Gizonaren gorputza
Aresti, Gabriel
39.
Zuzenaren Erreinua.
Zuzenaren erreinua landatuko dute,
ongi-egona izanen da haien heredentzia haundia,
nahitasun bat atzipetzako nahigabearekin
ez baitda jokatuko.
Igualtasuna eta berdintasuna izanen da
mundu zehatz eta ekilibratu horren erregela;
amankomuneko arras bakar bat egonen da
hala inor ez dadin izan alde batera baztertua.
Baina nola izanen diren zurezko makinak,
kolore askotako begi kristalezkoekin,
ezkozko bihotz eta erraiekin,
ez dute jakinen bakarrik bekatuan
izakia erredimi litekeela,
eta eskari eta otoitzetan desbizi.