bere olerkirik politenen artean, Martin Koxerena genuke: «Nafartarra naiz eta deitzen Martin Koxe / Arno gozoa maite omen dut soberaxe / Debru frantsesek naute trufatzen hulaxe / Il était Martin Koxe, gai, gai, gai, Dimanché.

        Iruritan sortua Maiatzean naski / Hortakotz jendeak jujatzen nau gaizki / Janizak dautanean egiten ausiki / asetzeko ez ditut hamar talo naski.

        Zorrietako menta dudan errementa / Dena den hiretako huna testamenta / Pipa toxa, zahato, mando eta manta / Zorrentzat igorriko zerutik errenta».

        Azkenik, eta Bécasen lana hobekiago ezagutu nahi duenak aukera izan dezan, Gure Herria aldizkariak Bécasek izkiriatu zenbait neurtitz berri bazekarzkigun mende honen bigarren hamarkadan: «Udako egun batez», «Buruz-buru», «Eskualdun kantaria», «Arranoa eta otsoa» —1921.ean—, «Artzain mendian» eta «Mirentxu» —1924.ean—, guziak Harritxabal izengoitiaz sinaturik.

        Charles Bécas 1911.eko abuztuan joan zitzaigun Bidarten, eta ia seguru gaude bere gorpua sorterriko hilerrian pausatu zutenean ahoan bertso hau zerabilela: «Ene bizia holaxe doa kantu eginez bakean / Jainko Jaunari galde bakhar hau kantatuz ardurenean / Ene egunak alegereki bururatzen direnean / Onets dezazu kantuz sar nadin zure zeru ederrean».

 

 

 

© Joxemiel Bidador

 

 

"Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia