Azkenengo besarkada
Aresti, Gabriel
Mirenen maitasuna daukat haltuago
zerupean dagoen ezein gauza baino.
Munduko gizadia salbaturik dago.
Orain ezta problema, ezta misterio,
Joanerentzako:
Argitan dago oro,
agiri ta klaro.
Eta guretzako
airean ibiltea hegazi da naiko.
Ai, ene Miren inungo!
Zure gorputza nun dago?
Atsegin guzti guztien madre
orijinala, gorago
zure imajina altzatutzeko
palankarikan eztago.
Nire zauri gordinak sendaturik gabe,
handikan jaiki nintzen, zerren ezta nire
gurari nagusia ezergatik ere
bakarrik egotea. Hori da debalde.
Maitea, nun zaude?
Negar egin dute
larrosek, ez barre.
Bestea da beste.
Usainen akorduek hara naramate.
Ez emanikan amore,
oro ukatzen didate.
Hara, joateko dagozkit hoek
birtute bigun bi galde,
ta baldin nire hezurrak hausten
bazaizkit ere bai eske.
Ta urrats geldiarekin harantza noa ni,
nire kontra datorren haizean iheri:
pisuarekin ere nago burrukari.
Mirenek itxadoten didala banenki...
Baina etzait hori
gustatzen neroni:
Oraintxe hezur bi
lurrerat erori...
Honela ezin liteke aurrerantza segi!
Eznaiz atzera itzuli;
eztut indarrik eduki.
Altzipresaren kerizpe beltzak
ikusten ditut hurruti:
Haraginoko indarrek izan
beharko dute geiegi!
Eztut orain artean bilatu nun pausa
bidearen luzea eztakidan luza.
Bidean dagoena ezta nire gauza:
Nire asmoa izan da hobiaren lauza
gogorkiro altza
baldin al banenza
oraintxe gorantza.
Baina hori ezta
hilerrira nakarren zapore garratza.
Haragi gabe, han datza
nire Mirenen gorputza:
Al banintzake nire hezurrak
hezur hoietan deskantsa...!
Han da benetan eskapu gabe
gora naraman ametsa.
Har-lauzaren azpira nuen begiratu,
emanik lehenbizi errautsean musu;
Miren nuen honela auspez adoratu;
bere behatz-artea ere milikatu
nai nuen, setatsu;
oin-zolak ukitu,
orpoak laztandu,
belaunak tapatu:
Hamabost egunean bertantxe geratu
Bere ankartea maitatu,
eta gerria berotu;
bere petxua behin egon zen
saihets-ezurrak hotzitu,
ta bere agin zuri-zuriak
hamorru haundiz apurtu.
Harria gora jasa bedi, esan nuen.
Bihotza taupadaka, begiak negarrez.
ETA EZNUEN AURKITU BARRENEAN EZER!
Iharrausi ninduen gertaera harek,
nire buruaren
barnean dolorez.
Hermita han leher
bezate trumoiek!
Eror bedi lurrera ahalik lasterren!
Aurrerantzean inoiz ez!
Ezpedi torre hau ager
gure memori flakoan, eta
salbatu diren gizonek
Jaungoikoari dieten zorra
paga bezate halaxen.
Eznenkien zer egin, arima nun ortus;
munduan daudelako mila ta bat gorputz;
zapatarikan gabe, guztiak zapalduz
Mirenen bila joan behar dut arneguz.
Han da nire gurutz
pisuena! Jesus!
Jainko gabe zeruz
zeru gurutzatuz!
Nire desesperantzak esperantza dakus.
Inoiz eznezan bertan utz!,
eskatu nion, humilduz,
lore-mendion, ta baita ere
golgota-mendi hain biluz
haretan. Eta joan nintzelako
doakit orain mendekuz.
Bizirik eztuena ezin liteke hil.
Baina honera ezkero eztut hori jakin.
Mirenen heiagora hodeietan dabil.
Nire oroitzapenak barnean dauka min.
Alegre banenbil
batera harekin...
Mundua biribil,
konprenitu-ezin.
Paradisu bat nahi dut, han gaitezen bil!
Egintza bakan hontan, nik
eztakust argibiderik.
Bere krobitxet zuri garbia
lohi zikinez beterik
lurrean datza, eta negarrez
goratu nuen bertatik.
Malda gorea daga nire aurrean, hor.
Gizona nintzenean se¡ urtean egon
nintzen eremuaren akardua dator
nire gogora, eta, intzirinaz diot:
Bazekiat gogoz
hire bide zihor
guztiak nola ¡gen.
Berak berriz diost:
Ausart hadi etorten; begira natzegok.
Hariztiraino heltzekotz
urteak dira bamabost.
Harantza noa, zerren Mirenen
hezurrak dauden mendion,
bide bateko seinale batzuk
harantza naramatenok.
Eznaute enteratu zein den mugarria,
non bukatuko zaidan hemengo bidea,
zein den Mirenek hartu duen portalea.
Bainan eztit ajola: Nire guraria,
nire gutizia,
laster gozatzea
da nire maitea,
zeinen aurpegia
oihal aberatseon dakardan jarria.
Bera da Salbatorea,
ni Beronika herria.
Birjina Miren dultze gozoa
gurutze bati josia,
zeru berrira igon zenuen:
Hauxe da nire gloria!
Azkenengo mendia: Badakust ortua.
Atzean da betiko arbola sikua.
Bidean utzi dugu gure arrastoa.
Nahi duena gure atzean bijoa!
Banaiz nekatua,
ta doloratua!
Mendia haltua,
gizona flakoa...
Honera datorrena eztela zimua!
Azpian daukat mundua.
Ez goian berriz zerua.
Hezurrik gabe azkar erori
zait orain nire burua:
Aire naizela haize batean
Mirenen bila banoa.