Euskal komedia
Aresti, Gabriel
Guduaren turuta, enzuten da hasi
Gurdi segadunak, karriketan datorza
Alza gaitezin nahi, badugu irabazi.
Hibaia malzurrak, irritu zuen horza
Eta Mendia berriz, negarrez zegoen
Bihotz bildurtia, ba dago nola bortxa.
Eta hirurak bertan, besarkatu ziren
Tenore haretan, egin zuten tratua
Bien odolarekin, eskribitu zuten.
Jaunaren herria, da benedikatua
Errege tiranua, lasai datza lotan
Bere jauregian, teilatuan katua
Bere laketeranza, dihoa narrastan.
Euskal harria
Aresti, Gabriel
Hiru urte luxe.
Hiru unte luze.
Eta zu gabe
Bilbao
asko tristatu da.
Saguxarren hegaldaketa eten-gabekoak
gertatu dira
kale artean eta
plazarik plaza;
altzipresa
iduri du
Don Diegok;
gure errekak ere
isilean negar egiteko kurajea
eduki du
behingotz.
Lau uda motz
eta hiru negu luze
orritu ondoren,
Bilbaok
(sobera poztu gabe,
baina tristura bat
utzirik),
esan behar dizu,
la
gu
na
AG
OS
TI
la
gu
na
nola
kantoiek baso-erdi bat
eskeintzen duten,
Jardin txikerrak begitartea
irritzen duen,
Tutuluk hodei artean
irrintzi bat
botatzen duen,
berriz ere hasteko ordua dela
konprenitu
baitute.
Bihotz-Begiak.
(Bi partetan partitua eta berezia.)
Nola eskiribatuko dut
zure etxearen izena,
nola konponduko nuke
geroko utzi zenuen partea,
bigarren liburua?
Geroko esperantzan bizi gara,
baina hor nunbait esana dut
esperantzak
ez duela merezi.
Erretore zaharra,
zuk,
sorginekin nahasi horrek,
Erregerekin eta Aita Santurekin egonok,
egiazko fede eta legearen aldezkariok,
idatzle finok,
iturriari buru berri bat edeki zenion.
Begi bat utzi zenuen
Gorbeia mendiaren gainean
eta bihotza
nire barnean.
Gizonari geldi-arazitzeko bersoa.
Karrika okerrok korritu nituen
oparo,
luzaro,
emaro;
hemen urratu ziraden
nire zapatak eta
nire ametsak ere;
hemen apurtu ziraden
nire frakak eta
nire ilusioak ere.
Bilbao honetan,
Basurtutik Ataurira,
ni ere
izan nintzen behin,
orain urte asko,
herria,
eta orain konturatu behar izan
naiz ni...
Orain plaza batean haur batzuk
erderaz kantatzen
ikusi ditudala:
En un barranco de lobos
Hay una fuente que mana
Sangre de los españoles
Que murieron por España.
Hemen,
askotan esan dut,
ez dago herri bat;
hau da
herri baten kontra
alzatu eta zabaldurikako
hiria.
Hemen,
hainbeste ustelkeria,
hainbeste bizio likits,
hain merke saldutako izerdia,
negarra eta gosea,
baina hemen ere
haurtxo batzuren kantak,
dantzak,
koplak.
Ni me lavo ni me peino
Ni me pongo la mantilla
Hasta que venga mi novio
De la guerra de Melilla.
Tafernak utz,
kanpo-fobailak utz,
gizonak;
zinemak utz,
nobedadeak utz,
andreak.
Geldi bedi zuen urratsa
kalearen erdian,
hemen aurkitzen da
Bladi Oterok eskatu zuen bersoa,
kalearen erdian
gizonari geldi-arazitzeko
bersoa,
eta gainera,
alegere,
pobre,
Bilbaoko plaza batean
kantatzen,
dantzatzen,
koplatzen
duten
haur batzuren
ezpain freskoetan,
oraindik nagusitu ez den
herri baten
ahoan.
Melilla ya no es Melilla
Melilla es un matadero
Donde matan a los hombres
Como si fueran corderos.
Haurrak hurbil
bekizkigu,
oraindik ez baita akabatu
gizontzeko
(andretzeko)
garaia.
In memoriam.
Zezenaren adar hamorratuak
hildako
poetak,
arbola sustraitik
atereak,
lore
orrituak,
galburu
garanduak,
aberri
hezurtuak,
Frederiko,
Mikel,
Eztebe,
nik orain
diot
balioago duela poetarik tristeenak,
Donibane
monsieur le poète humil batek,
Mariaren alaba
edo
Josepe, Joane eta Jakoberen
seme guztiek
baino.
Mungia
ez da tristetzen.
Granada ez zen
enteratu.
Alicantek
beste bat
negarreztatzen du
urtero.
Maiatzeko lore
iharrak:
Frederiko.
Juan de Yepes langileen artean:
Mikel.
Lau haize:
Eztebe.
Zuengatik
orduoro
gordetzen dut minitu baten
isil
aldia,
niri tokatzen zaidan egunaren
zai.
Ai!
Bai.
Espainiako Poeta.
Antón,
Antón o más,
Antón no más,
Antonomás
Machado.
Espainia da
sabel izugarri bat,
doloretan,
odoletan,
hilori triste batez
erditzen
dena.
Zu,
aita,
zu,
Antonomas
Machado,
eta zure
hilori
emazurza:
Herriaren izenean
noiz barkatuko dizuet
Bizi-buruko testamentua (Azken bersoa).
Kansazioaren aitzakiarekin
nire gradotik
dimisioa presentatzen
dudalarik,
beste enplego
zoriontsuago bat
onartuko
nuke.
|